Internet, Sareak

Web komunikazioa eta protokoak

httpInternet erabiltzen denean, kontuan hartu behar da komunikazioak gauzatzen direla gailu ezberdinetatik, ezaugarri ezberdinekin eta sistema ezberdinekin. Gainera, aplikazio ezberdinak erabili ahal dira Internet zerbitzu bakoitzaz baliatzeko. Edozein garatzailek ere, sortu ahal izango lituzke aplikazioak Internet zerbitzu ezberdinak erabiltzeko edo zerbitzu horiek beraiek emateko, badela web nabigatzaile bat, badela posta elektronikoa irakurtzeko aplikazio bat edo posta elektronikoak zerbitzatzen dituen aplikazio bat, esaterako. Hala, bada, makina, sistema eta aplikazio ezberdinen artean komunikazioa gauzatzea posiblea izan dadin, gizartean bezala, protokolo ezberdinak zehaztu eta hitzartu behar dira elkar ulertzeko. Internet eta bere zerbitzu ezberdinak erabili ahal izateko, protokolo sistema bereziki konplexua erabiltzen da, protokolo anitzekin hierarkikoki antolatuta eredu ezberdinen arabera. Artikulu honetan, soilik goreneko mailan, hau da, aplikazio maila deritzonean web komunikaziorako erabiltzen direnak besterik ez dira ikusiko.

Bezero-zerbitzari arkitektura

Aplikazio maila honetan erabiltzen diren protokolo eta zerbitzuek bezero-zerbitzari gisa ezagututako arkitektura erabiltzen dute. Horrek esan nahi du, Interneteko makina batek aplikazio edo zerbitzu bat sisteman kargatuta daukala eta zerbitzu hau ataka logiko batetik etengabe entzuten ari da eskakizunen zain. Ataka logiko horiek, zenbakiekin bereizten dira, lehenengo 1024 ataka finkatuta eta estandarizatuta daude eta soilik mota zehatz bateko zerbitzu bat izan ahal da ataka horretan entzuten. Zerbitzu hauei, zein zerbitzu hauek ostatzen dituzten ordenagailuei, zerbitzariak deitzen zaie. Komunikazioan parte hartzen duen beste aldeari, zerbitzariari eskakizunak egiten dion aplikaziori, bezeroa deitzen zaio. Horregatik Thunderbird edo Microsoft Outlook bezalako aplikazioak, adibidez, posta elektroniko bezeroak bezala ezagutzen dira. Bezero aplikazioek egiten dutena da, zerbitzarira konektatu eta komunikazio tutu birtual bat zabaltzen dute zerbitzaria entzuten ari den atakatik, behin konexioa gauzatuta, komunikazioa hasten da hari birtual horretatik eta bezeroek eskakizunak egin ahal dizkiete zerbitzariei eta erantzunak jaso.

HTTP

HTTP, HiperTestu Trasnferentzia Protokoloa hitzetatik dator eta protokolo honen xedea Interneten nabigazioa baimentzea da, html lengoaiaz idatzitako edukiak, hipertestua, alegia, prozesatzen dakien nabigatzaile baten bitartez. Beraz, http edo web zerbitzariak prestatuta daude web nabigatzaileen eskakizun anitz jasotzeko eta eskakizun horiei erantzuna emateko, eskatutako orrialdeak zerbitzatuz. Zerbitzu honi 80 ataka egokitu zaio eta beraz, zerbitzu hau ematen duten zerbitzariak, 80 atakan entzuten ari dira normalean, hau oso kasu berezietan aldatu ahal bada ere. Horrenbestez, nabigatzaileek konexio bat sortzen dute, eskatutako web helbideari dagokion zerbitzariarekin 80 atakan, beste bat ez bada zehazten. Hortik aurrera, has daiteke elkarrizketa eta komunikazioa nabigatzaile eta web zerbitzariaren artean. Web nabigatzaile asko daude, MS Internet Explorer, Safari, Opera edo Google Chrome esaterako, eta nola ez, software librea den Mozilla Firefox. Web zerbitzarien artean erabilienetarikoa Apache da, MS Windowserako eta Unix eta GNU/Linux sistemetarako eskuragarri dago eta software librea ere bada. Hemendik jaitsi daiteke: http://httpd.apache.org/download.cgi. Cherokee web zerbitzaria ere hainbat sistema eragiletan exekuta daiteke eta software librea da, hemen dago eskuragarri: http://www.cherokee-project.com/downloads.html. Microsoft sistemetan IIS ere nahiko ezaguna da.

Web komunikazio ziurra: HTTPS

HTTPS, HiperTestu Trasferentzia Protokolo Segurua da, horrenbestez, HTTP protokoloaren bertsio ziurra da, berdin ibiltzen da baina besteak beste, garraiatzen den informazioa zifratuta joaten da eta protokolo hau erabiltzen duten webguneek nortasun ziurtagiri bat eskuratu ahal dute nabigatzaileek baieztatuko dutena. Protokolo honetarako erabiltzen den ataka 443a da. Protokolo hau erabiltzen denean, nabigatzailearen helbide barran https:// ikusiko da http:// ikusi beharrean. Gainera, askotan, beste kolore batekin ikusten da helbide barra eta giltzarrapo bat erakusten dute nabigatzaileek helbide edo estatu barran. Protokolo hau erabilita motel daiteke nabigazioa, baina askoz ziurragoa da, horregatik erabiltzen da datu pribatuak dituzten webguneetan eta banku webguneetan, horrela izan beharko litzateke, gainera.

Sareak

Wifia eskaintzen duten Gipuzkoako taberna kopuru bikoiztu daiteke

Egun, Gipuzkoako tabernen %30k, gutxi gorabehera wifi konexioa eskaintzen diete bezeroei, baina bikoiztu daiteke, Gipuzkoako Ostalaritza Elkarteak Telefonicarekin sinatutako akordioari esker. Elkarteko lehendakariak prentsaurre batean adierazi duenez, helburua da kablerik gabeko Internet konexioa eskaintzeko antenak eta azpiegitura garatzea Gipuzkoako lokaleen %60tan bederatzi hilabetetan.

Honen ondorioz, ostalaritza elkarteak, informatika tekniko bat kontratatuko du martxan jartzeko lokalen konexioa eta sor daitezkeen arazoak konpontzeko. Hitzarmen honetan Gipuzkoako Foru Aldundiak ere parte hartu du eta SPRIk zein Mendinet-ek ere proiektuaren zati batean ekonomikoki lagunduko dute.

Sareak

Etxeko edo enpresa txikientzako routerrak

routerraInternet hedapenarekin batera, eta kable zein ADSL teknologiak etxeetan sartu diren heinean, routerrak ere hasi dira enpresa txiki eta etxe askotan barneratzen ordenagailu bat baino gehiago konektatzeko asmoz. Bi aukera daude, Routerra hartzeko. Bata, internet hornitzailearen bitartez, kasu honetan, aloka daiteke kuota bat ordainduta hilero edo eros daiteke. Bestea, erabiltzaileak berak bere kabuz erostea informatika denda batean. Azken kasu honetan, ziurtatu beharko da Internetera konextatzeko daukagun teknologia eta modemarekin bateragarria dela eta arazo gabe erabili ahal izango dugula.

Routerra internetera konektatzeko

Internet hornitzaileek, ISPak (Internet Service Provideer) bezala ere ezagututa, bezeroari bidaltzen diotenean routerra, gailu hauek beraiek badaukate Internetera zuzenean konektatzeko ataka. Routerraren ataka hau nolabait nabarmenduta egongo da era erraz batean bereizteko eta hormako konektorearekin lotu beharko da kable baten bidez. Beste kasu batzuetan, batez ere erabiltzaileak routerra denda batean erosten badu, modem bat izango da interneterako konexioa gauzatzeko arduraduna eta beraz, modema lotu beharko da hormako konektorearekin. Halaber, routerra modemarekin konektatu beharko da, kasu honetan ere bereizi behar da modemarekin konektatu beharreko ataka.

Ordenagailuak routerrarekin nola konektatu

Etxean edo enpresa txiki batean routerra jartzeko abantailetariko bat, ordenagailu bat baino gehiago sare lokalera eta internetera konektatu daitezkeela da. Gainera, ordenagailuak ez ezik, beste gailu mota batzuk ere, telefono mugikorrak, esaterako, konektatu ahal dira, aukera edukiz gero. Konexio hau, kablearen bidez izan daiteke, ordenagailuen sare txarteletik, routerraren atakaren batera kablea eraman beharko da. Bestela, airearen bitartez ere izan daiteke, routerrak wifiaren bidez konektatzeko aukera izanez gero. Wifi konexio hau oso erabilgarria da gailu eramangarriak, telefono mugikorrak bezala, edo ordenagailu eramangarriak beraiek, konektatu ahal izateko sare lokalera edo internetera. Era honetan dokumentuak partekatu edo nabigatu ahal izateko leku ezberdinetatik, wifiaren estaldura dagoen bitartean.

Routerrak eraso telematikoak murrizteko

Etxeetan erabiltzen diren router gehienek gainera, firewall edo suebaki baten moduko funtzionalitateak ere badituzte. Beraz, barne sarea eta sarera konektatutako ordenagailuak, kanpoko konexioetatik babesten ditu, aukera hau gaituta eta ondo konfiguratuta izanez gero. Router gehienetan gaituta bezala dator firewall funtzionalitatea, lehenetsita. Honek ahalbidetzen du barne sareko ordenagailuak Internetera konektatu ahal izatea, baina, oztopatzen ditu barne sareko ordenagailuetara kanpoko konexioak.

Nola konfiguratu routerra

Internet hornitzaileek Internet konexioa eta routerra instalatzeko bidaltzen dituzten teknikoek, batzuetan, uzten dituzte routerrak lehenetsitako konfigurazioekin eta wifia gaituta, baina kablerik gabeko sarea babestu gabe. Guza bera gerta daiteke erabiltzaileak, bere kabuz, denda batean erosten badu routerra. Honek bi ondorio larriak ekartzen ditu, alde batetik, wifi konexioa ez doa zifratuta eta beraz ez dago babestuta. Hala ere, hau gero eta gutxiago gertatzen da eta era batean edo bestean, babesten da wifi sarea. Bestetik, eta larriagoa dena, routerra, fabrikatik datorren erabiltzaile eta pasahitzarekin uzten da. Honela, norbait konektatzen bada barne sarera wifiaren bitartez, ezagupen gutxirekin, hain zuzen ere, artikulu honetan geroago azalduko diren urrats berdinekin, erraza izango litzateke routerrera sartzea eta konfigurazioa aldatzea. Honetaz gain, routerra konfiguratu daiteke barneko saretik kanpo ere konektatu ahal izateko bere konfigurazioa zehazteko zerbitzura. Hau ere gaituta egongo balitz, era erraz batean aldatu liteke routerraren konfigurazioa edonondik internet sarbidea edukita. Intrusio arrotza izanez gero, routerraren konfigurazioa aldatzen bada, barne sarea eta interneterako konexioa apur daiteke edota sartzeko pasahitza ere aldatzea dago.

Arrazoi hauengatik, garrantzitsua da router konfiguratzea eta wifiaren konexioa, firewall edo erabiltzaile eta pasahitza berriz ezartzea. Konfiguratzeko, baliteke internet hornitzaileak edo routerraren fabrikatzaileak, denda batean erosi bada, konfiguratzeko aplikazio bat eman izana, baina hau ez da horrela askotan eta gainera, aplikazio hori soilik ibili ohi da MS Windows sistemetan eta ez gainontzeko sistema eragileetan, MacOsX edo GNU/Linux bezala. Horrenbestez, arruntena da web nabigatzailearen bitartez konfiguratzea, router gehienek daukate aukera hori. Horrela sartzeko konfigurazio sistemara, nabigatzailea ireki beharko da eta helbide barran, routerraren IPa jarri. IPrik arruntena routerretan, 192.168.1.1 izanda, nabigatzailearen helbide barran, jarri beharko litzateke http://192.168.1.1 konfigurazio sisteman sartzeko. Hori ez bada, ezagutzeko routerraren IPa MS Windows sistemetan, kontsolan, ipconfig komandoa exekutatuta, emango digu informazio hori, bestela, sare konexioetara joan beharko da, konexioaren gainean saguaren eskumako botoiarekin klikatuta, estatua izeneko aukera hautatu behar da ateratzen den menuan. Azkenik zabaltzen den leihoan, orokorra pestainaren alboan laguntza pestaina aukeratu beharko da. GNU/Linux sistemetan, kontsolan, ip route show | grep default komandoa egikaritu beharko da edo ingurune grafikoan, sareko ezarpenetara jo. MacOsX sistemetan, sistemaren hobespenetara jo beharko da, hor sarea aukeratu eta gero konfiguratu Ethernet aukeratu daiteke ezagutzeko.

Behin routerraren IPa asmatuta eta routerraren konfigurazioaren sisteman sartuta, pasahitza edo erabiltzaile zein pasahitza eskatuko du. Hau ez bada inoiz aldatu, lehenetsitako balioak izango dira eta routerraren eskuliburuan begira daiteke. Ez bada aurkitzen edo ez badago eskuragai, hainbat helbide daude Internet-en, fabrikatzaile eta modelo ezberdinen zerrenda luzeak lehenetsitako sarbide datuekin. Hau da adibide bat: http://www.phenoelit-us.org/dpl/dpl.html. Routerrak beste erabiltzaile eta pasahitza izanez gero, reset botoiari sakatu ahal zaio, honekin fabrikatik ezarritako baloreak berreskuratuko dira, erabiltzaile edota pasahitza barne. Hortik aurrera, jada, router bakoitzak bere aukera ezberdinak ditu konfiguratzeko, baina menu ulergarriak izaten dituzte, ingelesez soilik, askotan, hori bai.