android, Aplikazioak, Apple, Mugikorrak, musika, Windows Phone

Pandora, doako eta publizitate gabeko musika

pandorawp8appZortea izan dute Windows Phone 8 telefonoaren jabe diren guztiek, streaming eran edo Internet bidez musika entzuteko aplikazioaren bertsio berezi bat jasoko baitute: Pandora aplikazioaren bertsioa, hain zuzen ere. Deigarriena zera da: Premium zerbitzura edo ordaintzekora aurtengo urte guztirako sarbidea lortzen dela, eskaintzaz baliatuta. Microsoft-ekin sinatutako akordio horri esker, milioika abesti eta irrati kate entzun ahalko dituzte erabiltzaileek, mugarik gabe eta publizitaterik jasan beharrik gabe.

Pandora aplikazioak irratiaren funtzionamendua imitatzen du, eta musika estiloen araberako kateak dauzka eskuragarri hautatu ahal izateko; abeslariak nahiz taldeak entzutea errazten du. Nahiago bada, norberak ere sor eta edita ditzake nahi dituen kateak, gustukoen dituen doinuekin.

Windows Phone 8 bertsioa beste euskarri guztietatik bereizi, ordea, beste funtzio batzuei esker bereizten da. Besteak beste, telefonoaren mahai gainetik musika zerrendetarako lasterbideak sortzeko aukera ematen du; aplikazioaren menuko ataka berri batetik azkeneko abestiak atzigarri edukitzea ere ahalbidetzen du.

Windows Phone 8 telefonoaren jabeek eskaintzaz baliatu eta Windows Phone Storen aurkituko dute Pandora aplikazioa. iOS eta Android erabiltzaileek Pandoraren bertsio mugatuagoa daukate App Store eta Google Play dendetan, hurrenez hurren.

Aplikazioak, Apple, crowdsourcing, elkarlana, formakuntza, Ikastaroak, Internet

Hizkuntzak ikasiz Internet itzultzeko ekinaldia

connected worldSarean dauden beharrak eta gabeziak batzeko asmoz, autoikasketarako baliabidea sortu dute AEBetako Carnegie Mellon unibertsitatean: Duolingo zerbitzua. Webgune gehienetan dauden captcha kontzeptuaren asmatzaileetako bat da Luis Von Ahn irakaslea, eta orain, baita Duolingo egitasmoaren egilea ere. Asmatu duen eredu horrekin, ikasleek hizkuntzak ikasten dituzte, doako plataforma batean, eta iragarkirik gabe.

Duolingo espainiera, frantsesa, italiera, alemana, portugesa eta ingelesa ikasteko balio duen zerbitzua da. Garbi dago ezaugarri horietako zerbitzuari denbora eta baliabideak eskaintzeak gastuak dakartzala. Hala ere, erakundeen laguntza ekonomikoak edo sarbiderako ordainsariak saihestu ditzakeen ezohiko eredua abiarazi dute: Interneteko edukiak hainbat hizkuntzatan eskuragarri jarri eta jakintza unibertsala lortu nahi da, crowdsourcing edo ekintzailetza kolektiboaren bitartez.

Beste hitz batzuetan adierazita, erabiltzaile bakoitza plataformara sartu, eta ariketa gisa, haren hizkuntzara itzuli beharreko ingelesezko testuak topatuko ditu. Jendea bata bestearekin elkartzeko atari gisako bat da, batek egindako itzulpena beste batek hobetzeko aukera ematen duena.

Duolingoren sorrera azaltzeko beste arrazoi bat behar batetik sortu da. Izan ere, Interneten erabiltzaile askok ez dute topatzen nahiko luketen informazioa euren hizkuntzan. Behar hori eta ikasteko nahia batzean oinarritzen da proiektu berria: norberak nahi duen hizkuntzara itzultzen laguntzen duten testuak ez dira zorizkoak, baizik eta itzulpena beharrezkoa duten webguneetakoak.

duolingo3

Alegia, Duolingok planteatzen duen ereduari jarraituta, hizkuntzak ikasten diren heinean sareko webguneak itzultzen laguntzen du erabiltzaile orok, eta eduki unibertsala eraikitzen da gisa horretan. Jakintza hori erabiltzaile gehiagoren esku jartzen da ondoren. Neurri batean, Internet askoz ere askeagoa lortzeko aukera ematen du horrek.

Sarrerako bideoan ikus daitekeen adibidean ongi adierazten den moduan, milioi bat erabiltzailek erabiliko balute Duolingo, ingelesezko Wikipedia itzultzen 80 ordu besterik ez lirateke beharko. Horrek argi eta garbi erakusten du potentziala daukan eredua dela, eta agian, Euskal Herrian ere imitatuz lortuko liratekeen abantailez gogoeta egiteko aproposa izango da.

Duolingo aplikazio eran ere eskuragarri dago App Storen nahi duen ororentzat. Atarirako esteka ondorengoa da: http://duolingo.com/.

android, Aplikazioak, Mugikorrak, Sakelako Telefonoak, tabletak

Sherpa 2.0, Android-erako ahots bidezko agintearen azken bertsioa

sherpa1

Sherpa izeneko aplikazioa urrian plazaratu zenean, ez zen bakarra Android sakelakoak ahots bidez kontrolatzeko balio zuena, baina berehalako arrakasta izan zuen. Bizkaiko Anboto enpresa izan zen ekarpenaren egilea. Baina, besteak beste, abiaduragatik kritikatua izan zen. Orduan ere, iOS-eko Siri-ren parean jartzen zuten batzuek, baina jadanik, Apple-ren aplikazioaren gainetik jarri da zalantzarik gabe.

Orain, Sherpa 2.0 okerrak zuzendu eta gaitasunak areagotuta dator, hainbat berrikuntzaz hornituta. Itxura berritu diote interfaze grafiko berria sartuta, HOLO izenekoan oinarritua. HTML 5 integratuta ekartzean, ikusgarritasunean irabazi du; eta bilaketa motore berria ezartzearekin emaitza hobeak jasotzen dira; erantzuteko denborak ere nabarmen hobetu dira.

Ahots bidezko aginte sistemak ezaugarri dibertigarri moduan sortu ziren, baina Sherpa berri honek hautsak harrotuko dituela dirudi, jada erabiltzailearengandik ikasi eta pertsonalizatutako informazioa itzultzen baitu. Era berean, nahi den musika hautatu eta streaming bidez entzuteko aukerari orain kontzertuetarako sarrerak erosteko aukera gehitu diote.

Android 2.2 bertsiotik aurrerako euskarrietan ezinbesteko bihurtuko da aplikazioa; informazioa, laguntza edo beste eginbeharrekoak hitz eginda soilik beteta ikusteko lanabes bikaina baita. Azkenik, horrelako aplikazioen zailtasunik handiena hizkuntza menperatzea da, eta Sherpa ondo moldatzen da espainieraz; ingelesez ere eskuratu daiteke nahiago bada, probatzen baitabiltza. Informazio gehiago, aplikazioaren webgunean dago: http://sher.pa/.