Datorren urtarrilaren 19a da aukeratutako data Mega zerbitzu berria abiarazteko. Ez da ausazko aukeraketa, urtebete beteko baita egun horretan FBI-ak Megaupload itxi zuenetik. Orduko sareko fitxategien biltegi hedatuena zenaren ataria istearekin batera, P2P teknologiako programek edo bakoitzaren ordenagailuko edukiak zuzenean partekatzeko programek izugarrizko gorakada izan zuten. Izan ere, Megaupload zerbitzua moztearen ondorioz, han kontua zeukan jende errugabeak ere bertan gordetako fitxategi pertsonaletarako sarbidea galdu zuen, tartean egile eskubideak urratzen zituzten edukiak partekatzeagatik salatu baitzuten hodeiko biltegia.
Orain hala ere, bi zerbitzutan bereizitako eskaintza da iragarri dutena: Mega alde batetik, konpetentzia gorriko hodeiko biltegien esparruan alternatiba izatekotan datorrena; eta Megabox bestetik, musika zigilu ahalguztidunen kontra eginez beste era bateko negozioa proposatuko duen doako abesti libreen sarea. Hasieran bazirudien biak zerbitzu berean integratuta kaleratuko zirela, baina berriki iragarri dutenez, azkenean bi izango dira. Gainera, Megabox hilabete batzuk beranduago argitaratuko da, ekain aldera, itxura guztien arabera.
Sortzailea den Kim Dotcom magnatearen ahotik beretik jakin ahal izan denez, musika proiektua abiaraztekotan zegoela auzipetu zuten; eta hori izan omen zen benetan Megaupload-en kontrako auzirako azken bultzada. Hollywood eta musikua zigiluen aldetik presio handiak jaso ziren. Alabaina, musika industria irauli dezakeen proposamena da ezbairik gabe Megabox-ena: eduki sortzaileei diru sarreren %90 banatzean datza, eta erosleetan nahiz publizitatean oinarritutako negozioa ezartzea. Musikariek adibidez, abestiak zuzenean saldu ahalko lituzkete, eta dohainik jaitsi nahi duten erabiltzaileengandik ere etekina jasoko lukete: haiei jarritako publizitatearen gaineko irabaziak ere jasoko lituzketelako hein batean. Megakey izenez bataiatu dute teknika hau.
Zaharkitua geratu den eredutik at, bere kabuz errentagarria izateko ahalmena daukan eredua da beraz hau, pirateriaren mundutik bereizia. Hau dela eta, entzutetsuagoak izaten ari dira Megabox-en gorabeherak jendartean, Mega-rekin alderatuta.
Hitz-jokoen zale, bere izen bereko web ataria kaleratu zuen (kim.com) -ingelesez puntua “dot” esaten da- eta Mega zerbitzuarekin ere berdina egin nahi izan zuen magnateak, Interneten me.ga helbidea jartzekotan izan baitzen. Domeinu horiek baina, gehienetan herrialdeei dagozkie; kasu honetan Ghana-koari, eta lurraldean bertan jarri behar izaten dira zerbitzariak edo atariko egoitza soziala behintzat. Jada guztia lotuta zegoela, AEBen eraginez atzera bota ziren herrialde afrikarreko agintariak, pirateriaren kontra zeudela argudiatuta. Azkenean, prozesu luze baten ondoren, Zeelanda Berrian onartu zuten hacker ohia eta haren enpresa berria.
Nazioarteko konspirazio eta espioitza sare zaleek, edo auzi honen inguruan gehiago jakin nahi dutenek besterik gabe, protagonistaren aipatu webera joan besterik ez daukate (http://kim.com), haren bertsioa ezagutzeko hainbat txosten baitaude eskuragarri.
Pirateriarekin amaitzeko manifestua
Paradoxikoa dirudien arren, salatu zuten arrazoiarekin edo pirateriarekin bukatzeko eginbeharrekoen zerrenda publikatu du Kim Dotcom-ek berriki bere Twitter kontuaz baliatuta. Bere hitzetan gordetzen den logika sendoa da zinez: (1)gauza eder eta erakargarriak sortzea, Hollywood-ek gastatzen duena eta are gehiago berreskuratzea zilegi baita, baina kalitatezko produktuak ere sortzeaz arduratuta; (2)erosteko erreza izatea, euskarri fisikoa baztertu eta apaletan lekurik kentzen ez duten deskarga sistema sinpleak bultzatuz; (3)mundu mailako plazaratze bateratuak egitea, honek pirateria itoko bailuke, zain egotea gustuko ez dutenek desiratzen dutena eskuratu ahalko baitzuten, AEBetako kopia original hori legez kanpo jaitsi beharrean; (4)arrazoizko preziotan salgai jartzea, ez baita ulergarria herrialde desberdinen artean ematen diren prezioen arteko aldeak edo zinematik pasa den pelikulagatik eskatzen diren gehiegikeriak DVD edo Blu-Ray formatuetan; (5)edozein gailutan ibiltzea, zailtasun tekniko nabarmenagoak baititu kopia babeste sistema eraginkor bat aurkitzeak, euskarri guztientzat eskuragarri jartzeak baino, bidenabar.
Hitzok zuzenak eta garbi askoak dira; gehiengoa atxikitzeko bezalakoak. Orain bakoitzari dagokio erabakitzea nori interesa dakiokeen eredu berri honetara igarotzea, eta nori ez. Erosleak, garbi izango du aukera beden.
Mega, hobekuntzaz jositako hodeiko zerbitzu berria
Esan bezala, Mega heltzear dago eta besapean hainbat berrikuntza dakartza hodeiko zerbitzuak. Deigarrienak aipatzearren, pribatutasun sistemari eta datu ostalaritza sistema berritzaileari dagozkienak aipatu daitezke. Lehendabizikoari dagokionez, erabiltzaile bakoitzak sarean gordeko duen informazioa gako pribatu batez zifratuta joango da, eta enpresak berak ere ez duenez edukiko ahalmenik mekanismo hori irauli eta gordetzen dena zer den jakiteko, arazo legalez libratzen da Mega. Bestela, erabiltzaileen pribatutasunaren gaineko nazioarteko legea apurtuko lukete; mugimendu azkarra da beraz. Besteari dagokionez, hodeiko sistema osatzen duten zerbitzariak munduan barrena banatutako kopietan egongo dira, eta horrek Mega behin-behinean istea eragotzi edo zailtasun gainjarria ekarriko luke. Beste fitxategi partekatze sistemen aurrean balio erantsi bezala gainera, doako kontuak 50GB-eko espazioa eskainiko duela iragarri dute.
Ezer gutxi esan daiteke gehiago, martxan ikusi arte. Googe Drive, Microsoft SkyDrive, Dropbox, Ubuntu One edo Box hodeiko disko zerbitzuekin lehiatuko den Mega-ren weba ondorengoa da: http://mega.co.nz.
Euskaratzen laguntzeko deia
Urte hasieran egin zuen deia -beste behin ere- bere Twitter kontutik Kim Dotcom-ek, itzultzaileen laguntza eskatuz, Mega falta zitzaizkion hizkuntzetan ere eskuragarri jartzeko asmotan. Litekeena da beraz, dagoeneko lana aurreratuta egon arren, oraindik ere laguntza behar izatea egitasmo honetan; esan bezala, Megabox irteteko hilabeteak falta baitira. Interesatuek helbide honetara idatzi dezakete laguntzeko:
bidali emaila.