android, Aplikazioak, Hardware, Internet, Irisgarritasuna, kontzeptuak, Mahaigaina, Mugikorrak, Osagarri Informatikoak, Sakelako Telefonoak, Streaming, tabletak, Telebista

Ordenagailua poltsikoan

Dell_Project_OpheliaEtorkizun teknologikoa lainoko zerbitzuen eta Internetera sartzeko hardware eramangarri txikien baitan dago. Kalkulu gaitasun apaleko gailuak izango direla aurreikusten dute adituek; pantaila bat sare sarbidearekin, esaterako. Erabiltzaile ikuspuntutik, alde handirik ez da nabarituko, tresna elektronikoak merkeagoak izatetik aparte. Baina, benetan, azpiegitura ikaragarria eta ahaltsua beharko du Interneteko hodeiak milioika erabiltzaileren eskakizunak aldi berean erantzuteko. Muturreraino joan beharrik gabe, tarteko aukerarik ez da faltako. Proposamen eta egitasmo asko bildu dira eredu horretara, eta haien artean Dell etxearenak dirudi merkaturatzetik gertuen.

Project Ophelia egitasmoaren bidez, asmoa zen sistema eragile bat euskarri txiki batean kargatu eta noranahi soinean eroso eramatea. Wise Cloud Connect deitzen da dagoeneko enpresentzat kaleratu duten aurreneko alea. USB memoria baten itxura dauka, eta, 95 euroren truke, edozein pantaila edo telebista ordenagailu bihurtzen du. USB erreten zein HDMI kablez konektatuta, Android oinarrizko sistema eragilea kargatzen du, eta aplikazioak, bideo jokoak, streaming erako filmak eta hodeian biltegiratutako dokumentuak erakusten ditu. Era berean, erabiltzaileek Google Play denda balia dezakete nahi dituzten aplikazioak deskargatzeko. Lanerako edo aisiarako beharrezko den guztia behatz baten tamainako euskarrian sartu eta poltsikoan doi-doi eramangarri uzten du.

Tableta baten gisako erabilpena izan dezakeen arren, urrutiko mahaigaineko moduan erabil daiteke. Mahaigaineko birtualak ere deitzen zaien zerbitzuetan, sarera konektatuta dagoen ordenagailura konektatzen da urrutitik Internet erabilita; eta lekuan balira bezala erabiltzen ditu bertako datu eta programa lokalak. Adibidez, hotel bateko gelan telebistara konektatu, eta etxeko ordenagailua bertatik erabiltzeko balioko luke.

Cloud Connect gailuaren eragozpen nabariena teklatu edo aginte tresna baten falta litzateke. Ez litzateke zentzuzkoa ordenagailu eramangarria ez erabiltzea deserosoa izateagatik, eta horren ordez teklatua eta sagua bizkarren hartuta ibili behar izatea. Horregatik dabiltza Dell Cloud Connect Controller aplikazioa garatzen. Horrek edozein telefono edo tableta hari gabeko teklatu bihurtuko du. Bluetooth bidez egingo da lotura, traste gehiagoren beharrik gabe.

Telebista adimendunak

Enpresen artean nolabaiteko arrakasta izan du, baina ez hainbeste beste merkatutan. Erabiltzaile arruntentzat erakargarriago egiteko azken prestakuntzak egiten ari dira, eta behin-behinean merkaturatzeko. Besteak beste, ordenagailua urrutitik erabili ahal izateko ordainpeko lizentzia moldatzen dabiltza. 

Chromecast du izena USB giltza itxurako Googleren gehigarriak; USB erretena du telebistei sartzeko. Internet sarbiderik gabeko telebista zaharkituetan ere zerbitzu berriak jasotzeko balio dezake. Baina baita norbere ezarpenekin doitutako telebista propioa etxetik aldean eramateko ere: oporretan, negozio bidaietan edo atzerrirakoetan, besterik gabe. 35 euroren truke eskuratu daiteke dagoeneko, eta telefono zein tabletako argazki, musika, bideo, aplikazio edo Interneteko telebista kateak zuzenean telebistara bidali.

Hardware, Osagarri Informatikoak

Elikadura iturrien tentsioei adi

EP-TA10EWEEgun, ia gailu guztiak kargatzen dira USB kable bidez. Smartphone, tableta, musika erreproduzitzailea edo dena delako gailuek USB oinarri duten elikadura iturriak erabiltzen dituzte. Kaxan paretako entxufean sartzeko osagarria ere ekartzen duten arren, USB kable hutsa dakartenak ere badira maiz. Askok egokigailu hori aparte erosteko aukera egiten dute orduan. Kargatzeko sasoian beti ordenagailu edo eramangarriaren menpe ez izateko, batik bat.

Kontua da gailu elektroniko berriak erosi ahala, elikadura iturri berriak pilatuz joaten direla etxeko tiradera eta zokoetan. Eta egia esanda, gehienetan elkarrekin bateragarriak izaten dira, gainera.

USB estandarra egitearen ondorioa da. Horri esker, norbere elikadura iturria etxean ahaztuta ere, lagunarena maileguan har eta telefonoa karga daiteke. Marka desberdinekoak izan arren. Apple etxeko tresnak dira salbuespena: haiek erreten eta kable bereziak baitituzte, temati.

Hala ere, arazo bat ageri da: kargatzaile eta erreten guztiek ez dute tentsio berdina ematen. Sarritan gertatzen da eramangarriaren erreten batean bizkorrago kargatzea bestean baino. Mahai gaineko ordenagailu batzuetan, itzalita daudela ere, uzten dute USB erretenaren bitartez kargatzen. Ez dago misteriorik horretan.

Funtzionamendua

USB kableek elektrizitatea eta datuak transmititzeko balio dute. Hala, datuen trukea norantz bitarakoa den artean, karga emailetik hartzailera doa bakarrik. Funtsean, USB konektoreek lau hagin dituzte, beste hainbeste hariz osaturiko kableari lotzen direnak. Hari horietako batek elektrizitatea garraiatzen du, beste batek lurrerako babesa; azken pareak datuen sarrera eta irteerarako dira.

Ohikoenak dira USB 1.0 eta 2.0 estandarrak, eta horien bidez ematen den elektrizitatearen tentsioa eta intentsitatea adostuta daude, 5V eta 500mA-tara, hurrenez hurren. USB 3.0 bertsioan, berriz, 1500mA-tara irits daiteke. Batzuk zein besteak desberdintzeko, erretenaren barruko plastikotxoaren koloreari begiratzea besterik ez dago. Azken honetan, urdina da beti.

Hori da espezifikazioek ezarria. Baina elikadura iturri asko daude arau horiek apurtzen dituztenak. Esate baterako, iPadaren elikadura iturriak 2100mA ematen ditu 5V tentsioan.

Erre daiteke gailu bat okerreko kablearekin?

Ez, baina salbuespenak salbuespen. Adibidez, kargatu nahi den smartphone-ak 900mA intentsitateko elikadura badu lehentasunez, iPadaren elikadurarekin erre egingo al da?

Ez. Eta, gainera, bizkorrago kargatu behar luke. Alderantziz ere kalterik ez, kargatzea amaigabea bihur daitekeen arren. Gailuak behar duena soilik eskatzen du beti; eta emaileak ere, eman dezakeena baino gehiago ezin dezake eman inoiz. Ez dago arriskurik.

Kableen eta elikaduren pegatinei kasu egin: output jartzen duen lerroan ageri dira aipatu datuak. Bateria erretzeko benetako arriskua tentsioan dago, baina ez da ohiko kontua 5V baino gehiagokorik aurkitzea. Hots, 5,2V tentsioa duten kableen eta elikaduren desberdintasuna, onargarria da. Arrisku langa 6V-tik aurrerako kasuetan ezar daiteke; hortik aurrera, txikizioa segurua da. Hala ere, ez dadila inor larritu, ez baita ohikoa horrelakorik aurkitzea. Ez daude araututa, eta salbuespena dira.

Maltzurkeria kasuak

Behin baino sarriago, gertatzen dira USB elikadura konektatu eta ezin kargatzea. Gezurra dirudien arren, fabrikatzaile batzuen maltzurkeria edo diru gosea egoten da horren atzean. Etxe batzuetako USB elikadurek txip bat daramate, eta, datuen portutik ez badute seinalerik jasotzen, karga ere desgaitzen dute. Horrela, marka berdineko ordenagailu edo elikadurak erostera behartzen dituzte erabiltzaileak.

Hardware, Osagarri Informatikoak, Telebista

USB itzulgarria datorren urterako

credited_2971278105_752a1542eb_bTeknologia etengabe aldatzen den gurpil zoroa da. Gero eta kalitate zein pisu handiagoko edukiak erabiltzen diren neurrian, osagai informatikoek ere eguneratu beharra izaten dute maiz. Bizkorragoak diren, kontsumo apalagoa duten edo tamaina txikiagoko elementuak behar izaten dira. USB 3.0 Promoter Group erakundeak ohar baten bidez adierazi duenez, USB estandarrari ere iritsi zaio zaharberritzeko eta egungo eskaerei egokitzeko sasoia. Konektore berriaren xedea da informatika merkatuan dauden gailu guztientzat balio izatea da. Tableta eta sakelakoak barne.

Bizkorragoa, txikiagoa, baina, batez ere, erosoagoa

USB 3.1 izeneko estandar berria 2014 erdialdera iristea espero da. Eguneraketari esker, abiadura zerbait hobetuko da. Hots, aurreko 4,8 Gigabyte segundotik 10 Gigabyte segundora pasatuko da. Segundoko 1024 MB transmititzeko gaitasuna da hori; aurreko estandarraren bikoitza, gutxi gorabehera.

Berrikuntza, baina, kablearen muturrean aurkitzen da. Konektore itzulgarria izango dute belaunaldi berriko USB kableek. Aurreko bi aldaeren hurrengoa da, Type-C erakoa, hain zuzen. Erabiltzaileek erosotasunean nabarituko dute aldea. Horrela, alde batera zein bestera txertatu ahalko dira ordenagailuan etorkizuneko pendrive, disko gogor eta enparauak. Horrek, Appleren Magsafe nahiz Lightning kableek bezala, argi murriztuko lekuetan itsu-itsuan konektatzen asmatzeko balio dezake, besteak beste.

Gainera, estandarra esaten denean, fabrikatzaile eta tresna guztientzat balioko duen teknologia dela esan nahi du. Beraz, merkatuko eskaintza bateratuko bada eta edozein eratako gailuentzat balioko duen osagaia izango bada, merkatuko joeretara moldatu beharko da. Hau da, geroz eta meheagoak diren telefono zein mahai gaineko ordenagailuentzat balio dezan, tamaina aintzat hartu beharrekoa da. Eta hala iragarri dute USB 3.1 berria ere, txikiagoa; egungo micro USBen tankerakoa.

Hori bai, konektore berria izaki, egungo erretenek ez dute balio. Hortaz, apurka egingo da aldaketa, fabrikatzaileek teknologia berria haien gailuetan sartuz doazen heinean, alegia.

HDMI kablearen eguneraketa ere laster

4K bereizmeneko pantailen iritsierak ere, bestelako osagai berrien agerpena ekarriko du. Eta HDMI 2.0 edo bereizmen handiko pantailen kablearen eguneraketa ere prest dago, halabeharrez.

Estandar berriak banda zabalera hobea eskaintzen du, zehazki, 18 Gigabit segundokoa. Horrekin, 4K bereizmeneko irudiak segundo bakoitzeko 60 aldiz freskatzea posible da. Egungo teknologiak, artean, 24 eta 30 aldiz bakarrik uzten du freskatzen pantaila, eta askoz ere bereizmen apalagoarekin, gainera. Audioa ere hobetuko da: orain arteko audio 2.0 kalitateko zortzi kanal igortzeko sabaia, 32 kanaletara igoko da.