Apple, tabletak, Windows

Microsoft etxeak tableten merkatuan bidea ireki nahi du

Mahai gaineko ordenagailuen eta eramangarrien oinordekotzat jo zituzten askok tabletak, eta apurka baina irmo dihardute bide hori urratzen. Merkatura azkena iritsi dena Microsoft Surface da. Erraldoi estatubatuarraren apustua da, tableten merkatua hankaz gora jartzeko. Lehenago saiatu dira Amazon —Kindle Firerekin— eta Google —Nexusarekin— erronka berari aurre egiten, baina zifrei so eginez gero, inor ez da iritsi iPad tabletei itzal egitera.

Hala ere, badirudi oraingoan mehatxua benetakoa dela eta jada inork ez dauka zalantzarik Microsoft etxeak tableten merkatua goitik behera astindu nahi duela. Google eta Amazon, Appleri konpetentzia egiteko, Android sistema eragileaz baliatu dira, baina Microsoftek nahiago du softwarea eta hardwarea batera ekoiztea, eta etxeko sistema eragile berria edo Windows 8 ezarriko diote Surface gailuari. Bi bertsio aterako dituzte, eta prozesatzailean bereiziko dira: batak Intelen i5 Core erabiliko du Windows 8 errendimendu osoan erabiltzeko. Besteak, berriz, NVidiaren ARM Windowsen RT bertsioa erabiltzeko. Gailu berriaren ezaugarriek itxura ona dute, gainera: 10,1 hazbeteko Full-HD pantaila, magnesiozko atzealdea, 576 gramoko pisua, teklatu estalkia, stylus bat eta 32tik hasi eta 128 GBrainoko memoria.

Bihar aurkeztuko dute jendaurrean, eta orduan argituko dute salneurria. Ostiralean kaleratuko dute Microsoft Surface tableta Ipar Euskal Herrian. Produktu berria Hego Euskal Herrian noiz izango den ez dute oraindik adierazi .

Kontraerasoa: iPad Minia

Applelek kontraerasoa prest du: iPad Minia. Bertsio berriaren ezaugarriak oraindik ezkutuak dira, eta pantaila 7,8 hazbetera txikituko dela iragarri dute. Adituen ustez, Appleren tableta salmentak hazi egingo dira. Aditu horien kalkuluen arabera, saltzen dituzten 5 iPad Miniko, iPad bakarra utziko dute saldu gabe. Betiko 16, 32 eta 64 GBeko memoriadun bertsioez gain, beste Low cost bertsio merkeagoa kaleratzekotan leudeke: 8 GBekoa 190 dolarreko prezioan. Atzo eginiko konferentzian jardun zuten Apple etxearen tableta berriari buruz.

Aplikazioak, Apple, Internet, Sareak, Segurtasuna

WiFia, saguaren eta katuaren istorioa

Ikerketa batean azaldu denez, azken belaunaldiko telefono jabeen %99 noizbait saiatu da kalean doako wifi sarbide bat aurkitzen. Are gehiago, Erresuma Batuan, erabiltzaileen erdiak norbaiten seinalera konektatzen saiatu omen dira; eta gainera, horietako bi herenek zilegi dela deritzote. Horrelako datuen aurrean, ez da arraroa pentsatzea norberari ere gertatu zaiola horrelakorik; batez ere, babes gutxi izanez gero.

Seinaleak identifikatzea izan ohi da lehen pausoa. Eguneko puntako orduetan konexioaren abiadura moteltzen bada, telesaila deskargatzen ari den bizilagunari bota dakioke errua; edo kablerik gabeko etxeko gailu guztiak itzalita ere routerraren wifi seinaleak keinuak egiten jarraitzen badu, usaindu daiteke zerbaiten zantzua.

Lapurra harrapatzen

Badago norbait konexioa lapurtzen ari dela ziurtatzeko modu erraz bat: programa bat instalatuz gero, sakelakoan edo baita ordenagailuan ere, etxeko sarera konektatutako gailuak erregistra daitezke. Hainbat programak dute zerbitzu hori doan: smartphone-en kasuan, badira programak Android euskarridunentzat (Fing, Network Discovery, Net Scan), zein iOS sistemadun gailuentzat (Fing, IP Network Scanner, iNet); mahai gaineko ordenagailuentzat, berriz, hainbat euskarritan bertsioak dituzten ondorengo programak: Angry IP Scanner eta Wireshark aipa daitezke.

Behin programa eskuratuta, zein aparatu konektatuta dauden begiratu besterik ez dago. Egon behar liratekeenak baino gehiago badaude, nahi ez dugun gonbidatu bat dagoen seinale izango da.

Routerreko ezarpenak

Aurreko programekin une horretan konektatuta daudenak bakarrik harrapa daitezke. Konektatu diren gailu guztien berri edukitzeko, berriz, routerrean bertan dagoen erregistroa begiratu behar da. Informazio hori eskuratzeko, router barnean sartu beharra dago. Nabigatzailearekin egiten da: orokorrean, nahikoa da 192.168.1.1 idaztea helbideen lekuan —Euskalteleko routerretan 192.168.100.1 izan ohi da— eta erabiltzaile izena eta pasahitza idaztea. Normalean 1234 izan ohi dira biak. Hala ere, datu horiek guztiak norbere ostalariari galdetu daitezke, edo Interneten bilatu modeloaren arabera lehentasunezkoak direnak.

Inor ez dadila urduritu, routerraren helbidea jakiteko beste biderik ere bada eta. Horrela, mahai gaineko Windows darabiltenek, Hasiera menura joan eta Exekutatu atalean cmd idatziz aterako zaien terminalean ipconfig/all sartu beharko dute. Atebide lehenetsia atalaren eskuinean agertzen dena izango da routerraren helbidea. Horrekin batera, MAC helbidea ere agertuko da, aurrerago azalduko dena. Linux bertsioren bat darabiltenek, terminala ireki eta route -n eginda jakin ahalko dute helbidea, Gateway zutabeko azken lerroari begiratuta. Mac ordenagailuetan eta Android eta iPhone telefonoen bitartez ere lor daiteke informazio hori.

Behin routerraren barruan sartuta, gonbidaturik dagoenaren azken proba lortu ahalko da, eta bide batez, kaleratu. Erregistroaren izena log izan ohi da, eta bertan begiratu besterik ez dago azkenaldian wifi routerrera konektatu diren gailuen zerrenda osoa eskuratzeko, horiei banatu dien IP eta MAC helbidearekin batera. Behin horra iritsita, buruan eduki beharrekoa da datu horiek zer adierazten duten. Badira bi aste Zibergelan IP helbideei buruz hitz egin zela: http://zibergela.bitarlan.net/2012/10/11/trantsizio-isila-interneten/.

Gogoratu IP helbideak alda daitezkeela, eta hortaz, ezingo dela hortik harrapatu wifi lapurra. MAC helbidea, ordea, gailu bakoitzean bakarra da, gailuaren izena adierazten baitu sarean. Gailuaren sareko ezarpenetan erraz aurki daiteke.

Ondoren, aukerak anitz dira: norbere MAC helbideak ez direnak kaleratu ere egin ditzakegu; edo routerrean —bakarrik— konektatu nahi ditugun gailuen MAC helbideak erregistratu, barruan nahi ez diren gonbidatuak egotziz.

Wifia babesteko gomendioak

Esan bezala, behin routerrera sartuta, hor aurki daiteke aginte osoa konexio propioari segurtasun maila sendo bat emateko. Metodo gaindiezinik ez dagoela esan daiteke, baina egia da ezer egiten ez bada errazago uzten dela sarbidea. Kontua ez da, gainera, inorekin partekatu nahi ez izatearen pentsaera berekoia dagoela seinalea babestearen atzean. Datu pertsonalak ere babesten dira modu horretan. Esaterako, partekatutako fitxategiak, bisitatutako webguneak eta beste hainbat informaziotarako sarbidea ere babesten da.

Wifi konexioa kuxkuxeroengandik babesteko, honako gomendioak jarraitzea da onena: pasahitz seguru bat jarri, zifratzea WPA eran jarri WEP eran jarri ordez, lehen aipatutako MAC bidezko iragazkia ezarri, gailu bakoitzari lehentasunezko IP helbideak ezarri menutik eta wifi routerra ikusezin bihurtu, horretarako aukera zanpatuta.

android, Aplikazioak, Apple, Mugikorrak

Spotbros aplikazioa, Whatsappari merkatua jan nahian

Spotbros3Amore eman, eta sakelakoetarako Internet kontratatzeko beharra ikusi dute azkenaldian askok. Hala, komunikazio aloreean eta soziologian «mezu laburren kultura» deituriko fenomenoaren mundura igaro dira. Smartphone telefonoen aplikazioen artean nagusi den Whatsapp aplikazioari nagusitasuna kendu nahi dion mezularitza aukerarik badago merkatuan: horietako bat da Bilbo aldean oraintsu garatu duten Spotbros.

Zerbitzu berriak Whatsappek dituen gabeziak bete nahi ditu, segurtasunean eta sare sozialetan indartsu egiteko asmoz. Whatsappean mezuak testu lauak dira, baina Spotbrosek bidalketa guztiak zifratzen ditu, AES 256 biteko algoritmoa erabilita.

Horretaz gain, bakoitza bere pribatutasunaren jabe uzten du zerbitzuak; adibidez, kontaktuak edonoren eskura utziz edo jada kontaktuen artean daudenei bakarrik utziz libreta behatzen. Mezuek ere iraungitze eguna daukate, eta 30 egunen buruan desagertu egingo dira hodeitik. Erabilerraza eta aukera anitzekoa da euskal aplikazioa, merkatuko beste aukeren aldean.

Bi ezaugarri

Bi ezaugarri nabarmentzen dira aplikazio berrian, eta mezularitzara zerbitzuetara haize berritzailea ekar dezakete: Shout (irrintzia) eta Spot (guneak), hain zuzen.

Lehenari esker, elkar ezagutu ez arren inguruan dauden eta haien telefonoetan SB instalatuta daukatenei mezua igor diezaieke, inguruan gertatzen ari denaren berri izateko, edo galderaren bat egiteko. Bigarrenarekin, norbere inguruan dauden hizketaldi taldeak bilatu daitezke, eta gaia gustukoa izanez gero, bertara bildu. Gainera, jasotako mezuei «gustukoa dut» eranstea, harremana izan duzun pertsonari puntuazioa ezartzea, edo mezuak birbidaltzeko aukera bitxiak ere eskaintzen ditu.

Interfazearen lengoaien aukera murritza da, oraingoz, ingelesa edo espainola aukeratu behar da. Spotbros eskuragarri dago App Store zein Google Play dendetan, dohainik iOS eta Android euskarridun sakelakoentzat.