android, Aplikazioak, Apple, elkarlana, Mugikorrak, Sakelako Telefonoak, Sare sozialak eta Microblogging

JumpCam, telefonoekin bideo kolaboratiboak sortzeko

jumpcamTeknologia berriek jendeari eskaintzen dizkioten baliabideak askotarikoak dira. Komunikaziorako eta informazioa zabaltzeko erabiltzen direnak izango lirateke esanguratsuenak. Besteak beste, smartphone-arekin ateratako erretratua etxekoen edota lagunen telefonoan momentuan partekatu daiteke. Ez da harritzekoa, beraz, plataforma desberdinetan bideo aplikazioak etenik gabe agertzea.

Besteengandik bereizten duten aukerak dakartza JumpCam aplikazioak. Lagunekin nahiz etxekoekin bideoak elkarlanean sortzeko aukera ematen du. Gutxi dira bakoitzak bere aldetik eskuratutako zatiekin osaturiko pelikulak sortzen dituztenak. Era berean, partaideek ez dute leku berean egon beharrik bideo horiek sortu ahal izateko. Hona gertakari baten bilduma egiteko edo zorion agurrak grabatzeko tresna bikaina.

Beste era batera esanda, bideoen sare sozial bat bezalakoa da JumpCam. Edukiak grabatu eta editatzeko aukerak ditu, txukun ateratzeko. Facebook kontua duenak, gainera, erregistratu beharrik gabe erabil dezake. Horrela eginda, denbora aurrezteaz gain, lagunak bilatu daitezke haien bideoklipak batzeko.

Grabazio eta edizio aukerek ez dute bestelako misteriorik. Hamar segundorainoko bideoak grabatzea da aurreneko aukera; gero, filtro bat aukeratu behar zaio pelikulari; titulua ezarri, eta, nahi izanez gero, lehentasunezko doinuetako bat ere ezar dezake erabiltzaileak. Edozein egoerari laguntzeko soinuak daude aukeran. Azkenik, bideoari ekarpenak egiteko laguntzaileak hautatu behar dira zerrendatik. Pribatutasun arazoak saihesteko aukerak ere badira. Bideoak nork ikusi hautatzea dago, edo, bideoei eransketak debekatzea. Tamalez, pixka bat errepikakorra egiten da, bideo guztiek egitura berdina izaten baitute.

JumpCam eskuragarri dago Android eta iPhone telefonoetan, Google Play eta App Storen, hurrenez hurren.

Internet, Telebista

Pantaila kurbatua eta 4K-ko bereizmena duen telebista, mesedez

Sony-4K-TVBeste hainbat arlotan gertatzen den legez, telebisten garapenak ere erritmo geraezina darama. Full HD telebistak merkatu eta etxeetan sartzen hasi direnean, oinordeko modernoagoak heltzear daude. Akituta geratu dira 1080p bereizmeneko Blu-Ray pelikulak eta berriaren ateetan dauden bideo jokoen belaunaldia. Full HD estandarra egonkortzeko zain egon gabe, garatzaileek berrikuntza gehiago dakartzate erosleak zorabiatzen dituzten eskaintzetan. Smart TV edo Interneterako sarbidea, hiru dimentsioko edukia erakusteko gaitasuna… azkenean, etxerako aukera egiteko orduan, prezioari bakarrik begiratzen diote gehienek.

Berehalako telebistak: pelikulak, ondo; zuzenekoak, mantsoago

Irudi digital bat handitzerakoan, edo zoom egiterakoan, ikusten diren karratu txikiei deitzen zaie pixel. Beraz, gero eta pixel gehiago, hainbat eta hobe; kalitate hobea lortzen da, eta unitate txiki horiek hor daudela ere bereiztea zailago da. Bereizmen dantza horretan ordena jartze aldera, orain puntakoak diren Full HD pantailek 1920×1080 pixel edo 1080p dituzte. 1280×720 pixelekoa edo 1080i da bereizmen handia deitzeko minimoa, edo HD Ready panelek ezarria. DVD kalitate xumeagoek adinako bi: horiek 720×420 pixelekoak dira. Orain datorren teknologiak lortu du 4.096×2.160 pixeleko bereizmena, eta hortik dator izena: 4K.

4k_comparison

Begi bistakoa da aurrerakuntza, edo ez hainbeste: 4K-ko bereizmenari esker, pantailaren pixelak ikusteari utziko dio giza begiak, eta zinema aretoen bizipenetik gertuen dagoen esperientzia lortu, kalitatean eta tamainan. Izan ere, hainbeste pixel sartzeko, pantailek hazi beharra daukate ezinbestean. Dagoeneko erakutsi diren batzuk, 90 hatz-bete izateraino. Hori jakinda, ez dirudi oso zentzuzkoa Japoniatik datorren 8K estandarra, eta are gutxiago, hori ezartzeak dakartzan eragozpenak bere gain hartzeak.

Aurrekoa egonkortu barik, berriak eduki eskasia oztopo

Garestiak diren kamera bereziak behar dira 4K eran grabatzeko, eta dagoeneko ekoizpen handiak gisa honetara filmatzen diren arren —Tarantino-ren Django, Nolan-en Batman, eta Jackson-enHobbit, hainbaten artean—, oraindik telebistako zuzeneko emanaldiak formatu horretan ikusteko asko falta da, inbertsio latza behar dute eta. Alor horretan, erronka handia da, eta arazoak kateatuak daude: hasteko, LTD seinalearen banda zabalerak ezin dio eutsi eskaera berri horri, eta konpresio era berri bat asmatuta ere, egungo sarearen espektro erradioelektrikoari eusteko, etxeetako kodifikatzaile guztiak aldatu beharko lirateke seinale hori berriz iruditan bihurtzeko. Beste hainbeste gertatzen da zinema aretoekin, batzuk jada eguneratzen hasi badira ere. Hala ere, pelikula zaharrek ez dute eragozpenik izango: 35 milimetrotan grabatutako zintetan analogikotik bihurtzen denez, edozein pelikula bihur daiteke 4K formatu digitalera eskaneatuta.

Sony hasi da industria zirikatzen, eta, dagoeneko, Hollywood-eko filmetan 4K edukia ekoizten hasteaz gain, Blu-Ray batek ematen duen Full HD bereizmena 4K formatura bihurtzen duten gailuak eta puntako 4K telebistak erraldoiak merkaturatzeari ekin dio. Urrutirago gabe, uda honetan Berlinen ospatutako IFA 2013 azokan erakutsi zituzten haien eta beste konpainien apustuak; Samsung, LG, Panasonic, Philips eta Sonyk berak erakarri zuten arreta. Hara bildu zirenek hainbat proposamen ikusteko aukera izan zuten, alfonbra gorriaren gainean. Izarrak oraingoan, prezioak: 5.000 eta 15.000 euro artekoak.

android, Aplikazioak, Apple, Mugikorrak, Sakelako Telefonoak, Sare sozialak eta Microblogging, tabletak

Waze aplikazioa, gidarien sare soziala

WazeCrowdsourcing edo ekintzailetza kolektiboa darama erraietan Waze nabigazio aplikazioak. Hots, GPS soziala dela esan daiteke. Leku batetik bestera gidatzeko laguntza ematen duen aplikazio horietako bat da, guztiz doakoa eta une oro eguneratzen dena erabiltzaileek gidatzean sortzen duten informazioari esker. Ezaugarri orokorrenak argitze aldera, Wazelariek edo kideek emandako datuetatik zuzenean jaso daitezke mapen zuzenketak, zirkulazioaren egoera erreala (ilarak, istripuak, polizia kontrolak…), batu behar gaituen lagunaren ibilbidea eta posizioa, edo gasolindegien uneko prezioak.

Hainbat plataformatako dendetan dago prest deskargatzeko: iOS, Android, BlackBerry, Windows Mobile eta Symbian dabilela sakelakoak.

Azkenengo eguneraketari esker (3.7 bertsioan doa), gainontzeko sare sozialekin integratuago dago Waze, eta, besteak beste, posible da Foursquare baliatu eta egondako lekuak erregistratzea, edo Facebooken sortutako hitzordu batera joatea gonbidapena onartze hutsarekin.

Ben Gleitzman

Waze euskarazko ahotsarekin

Oraingoz, aukera hau Android sistemetan dago soilik, eta iOS erabiltzaileek euskarazko euskarri ofizialik gabe eta lehenetsitako beste hizkuntzekin jarraitu beharko dute Apple-ren iragazki gogorragoak gainditu zain. Haatik, Waze guztiz irekia dago itzulpen komunitarioak onartzeko, eta hizkuntza mordo batean eskuratu daiteke. Iragan udatik dago gutxi gorabehera eskuragarri euskaraz, Google Groups-en bildutako itzultzaile talde txiki baten ekinari esker. Alabaina, hasieran deserosoa zen erabat; norberak egindako ezarpenekin egiten zen eta aplikazioa eguneratzen zen bakoitzean errepikatu behar zen prozesua. Joxe Rojas (@joxe) kazetari Teknopata da kolektiboko partaide bat, eta bere ahotsa lagata, posible egin du gidatzeko jarraibideak aitorren hizkuntza zaharrean entzutea gainerako ezarpen zailagoen beharrik gabe. Hala: ireki Waze aplikazioa. Menuan (ezkerreko beheko ikurra), aukeratu Ezarpenak > Soinua. Hor barruan, aukeratu Gidatzeko laguntza maila: Norabideak bakarrik (gaiekin). Egin atzera. Orain joan Ezarpenak > Orokorra atalera. Nabigazio gida menuan, aukeratu Euskara.