android, Aplikazioak

PintxoPotter, eskuragarri Android sakelakoetan

Askotan esan izan da dastamena euskaldunentzat zentzumenik gogokoena dela. Ospea izateari lotuta joan ohi da, eta txoko asko dira inguruotan pintxo eskaintza ederrekoak. Zalantzarik gabe, Donostia eta Pasaia horien artean daude. Hemendik aurrera patrika asko astindu gabe eta dastamenaz gozatu nahi duenak bi leku horiek bisitatzeko gida oso bat dauka eskuragarri. Android euskarria erabiltzen duten sakelako telefonoetan deskargatu besterik ez dago aplikazio berria: PintxoPotter. Geokokapena pintxoen eta poteoaren zerbitzura jarri dute.

Oraingoz BETA fasean dagoen aplikazioa da. Motz gera liteke geografikoki, baina hasten dagoen edozein egitasmoren antzera, lankidetzarako deia egin dute Lautech Kooperatibakoek. Izan ere, haien webgunetik gidan sartzeko leku gehiagoren bila dabiltza, eta horien jabeak egitasmora batzera animatu nahi dituzte pintxo-pote eskaintza berriak batzeko. Laster gabe, herri eta hiri gehiago ere batuko dira, beraz.

PintxoPotter aplikazioaren menua ondorengoa da: asteko egun bakoitzeko eskaintza berezien egutegia adierazteaz gain, taberna bakoitzaren deskribapena eta argazki bat ere erakusten ditu. Sare sozialekin integratuta dago, Twitterren nahiz Facebooken norberaren eguneraketak jaso daitezke. Pintxo-pote gogokoen zerrendak osa daitezke, eta beranduago kontsultatu. Azkenik, smartphone-ren geokokapenari esker, gertu dauden txokoen eta eskaintzen berri emango du aplikazioak automatikoki. Hori guztia Internet konexiorik gabe egiteko gai ere bada gainetik, lehendabiziko aldian kargatutakoa gordetzen baitu geroko. Zer esanik ez eskatzen duten bultzada jasoz gero, kontuan izateko mauka iturria izango dela aplikazioa etorkizunean.

PintxoPotter, Google Play dendatik jaitsi ahal da, doan. Informazio gehiagorako, haien webgunera jo daiteke: http://pintxopotter.com/eu/.