Gaur egun Interneten denetarik aurkitu daiteke eta aplikazio anitzak daude amaraunean. Teknologia berrietan ere atzera begiratu ahal da eta lehenean murgildu daiteke edozein erabiltzaile. Horren adibide garbia, gaurko gaia liteke, zuhaitz genealogikoak egiteko on-line aplikazioak, hain zuzen ere.
Gnoom
Gnoom oso aplikazio ezaguna da zuhaitz genealogikoak on-line egiteko eta partekatzeko. Nahiko webgune jatorra eta erabilerraza da. Gnoom proiektuaren helbidea http://www.gnoom.com da eta bertan hasiera pantailan erabiltzailearen izena, abizenak, generoa eta posta elektronikoa jarrita, berehala has daiteke zuhaitz genealogikoa garatzen. Zuhaitz genealogikoan senideak eta beren datuak osatzen joan ahal da, gainera sartzen diren senideei Gnoomen sartzeko gonbidapena bidali ahal zaie eta haiek ere zuhaitz genealogikoa osa dezakete. Senide bakoitzeko datu ezberdin eta argazkiak txertatu daitezke.
Senideekin komunikatzeko bide ezberdinak eskaintzen ditu, Facebookekin bateragarria izateaz gain txata, foroa eta mezuak bidaltzeko aukera dauka. Horretaz aparte, argazkiak, bideoak eta dokumentuak partekatu daitezke. Honez gain, senideak mapan geolokalizatu daitezke, Google Mapsen azpiegitura erabilita. Egutegi batean sendiari dagozkion gertakizunak ere kudeatu daitezke.
Azkenean, bai funtzionalitateen aldetik zein itxuraren aldetik sare sozial bat da baina senideei bideratuta. Izan ere, ohiko sare sozialetan bezala Gnoom-ek horma bat eskaintzen du eta mikroblogging edo mezu motzak idaztea ere badago.
Honetaz gain, Gnoomek webguneetan eta sare sozialetan hain ohikoa ez den aukera bat eskaintzen du, ziurtasun kopiak egiteko aukera, hain zuzen ere. Baina aukera hau soilik eskuragarri dago ordainpeko kontu batekin. Ordainpeko kontuak 24 EUR urteko balio du eta ziurtasun kopiak egiteko aukeraz gain, aparteko aukera gehigarriak ditu.
Gnoomen sartzen den informazio guztia pribatua da eta erabiltzaile baten zuhaitza eta informazioa bere kontaktuek edo senideek baino beste inork ezin du ikusi.
Kanpoko bilatzaile bat ere eskaintzen du norberaren senideak edo arbasoak aurkitzeko beste erabiltzaileen zuhaitz genealogikoetan, baina datuak pribatuak direnez, daturen bat baino ez da agertzen eta orduan senide hori gehitu duen erabiltzailearekin harremanetan jartzeko aukera eskaintzen du.
Gnoom euskaraz ez dagoen arren, webgune eleanitza da eta frantsesa, gaztelera, ingelesa eta beste hainbat hizkuntzatan erabil daiteke.
MyHeritage.com
Myheritage.com ere oso ezaguna eta oso erabilia da, 60 milioi erabiltzaile, 832 milioi profil eta 20 milioi zuhaitz genealogiko ditu . Hau da sare sozial honen webgunea: http://www.myheritage.com/. Funtzionalitateen aldetik My Heritage eta Gnoom oso antzekoak dira, ohiko sare sozialek eskaintzen dituzten aukerak dauzka. Proiektu honek ere dohainik erabil daiteke ordainpeko profila ere eskaintzen duen arren. MyHeritage.com erabiltzailearen izena, posta elektronikoa eta gurasoak zehazten dira eta ondoren has daiteke zuhaitza sortzen edo familiaren argazkiak igotzen zein familiaren datuak edo gertaerak kudeatzen. Argazkiak etiketatzea ere ahalbidetzen du aplikazio honek. Bitxikeriaren bat ere badauka, memoria joko bat eskaintzen du senideen argazkiekin eta senideekin antza daukaten pertsonai ospetsuak aurkitzeko gauza ere bada.
Family Tree Builder
MyHeritage.com-en ere zuhaitz genealogikoa kudeatzeko mahaigaineko aplikazio bat deskargatzeko aukera dago Family Tree Builder izenekoa, dohainik deskargatu daiteke eta oso egokia da mahaigaineko ingurunea web ingurunea baino gehiago gustuko duenarentzat. Hori bai MS Window sistemetarako baino ez dago.
Zuhaitz genealogikoak egiteko beste web batzuk
Aukera hauek oso ezagunak badira ere, beste webgune batzuk daude zuhaitz genealogikoak landatzeko http://www.kincafe.com/ edo http://www.geni.com/ bezala.