android, Aplikazioak, Apple, kontzeptuak, Mugikorrak, NFC, Sakelako Telefonoak, Telebista, web semantikoa

Gauzen Interneten atarian

Internet-of-ThingsGauzen Internet kontzeptu teoriko bat da, baina jada hurbil dagoen egitasmoa. Etorkizun berri baten ataria da. Edozein objektu Internet bidez identifikatu eta besteekin komunikatzeko balioko lukeen ideia sinplea da oinarrian, baina zaila lortzen. Teknologiaren eta informazioaren gizarte honen erronka nagusia izango da hurrengo urteetan.

Ez da atzo goizeko kontua. Kevin Ashton ikerlariak RFID teknologia asmatu zuenean egin zen ezagun ideia, 1999an. Irrati uhinak erabiltzen zituzten doitutako gailuak elkarren artean bereizteko balio zuen. Erabilerak, haatik, erantsita zeraman objektu zein pertsonak identifikatzea. RFID teknologia mugarri izan zen hor. Pertsona eta objektu orok eguneroko bizimoduan identifikatzaileak eramanez gero, ordenagailuen bidez erregistratu eta kudeatu ahalko lirateke. Gauzak etiketatzea errazteko, NFC, barra kodeak edo QR kodeak erabiltzea legoke.

Horrek, elkarrengandik bereizteko eranskinak erabilita, edari laten, liburuen edota auto baten zati bakoitzaren jarraipena ahalbidetuko luke, ordenagailu sistemek kontrolatutako auditoria erraldoi bat balitz bezala. Sistemak une bakoitzean jakingo luke gauza bakoitza non falta den eta nondik eskuratu. Lapurretak egitea eta gauzak galtzea iraganeko kontua litzateke. Horri guztiari eutsiko liokeen sarea Internet da. 

Egunero erabiltzen diren gauza guztiak banaka etiketatzea lan nekeza da. Teknologiaren garapenari esker, baina, hasierako kontzeptu hori moldatu egin da pixka bat. Gailu elektroniko orok Interneterako sarbidea dutenez, guztiak konekta daitezke sarera. Guztiak identifikatu eta ikuskatu daitezke laster batean.

Hau da, elkarrekin konektatu eta informazioa truka dezakete giza esku hartzerik gabe; gauzen Internet osatu, azken batean. Hozkailuan zerbait falta denean sakelakoan alerta bat programatzea edo zuzenean merkatuan erosketak egitea bezalakoa da. Jarraian, drone batek etxera ekarriko du mandatua.

Batik bat azpiegiturak izan dira eragozpena orain arte, Internet horretarako baliatzeko garaian. Izan ere, Internetera konektatzen den gailu bakoitzak helbide birtual bat izaten du, sarean duen lekua markatzeko. Baina, egungo arkitekturan edo iPv4 ereduan, helbide horiek finituak dira, eta maileguan jasotzen da helbidea; hots, itzaltzean beste batek jasotzen du. Ez dago nahikoa sarbide gailu guztiak aldi berean konektatuta egoteko. Bestelakoa da iPv6 eredu berria, eta hor dago gakoa. Eredu hori abian da iaz geroztik: http://zibergela.bitarlan.net/2012/10/11/trantsizio-isila-interneten/

Hein batean, Gauzen Internet egitasmoa mamitzeko lehen pausoak ematen ari dira. Tresna elektroniko guztiak adimentsu bihurtzea joera da. Ikusi besterik ez dago azkenaldian smartphone,smartwatchsmart tv, kotxe adimentsu eta enparauek izan duten gorakada. Hasi dira Internetera konektatzen eta haietara moldatutako eginkizunetarako baliatzen; eta gailu bat baino gehiago elkarrekin lotzen.

Telefonoetan Internet erabiliz, dituen nahietara edo beharretara egokitzen du erabiltzaileak gailua. Deskargatzeko aplikazioak erabiltzen eskarmentua du honezkero edozeinek. Beste esparru batzuetako erabilerak zalantzak eragiten ditu oraindik, hala ere. Telebistetan eta autoetan teknologia adimentsuak ekar ditzakeen abantailez aritu izan gara sasoi honetan: http://zibergela.bitarlan.net/2014/01/30/zertarako-dira-smart-tv-edo-telebista-adimentsuak/ etahttp://zibergela.bitarlan.net/2014/04/17/autoak-berehalakoan-dira-adimentsuak/

Testuinguru horretan, ematen du argi dagoela Interneten beraren garapenak ere zeresana izango duela. Makinen eta gizakien arteko harremana ere leunduz doa, eta esatari elektronikoen ahotsa jada ez da arrotza belarrira. Esaldien esanahian ere sakonduz doa teknologia, eta web semantikoa ere abian da: hitzak letraz letra parekatzeaz gain bilaketak egitean horiek esan nahi dutena jakiteko gai izango den amarauna, hain zuzen ere. Web 3.0 deitu duten mugarria izango da hori. Hor daude ahots bidezko telefonoentzako aginteak ere. Appleren Siri, Google Voice eta Euskal Herriko Sherpa, besteak beste, aurrerapen handiak egiten ari dira.

Oinarri horien gainean, Internet laster batean izango da esaten zaiona ulertzeko gai, adimen propioa garatzeko eta bere kabuz ikasteko. Web 4.0 deitutako hori orain ez da zientzia fikziozko kontua.

Ingurumari horretan, etekin handiena domotika esparruan nabarituko da datozen urteetan; hau da, etxeko tresnen egitekoak errazteko, automatikoki irakurketak egin eta erabakiak hartzeko gaitasuna izango duten etxetresnetan. 

Google Nest eta etxeko hotz-beroak 

Domotikara bideratutako teknologia da Nest. Zeresan handia ematen ari da alor horretan, eta Googlek erosi berri du proiektua, 2,3 bilioi euroren truke, hain zuzen ere. _h845_w1500_m2_bwhite Merkatu berrian indartsu sartu da, gainera. Gadget edo tramankulu bat ezartzen da, eta, telefonotik aginduta, etxeko tenperatura egokitzen da. Berezia da, kontsumoa aurrezten duelako etxekoen jardueraren arabera. Energiaren kontsumoa erdira murrizteko gai omen da horrela. Horrek, eta gailuaren prezio apalak —30 euro balio du— eman dio arrakasta. Hasieran, Appleren iPhone sakelakorako sortu zen Nest. Googlek erosi ondoren, bistakoa da Android plataformara ere moldatuko dutela orain.