Internet, Segurtasuna

Erabiltzaileek erdia baino trafiko gutxiago sortzen dute amaraunean

Trafiko estatistikaInternet segurtasun Incapsula izeneko enpresak argitaratutako txosten batean Internet erabiltzaileek sare osoaren trafikoaren %49 baino ez dutela suposatzen adierazten da. Beste guztia, ordenagailuek sortutako trafikoa da eta kasu askotan gainera, asmo txarrekin.

Ordenagailu eta bestelako roboten trafikoari dagokionez, honen %20 bilatzaileena eta asmo txarrik gabeko trafikoa da. Alabaina, geratzen den %31 asmo txarreko trafikoa izango litzateke.

Txosten hau garatzeko, Incapsula enpresak haien bezeroen mila webgune baino gehiago aztertu zituen, haietariko bakoitzak, batez beste, 50.000 eta 100.000 bisitari hileko izanda.

Web estatistika sistemarik ospetsuenak adierazten dutenaren arabera, ez dute kontutan hartzen mota honetako trafikoa bisitarien kopuruen zehaztapenetan. Adibidez, Google Analytics (http://www.google.com/intl/es/analytics/) zerbitzuak egiazko bisitariei dagozkien bisitak besterik ez du erakusten. Hala ere, estatistiketan ordenagailuen trafikoa ez ikusi arren ematen da, beraz, web zerbitzariek jasan behar dute eta trafiko osoa jasan ahal izateko baliabideak izan behar dituzte.

Albiste osoa ikusteko, helbide honetara joan daiteke: http://www.incapsula.com/the-incapsula-blog/blog-2012/114-what-google-doesnt-show-you-31-of-website-traffic-can-harm-your-business

Aplikazioak, Multimedia, Software Librea

Blender: 3D software librean

blender argazki-pantailaDiseinu grafikoaren arloan jorratu daitezkeen gaietan erakargarrienetariko bat, 3 dimentsioetako diseinuena eta animazioena da. Berez, lan hauetarako ordenagailu jatorrak eta txartel grafiko sendoak gomendatzen dira. Gainera, arlo honetan lan egiteko aplikazio pribatuak ere nahiko astunak eta garesti samarrak izaten dira.

Hala ere, badaude aukera libreak eta doakoak eta izugarri garatuak. Hauen artean ezagunetariko bat Blender da. Blender, esan den bezala, software librea da, doakoa da eta gainera plataforma anitzetan egikari daiteke, MS Windows, Mac Os X, GNU/Linux eta FreeBSD sistemetan exekutatzeko fitxategiak deskargatu daitezke webgunetik. Bertsio hauek guztiak deskargatzeko eta aplikazioari buruzko dokumentazioa eta eskuliburuak eskuratzeko, proiektuaren webgunera, http://www.blender.org, joan daiteke. Honetaz gain, bertsio eramangarri bat ere badago memoria arkatz batean eroateko, hemendik deskarga daiteke: http://portableapps.com/apps/graphics_pictures/blender_portable.

Hasiera batean Blender ez zen software librea

Blender aplikazioaren historia Holandan hasten da aurreko mendean. Aplikazioa 1998. urtean hasi zen banatzen, baina aurretik ere erabiltzen zuten, NeoGeo enpresan, Holandako 3D estudiorik handienean. Izan ere, NeoGeo enpresan hasi zen Blender aplikazioa izango zenaren garapena haien animazioak sortzeko. Ondoren, esan bezala, 1998. urtean “Not a Number” (NaN) enpresa sortu zuten Blenderren sortzaileek aplikazioa komertzializatzeko xedez. Beraz, ikusten denez, ibilbide luzeko aplikazioa da hau.

Hasieratik arrakastatsua izan zen garai horretan jada plataforma anitzetan exekutatu ahal zelako eta gainera dohainik banatzen zen aplikazioa, hori bai, iturburu-kodea ez zegoen eskuragarri, horregatik ez zen software librea. Dena dela, plataformaniztasuna eta doakotasuna kontzeptu iraultzaileak ziren garai horretan, batez ere, 3D modelatze aplikazioetan, aplikazio hauek izugarri garestiak zirelako.

NaN enpresaren negozio eredua Blenderren inguruan zerbitzuak eta produktuak eskaintzera bideratu zuten.

Hala ere, negozioak ez zuen hasieran irudi lezakeen arrakasta izan eta inbertsoreek negozioari uzten joan ziren. Azkenik, enpresa proiektua bertan behera gelditu zen, baina Blenderren sortzaileek ez zuten zakarrontzira bota nahi haien eta laguntzaile askoren lana. Beraz, 2002an Blender Foundation sortu zuten eta haien lehenengo helburua Blenderren garapenarekin eta sustapenarekin jarraitzea izan zen. Horretarako, software librea eta erabiltzaile komunitate sendo bat sortzea biderik egokiena zela ikusi zuten. Gezurra badirudi ere, zazpi astetan lortu zituzten aplikazioaren gaineko eskubideak eskuratzeko behar zituzten 100.000 euroak erabiltzaileen ekarpenekin. Hortik aurrera GPL lizentziarekin liberatu zen Blenderren iturburu-kodea.

Ekoizpena

Egia esanda, edonork bere ordenagailuan eduki dezakeen aplikazio doako bat animazio eta diseinu ezagunetan uste baino gehiago erabiltzen da. Adibidez, Plumíferos (http://www.plumiferos.com/) film luzea osorik software librearekin eginda dago eta erabilitako baliabideen artean Blender dago nagusiki.

Blender ere beste filmetan erabilia izan da, Spider-Man 2n, adibidez, edo Friday or another day eta Elephants Dream film laburrean, esate baterako .

Artista ospetsu batzuek ere Blender erabiltzen dute baliabide nagusi bezala. Eta Euskal Herrian ere, badago Blenderrekin lan egiten duen artista bat, Willy Roa kimikari gipuzkoarra, hain zuzen ere, hau da bere bloga non bere lanak ikus daitezkeen: http://bad3di.blogspot.com/.

Internet

Foursquarek Google Maps ordezkatzen du OpenStreetMapekin

fsquareFoursquare (https://foursquare.com/) geolokalizazio sare sozialik ezagunenetarikoa da. Aplikazio honen bitartez erabiltzaile batek check-in egin dezake egoten den leku ezberdinetan eta bere kokapenari buruzko informazioa eman. Bide batez, erabiltzaileak berarentzat interesgarriak diren lekuak marka ditzake. Susmatu daitekeen bezala, oso bideratuta dago sakelako telefonoetan erabiltzeko, baina, webgunean ere erabil daiteke ordenagailu batekin.

Hala, bada, webgunerako bertsioan aldaketa sakon bat egin dute egitasmo honen garatzaileek. Izan ere, orain arte Google Maps erabiltzen zuten mapa azpiegitura bezala geolokalizazio zerbitzuetarako. Baina, web ingurunean OpenStreetMap zerbitzua aukeratu dute honezkero Google Mapsen ordez. OpenStreetMap (http://www.openstreetmap.org/) zerbitzu irekia da eta Internet erabiltzaileak auzolanean osatzen joaten dira.

Hala ere, aldaketa hau soilik web ingurunean eman dute eta oraingoz sakelako telefonoetarako aplikazioetan Google Maps erabiltzen da.

Aldaketa hau inflexio puntu bat da Foursquare proiektuan eta agian bultzada garrantzitsua izan daiteke OpenStreetMap proiektuarentzat.