Jokoak, lizentzia libreak, Mahaigaina, Multimedia, musika, Software Librea

Bideokontsola libreen aldia ote da?

SteamControllerSteam bideo jokoen banaketa digitalerako plataformak aurreneko hedatzeko zantzuak adierazi zituen harako otsailean, ordura arteko sistemetatik komertzialki ohikoa ez den Linux ingurunera jauzia eginda.

Lan nekez horretan, bideo txartelei etekin optimoa ateratzeko arazoak izan zituzten, eta kontrolatzaileek berridaztea baino beste konponbiderik ez zuten izan. Orduko izerdiak gaurko irriak bihurtu dira, eta bideo kontsola propioa kaleratzeko etenik gabeko zurrumurruen ostetik, Valvek hiru iragarpen egin berri ditu, baten ordez. http://zibergela.bitarlan.net/2013/02/21/steam-bideo-jokoen-banaketa-digitalerako-euskarria-ubuntun/.

SteamOS

Erabat doako sistema eragilea da SteamOS, oinarrian Linux software librea daramana. Bideo jokoak gauzatzera zuzendua dagoen ingurune optimizatua aurkeztu dute, eta dauden beste aukeretatik at dago eskaintza hori. Halaber, edozein PC edo Mac ordenagailutan instalatu, eta, etxeko sarea erabiliz, egongelako telebistan jokatzea egongo da Steam bideo jokoen biltegiko katalogoko 3.000 jokoetan. Hori gutxi ez, eta aisialdirako tresna osoagoa izatea nahi dutenez, musika, telebista eta pelikula zerbitzuak txertatzekotan dabiltza hemendik gutxira. Dena dela, gaur-gaurkoz streaming era hau posible izan dadin, ezinbestekoa izango da Smart TV edo Interneterako sarbidea duen telebista edukitzea.

Steam Machines

Valveren nahien artean ez dago bideo kontsola propioa ekoiztea, eta hainbat konpainiarekin hitzarmenak lortu ditu bakoitzak bere makina kaleratu dezan. Oinarritzat sistema eragilea partekatuko dute; SteamOS. Horrela, makina eta sistema ireki bat eskaini nahi zaizkie jokalariei; haien nahietara egokitzen den konfigurazioa daukan gailua aurkitzeko adinakoa. Prezio, errendimendu eta zehaztapen askotariko makinak izango direnak, alegia. Dagoeneko 300 prototipo dauzkate, eskaera egiten duten boluntarioek probatu dezaten.

Steam Controller

Aginte iraultzaile hori, etxeko etorkizuneko kontsolen kontrolagailua izateaz gain, bateragarria izango da orain arteko ordenagailuetarako Steam biltegiko jokoekin. Berezitasunez josia dator, jokalari zaleenek edo hardcore deituek gogokoen duten teklatu-eta-sagu kontroletik hurbilen dagoen esperientzia bilatzen duena.
Xehetasunetara jota, 16 botoi dauzka Steam Controllerrak, baina deigarriena erdian dagoena da. Alde batetik, bi gainazal irristakor daude; hatz lodiekin jokoak zehaztasunez maneiatzeaz gain, elektroimanen teknologiari esker indar eta dardarak ere itzultzeko gaitasuna izango dute. Bestetik, botoi gisa konfiguratu daitezkeen lau eremuko, ukipenezko eta bereizmen handiko pantaila dauka aginteak.

Telebista azpirako Linux sistemadun PC txikia baino gehiago?

Arrasto guztien arabera, Ubuntu-ra haien joko eskaintza zabaltzea, ez zen itsu-itsuan egindako apustua izan. Ingurune horretara bideo jokoak moldatzeko ahalegin hura plan handiago baten lehen fasea izan zen, inondik inora. Eta orain, iragarpen hauekin guztiekin, Steam bideo kontsolen lehen lerroan jarri da. Valvekoak bideo jokoen plataforma unibertsala sortzen dabiltza, harpidetza berarekin joko biltegi erraldoi batez gailu desberdinez sartzeko. Irekia izango da, gainera. Esaterako, haien software guztia askatuko dutela adierazi dute komunitateak moldatzeko edota aldaera propioak sortzeko. Haien makinetan lehentasunezko sistema eragilea ordezkatu ahal izango da, eta Steam biltegira sarbidea mantenduz, piezak aldatu ahalko dira berriengatik ordezkatzeko, eta abar.

Amu gisako kalitatezko produkzioen faltarik ere ez da egongo, eta SteamOS sistemarako esklusiboa izango da «Half-Life 3» bideo joko ezaguna, sagak dauzkan jarraitzaileak profitatzeko balioko duen mugimendu komertzialean.

Hala, iragan asteburuko albiste zaparrada honek aho bete hortz utzi ditu sinestunenak ere. Etorkizuneko negozio ereduaren giltzarria ote da? Edo jendeak ezagunak dituen ohiko Play Station, Xbox eta Nintendoren alde jokatzen jarraituko ote dute dirua? 2014. urtea erabakigarria izango da bideo jokoen mundua kode librera gertura- tzeko lehen ahalegin nabarmenean.

android, Aplikazioak, Apple, Internet, Mac, Mac OS X, Mahaigaina, Mugikorrak, Sakelako Telefonoak, Segurtasuna, Software Librea, tabletak, Windows

Pasahitz gordailuak

Gaur egun pasahitz mordoa gogoratu behar dute erabiltzaileek. Adituek diotenez, pasahitzek sendoak izan behar dute: norberak bakarrik ezagutzen duen hitz bat erabiltzen saiatu behar da, parafraseatuta jartzeko; luzeak izan behar dira, hizkiak eta zenbakiak uztartzen dituena; kontu desberdinetarako gako esklusiboak erabili behar dira…. Gai honen inguruan, Zibergelan eman diren aholkuak gakoak sortzeko hauek dira: http://zibergela.bitarlan.net/2009/12/03/pasahitz-indartsuak-asmatu/.

Horrenbeste pasahitz gogoratzea buruhaustea bihurtzen denerako, irtenbide ona izan daiteke pasahitz-kudeatzaile fidagarri bat erabiltzea. Aukera hau egiten duenak, bertara sartzeko gako bortitz bat sortu eta hori gogoratu besterik ez du egin beharko; ondoren behar dituen gako guztien gordailu horretan, nahi duena kontsultatzeko. Zerbitzu hauek gainera, askotan hodeia darabilte sinkronizatzeko eta mahaiganekoaz gain, beste hainbat gailutatik berreskuratu dezakete informazioa.

Are gehiago, zerbitzu hauek web galdetegien betetze automatikoa eskaintzen dute. Edo “phishing erasoa” eragozten duen ezaugarri hori dakarte: aplikazio barnetik webera joaterakoan, lasai egon daiteke, jakinda ez dagoela web faltsu batean sartzen. Programa informatiko bati ezin baitzaio pertsona bati bezain errez ziria sartu, besteak beste, ziurtagiriak erabiltzen dituelako.

Ia pasahitz-kudeatzaile guztiek daukate bertsio eramangarria; hau da, USB euskarri batean instalatu eta nahi den lekura pasahitz gordailua eraman daiteke.

Password Gorilla eta KeePassX, software irekiko aukerak

KeePass Windowserako den mahaigaineko aplikazioa da, pasahitzak gordetzeko balio du. Kode irekia den gordailu honek pasahitz guztiak babesten ditu gako nagusi bakarraren bidez. Linux eta OS X inguruneetarako bertsioak KeePassX izena darama. Bertsio eramangarria dauka, eta hainbat euskarritan ere lortu daiteke: PocketPC, Blackberry, Symbian eta PalmOS.

Password Gorilla ere kode irekiko pasahitz gordailua da. Erabiltzaile eta pasahitz sortak gordetzen ditu, beste datu batzuekin batera, eta era seguru batean enkriptatutako fitxategi bakarrean. Hemen ere gako nagusia derrigorrezkoa da; Twofish izeneko algoritmoa erabiliz enkriptatzeko, nahiz edukira sartzeko. Behin barruan, kredentzialak kopiatu daitezke nahi den lekuan itsasteko. Mac, Windows eta Linuxerako bertsioak dauzka.

Deskargatzeko: http://keepass.info/ eta https://github.com/zdia/gorilla/wiki.

Merkatuko aukerak

Momentu honetan osoena den zerbitzua RoboForm Everywhere aplikazioa da. Ordaindu beharrekoa da, baina dakartzan zerbitzuak aberatsenak dira eta ez dago itzalik egingo dionik irisgarritasunean: iOS gailuetarako, Android sistementzako, Mac eta Windows guztientzat euskarriak dauzka.

Kaspersky etxeak daukan eta ordaintzeko den Password Manager 4 pasahitz-kudeatzailea ere orain gutxi arte hoberena bezala ikusia izan da, baina, aurrekoarekin alderatuz, egun berebiziko pisua daukaten gabezia batzuk erakusten ditu: hodeiko sinkronizazio eza edo sakelako eta tabletetatik sartzeko aplikazio berezituen falta, nabarienak.

Hemen deskargagarri biak: http://www.roboform.com/ eta http://www.kaspersky.com/af/kaspersky-password-manager.

Zalantza daukanarentzako baliagarri, ondorengo estekan 10 pasahitz gordailuren sailkapena egin dute haien ezaugarrietan oinarrituta: http://password-management-software-review.toptenreviews.com/.

Bestalde, badaude zuzenean nabigatzailearekin batera erabiltzekoak diren gordailuak: Firefoxek lehentasunez dakarren Password Manager (pasahitz nagusi batez babestu beharrekoa, halabeharrez), Firefoxi gehigarritzat jar dakiokeen Sxipper edo Firefox nahiz Safarirekin integratzen den 1Password.

Azken aukera bezala, zuzenean sarean erabiltzekoak diren gordailuak daude. Hauekin Internet duen gailu orotik sartu ahalko da gakoen biltegira. Hots, aukera txarra da mesfidatientzat, segurtasunaren ardura guztia gordailu horren kudeatzaileengan geratzen baita. Adibidez, KeePass web bertsioa: http://sourceforge.net/projects/webkeepass.

Batzutan, usteak erdi ustel

Aditu errusiar batzuek plazaratu zuten txosten batean, ondorioztatu zuten iPhone eta Blackberry sakelakoetako gako kudeatzaile batzuen segurtasun neurriek zulo larriak zituztela: kasu batzuetan, gako nagusia enkriptatu gabe gordetzen da datu-basean; beste batzutan ostera, jakintza oso aurreratuen beharrik gabe ireki daitezkeen fitxategietan. iOS edo Blackberry sistemen segurtasun kudeatzaileekin jarraitzea gomendatzen zaie beraz erabiltzaileei.

Ondorioa

Beti bezala, ez dago erabateko oreka aurkitzerik segurtasunaren eta norbere erosotasunaren artean. Pasahitz gordailuek, laguntza eskerga eman dezakete; baina teorian, inoiz ez da gomendagarria pasahitza inon idatzita egotea. Kontraesan horren ildotik etor daiteke aukera zuzenena: hasteko, kritikotasun edo pribatutasunean bizpahiru maila zehaztu daitezke, eta maila bakoitzeko pasahitz bat erabili. Azkenik, pasahitz sorta hauek gorde daitezke gordailu fidagarri batean, eta guztietan garrantzitsuena dela uste denean, seguruena den lekuan -buruan- gorde, badaezpada. Era honetan, pasahitz bikote bakarra litzateke gogoratu beharrekoa.