android, Aplikazioak, Internet, Sakelako Telefonoak, tabletak

Feedly RSS jarioak irakurtzeko aplikazioa

feedlyFeedly RSS jarioak irakurtzeko aplikazio doako bat da. Android sistemetarako Google Playtik deskargatu eta instalatu ahal da eta iOS sistemetan Apple Storen dago eskuragarri. Honetaz gain, gehigarri bezala instalatu daiteke hainbat nabigatzaileetan, beraz sakelako telefonoan zein ordenagailu batean nabigatzailearen bitartez irakur daitezke RSS jarioak .

Firefoxerako gehigarria eta Google Chromerako gehigarriak deskargatzeko helbideak https://addons.mozilla.org/eu/firefox/addon/feedly/ eta https://chrome.google.com/webstore/detail/feedly-beta/ndhinffkekpekljifjkkkkkhopnjodja dira hurrenez hurren.

Feedly sinkornizatzen da instalatuta dagoen gailu edo nabigatzaile guztietan, jakina, era honetan erabiltzaileak jarioak antolatu ahal ditu eta gogoko edo irakurrita bezala markatutako sarrerak Feedly aplikazioa erabiltzen duen leku guztietan egongo dira.

Feedly 2008tik dagoen aplikazioa da, baina egun pil-pilean dago Google Reader zerbitzua uztailaren 1ean itxiko zela jakinarazi zenetik. Izan ere, albiste honekin erabiltzaile dezente lortu ditu, adibidez, martxoaren 15ean 500.000 erabiltzaile berri lortu zituen 48 ordutan. Horri esker, nahiko eguneraketa eta hobekuntza egiten ari dira azken aldi honetan.

Internet, Sareak

Non argindarra, hor sarea

PLC gailuakMaiz arazoak sortzen dira sare konexioa etxeko edo enpresaren txoko guztietara hedatzeko. Izan ere, sare kablearen bidezko konexioa puntu zehatz batzuetan baino ezin da egon eta Wi-Fiak ere bere mugak ditu. Distantziak, hormek, interferentziek, eta beste hainbat oztopok ahultzen dute WI-Fiaren seinalea.

Gainera, etxeetan gero eta aisi tramankulu gehiagok behar dute Internetarako konexioa, ordenagailuak, sakelako telefonoak, tabletak, bideo-jokoen kontsolak, multimedia telebistak eta beraz gero eta leku gehiagotan beharrezkoa da Internet edo sarerako konexioren bat.

Bada, artikuluaren tituluan esaten den bezala, non argindarra, hor sarea. Bulego edo enpresa batean dagoen edozein entxufetara, edozein lokiatara sare konexioa eramatea dago. Gainera, era errazean eta ezagupen teknikorik gabe egin daiteke eta gailuak prezio onargarri batean aurki daitezke.

PLC teknologia

Hori egitea ahalbidetzen duen teknologiak PLC izena du, Power Line Comunications ingelesez, komunikazioak argindarraren lineatik, alegia. Beraz, PLC teknologiaren bitartez, jada dagoen azpiegitura bat, argindarraren instalazioa, erabiltzen da Internet eta sarea txoko ezberdinetara hedatzeko. Hala, bada, argindarraren azpiegitura datuak abiadura handian transmititzeko azpiegitura bihurtzen da.

PLC teknologia ez da berria, baina bai azken garai honetan garapen izugarria izan duela etxeetan erabiltzen diren gailuen artean gero eta gehiagok Internet konexioa eskaintzen dutelako, arestian esan bezala.

Nola dabil

Sare hauek oso era erraz batean instalatzen dira. Alde batetik, gailu txiki bat sare kable batekin ohiko routerrera konektatzen da eta gailu bera edozein entxufetan sartzen da. Hori eginda badago sare konexioa argindarraren linean. Beste aldetik, sarea jarri nahi den lekuetan antzeko gailuak jarri behar dira edozein entxufetan. Gailu hauek, sare konexioa daukate eta beraz, sare kablearekin edozein gailu konekta daiteke. Halaber, gailu hauetariko batzuek sare konexioaz gainera Wi-Fi konexioa ere eskaintzen dute, beraz, horien bitartez Wi-Fi estaldura ere zabaldu daiteke. Wi-Fia eskaintzen duten gailuak sare konexio hutsa eskaintzen dutenak baino garestixeagoak dira.

Routerrera konektatzen den gailua zein beste lekuetan konektatzen direnak sinkronizatu behar dira, horretarako normalean nahikoa da bi gailuetan dagoen botoi banari sakatzea.

Hauetariko gailu batzuek web bidezko konfigurazio aplikazioa eskaintzen dute, beraz nabigatzaile batekin lehenetsita datozen hobespen batzuk alda daitezke.

Ezaugarri orokorrak

Egun saltzen diren gailu gehienetan 200MBko abiadura agintzen dute fabrikatzaileek, baina abiadura hau normalean ez da erreala izaten eta abiadura txikiagoa lortzen da. Hala ere, ohiko sare lokal gehienek 100MBeko abiadura dute, gutxi batzuek 1GBeko konexioa badaukate ere. Beraz, 200MBko abiadura iritsi ez arren, oso abiadura jatorra da.

PLCra konektatzen diren ordenagailuak ez dira konmutadore eran konektatzen, switch edo etxean erabiltzen diren routerren kasuetan bezala, baizik eta konzentratzaile eran, hau da, hub gailuen kasuan legez. Nolabait azaltzeko, PLCren bitartez sarera konektatuta dauden gailu guztiek bide bakarra partekatzen dute beren datu transferentzia guztietarako, etxeko routerrean edo switch batean, ordea, gailu bakoitzak bere bidea du eta switchean kozentratzen eta zentralizatzen dira datu transferentziak.

Fabrikatzaileak

PLC eta PLC Wi-Fi fabrikatzaile asko daude eta batzuk oso ezagunak dira dagoeneko sareen arloan, besteak beste: D-Link, Lynksys, Hercules, Sitecomp, TP-link, Level One, Conceptronic, Devolo, Netgear edo Belkin dira ezagunenetarikoak.

Aplikazioak, Internet, Sare sozialak eta Microblogging

Facebook App Center eskuragarri dago honezkero

facebookappcenterAste hauetan zehar Facebook sare sozial ospetsua bere App Center pixkanaka-pixkanaka gaitzen joango da erabiltzaileen artean. Aurreko hilabetean garatzaileentzako aurkezpena egin zuten Facebookeko arduradunek. App Center aplikazio biltegi bat da, non sare sozialean zein sakelako telefonoan erabiltzeko aplikazioak aurki daitezkeen. Sakelako telefonoetarako aplikazioen kasuan, telefonoari dagokion aplikazio biltegira birbideratzen du eskaera, iOS-ren kasuan App Store-ra eta Androiden kasuan Play Store-ra.

Hala ere, aplikazio oro ez da aplikazio honetan onartzen. Izan ere, garatzaileentzako gidan adierazten den moduan, saioa hasteko sistema bezala Facebook erabiltzen dutenak baino ez dira onartuko.

Aplikazio bakoitzak informazio orrialde bat izango du eta bertatik aplikazioa erabiltzeko botoia eskuragarri dago. Aplikazio biltegian aplikazioak hainbat ataletan sailkatuta agertzen dira eta sakelako telefonoetarako zein webgunerako aplikazioak bereizten dira.

Hala, bada, Facebook-n App Center, Apple-n App Store, Android-en Play Store (lehengo Android Market), Chrome Web Store, Ubuntu Software Center, besteak beste, aplikazio biltegiak modan daudelako adibideak dira.