Google Plus (G+ bezala ere ezagututa) ez da Googleren lehenengo saiakera sare sozialen munduan sartzeko. Lehenengo, Orkut (http://www.orkut.com) argitaratu zuen 2004an eta microblogging arloan ere sartzen ahalegindu zen Buzz proiektuarekin. Artean, Orkutek apenas izan du arrakastarik eta Buzzek ere ez ditu lortu espero besteko mugimendua. Baina Google Plus, aurtengo ekainaren 28an argitaratu zutenetik, indartsu sartu da eta lehenengo hilabetean 10 milioi erabiltzaile lortu zituen. Hori bai, oraindik urrun dago Facebookek dituen erabiltzaile kopurutik eta erabilpen mailatik. Gainera argitaratu zenetik behin probatzeko berotasuna igarota, Google Plusen hazkundea hoztu da nahikotxo. Probatzeko: http://plus.google.com
Google Circles
Google Plusek daukan berezitasunik garrantzitsuenetarikoa zirkuluen ideia da. Nork bere kontaktuak zirkulutan antolatu ahal ditu: lagunak, lankideak, familia, eta abar. Bakoitzak nahi dituen zirkuluak sor ditzake eta ondoren kontaktuak zirkuluetan sartu arrastatu eta jaregin eginez. Horrela erabiltzaileak bere jarioan argitaratzen duen informazioa izan ahal da publikoa, bere zirkuluetarako eta bere kontaktuen zirkuluetarako, bakarrik bere zirkuluetarako edo zirkulu edo kontaktu berezi baterako. Izan ere, sare sozialetan askotan nahasten dira familia, lagunak eta harreman profesionalak eta agian partekatzen den informazioa ez da guztiok ikusteko. Horrela, argitaratzen den sarrera bakoitzeko, aukeratu ahal da zeintzuk ikusten duten, adibidez, lagunak izeneko zirkulukoek bakarrik. Era berean, askotan sare sozialetan kontaktuak pilatzen dira eta informazio lar jasotzen du erabiltzaile bakoitzak, beraz, maiz kontaktu gertuen informazioa galdu ahal da. Era horretan, une bakoitzean ikusi ahal da erabiltzaileak nahi duen zirkuluaren jarioa bakarrik edo erabiltzaile guztien sarrerak batera.
Hau ez da ideia berri bat, software librea den Diaspora sare sozialak aukera hau eskaintzen zuen jada, beste era batean planteatuta, hori bai, eta dagoeneko Facebooken ere egin ahal den gauza bat da, nahiz eta Goolge Plusen bezain erraza ez izan.
Norabide bakarreko harremanak
Google Plusek daukan beste berezitasun bat Facebookekin alderatuta harremanak egiteko era da. Kasu honetan antza handiagoa dauka Twitterrekin. Erabiltzaile bakoitzak bere zirkuluetan nahi duen kontaktua sartzen du, beste erabiltzaileak ez du halaber onartu behar, adibidez, Facebooken, LinkedInen edo beste sare sozialetan gertatzen den bezala.
Kontaktuekin elkarrizketak gauzatzeko Google Plusek txata ere eskaintzen du GTalk-en bitartez, eta Google Plus-etik bertatik mezu elektronikoak bidaltzeko aukera ere badago.
Bideo txata taldeka
Hau guztia gutxi izango balitz, Google Plusek ere talde bideo txatak egiteko aukera ahalbidetzen du. “Hasi topaketa” izena duen botoi berde bat ikusten da, topaketak egiteko egutegi bat dela irudi lezake, baina ez da hori, taldeko bideo txata hasteko da. Pantaila partaideen eremu ezberdinetan banatu beharrean, beste bideo txat sistema batzuek egiten duten bezala, bideo txat sistema honek pantailan erakusten du une bakoitzean hitz egiten ari den erabiltzailearen bideoaren irudia.
Argazkiak
Google Plusek eskaintzen du atal oso bat erabiltzaileak sare sozial honetan dituen argazki guztiak kudeatzeko. Atal honetan erabiltzaileak igotako argazki guztiak ikusi ahal ditu hala nola etiketatuta dagoen argazkiak. Argazkiak kontaktuekin etiketatu daitezke, ezabatu edo efektu batzuen bitartez aldatu.
Jokuak
Jokuetarako ere atal berezi bat eskaintzen du Google Plusek. Bertan hainbat eta hainbat joko aurki daitezke on-line erabiltzeko. Beraz, ez da ezer instalatu behar ordenagailuan eta edozein sistema eragilerekin erabil daitezke, nabigatzaile hutsa behar delako, flash ere beharrezkoa da hainbat kasutan. Gainera, joko hauek guztiz integratuta daude sare sozialarekin eta beraz, jokoetako lorpenak edo puntuazioak argitara daitezke norberaren profilean. Era berean, askotan beste erabiltzaileekin batera jolastu ahal da eta norberaren kontaktuak ere gonbidatu ahal dira jolasteko.
Google Plus sakelako telefonoetan
Sakelako telefonoetan dagoeneko zenbaut aplikazio agertu dira Google Plus sare soziala telefono mugikorretik erabiltzeko. Esaterako, Android telefonoetan Social Plus izeneko aplikazioarekin Google Plus, Facebook eta Twitter erabil daitezke. Hau da aplikazioaren lotura: https://market.android.com/details?id=social.plus.free.com