Mahaigaina, Mugikorrak, Streaming, tabletak, Telebista

Telebista, bestelako pantailetara

Panasonic_VIERA_Tablet-717064Egungo krisi ekonomikoak badu zerikusirik ordainpeko telebista zerbitzuak pairatzen ari diren beherakadan. Arrazoia ez da, alabaina, haiengatik ordaindu behar izatea. Jendeak edukien kontrolarekiko eta erosotasunarekiko duen jarreran dago aldaketaren muina.

Internetek erabiltzaileen ohiturak aldatu dituela garbi asko dago, honez gero. Inork ez du atsegin ordutegi edo programazio bati lotuta egoterik.

Are gehiago, badirudi telebista erabat interaktibo egiteari lotuta datorrela etorkizuna: erabiltzaileak edukiarekin zuzenean harremana izateari, alegia. Hori guztia nahi bada, bitartekaria aldatu beharra dago, eta gakoa, Internet da.

Berehalako pausoa, baina, etxeetan Internet bidezko telebistaren edo IPTV deituaren egonkortzea da. Eta bideratuta dago. Digital TV kontsultoriak 97 herrialdetan egindako ikerketaren arabera, 2018 aurretik, 167 milioi etxetan Internet bidezko telebista plataformak erabiliko dituzte munduan. Joera arinduz doa, 2008ko azkenaldera 13 milioi etxetan erabiltzen ziren Internet bidezko plataformak, eta 2012an, 70 milioitara iritsi ziren. Eta aurtengo urtea amaitu orduko, hartzaileen kopurua 88 milioitaraino iristea espero dute. Sektore oparoa da: 2012an 9.141 milioi euro bildu ziren, eta, kalkuluen arabera, 2018rako 16.186 milioi euro biltzea espero dute.

Bateratu gabeko eskaintza

Hornitzaileen arteko adostasunik gabe, zerbitzu mordoa dira egun eskuragarri. Estandar baten faltak, hain zuzen, agintea hartu eta elkarren segidako kanalak aldatzeko plazera oztopatzen du: zerbitzu batera harpidetzeak ez baitu kanal guztietarako sarbidea bermatzen; haiek izenpetutako barruti batera baino.

Batzuek telebista kateen bertsioak eskaintzen dituzte; besteek, aldiz, telesailen eta pelikulen salmenta eta alokairu bilgune gisa funtzionatzen dute. Denek, baina, erabiltzaileari ematen diote kontrol osoa.

Edukiak norberak aukeratzen ditu, eta ahal dituenean ikusi, emanaldiak webguneen bidez nahiz aplikazioen bidez jasota. Emititzen denaren gaineko agintea ere erabatekoa da informatikari esker, eta atzeratzeko edo errepikapenak ikusteko arazorik ez dago. Netflix, Amazon Instant Video, Magine, Total Channel, Filmin… zerrenda ia amaigabea da, eta alderik gabe, telefono, tableta, bideo joko, ordenagailu edo Smart TV telebista batetik, haien zerbitzuetara sarbidea ematen dute, harpidetza bakarra ordainduta; antenen beharrik gabe. Ezarpen askotarikoak dituzte, eta, batzuetan, telefonoa urrutiko aginte gisa ahalbidetzen dute.

Tankerako zerbitzua eskaintzen dute jada hainbat kate tradizionalek doan, bakoitzak bere aldetik. Profil berriko ikusleen haria, zein publizitatearen irabaziak galtzeko beldur. Haien artean, EiTB-ren Nahieran zerbitzua dago, http://www.eitb.tv/eu/ webgunean eta EITB izeneko aplikazioan, App Store eta Google Play-n deskargatu daiteke.

Hego Euskal Herrian Canal+ katearen Yomvi, edo, Ipar Euskal Herrian kate berak emandako Canal Play Infinity ere antzekoak dira; ordainpekoak baina zuzeneko kirol emanaldiak eta pelikula estreinaldietara bideratuagoak (22 eta 60 euro hileroko abonamendua dute).

Ipar Euskal Herriko egoera bestelakoa da. Eskaintza murritzagoa da, hein batean, legedi zentralak, estreinatu zirenetik bi urte pasatu arte pelikulak ematea eragozten baitu; eta harpidetza bidezko plataformetarako bakarrik da.

Hego Euskal Herrian dagoeneko martxan dagoen eta, zurrumurruen arabera, laster Euskal Herri osoan egongo den zerbitzuetako bat Wuaki.tv da. Nolanahi ere, batera zein bestera, audioa euskaraz ezingo da jaso eta bideoak frantsesez edo espainolez ikustean datza desberdintasuna. Zortzi euroko hileroko kuotan, haien pelikula eta telesailen katalogoa sartzen da. Bestela, banaka alokatu edo erosi ere egin daitezke edukiak. PC, iPad, Android gailu edo Xbox360 zein Play Station 3 kontsoletatik atzi daiteke.

Ohiko telebista baten gisara, kateak eskaintzen dituen streaming erako baliokiderik ere bada. Zattoo azpimarratzekoa da, halaber, frantsesez eta espainolez. Programak grabatzea, hainbat sistematatik sartu ahal izatea —GNU/Linux barne— eta doako harpidetza bat izatea ditu bereizgarri. 30 kate dauzka egun, ETB Sat barne.

Hala eta guztiz ere, egoera asko aldatuko da aurki, erabiltzaileekin interaktibitate handiagoa izango duten aplikazioak izango baitira. Microsoft, Intel, Apple edo Sony merkatu hori zelatatzen hasiak dira. Adi baita Googleri ere; Google TV izeneko telebista adimentsuentzako zerbitzua itxi eta Android sistemekin kontraerasoa egitekotan baitago, streaming bidezko telebista berriarekin.http://zibergela.bitarlan.net/2012/01/18/google-tv/.

Hardware, Osagarri Informatikoak

Ordenagailua erosterakoan aintzat hartu beharrekoak

ordenagailuaerosiOrdenagailu bat erosterakoan, zalantzaz bete ohi da burua. Zer erosi, ordenagailu eramangarria ala mahaigaineko ordenagailua. Eta zenbaki arraro horiek guztiek zer esan nahi dute. Zer da hobe RAM memoria arraro hori ez dakit zenbat Megabytekoa edo disko gogorraren edukiera.

Ordenagailu eramangarria ala mahaigainekoa

Ordenagailu bat erosteko orduan pentsatu behar den lehenengoa da zer behar den edo zer erosi nahi den, ordenagailu eramangarria ala mahaigainekoa. Prezio eta ezaugarrien aldetik, egun nahiko parekatuta badaude ere, oraindik merkeagoak eta ezaugarri ahaltsuagoak dauzkate mahaigaineko ordenagailuek. Gainera, mahaigaineko ordenagailuak erosoagoak izaten dira ordenagailu eramangarriak baino. Izan ere, monitorea handiagoa izaten da azken hauetan edo teklatua eta sagua handiagoak eta erosoagoak ere izaten dira. Bestetik, ordenagailua irekitzea eta osagaiak ordezkatzea edo gehitzea eta kentzea ere errazagoa izaten da mahaigaineko ordenagailuetan eramangarrietan baino. Hala, bada, eramangarritasuna ez bada behar eta ordenagailua ez bada eramango leku batetik bestera, esan daiteke hobe dela mahaigaineko ordenagailua erostea. Erosoago, merkeago eta ahaltsuagoa izango da eramangarria baino mahai batean edukitzeko.

Aldiz, erosi nahi den ordenagailua mugituko bada, gutxitan bada ere, ordenagailu eramangarria oso aukera ona da, egun oso merke daudelako eta oso ahaltsuak direlako. Gero eta gehiago murriztu da tartea ordenagailu eramangarri eta mahaigaineko ordenagailuen artean ahaltasun eta prezioaren aldetik.

Ordenagailu eramangarriaren tamaina eta pisua

Ordenagailu eramangarria erostea aukeratu bada, tamaina da kontutan hartzeko ezaugarri garrantzitsu bat. Gainera, zenbat eta handiago izan orduan eta pisutsuagoa izango delako. Normalean, ordenagailu eramangarria izango duen tamaina pantailaren tamainak finkatzen du. Noizbehinka mugituko bada, soilik bidaietan edo denboraldi luzeetan handiagoa hartzea komeni da, batez ere ordenagailu nagusia baldin bada, alegia, normalean erabiltzen dena. Kasu honetan, gutxienez, 15,6 hazbeteko pantaila duen ordenagailua hartzea komeniko litzateke. Hala ere, 17 edo gehiago hazbeteko ordenagailu eramangarriak ere badaude, beraz, onena, posiblea bada tarte horretan hartzea izango litzateke.

Aldiz, batzuetan eraman behar bada ordenagailua batzarretara joateko edo leku ezberdinetara joateko, 14,5 edo hazbeteko pantaila duen ordenagailua hartzea komeniko litzateke. Sarritan eraman behar bada gainean, leku batetik bestera joan behar diren pertsonentzat, netbook edo ultraportatila izeneko ordenagailuak izan liteke erosoena. Batez ere leku finko batean, etxean edo bulegoan, ordenagailu handiago bat edukiz gero. Ordenagailu hauek 10,1 eta 12,1 hazbete arteko pantailak izaten dituzte eta oso arinak dira, 1,3 edo 1,4 Kg inguruko pisua daukate gehienek, baten batek gutxiago eduki ahal du. Gainera oso erosoak dira edozein poltsotan eramateko eta bateriak nahiko irauten du kargatuta. Hori bai, hauen ezaugarriak ordenagailu eramangarri arruntenak baino ahulagoak izaten dira eta askok ez dute ekartzen DVD edo CD-ROM irakurlea, beraz, edo kanpoko irakurle/grabatzaile bat erosi beharko da edo USB memoriekin grabatu beharko dira datuak eta aplikazioak.

Ordenagailu eramangarriaren osagaiak

Ordenagailua eramangarria erosten denean, hainbat gauza begiratu behar dira, egokiena hartu ahal izateko. Mahaigaineko ordenagailuetan ez bezala, pisua da kontutan hartzeko ezaugarri bat. Zertarako erabiliko den kontutan hartuta, aparteko osagaiak ere begiratzea interesgarria izan daiteke. Alegia, webcam duen edo kanpoko pantaila bat lotzeko portua, VGA normalean, HDMI edo DVI ere izan daiteke. Telebistarekin konektatu nahi bada eta telebista ez badauka HDMI, DVI edo VGA sarrera, s-bideo motako irteera oso ondo etor daiteke, esaterako. Telebista askok daukate s-bideo sarrera eta bestela, s-bideotik eurokonektorerako egokigailuak daude. USB ataka kopurua ere garrantzitsua da, USBak asko erabiltzen dira ordenagailu eramangarrietan. Wifi konexioa edo sare-txartela edukitzea ezinbestekoa da, baina hau guztiek ekartzen dute, jakina,

Ordenagailuaren ezaugarriak

Ordenagailua erosterakoan, disko gogorraren edukiera garrantzitsua da batez ere informazio dezente gorde behar izanez gero, eta gainera pisutsua bada argazkiak, bideoak edo audioak bezala. Hala ere, kanpoko disko gogorrak erabili ahal dira, aukeratzen den ordenagailuaren disko gogorra ez bada behar bezain handia. Baina ordenagailuaren azkartasunerako eta errendimendurako garrantzitsuago izaten da RAM memoria eta prozesagailua, eta hau ez da konpontzen disko gogorraren edukierarena bezain erraz, beraz, hobe da RAM memoriari eta prozesagailuari ondo erreparatzea disko gogorrari baino. Sistema eragilea ere begiratu ahal da. Sistema eragile doako bat baino ez bazaio instalatuko, Ubuntu bezala, hobe da ordenagailua sistema eragilerik gabe erostea ahal bada, horrela ez da ordaintzen gero kenduko den sistema eragile baten lizentzia. Ordenagailuak dituen atakak ere begiratzea komeni da, batez ere ataka bereziak behar izanez gero, serie (RS-232) edo firewire atakak bezala.