android, Aplikazioak, Apple, Internet

Doodle, bilerak adosteko zirriborroen tresna


Azkenaldian famatua egin da doodle hitza, egunero gai baten inguruan mozorrotzen duten Googleren atariko logotipoa ere horrela deitzen baitute. Jatorrizko esanahia, ingeleseko zirriborro hitzetik dator. Aldiz, Doodle: easy scheduling, marrazkiak baino gehiago, taldeko eginkizunen egunak adosteko balioko duten zirriborroak egiteko aplikazioa da. Interneten bidez nahiz Appleren gailuetako aplikazioetatik sar daiteke. Iragan abuztuaren 29ra arte, Androiderako bertsioa ere bazegoen eskuragarri, baina kentzea erabaki zuten, arazo ekonomikoak arrazoituta.

Erabilpena ezin errazagoa da: inkesta pentsatu, gonbidapenak bidali, eta aurrenekoa izan data eskuragarritasuna zehazten. Ez dago loturarik ere; egin beharrekoa prestatu, bidali, eta alde. Abiarazteko botoi urdina zanpatu, eta inkesta sortzeko menua irekitzen da. Bertan, titulua erabaki —«martxoan, sagardotegira» adibidez—; aukeran, ekitaldia non izango den zehaztu; deskribapena eman; eta besteek ezagutuko duten izen bat, posta elektronikoarekin batera, berriak jasotzeko. Azkenik, lehentasunezko egunak eta orduak zehaztuko dira, gonbidatuek zehaztu dezaten gure aukeren artean zein datorkien hobeto, eta posta elektronikora inkestaren esteka bidaliz bukatzen da prozesua.

Inkestarako sarbidea daukaten guztiek ikusiko dute egun bakoitzarekin ados daudenen kopurua, kolore berde deigarriz nabarmenduta egongo baita. Horrela, eguna zehaztuko dute, eta bestela buruhausteak besterik emango ez lituzkeen prozesu desatsegina aurreztuko dute.

Denborarekin gehituz joan diren ezaugarrien artean daude egutegi ezagunenekin zuzenean integratzeko ahalmena —Google Calendar, iCal eta Outlookekin— edo MeetMe izeneko profil pertsonala osatzea sarean, besteek jakin dezaten bakoitza noiz dagoen libre. Azkenik, erregistratzeko astia hartzen duenak egutegi guztiak sinkronitzeko aukera jasotzen du, doan hori ere.

Doodle: easy scheduling eskuragarri dago App Storean edo zuzenean Interneten erabilgarri eta doan, hemen: https://doodle.com/.

Apple, kontzeptuak

Jailbreak-a Appleren gailuetan

Wikipediaren arabera, pirateria edo itsaslapurreta itsasoan eginiko lapurreta da, estatu burujabe baten baimenik gabe egindakoa. Aldiz, iOS jailbreaking egitea eroslearen eskubidetzat jotzen duen epairik badago; eta beraz, jendearen uste orokortuaren aurka, ez da legez kanpoko ekintza. Tabu hori kendu ostean, iOS kartzela haustea edo jailbreak egitea zer den ikustea besterik ez da geratzen hemen.

iOS jailbreaking, iOS sistema eragilea darabilten Appleren gailuetako hardware nahiz softwarean zuloak ustiatu, eta lehentasunez ezarritako mugak kentzeko prozesuari esaten zaio. Gailu horien artean daude iPhone, iPod touch, iPad eta bigarren belaunaldiko Apple TV. Administrari mailako sarbidea ematen du jailbreak metodoak, eta horrek ateak irekitzen ditu Applek izenpetu gabeko aplikazio, gehigarri eta atzeko gai osagarriak jaisteko; bestela, App Store ofizialaren bidez ezinezkoak liratekeenak. Pribilegioen eskalatzea bestelako konputazio sistemetan ere erabili ohi da. Jailbreak-a egina dagoen iOS gailuak ez du galduko funtzio arruntik —deiak, adibidez—, eta, era berean, sarbidea mantenduko du App Storera eta iTunes aplikazioetara. Androiden ez bezala, jailbreak egitea beharrezkoa da Applek baimendutako softwarea erabili nahi bada.

Araututako praktika herrialde batzuetan

Oihartzun handiena AEBetako kasuak izan zuen; onartu zutenean sakelakoak askatzeko prozesu horien legezkotasuna, irabazi nahirik gabeko Electronic Frontier Foundation erakundearen ekinari esker. 2010ean DMCA —Digital Millennium Copyright Act— legean gehitutako salbuespenari esker, jailbreak egiteko erosleen eskumena onartu zen. Bazegoen aurrekaririk, eta 2008tik legezkoa zen Zeelanda Berrian; harrezkero, aurten onartutako legedietan aitortzen dute, baita Kanadak eta Indiak ere.

Europan, bestalde, 2001etik dagoen European Copyright Directive legeak hainbat interpretaziotarako eskumena lagatzen die komunitateko herrialdeei, eta oraindik batek ere ez du arautu tankerako praktikarik.

Araubide digitaleko lege horientzat guztientzat, jailbreak-a copyright eskumenak zapaltzen ez diren kasuetarako salbuespen gisa aurreikusita dago, hala ere. Baina aplikazio osagarrien artean dago ordaindu beharreko aplikazioak dohainik deskargatzeko erabili daitekeen programa (Installous), eta, halaber, hori da gakoa legegile zalantzatiek gai hau behingoz ez argitzeko.

Bitartean, Apple ez da egon besoak gurutzatuta, eta ohartarazi du garantiaren galera ekar dezakeela kartzela hausteak. Esan gabe doa, baina, desabantaila nagusia behar lukeenak arazo izateari uzten diola, iTunes erabilita jailbreak-a kendu eta sistema berrezartzen bada.

Abantailak

Jailbreak egiteko arrazoi nagusia osagarriak instalatzeko aukera da, App Storean dagoen eskaintzaz haragoko aukerak zabalduz. Jailbreak egiteko metodo ugari daude, baina guztiek lehentasunez instalatzen dute Cydia. Hori Linux erabiltzaileentzat ezaguna izango den APT erako bezeroa da, softwarea bilatu eta instalatzeko balio duena. Aplikazioez gain, iOS gailua pertsonalizatzeko hainbat osagarri jaistea ahalbidetzen du; adibide gisa, Android edo Windows XP sistemen itxura emango zaio iPhoneari. Sistemaren komando lerrorako sarbidea uzten du baita ere, eta ezagutza informatiko aurreratuak dauzkanak nahi duena garatu, eta besteen mesederako utzi dezake sarean, software libreari atzeko ate bat irekiz Appleren mundura.

Azken abantaila Applen softwarea kontrolatzeko ohiturari lotutakoa da. Izan ere, Kaliforniako konpainiak baimendu gabeko aplikazioak instalatzeko bide bakarra bihurtu da jailbreak egitea. Asko dira aukera hori egiten dutenak, Appleren edukien gaineko domeinu horri aurre egiteko gogoz. Konpainiaren guraizeek moztutako eskaeren artean daude irabazi nahirik gabeko erakundeei donazioak egin nahi dizkieten aplikazioak edo Pulitzerra irabazi zuen Mark Fiore marrazkilariaren aplikazioa, «figura publikoak lotsaraztearren».

‘Jailbreak’ erak eta teknika berriena

Eskuarki, Apple gailu bat martxan jartzean berezko abiarazlea jartzen da martxan. Momentu horrek berebiziko garrantzia dauka gailu informatiko orotan, eta are gehiago jailbreak prozesuan; abiarazle horretan —kernel izenekoa—, partxe bat ezarri eta sistema eragilea erabat eraldatzen baita hau kargatu aurretik. Bi kasu bereizten dira, beraz: untethered eran egiten bada jailbreak-a, erabiltzaileak gailua itzali eta piztu ahalko du, ordenagailua eta iTunesen beharrik gabe. Aldiz, tethered eran egiten bada prozesua, gailua itzaltzen bada, bateria barik geratu delako edo nahita itzali delako, berriz ere jailbreak prozesua pasa beharko zaio ondo ibiltzeko.

IOSerako eguneratze ofiziala ateratzen duten bakoitzeko, tethered erako jailbreak-a izaten da kaleratzen lehena; horregatik, komenigarria izaten da pazientzia izan eta bertsio osoari itxarotea. Talde nahiz banakako asko dira aplikazioak eta jailbreak eguneraketak egiten dituztenak, eta informazio asko jartzen dute sarean haien garapenei buruzko albisteak jakinarazteko. Aukera zabala dago iOS gailu orori kartzela hausteko, baina azkenaldian gehien hedatu den mahaigainerako programak Absinthe dauka izena, pasa den ekainean kaleratu zen. Horri esker, iPhone 4S, iPad 2, iPad 3 gailuentzat iOS 5.1.1 untethered eran partxeatu daiteke.

Informazio gehiago bildu nahi izanez gero: http://absinthejailbreak.com/.

Amazon, Internet, Segurtasuna

Sareko erosketen segurtasuna

Asko dira dagoeneko Interneten Gabonetarako opariak begiratzen hasi direnak. Sareko aukera hedatuz joan da, jendearen hasierako beldurrak eta tabuak galduz joan diren heinean. Orain, sarean aukera zabal eta kontrastagarria ikusten dute kontsumitzaileek; eta ordenagailuko sagua aholkulari bakartzat hartuta, klik hots batean betetzen dute erosketen saski birtuala. Honela, sarean egiten diren transakzio gehienetan arazorik izaten ez bada ere, badira arrisku batzuk, eta horrexegatik aholku lagungarriak jarraitzeko beharra ere izaten da.

Urrutiko intxaurrak hamalau, gerturatu eta lau

Esaera zaharrak hala dio, eta ez da txarra hasteko eta behin, produktu bateko prezioa beste tokietan saltzen diren antzerako produktuekin alderatzea. Prezioan alde handia badago, kontuz ibili; ikertu saltzailea eta galdetu produktua zer egoeratan dagoen.

Ez dago soberan ezta ere, saltzailea ezezaguna bada honako hau ikertzea: merkatari bati erosten zaion lehen aldia bada, ikertu aldez aurretik, benetakoa den egiaztatzeko. Adibidez, weba arakatu daiteke saltzaile horri gauzak erosi dizkioten beste pertsona batzuen iruzkinak irakurrita. Horretaz gain, merkatari fidagarri orok transakzioaren inguruko galderaren bat edo arazoren bat dagoenerako, erabili beharreko kontaktu-informazioa eman beharko luke nonbait. Edonola dela ere, ez da gomendatzen goitik behera aztertu ez den saltzaile bati dirurik bidaltzerik; erne ibili web orrialde faltsuen erasoak edo phishing saiakerak antzemateko.

Aipatu guztiarekin bat, hizki txikia irakurtzeko astia hartzea beharrezkoa da, bidalketan nahiz itzulpenean (behar izatekotan) sorpresarik ez eramateko: erosi aurretik, ezagutu saltzailearen bidalketa-berme eta itzulketa-gidalerroak. Saltoki gehienek ematen dute aukera paketea bidaltzeko bitartekaria hautatzeko; hemen ere buru-belarri ibili, desberdintasun handiak izan ohi baitira entrega epeetan, eta batez ere prezioetan. Gainera beharra dute erositakoaren jarraipena egiteko zenbaki bat eskuragarri jartzera; nahi duenak erositako horren uneoroko kokapena izan dezan.

Bukatzeko, gustura geratu ez den horrek jakin behar du webgune batzuek diru guztia itzultzeko aukera eskaintzen dutela, beste batzuek itzulketa-kostuak kargatu eta dendarako kupoiak baino ez dituzte emango.

Erosleak babesteko neurriak dituzten ordainketa-metodoak

Kontuz itxurazko fakturekin: esaterako, duela gutxi auto-erosketetan itxurazko fakturak erabiltzen zituzten iruzurtien kasuak zabaldu ziren. Kasu horietan, dirua igortzeko, banku-transferentzia egiteko edo posta arruntaren bidez (Correos, Western Union, etab.) ordaintzeko eskatzen zuten iruzurgileek.

Erabili beti babesa ziurtatzen duten ordainketa-metodoak: adibidez, kreditu-txartelen enpresek interneten erosketak egin dituztenak babesten dituzte; eta hauen erantzukizuna beregain hartu ohi dute iruzur-kasuetan.

Ziurtagiridun webgune seguruak

Halaber, aipatu puntura iritsi aurretik, Internetek badu modurik kreditu-txartelaren datuak bidean lapurtzen ez direla bermatzeko. Transferitu behar den informazioa garrantzitsua denean edo webgunearen identitatea bermatu behar denean, ezinbestekoa da webgune horren eta nabigatzailearen arteko komunikazioa enkriptatzea. Horretarako asmatu zen SSL (Secure Socket Layer) protokoloa. Teknologia hau darabilten lekuak ohiko http bidez hasi beharrean, https darabilte. Hori gabe, gerta daiteke beste muturrean espero dena ez egotea, edo komunikazioa tartean antzeman eta datuak lapurtzea.

PayPal, edo lineako ordainketa zerbitzu segurua

eBay eskaintza bidezko salmenten guneari esker zabaldu zen ordaintzeko aukera gehigarri gisa. PayPalen arrakastaren atzean bi gako daude: erosotasuna eta segurtasuna. Izan ere, behin erregistratu ostean, nahikoa izango da posta helbide elektronikoa eta pasahitz sendo bat bertako erabiltzaileen artean diru transferentziak egiteko. Eta eroslearentzat daukan babes politikari esker, jasotakoa iristen ez bada edo ez badator bat saltzaileak deskribatutakoarekin, dirua itzultzen die PayPalek.

Egun, geroz eta gune gehiagok eskaintzen dute ordaintzeko metodo bezala, erosleentzat erakargarri den jakitun. Gune ofiziala: https://www.paypal.com/.