android, Aplikazioak, E-Learning, Euskara, formakuntza, Ikastaroak, Mugikorrak, Sakelako Telefonoak, tabletak

Ariketak egin eta EGA titulua prestatzeko Android aplikazioa

Euskaldunen ahozko zein idatzizko trebetasuna ziurtatzen duen proba edo azterketa da EGA edo Euskararen Gaitasun Agiria. Proba eta azterketa desberdinak gainditzea eskatzen die ikasleei: atariko proba, azterketa idatzia eta ahozko azterketa. Bat egin ahal izateko aurrekoa gainditzea ezinbestekoa da.

unnamedEuskal Herrian EGA banatzen duten erakunde bat baino gehiago dago: Eusko Jaurlaritza Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan; Nafarroako Gobernua, Nafarroan; eta Euskaltzaindia, Ipar Euskal Herrian. Europako erreferentzia markoan C1 mailarekin da bateragarria EGA azterketa.

Ikasleen amesgaizto bihurtzen dira orduan ikasi beharreko esamoldeak, esaera zaharrak, sinonimoak zein berridazketak. Bada, aurrerantzean hori guztia prestatzeko era berri bat izango dute. Izan ere, Kaixo! euskaltegiak EGA APP izeneko Android telefonoentzako aplikazioa sortu du bere hamargarren urteurrena ospatzeko.

Aplikazio horrek EGA azterketako aurreneko bi probak prestatzeko 4.000 ariketa baino gehiago eskaintzen ditu. Ordenagailuarekin eta fotokopia zaharrekin ez ezik, belaunaldi berriko gailuen bitartez ere egin ahal izango dira EGArako prestaketa lanak.

Oraingoz Android sakelakoetarako baino ez dago eskuragarri Google Play-n, baina laister beste sistemetara iritsiko dela iragarri dute sortzaileek.

Mahaigaina, Mantenimendua, Sistema Eragileak, Windows

Nola ezarri Windows 7 diskorik gabe

Windows-7-USB-Installation-MediaWindows XP-ren eguneraketen amaierak soka luzea ekarri du. Bestelako aukerak asko diren arren, kasu batzuetan, ekipoaren ezaugarri teknikoek mugatzen dute egin daitekeena. Litekeena da eguneratu behar duen ordenagailua zaharra izatea, eta ondorioz hautatu den sistema eragile berriaren azkenengo bertsioari uko egin behar izatea. Horrela izanez gero, zaharragoa instalatu beharko da.

Egin beharreko aurreneko gauza, dena den, plataforma batean gomendatutako eskakizunak begiratzea da. Izan ere, gutxieneko eskakizunen hautua egiteak ordenagailua mantsoegi ibiltzea eragin dezake, eta erabiltzailea gogaitu egin daiteke.

Gutxieneko eskakizunak eta bertsioak

Windows XP sistemara ohituta daudenentzat eta ordenagailu kontuetan oso iaioak ez direnentzat, agian, errazena Windows 7a jartzea da. Hori instalatzeko ordenagailuek izan behar dituzten gutxieneko eskakizunak ondorengo estekan ageri dira: http://windows.microsoft.com/en-us/windows7/products/system-requirements. Dena den, zifra horietako bakoitza bikoiztuta ere errendimendua apala izango da.

Bereizteko beste kontu bat ordenagailua 32 biteko edo 64 biteko aginduak jasateko gai den jakitea da. Izan ere, horren araberako sistema eragilearen bertsioa aukeratzea baita hoberena. 64 biteko gaitasuna duten ordenagailuetan 32 biteko sistemak instalatu daitezke, baina, ez, ordea, alderantziz.

Bada, zein da abantaila? Besteren artean, 64 bitekoek ordenagailuaren RAM memoria ahalmen guztia aprobetxatzen dutela. 32 bitekoen langa 4 GB da; ordenagailuak emateko gehiago izan edo ez. Programak batekoak zein bestekoak daude, eta muga berdinak izaten dituzte.

Horrez gain, Windows 7aren bertsio desberdinak daude: Home Premium, Professional eta Ultimate. Bestelakorik ere bada, baina ez dira erabilpen orokorrerako edo erabiltzaile arruntentzako. Gainera, batetik bestera ere alda daiteke; ordainduta, bistan da.

Kontu horretan askorik sakondu gabe, HomePremiun etxeetarako oinarrizko bertsio xumea da. Esaterako, halako ordenagailu bat ezin daiteke sare lokal batean edo barruti batean sartu. Baina ez nahastu, Interneten bai, noski. Ultimate-k, berriz, beste biek dakartenaz gain, datuen babeserako Bitlocker ezarpena eta hizkuntza sostengu zabalagoa dakartza. Lizentzia bakoitzaren prezioa 120 eurotik 220 euro bitartekoa da. Aukera egiterakoan gogoan izateko beste kontu bat ere badago. Home Premium-aren eguneraketak bertan behera geratuko dira 2015eko urtarrilean. Beste biak, berriz, 2020ra arte ziurtatu dituzte.

Diskorik gabe instalatzeko pausoak 

Ez larritu. Aparteko ezagutzarik gabe laster egitekoa da hau guztia. Dena den, ezertan hasi aurretik, informazio garrantzitsuena kanpoko disko batean gordetzea komeni da. Ondorengo pausoek Windows 7 edukita instalazio diskorik ez dutenei balio diete. Galdu dutelako, eman ez zietelako edo apurtu zaielako gerta daiteke hori. XP-tik etorri edota ordenagailuak DVD irakurlerik ez dutenei ere balio die.

Lehenengoen kasuan, fabrikatzaile askoren ohitura izaten da ordenagailuaren disko gogorrean leku bat uztea sistemaren hasierako ezarpenak berreskuratzeko. Software pila txertatzen dituzte bertan proba gisa, eta aukeran hobe da garbi antzera norberak instalatzea. Ordenagailu eramangarrien kasuan lizentzia zenbakia erantsita egoten da behealdean, eta mahai gainekoetan, begien bistara.

Bigarrengoek lizentzia erosi egin beharko dute Amazon edo eBay dendetan. Normalean, beherapenak izaten dituzte ofizialekin alderatuta. Formatu fisikoan bidaltzen dute haiek, eta DVD irakurgailua dutenek instalatu besterik ez dute egin beharko. Baina, eta egungo eramangarri askoren kasuan bezala, USB erretena besterik ez balu? Lasai. Batzuek zein besteek egin dezaketena zera da: Microsoften webetik ISO izeneko disko irudi bat deskargatu; beste hitzetan, fitxategi bat. Gero, hori DVD batean edo USB flash gailu batean sartuko da. Behin hori eginda, ordenagailua disko gogorretik abiarazi beharrean arestian doitutako euskarritik egingo da eta instalatzen hasi. Horretarako diskoek boot edo abio sektore bat izaten dute. Bestela, sortu egin behar da. Ez da nahikoa edukia —karpetak eta fitxategiak— bertan kopiatzea, besterik gabe.

 

Sekuentzia ondorengoa izango litzateke:

  1. Lizentzia edo produktu gakoa ezabatu edo galdu bada, sistemako erregistrotik berreskura daiteke. Horretarako, Magical Jelly Bean Keyfinder programa librea erabil daiteke. Bertan, Windows 7 bilatu eta gakoa kopiatu. Deskarga: http://www.magicaljellybean.com atariaren bidez egin. Zuzeneko desgarga hemen.
  2. Deskargatu hobekien egokitzen den Windows 7 bertsioaren ISO fitxategia, doan, Microsoften zerbitzarietatik. Egin ondo aukera, produktu gakoari dagokionak bakarrik balioko baitio (hizkuntza aintzat hartu gabe):
  3. USB gailuan edo DVD diskoan abio sektorea idazteko programa propioa du Microsoftek. Windows 7 instalazio fitxategiak ere kopiatuko ditu euskarri batean edo bestean. Windows 7 USB/DVD download tool deskargatu hemen.
  4. Hori abiatu eta aurretik deskargatu den ISO fitxategia erakutsi behar zaio, eta, ondoren, ordenagailua DVD edo USB bidez abiarazi behar da. Lizentzia disko eta guzti erosi dutenek hura balia dezakete USB euskarrira pasatzeko. Gero haien kutxako produktu gakoa erabiliko dute instalazioan, noski.
  5. Ordenagailua orduan berrabiarazi behar da, USB edo DVD euskarria barruan dela. Hortik aurrera, Windows diskoan zein leku edo partiziotan instalatu nahi den erabaki, lizentzia edo produktu gakoa sartu eta jarraibideei segitzea besterik ez dago.
android, Aplikazioak, Apple

Liburutegiak App, Euskadiko liburutegi publikoen sare soziala

imagen-03Jakintza eta ezagutza bilguneak dira liburutegiak, baina baita zalapartari ihes egiteko leku lasaiak ere. Lanerako edo aisialdirako isiltasuna bilatzen dutenentzako txokoak dira. Hala ere, gehiago zabaldu ahal izango dira, beharbada, Liburutegiak aplikazio berriari esker.

Teknologia berriak integratuz eta liburutegi publikoen sarea baliatuz, ohiko kontsultak edo maileguak egitea ahalbidetzen du. Euskal Autonomi Erkidegoko sare osoa baliatu daiteke horretarako. Baina benetako xedea zerbitzua garai berrietara moldatzea du: sare sozial eran antolatu eta jendearen parte hartzea bultzatu, alegia. Ikus-entzunezkoak hautatzeko, aplikazioko iritziak aintzat hartu daitezke aurrerantzean. Izan ere, iruzkinak zein esperientziak partekatzea posible egiten du. Erregistratu ondorenean, erabiltzaile bakoitzari puntuazio bat ematen zaio, ospe sistema eran funtzionatzen duena. Honela, jardueren eta parte hartzearen arabera, puntuak pilatzen dira profilean. Esaterako, edukietan iruzkinak eginez eta baloratuz, liburutegietan check-in eginez, eta abar.

Puntako baliabideekin bateragarria da Liburutegiak aplikazioa, sakelakoaren edo tabletaren geokokapena baliatzen baitu; eta ez erabiltzailearen jarraipenerako bakarrik. Sareko liburutegi guztiak mapan adierazita agertzeko, edo uneko kokapenaren arabera nahi denera iristeko argibideak eskuratzeko ere balio du.

Gainera, liburutegietan programatzen ari diren ekintzak ikus daitezke. Zehaztasun maila ezberdinetan banatzen da informazio hori; hurrenez hurren, bakoitzaren lehentasunezko liburutegia, momentuko kokapenetik gertuen daudenak eta liburutegi sareko gainontzekoen artean.

Liburutegiek antolaturiko ekintzen berri jaso ostean, hala nahi izanez gero, horietan izena emateko aukera dago, baita gainera telefonoko egutegira esportatzeko aukera ere. Alerta bat programatzeko balio dezake horrek.

Katalogoa kontsultatzeko atala ere badu: tituluaren, egilearen eta hitz gakoaren bidez iragazteko aukera eskaintzen du. Bilaketa bertako liburutegien katalogora ere muga daiteke. Ondoren, liburu berrien hautaketa bat jaso daiteke, aipamen labur eta guzti. Eta horiekin batera, gehien mailegatutako dokumentuen sailkapena ikus daiteke, tipologiaren eta generoaren arabera ordenatua.

Aipamen berezia merezi dute blog eta bideoen kanalek. Horien bidez, liburutegi bakoitzaren blogak bisita daitezke, gertueneko egunerokoen berri izateko. Bideoen bidez, tutorial eta gida txikiak eskaintzen dira, informazio eta prestakuntza iturri gisa erabiltzekoak. Hemen ere kutsu soziala baztertu gabe, boluntarioek bideoak eskegi ditzakete, haien ezagutzak partekatzeko.

Eusko Jaurlaritzaren egitasmoa da Liburutegiak App. Euskaraz erabilgarri dago, Android zein iOS gailuetan eskuratu daiteke dagoeneko.