Apple, tabletak, Windows

Microsoft etxeak tableten merkatuan bidea ireki nahi du

Mahai gaineko ordenagailuen eta eramangarrien oinordekotzat jo zituzten askok tabletak, eta apurka baina irmo dihardute bide hori urratzen. Merkatura azkena iritsi dena Microsoft Surface da. Erraldoi estatubatuarraren apustua da, tableten merkatua hankaz gora jartzeko. Lehenago saiatu dira Amazon —Kindle Firerekin— eta Google —Nexusarekin— erronka berari aurre egiten, baina zifrei so eginez gero, inor ez da iritsi iPad tabletei itzal egitera.

Hala ere, badirudi oraingoan mehatxua benetakoa dela eta jada inork ez dauka zalantzarik Microsoft etxeak tableten merkatua goitik behera astindu nahi duela. Google eta Amazon, Appleri konpetentzia egiteko, Android sistema eragileaz baliatu dira, baina Microsoftek nahiago du softwarea eta hardwarea batera ekoiztea, eta etxeko sistema eragile berria edo Windows 8 ezarriko diote Surface gailuari. Bi bertsio aterako dituzte, eta prozesatzailean bereiziko dira: batak Intelen i5 Core erabiliko du Windows 8 errendimendu osoan erabiltzeko. Besteak, berriz, NVidiaren ARM Windowsen RT bertsioa erabiltzeko. Gailu berriaren ezaugarriek itxura ona dute, gainera: 10,1 hazbeteko Full-HD pantaila, magnesiozko atzealdea, 576 gramoko pisua, teklatu estalkia, stylus bat eta 32tik hasi eta 128 GBrainoko memoria.

Bihar aurkeztuko dute jendaurrean, eta orduan argituko dute salneurria. Ostiralean kaleratuko dute Microsoft Surface tableta Ipar Euskal Herrian. Produktu berria Hego Euskal Herrian noiz izango den ez dute oraindik adierazi .

Kontraerasoa: iPad Minia

Applelek kontraerasoa prest du: iPad Minia. Bertsio berriaren ezaugarriak oraindik ezkutuak dira, eta pantaila 7,8 hazbetera txikituko dela iragarri dute. Adituen ustez, Appleren tableta salmentak hazi egingo dira. Aditu horien kalkuluen arabera, saltzen dituzten 5 iPad Miniko, iPad bakarra utziko dute saldu gabe. Betiko 16, 32 eta 64 GBeko memoriadun bertsioez gain, beste Low cost bertsio merkeagoa kaleratzekotan leudeke: 8 GBekoa 190 dolarreko prezioan. Atzo eginiko konferentzian jardun zuten Apple etxearen tableta berriari buruz.

Microsoft, Sistema Eragileak

Microsoft Windows 8

win8Otsailaren 29an Microsoftek Windows 8 sistema eragilearen Consumer Preview bertsioa argitaratu zuen. Bertsio hau ez da behin betiko bertsioa, publikoki eskura jartzen den lehenengo probazko bertsioa baizik. Ba albistea iragarri eta egun berean sistema eragile berriaren milioi bat deskarga burutu ziren Microsoftek berak adierazi zuenez.

Deskargatu eta instalatu

Norbaitek MS Windows 8 berria ikusi nahi badu, Microsoften webgunetik deskargatu daiteke DVD batean grabatzeko irudia, hau da deskargatzeko lotura: http://windows.microsoft.com/en-US/windows-8/iso

MS Windows 8 instalatzeko, memoria GB bat edo gehiago gomendatzen dute eta 2 GB 64 biteko bertsioa instalatzeko eta disko gogorrean 16 GB egon beharko dira libre eta 20GB 64 biteko bertsioa instalatzeko. Prozesagailuari dagokionez, Gh 1 edo azkarragoa izatea gomendatzen da Microsoften webgunetik.

Dena dela, eta behin-behineko bertsio bat izanda, gomendagarria da gailu birtual batean instalatzea. Horretarako Virtual Box (https://www.virtualbox.org/) aplikazio librea erabil daiteke adibidez.

Metro interfazea

MS Windows 8ren aldaketarik ikusgarriena eta nagusiena Interfazean dago. Sistema eragilearen itxura eta, beraz, neurri handi batean erabilera ere bai, guztiz aldatu dira. Eta hau da bereziki Microsoften apusturik handiena bertsio berri honetan. Gauzak ez dira aurkituko lehen zeuden lekuan, beraz, hau ere izango da erabiltzaileen aldetik aldaketarik iraultzaileena. Erabiltzaileak sistema eragilearekin lan egiteko era berri batera ohitu beharko dira.

Microsoftek Metro interfazea erabiltzea erabaki du Windows 8n. Interfaze hau bereziki moldatuta dago Tablet gailuetarako eta ordenagailu eramangarrietarako. Gainera Interfaze hau bideratuta dago ukipen pantailekin erabiltzeko.

Mahaigainean dauden lasterbide guztiak mosaiko baten moduan erakusten dira, gainera, animatuta daude eta egoeren arabera aldatzen joaten dira edo aplikazioari buruzko informazioa erakusten dute. Mosaiko hau erabiltzaileak nahi duen moduan antola dezake.

Aplikazioak ere interfaze honetara moldatuta egon daitezke ala ez, beraz “Metro” aplikazioak eta “ez metro” aplikazioak egongo dira. “Ez Metro” aplikazioak leiho bakar batean metatzen dira, ohiko mahaigainari dagokiona.

Metro interfazearekin sortutako aplikazioek diseinu sinpleagoa eta garbiagoa daukate eta oso egokiak izaten dira ukimen-pantailarekin erabiltzeko. Windows 7ren ohiko mahaigaina eskuragarri dago une oro, beste aplikazio bat izango bailitzan, hasierako mosaikoan. Mahaigain honetan elementuak ohi bezala agertzen dira.

Aplikazioei dagokienez Windows 7ren berdinak dira, eta zentzu honetan berritasun bakarretarikoa da Metro interfazera moldatuta daudela. MS Windows 8ren lehenetsitako nabigatzailea MS Internet Explorer 10 da.

Pantailaren bazterrak

Pantailaren bazterretan ere funtzionalitateak daude eta saguaren erakuslea hurbilduta edo ukimen-pantailetan atzamarrarekin ukituz agertzen dira funtzionalitate hauek. Beheko-ezkerreko bazterrean adibidez “Hasi” botoiaren ordezkoa dago. Goiko-ezkerreko bazterrean irekitako aplikazioak daude eta goiko-eskumako bazterrean sistemaren panela dago non sistemaren ezarpenak eta bilaketa dauden, esate baterako.

Saguaren eskumako botoia

Saguaren eskumako botoiari sakatutakoan gauza bat edo beste bat agertuko da erabiltzailea egiten ari denaren arabera. Hasiera pantailan adibidez, eskumako botoiari sakatuta, panel bat irekiko da sisteman instalatuta dauden aplikazioekin. Hor Metro aplikazioak eta ohiko aplikazioak bereizten dira. Metro aplikazioetan gainera, aplikazio bakoitzeko aukera ezberdinak ere agertu ahal dira bertan.

Internet, Microsoft, Ubuntu

Badago eskuragarri Ubuntu One Windows sistemetarako

Ubuntu One fitxategiak Interneten ostatatzeko zerbitzu bat da. Ubuntu sistema eragilearen sortzailea den Canonical enpresak abiarazi zuen doako zerbitzu hau Ubuntu sistema eragilearen erabiltzaileentzat orain dela bi urte. Zerbitzu hau nabigatzailetik ere erabil daiteke edozein ordenagailutatik baina Ubunturekin, Ubuntu One sistemaren beste karpeta bat izango balitz bezala erabil daiteke, sistemarekin guztiz bateragarria da, alegia.

Ubuntu One zerbitzua abiarazi eta hilabete batzuk geroago, iOS eta Android sistemetarako ere aplikazioak garatu ziren, eta beraz on-line zerbitzua sistema eragile hauetariko bat erabiltzen duten sakelako telefonoekin ere bateragarria da.

Eta orain jada MS Windows sistemetarako aplikazioaren bertsio egonkorra ere argitaratuta dago, izan ere, badirela hilabete batzuk bertsio ez egonkorra zegoen jada. Aplikazioa doakoa da eta MS Windows 7, MS Windows Vista eta MS WIindows XP.rekin bateragarria da. Hala ere, oraindik hutsune batzuk ditu. Adibidez kontaktuak oraindik ezin dira sinkronizatu. Sinkronizatzeko karpeta berriak ere ezin dira sortu bertsio honetatik. Hona hemen aplikazioa deskargatzeko lotura: https://one.ubuntu.com/downloads/windows/