Seguruena da Mac bat etxean duenak, Microsoft Windows sistema eragileari ihesi nahirik egin duela aukera. Kalitate eskaseko softwarea nahiz milaka birusen jomuga izatea leporatu izan zaio inguruneari. Ez hori bakarrik, sarri entzun izan denez, Microsoft-en Windows famatua Apple-ren MacOs sistema eragilearen kopia txar bat baino ez omen, Windows-ek izaten dituen hobekuntza gehienak Mac OS euskarrienaren ondoren iristen dira. Mac OS X-en jabeek, argi daukate zer nahi duten haien ordenagailuarengandik; horregatik eraginkorrak nahiz kalitatekoak diren aplikazio potenteak erabiltzen dituzte eguneroko jardunean. Besteak beste, Mac bat darabiltenen gehiengoa argazkilari, artista, zine zuzendari, maketatzaile, editore, diseinatzaile grafiko edo zientzialari profilekoak dira.
Sagarrari barrutik leihoak irekitzea bezala
Hala eta guztiz ere, Windows-en programa asko daude oso erabilgarriak eta beharrezkoak direnak, baina oraindik, ez direnak bateragarriak Mac OS X sistemarekin. Traba horri aurre egin behar diotenek, arduratzeko buruko min bat gutxiago izango dute, ‘WinOnX’ aplikazioa instalatzen badute. RedMondPie taldekoek garatutako app hau erabilita, Microsoft Windows-eko programak exekutatu ditzakete Macintosh batean, aplikazio natiboak bailiran. Windows ordenagailuan instalatuta eduki behar izan gabe, martxan dagoen Mac OS X ingurunean edozein Windows aplikazio erabiltzeko bidezidorra da hau.
WinOnX erabilita, Windows-eko app-ak egikaritzea zinez errazagoa da edozein Mac gailutan. Beste aukera batzuk hauek lirateke: batetik, partizioak egitea eta Windows instalatzea batean; eta bestetik, makina birtualak erabiltzea Windows ingurunea emulatuz. Esan gabe doa, WinOnX aukera askoz ere erosoagoa dela Macintosh HD disko gogorra bitan banatzea eta ondorengo eragiketak egitea baino, edo, Windows birtualki emulatzen hastea baino. Bide batez, dirua aurrezteko ere mauka aurkezten zaio WinOnX erabiltzaileari, honela beharrezko Windows kopiaren lizentzia erosteko beharra desagertzen baita. Traumatikoa ez den (ez dakit bestela) prozesua da aurkezten den hau beraz, ordenagailuaren memoria formateatu edo antzekorik behar ez duena; aplikazioa instalatu eta, bertatik instalatuko dira Windows-en bakarrik dauden gutizi horiek.
Nola egin jarraibideak
Lehendabiziko urratsa, App Store dendan sartu eta WinOnX aplikazioa deskargatzea da 4.99 dolarren truke (3,84 euro). Mac OS X 10.6 edo berriagoa den bertsioa izan behar du martxan ordenagailuak; bestela, Snow Leopard-en azken bertsiora edo -aurrez eguneratu gabe zeukanak- Lion izenekora eguneratu beharko du.
Hurrengo urratsa, norbere Mac gailuan erabili nahi den Windows programaren exekutagarria deskargatzea edo CD-a prest izatea izango da. Internet bidez deskargatu duenak non gorde den ez badaki, Finder atalean egin beharko du aipatu instalatzailearen bilaketa. Azkenik, ez dago besterik Windows aplikazioaren exekutagarriaren gainean klik bikoitza egin eta “install with WinOnX” aukeratzea baino, Mac-eko aplikazioa bailitzan instalatuta geratzeko nahi den Windows programa hori. Beraz, aurrerantzean, ez da ezer berezirik egin beharko instalatu berri den programa erabiltzeko; beste edozein bezala, prest egongo baita abiatzeko.