kontzeptuak, Telebista

Bereizmen handiaren amarruak

retinapixelIrudi digital bat handitzean edo zoom egitean ikusten diren karratu txikiei deitzen zaie pixel. Pantaila bat pixelez osaturiko matrize edo taula bat bezalakoa da. Gelaxka edo pixel bakoitzak kolore bat eta dagokion sakontasuna edo iluntasuna erakusten ditu.

Irudia puntu horiek argitzean osatzen da. Mugimendua, berriz, ondoz ondoko pixel horien balioak aldatzean. Pixel gehiago dituen pantailak bereizmen hobeko irudia emango du, bertan unitate txiki horiek bereiztea zailagoa delako, besteak beste. Orduan, halabeharrez, bereizmena luzerako unitate bakoitzean sartzen den pixel kopuruaz adierazten da. Hazbeteko pixeletan adierazi ohi da (dots per inch edo dpi), baina zentimetroko puntutan ere adierazten hasi dira, zorionez.

Hala ere, egun, irizpide nagusia pixel horizontalen eta, batez ere, bertikalen kopuruak markatzen dutena da. Komertzialki, bereizmena soilik pixel kopuruaz zehazten da egun, neurria aintzat hartu gabe. Eta, adierazteko, lerro bertikalak lehenesten dira, eta, atzetik, bideo teknikaren hizkia eransten: adibidez, 1080p.

 

Honela, pantaila zabaletara edo 16:9 erlazioan dagoela 1920×1080 pixel dituela adierazten bada, 1920 lerroko bereizmen horizontala eta 1080 lerroko bereizmen bertikala dituela esan nahi da. Guztira, 2.073.600 pixel (2 Megapixel). Adierazteko garaian lerro bertikalak lehenesten direnez, 1080p izena jasotzen du. 1080i bezala ere ager daiteke, baina honetan irudia osatzeko erabiltzen den oinarria desberdina da, eta haatik, bereizmena makalagoa.

Irudi maiztasuna

Edonola ere, honezkero garbi dago pixelen tamaina pantailaren neurriak ezartzen duela. Eta, horregatik, neurri handiko pantailetan bakarrik nabaritzen dela esaten da bereizmen handia edo Full HD erabilera.

Mugimendua edo bideoari buruz hitz egitean, ordea, nabarmena da pixel kopuruaz gain bestelako aldagaiek duten eragina. Marrazki bizidunetan garbi asko ikusten den bezala, bideoa ez da elkarren segidako irudi sekuentzia bat baino. Begiak epe motzean jasotzen dituen irudi segidak mugimendu gisa nabaritzen ditu giza garunak. Teknologiak gabezia hori baliatzen du irudi animatuak edo bideoak egikaritzeko. Beraz, amarru hori gertatzeko bota beharreko irudi kopurua da gakoa.

Sekuentziako ale bakoitzari frame edo fotograma deitzen zaio. Segundoko epean neurtzen dira, eta bideo sistemaren arabera handiagoa edo txikiagoa da kopuru hori. Azken batean, maiztasuna da, eta hertzetan ere (Hz) adierazten da maiz. Hiru dira zinema eta telebistarako estandarrak: 24p, 25p eta 30p. Maiztasun horietatik aurrerakorik bada, baina osatu gabeko sasi irudiz beteta eratzen da sekuentzia.

The Hobbit filma mugarria izan da horretan, amarrurik gabe 48 fotograma segundoko abiaduran filmatu eta eman baita doitutako aretoetan.

1080p edo 1080i? 1080i edo 720p? Zein da hobea?

InterlacedVsProgressiveIrudia osatzen den erak alde ederra egiten du kalitatean. Mailakatua edo interlaced scan (i) eta progresiboa edo progressive scan (p) dira aukerak. Eta, hain zuzen ere, horretan datza bereizmen handiko pantailen eta gainontzekoen arteko aldea.

Progresiboan, fotograma bakoitza leun proiektatzen da lerro guztiak baliatuz. Gaur-gaurkoz, 60 hertzera eguneratu dezake bideoa. Teknologikoki, lortzeko zailagoa da, eta benetako bereizmen handitzat hartzen da. Egun, puntakoak 1080p Full HD eta 2160p 4K edo Ultra HD dira.

Mailakatua denean, ostera, irudia osatzen duten pixel lerroen erdiak proiektatzen dira aldi bakoitzeko. Hau da, lerro bakoitiak hutsuneekin gurutzatzen dira, eta ondorengo fotograman lerro bikoitiak agertzen dira, eta besteak itzaltzen. Ondoz ondo txandakatzen diren irudiek elkar osatzen amaitzen dute. Ipar Euskal Herrian SECAM eta Hego Euskal Herrian PAL, batak zein besteak 50 hertz mailakaturik erakusten dute egun bideoa. Horrela, osorik 25 fotograma segundoko erakusten dira. Bestela esanda, progresiboan 25 fps izatea beste.

1080p bereizmenean, eskura dauden pixel guztiak aldi berean baliatzen diren artean, 1080i denean, erdiak dira. Arrazoi horregatik dira parekide 720p eta 1080i, pixel kopuruari dagokionez; beste hainbeste 2160i eta 1080p.

Esanak esan, 1080p da Full HD eta 1080i/720p HD Ready. Baina, benetan, Full HD eta HD Ready ez dira inolako bereizmenaren berme; hitzarmen komertzial bat dira. Eta, hortik, iragarki batzuek sortzen duten nahasmena.

Oro har, progresiboa hobea da abiadura handiko sekuentziadun bideoetarako. Bestela, 42 hazbeteko pantailetatik aurrera baino ez dago igartzerik bideo mailakatuetan dardara txiki bat edo olatua bezalako efektua.

Hardware, lizentzia libreak, Mac, Mac OS X, Mahaigaina, Osagarri Informatikoak, Windows

Pantaila anizkoitza ezartzeko argibideak

multiple_monitorsOrdenagailuak prest daude hainbat ataza aldi berean egiteko. Baina maiz erabiltzaileari bakarra erakusten dio pantailan. Martxan dauden beste ataza edo programa horiek atzeko planoan dihardutela esaten da orduan. Leihoak handitu edo txikitu egiten dira batetik bestera joateko, eta irekitako programak beheko ataza-barran pilatzen dira.

Hala ere, bada beste modu bat erosoagoa dena: ordenagailuari pantaila bakarraren ordez gehiago konektatzea, alegia. Pantailak ondoz ondo lerrokatuz gero, ezarpen gutxi nahikoa dira sistema eragileak horien artean mahaigaineko bakarra osatzeko.

Hala, sagua pantaila baten ertzean geratu beharrean, bestera jauzi eginez joaten da leku berria baliatzeko. Teknika hori asko erabiltzen dute lanerako erreferentzia edo patroi bati etengabe begira egon behar dutenek. Itzulpenetarako, pantaila batean jatorrizko testua mantenduz hura itzultzen aldameneko editorean; argazki bat irekita, alboan hura marrazten; web orrialdeak maketatzen dituenari erosoagoa egingo zaio idazten ari den kodeak zer-nolako itxura daukan pantailan erakutsita; edo aisialdirako, pantaila batek Interneten bilatutako mapa erakusten diolarik bestean bideo jokoan jolasten ari den artean.

Mahai gainekoa bikoizten

Leihoen artean aldatzeko premia murriztean, denbora aurrezten da, eta, beraz, produktibitatea handitzen. Pantaila anizkoitza jartzea ez da garesti ateratzen gainera: LCD pantailen prezioak nabarmen jaitsi dira, eta egungo bideo txartelek irteerako erreten bat baino gehiago izan ohi dituzte.

Ordenagailuaren bideo txartelak, gutxienez, irteera bikoitza izan beharko du. Aukerak desberdinak dira ordenagailua eramangarria edo mahai gainekoa izan. Kontuan izan baita datu hau: eramangarri bat inoiz ezin daiteke erabili mahai gaineko baten bigarren pantaila gisa. Eramangarrien pantailak ez baitira independenteak, eta, piztekotan, sistema eragile eta guzti abiarazten dira.

Mahai gaineko ordenagailuek lehentasunezko bideo erreten bat ekartzen dute plaka basean. Horretaz gain, bideo txartel bat ere txertatzen zaie funtzio berdina duena; bideo seinalea igortzea. Txartel horiek gutxien-gutxienean, pantaila bi edo gehiago konektatzeko erretenak jasotzen dituzte, egun.

Eramangarrien kasuan, eragiketa sinpleagoa da. VGA edota HDMI erretenak alboetan jasotzen dituzte, eta, pantaila lotuta dakartenez, eramangarrira berria lotzea besterik ez dago. Kable eta bihurgailuetaz gehiago jakiteko, gogoratu Zibergelan berriki esanak: http://zibergela.bitarlan.net/2014/02/13/bideo-kableak/.

Behin kableak eta erretenak egoki lotuz gero, ondorengo ezarpenak sistema eragilearen araberakoak dira. Baina, hala ez bada?

Arazoak leuntzen

Lehentasunezko bideo erretenekin ez iristea, edo kableak eta erretenak baliokideak ez izatea dira eragozpenak.

Aurreneko kasuan, ordenagailuaren bideo txartela eguneratzea edo ordezkatzea da errazena. Merkatuan 80 eurotik aurrerako eskaintza zabala dago. Erabiltzaile arruntek apalenekin sobera dute, eta garestiagoak bideo ediziorako edo bideo joko aurreratuenetan jolasteko nahi dituztenentzat dira. Betiere, berria erosteko sasoian bi erreten gutxienez dituela egiaztatu. Nahiago bada, bestelako aukerarik ere bada. Grafikoak hedatzeko moduluak edo ordenagailuaren bideo erreten batean konektatzekoak diren kutxak daude. Horiek hainbat bideo egokigailu edo irteera dakartzate. Honela, DVI, VGA zein HDMI erreten bakarretik hainbat pantaila konektatzeko aukera dago. Eramangarrien kasurako erakargarriagoak dira USBrako bideo egokigailuak. 1.920×1.200 bereizmena eskaintzen dute modernoenek.

Bigarren kasuan, kable egokigailuak erostea da aukera hoberena. Hainbat daude, DVI-HDMI, HDMI-VGA, eta abar.

Azken ezarpenak

Ordenagailua eta pantaila parea (gutxienez) zuzen konektatuta direnean, sistema eragilea ezartzea da azken eginbeharra.

 Windows: ordenagailua abiaraztean beharrezko kontrolatzaileak automatikoki instalatzen ditu sistemak. Lehentasunez, pantaila nagusiaren ispiluarena egingo du bigarrenak. Pantaila hedatzeko eta bakar baten gisa funtziona dezaten, Kontrol-Panela ireki eta Doitu pantaila-bereizmena atalera joan. Pantaila anitzak hartu eta bakoitzaren orientazioa eta bereizmena aukeratu. Teklatuko lasterbidea erabil daiteke Windows sinbolodun botoia eta P tekla aldi berean sakatuta. Hedatuaukeratu.

 Ubuntu Linux: Ubuntuko pantailen ezarpenak daude goiko menuko Sistema-Ezarpenak-Pantailabarruan. Detektatu botoian eman eta automatikoki egingo du. Ispilua aukera kendu, irudiaren kopia nahi ez bada.

Bideo txartel fabrikatzaile batzuek ez dituzte kontrolatzaileak egokitzen eta GNU/Linux banaketak babesik gabe lagatzen dituzte. Erosi orduko, bilatu zeintzuk diren arazorik ematen ez dituztenak sarean.

 Mac OS X: Mac guztiek ez dute gaitasuna pantaila bat baino gehiago erakusteko. Appleren laguntza dokumentazioan egiaztatu ezer baino lehen. Bestela, konektatu eta automatikoki ezagutuko du. System Preferences-Display barruan pantaila bakoitzeko ezarpen leiho bana irekiko da. Horietan ezarriko dira monitore bakoitzaren ezarpenak, atzeko irudia, lasterbideak eta menuak, eta abar.

Mac etxeko gailuak elkarrekin konektatzeko pentsatuta daude gainera. 2009az gerozko iMac eta MacBook-ak, esaterako, elkarrekin konekta daitezke eta eramangarriaren bigarren pantaila hedatu gisa erabili mahai gainekoa. iPad tableta ere erabil daiteke Mac ordenagailukoa erakutsi eta ukipenaren bidez kontrolatzeko.

Sistema eragile bat hainbat pantailatik ikustea ohikoa da. Baina ez hainbeste pantaila bakoitzean sistema eragile bana erakutsi eta guztiak bakarretik agintzea. Hori egiten du Synergy izeneko software libreak: sagu eta teklaturik gabe sistema eragile desberdin bi eduki daitezke martxan bakoitza bere ordenagailuarekin, eta hirugarren baten bidez kontrolatu hirurak; saguak batetik bestera etenik gabe jauzi eginez.

Informazio gehiagorako: http://synergy-foss.org/.