formakuntza

Haurrak ordenagailuak programatzen

Gure haurrak ordenagailuekin hazi direla eta, natibo digitalak direla esan ohi da. Ordenagailuen erabiltzaile abilak badira ere, gehienetan ez dute joko, nabigatzaile eta zenbait aplikazio ofimatikotik harago egiten. Programak sortzen ikasteko, badira sarean haur zein helduentzat hainbat baliabide, eta, atal honetan, horietako zenbait aurkeztuko ditugu.

Haurrei programazioaren munduan sartzeko lehen ahalegin ezagunenetako bat, Massachusetts Institute of Technology (MIT) ospetsuan egin zuten, 1967. urtean: Logo deritzon programazio hizkuntza asmatu zuten han. Agindu gutxi batzuk erabiliz, ikasleak dortoka itxurako kurtsorea gidatzen du pantailan, norabide ezberdinetan pausuz pausu eramanez.

Hamarkada oso baten ikono izan zen, bestalde, ZX Spectrum. Gailu kuriosoa zen orduko hura, gaurko begiekin begiratuz gero: telebistara konektatzen zen gomazko teklatu bat eta disko gogorrik ezean, garai bateko audio zintak —kaseteak— erabiltzen zituen ordenagailuak. Gailu hark, BASIC programazio hizkuntzako editore eta interprete bat zekarren, eta BASIC hori izan zen askorentzat programazioarekin izandako lehen esperientzia.

Gaur egungo baliabideak

Logo hizkuntza oraindik ere baliagarria den arren, gaur egun, interfaze grafikoak erabiltzen dituzten zenbait aplikazio daude eskura. Aplikazio dezente dago, baina euskaraz eskainitakoak oso gutxi dira. Microsoftek, Small Basic eskaintzen du, 10-16 urteko gaztetxoentzat pentsatua, eta ingelesez soilik. Hackety Hack ere oso inguru polita da programatzen hasteko, Software Ireki moduan eskaintzen da, eta, hainbat plataformatan erabil badaiteke ere, ingelesez aurki daiteke bakarrik. Alice ere hor dago, 3D programazio inguruarekin, hori ere ingeles hutsean.

Scratch

Programazioaren hastapenak erakusteko software ezagunenetako bat da Scratch. Logo hizkuntza bezala, Massachussets-eko Teknologia Institutu ezagunean garatua da, eta, hori bai, euskaratua dago.

Mac, Windows eta Linux plataformetan instala daiteke. Scratchekin, animazio, joko musika eta beste gauza batzuk sor daitezke, eta, gauza horiek guztiak sortzen diren bitartean, gaztetxoek matematika eta konputazio oinarriak barneratzen dituzte. Scratch erabiltzaile komunitate zabala dago, eta, Scratchen webgunean bertan, norberak garatutako programa edo animazioak jar daitezke edonork ikusteko eta jaisteko moduan.

Urtero, Scratch eguna maiatzaren 21ean antolatzen dute, eta, gure artean, iaz antolatu zuten zuen lehendabizikoz Bilbon, Alondegian. Lehen jardunaldi hartan, haurrek eskolan egindako lanak erakutsi zituzten, eta bertaratutakoek scratchekin egin daitezkeen gauzak ikusteko parada izan zuten. Aurten ere Scratch Eguna antolatzekotan dira, eta http://www.scratcheguna.eu/ webgunean jaso daiteke informazioa gehiago, nahi izanez gero.

Beste baliabide batzuk

Aplikazio informatikoez gain, badira liburu eta beste baliabide batzuk haurrek programatzen ikasteko.

Liburuei dagokionez, berriki, Warren eta Carter aita-semeek Computer Programming for Kids liburua sortu dute haurrei programatzen erakusteko; oraingoz, ingelesera, alemana eta txineraz bakarrik eskuratu daiteke.

Python programazio hizkuntza darabilen doako liburu bat ere badago sarean: Snake Wrangling For Kids; frantsesez eta gaztelaniaz ere lor daiteke liburu hori.

Jostailuei dagokienez, Lego etxeak haurrak informatika, programazio eta robotikan murgiltzeko jostailu berezi bat eskaintzen du: Lego Mindstorms.