Google, Internet

GMailen sarrera-ontzia antolatzeko aukerak

GMailZalantzarik gabe, GMail posta elektronikoa irakurtzeko zerbitzurik onenetarikoa da, batez ere on-line aplikazioen artean. Gainera GMail kontuak ez ezik, posta kontu ezberdinak ere irakur daitezke, beraz, GMail ez diren beste helbide batzuk ere kudeatzeko erabil daiteke. Honez gain, Zibergela atalaren beste ale batean GMaili buruzko beste artikulu bat argitaratu zen http://zibergela.bitarlan.net/2009/12/17/gmail-posta-kudeaketa-aplikazio-bezala/.

Izan ere, GMailek ezaugarri eta aukera interesgarri eta erabilgarri asko ditu, haietariko batzuk gainera ezkutatuta edo lehenetsita desgaituta daude.

Mezuak sailkatu

Esan daiteke sarrera-ontzia atalik garrantzitsuena dela posta elektronikorako aplikazio batean, hor jasotzen dira email guztiak. Hala, bada, mezu kopuru handia kudeatu beharrez gero, oso garrantzitsua da ondo antolatzea sarrera-ontzia mezurik ez galtzeko edo irakurri gabe ez uzteko. Honetarako Gmailek aukera ezberdinak eskaintzen ditu. Mezuak nabarmentzeko aukerarik garbiena izarrak erabiltzea da. Izarrarekin markatu daitezke maiz kontsultatzen diren emailak edo zerbait begiratzeke, erantzuteke edo amaitzeke duten mezuak. Ohiko izarrez gain, badaude 6 kolore ezberdinetan eta bestelako 6 marka, guztira 12 marka ezberdin, mezuak bereizteko eta nabarmentzeko egoera edo kasu ezberdinen arabera norberaren irizpideari jarraituta. Aukera horiek gaitzeko, GMail ezarpenetara joan behar da eta hor “”Orokorra”” izeneko atalera, hona hemen lotura: http://mail.google.com/mail/u/0/?ui=2&shva=1#settings.

Mezuak sailkatzeko beste aukera bat etiketak sortzea da. Ezarpenetan “”Etiketak”” delako atalean kudea daitezke etiketa ezberdinak, sortu, aldatu, ezabatu, erakutsi edo ezkutatu ahal dira. Ezkerreko menuan agertzen da sortutako etiketen zerrenda eta nahi den etiketari sakatuta agertzen dira etiketa horrekin lotutako mezu guztiak. Etiketa zerrendaren azpian etiketa berri bat sortzeko eta etiketak kudeatzeko loturak agertzen dira. Mezuak era erraz batean etiketa batekin edo gehiagorekin lotu ahal dira, nahi diren mezuak hautatuta mezu zerrendaren gainean etiketa irudikatzen duen ikonoan klik eginda agertzen da etiketa zerrenda erabiltzaileak nahi dituen etiketekin lotzeko mezuak. Mezuak ere arrastatu eta jaregin ahal dira etiketa ezberdinetan. Honetaz gain, azpi-etiketak ere sortu ahal dira, hau da etiketa hierarkia bat sor daiteke. Etiketak ere kolore ezberdinekin bereizi ahal dira azkarrago eta errazago identifikatzeko.

Adierazle pertsonalak gaituz gero, mezuen aurrean “>>” edo “>” ikurrak agertuko dira, bakarrik erabiltzaile horri bidalitako mezua dela eta erabiltzaile horri eta beste batzuei edo posta zerrenda bati igorritako mezua dela adierazten dute hurrenez hurren.

Itxura aldatu

GMailek bistaratzearen trinkotasuna hautatzeko hiru aukera eskaintzen ditu: arrunta, xehatua eta xehatuena. Ezaugarri hau aldatzeko posta zerrendaren gainean dagoen gurpilean klik eginda agertzen dira hiru aukera hauek.

Beste aldetik, GMailen lehenetsitako itxura zatarra irudituz gero, ezarpenetik konfigurazio hori aldatu daiteke. Bertan, “Gaiak” delako atalera joan behar da eta hor gai ezberdinen artean hautatzeko aukera ematen du. Hiru multzotan sailkatuta daude gaiak, kolore gaiak, gai klasikoak eta bereizmen handikoak. Azken hauek atzealdeko irudiak eskaintzen dituzte, gainera, batzuetan gai generikoa da, Mendia edo Hondartza, adibidez, eta GMail bera aldatzen doa atzealdeko argazkia erabiltzailea konektatzen den bakoitzean.

Laster-teklak

Mahaigaineko aplikazioen antzera, GMailen ere laster-teklak erabiltzea dago. Laster-teklak gaitzeko, ezarpenetan “”Orokorra”” atalean laster-teklak aukera aktibatu behar da, lehenetsita desgaituta datorrelako. Ondoren, “”Lasterbideak”” atalean ikusi eta aldatu daitezke dauden laster-teklak. Adibidez, “c” teklari sakatuta mezu berri bat idazteko leihoa irekiko da. Laster-tekla zerrendan erakusten ez bada ere, oso praktikoa da Tab”+ “Enter” teklen konbinazioa, lasterbide hau erabiltzen da mezua bidaltzeko eta saguarekin “Bidali” botoian klik egitea baino askoz azkarragoa da.

Google

Google Activity-k kontuarekin egiten den aktibitatea erakusten du

Google Activity zerbitzuaren bitartez erabiltzaileak Google kontuarekin egiten duen erabilerari buruzko estatistika sinple batzuk ikus ditzake. Estatistika hauek on-line kontsultatu ahal dira edo Google Activityk berak hilero bidaltzen duen mezu elektronikoaren bitartez, mezu honen bidalketa desgaitu daiteke zerbitzuaren konfigurazioan.

Zerbitzu hau erabiltzen hasteko, https://www.google.com/settings/activity webgunera joan behar da eta hor zerbitzua gaitutakoan erabiltzaileak emaila jasoko du, hortik aurrera hilero jasotzen dira txostenak emailez eta on-line kontsultatu daitezke estatistikak.

Eskaintzen diren datuak nahiko datu sinpleak dira, baina erabiltzaile edo enpresa batzuei erabilgarriak suerta lekizkioke. Eskainitako datuen artean hauek daude: erabiltzaileak Googlen saioa hasten dueneko nabigatzaileak eta sistema eragileak, Gmailen jasotako eta bidalitako mezu kopurua, kontaktu erabilienak, bilaketa kopuruak eta bilaketa kateak eta bilaketa motak, Latituderi buruzko datuak.

Zerbitzu honekin batera Google Dashboard (https://www.google.com/dashboard/) erabiliz gero, norberaren Google kontuari eta kontuaren erabilerari buruzko hainbat datu lor daitezke.

Aplikazioak, Software Librea

Eldy: pertsona nagusientzako interfaze grafikoa

eldyEldy pertsona nagusiengan pentsatuta garatuta dagoen interfaze grafikoa da. Software librea da, dohainik deskargatu daiteke eta hainbat sistema eragileetan erabil daiteke. Probatu nahi duenak helbide honetan deskarga dezake: http://www.eldy.eu/download-eldy/. Bertan, MS Windows XP, MS Windows Vista, MS Windows 7, Mac Os X eta GNU/Linux sistemetan erabiltzeko bertsio ezberdinak aurkituko dira.

Proiektuaren webgunea http://www.eldy.eu/ da eta hor, proiektuari buruzko informazioa, eta bideo demoak zein beste zehaztapen batzuk ikus daitezke. Webgunea, ingelesez eta italieraz besterik ez badago ere. Aplikazioa hizkuntza gehiagoz erabil daiteke, gazteleraz, frantsesez, ingelesez, italieraz, katalanez eta beste hainbatez. Euskaraz, oraindik ez dago.

Eldy irabazi-asmorik gabeko elkartea da eta haien oinarrizko helburuetariko bat pertsona nagusiak teknologia berrien munduan sartzea da. Proiektuak nazioarteko hainbat sari jaso ditu 2006an jaio zenetik Italian, Venezian, hain zuzen ere.

Instalazioa

Eldy aplikazioa Java-n garatuta dago eta azken bertsioa 2.3 da. Deskargatu eta sisteman instalatzea oso erraza da. Sei urratsetan burutzen da eta guztiz gidatua da. Sei urrats hauetan sistema erabiltzeko behar diren zehaztapen guztiak ematen dira: hizkuntza aukeraketa, izena ematea, posta elektronikoa. Posta elektronikoen kasuan, eldy.org zerbitzarian kontua sortzeko aukera ematen du, beraz, erabiltzaileak soilik aukeratu behar da izena eta pasahitza. Gero, ezarritako pasahitza gogoratzeko irtenbideak ere eskaintzen dizkio Eldyk erabiltzaileari. Instalazioaren amaieran aplikazioak ohartaraziko dio erabiltzaileari ondo instalatu den edo arazoren bat egon den instalazio prozesuan.

Mahaigaina

Behin instalatuta, mahaigainean 6 ikono handi baino ez dira agertuko: posta elektronikoa, internet, profila, solasaldiak, telebista eta baliabideak. Mahaigainaren goialdean, ixteko ikonoa eskuman eta laguntza ezkerrean aurkitu daiteke. Behealdean, data eta ordua agertzen dira.

Eldyren pantaila nagusiak Plaza du izena eta edozein aplikaziotan sartzen denean, beti agertuko da Plazara itzultzeko aukera.

Posta elektronikoa eta Internet

Aplikazioak ere era erraz eta eroso batean erabiltzeko prestatuta daude. Esate baterako, posta elektronikorako aplikazioan sartzen denean hiru funtzio besterik ez da agertuko: idatzi, irakurri eta kontaktuak. Posta elektronikoan ez da konfiguratu behar, instalazio prozesuan aukeratzen da erabiltzailea eta pasahitza. Eldyren zerbitzaria erabiliz gero, beraz, horrekin nahikoa da ezer beste ezer egin gabe posta erabili ahal izateko. Posta aplikazioan sartu behar gabe ere, Plazan, posta elektronikorako ikonoan erakusten da posta berririk jasoz gero. Idazteko prozesua ere oso erraza da, gaia eta mezua idazteko eremuak daude soilik eta ez du aukera ematen ezta testua formateatzeko ere. Bigarren urrats batean erantsitako dokumentuak, fitxategiak eta bestelako argazkiak eta hartzaileak zehazteko aukera dago.

Posta elektronikoaren kasuan bezala, Interneten nabigatzeko ahalik eta errazen erabiltzeko pentsatuta dago. Nabigatzailea oso sinplea da, oinarrizko funtzionalitateak besterik ez du. Lupa bat ere eskaintzen du webguneen testuaren tamaina handitzeko behar edo nahi izanez gero.

Bestelako aplikazioak eta Baliabideak

Eldyk bere erabiltzaileen arteko sare bat eskaintzen du. Nork bere profila bete ahal du, argazkiarekin, datuekin, gustuekin eta aparteko datuekin. Erabiltzaileak ere azaldu ahal du egiten ari dena edo buruan duena une bakoitzean, ohiko sare sozialetan bezala. Solasaldiak gauzatzeko aukera ere eskaintzen du, solasaldi hauen kasuan Eldyk solasaldiak ezagunekin eta solasaldi gela aukerak bereizten ditu. Bigarren kasuan edozein erabiltzailerekin hitz egiteko gela irekiak dira.

Eldy TBren kasuan, oraingoz soilik konektatzen da Italierazko zerbitzuekin.

Baliabideak atalean aparteko aplikazioak eskaintzen dira, oharrak hartzeko aplikazioa; dokumentuak, argazkiak eta bestelako fitxategiak arakatzeko aplikazioa eta Skype-en bidez bideo-deiak egiteko aplikazioa.