Spotify musika streaming bezala entzuteko aplikazio bat da. Mahaigaineko aplikazio bezala deskargatu daiteke Mac Os X eta MS Widows XP/Vista/7 sistemetan. Gainera, Android, iPhone eta Symbian sakelako telefonoetarako aplikazioa ere deskargatu daiteke. GNU/Linux sistemetan erabili ahal da probetan dagoen bertsio bat edo MS Windowserako bertsio egonkorra Wine-ren bitartez.
Kontu motak
Erabiltzaileek gogoko musika entzuteko nahi duten plataformatik milioika abesti dituzte eskura. Horretarako hiru kontu mota ezberdin eskaintzen ditu Spotifyk: doako kontu mota bat, mugagabeko kontu mota 4,99 euroan hileko eta premium kontu bat 9,99 euroan hileko.
Doako kontu motako erabiltzaileek eskuragarri dituzte zerbitzuaren abesti guztiak, baina hileko denbora muga bat daukate zerbitzua erabiltzeko, 20 ordu, hain zuzen ere. Mugagabeko kontu motarekin denbora muga hori desagertzen da eta publizitatea ere kentzen da, gainera, norberaren musika inportatzeko eta lagunekin musika partekatzeko aukerak ematen dira. Premium kontuarekin, horretaz guztiaz gain, sakelako telefonoetan entzuteko aukera eta musika kalitate hobea zein off-line entzuteko aukera ahalbidetzen da.
Murrizketak doako erabiltzaileentzat
Baina Spotifyk aldaketak iragarri ditu maiatzaren batetik aurrera doako kontuetan. Hemen irakurri ahal den bezala: https://www.spotify.com/help/faq/recent-events-and-changes/upcoming-changes/, denbora muga 20 ordu izan beharrean 10 ordu izango dira eta ezin izango da abesti bat bost aldiz baino gehiago entzun. Hori dela eta, erabiltzaile batzuk hasi dira dagoeneko debaldeko aukerak bilatzen.
Grooveshark
Grooveshark, beharbada, aukerarik indartsuena bezala kokatzen ari da Spotify ordezkatu nahi duten erabiltzaileentzat. Zerbitzu hau euskaraz dago eta euskarazko musika asko ere aurkitu daiteke. Hau da webgunea: http://listen.grooveshark.com. Zerbitzua erabiltzen hasteko ez da izena eman behar eta ez da saioa hasi behar. Guztiz on-line kudeatu eta entzun ahal da musika, beraz, edozein sistema eragiletatik erabil daiteke. Hala ere, sakelako telefonoetarako aplikazioak ere eskaintzen ditu plataforma ezberdinetan. Gunean sortu ahal dira erreprodukzio zerrendak eta saioa hasi ahal da erabiltzaile berri bat sortuz ala Google zein Facebook kontuak erabiliz. Saioa hasita, norberaren musika ere igo ahal da eta musika partekatu daiteke webgunean bertan, urlaren bitartez, posta elektronikoz edo sare sozialetan. Ausazko irratia ere eskaintzen du musika entzuteko. Oso zerbitzu jatorra da. Zerbitzu honek, doako harpidetzaz gain ordainpeko profilak ere eskaintzen ditu: “Grooveshark anyware” sakelako telefonotik edonon musika entzuteko aukerarekin eta “Grooveshar plus” publizitaterik gabe.
Rockola
Rockola beste aukera bat da musika on-line entzun ahal izateko debalde. Hau da zerbitzua erabiltzeko behar den helbidea: http://www.rockola.fm. Kasu honetan ere sartu bezain pronto hasi ahal da musika entzuten, izena eman gabe. Hala ere, izena emateko aukera ematen du norberaren profila eta hobespenak konfiguratzeko.
Deezer
Deezer beste aukera on bat da. Europa mailan erabiltzaile asko ditu eta 7 milioi abesti baino gehiago eskaintzen ditu bere webgunetik. Hau da proiektuaren webgunea: http://www.deezer.com. Aurrekoak bezala, guztiz on-line erabili ahal da, baina Android, iPhone, Blackberry, Sony Ericsson, Samsung edo Logitech bezalako sakelako telefonoetarako aplikazioak ere eskaintzen ditu. Beste erabiltzaileen zerrendak jarraitu ahal dira eta bloga zein foroa eskaintzen du artista eta abestiei buruz informazioak eta iritziak partekatzeko.
Hauetaz gain, beste webgune askok ere ahalbidetzen dute musika on-line eta dohainik entzutea: Jamendo http://www.jamendo.com, Gatunes http://gatunes.com/, Mufin http://www.mufin.com, LastFM http://www.last.fm/, Bandcamp, http://bandcamp.com/. Bakoitzak gogokoena aukera dezan.