android, Aplikazioak, Apple, GNU/Linux, Internet, Irisgarritasuna, Mac, Mac OS X, Mahaigaina, Mugikorrak, Pribatutasuna, qr kodea, Sakelako Telefonoak, Segurtasun kopiak, Segurtasuna, tabletak, Windows

Sakelakoaren datuak zuzenean sinkronizatzeko

bt-overviewiCloud, Google Drive, Ubuntu One, Mega, Dropbox, One Drive… Sarean kudeatu daitezkeen orotariko web aplikazioak dira. Telefono eta tabletetarako baliokideak diren aplikazioak eskaintzen dituzte, dendetatik deskargatzeko.

Baina, oinarrian, antzera funtzionatzen dute. Batzuek datuak enkriptatzen dituzte, ezkutukoak bihurtuz; besteek, berriz, zuzenean sarean gordetzen dituzte, zelatarien bistan. Baina denak informazioa urrutiko zerbitzarietan kargatzeko dira.

Interneterako sarbidea dagoen artean, bazter guztietatik berreskuratu ditzake norbere datuak. Aski da kontuaren erabiltzaile izena eta pasahitza gogoratzearekin.

Hala ere, zalantza bakarra geratzen zaio erabiltzaileari: datu pribatuak beste batzuen esku jartzen direla. Galtzeko arriskutik seguru egon arren, ez daude ezezagunen begiradetatik salbu. Beste hitz batzuetan, hodeiko zerbitzuen erabiltzailea alde batera uzten ari da pribatutasuna, erosotasunaren mesedetan.

Hodei konputazioa gauza askotarako erabiltzen da. Baina, agian, ospe handiena hodeiko biltegiratze sistemek eman diote. Sarerako sarbidea dutenetik, telefonoek edo tabletek ere asko baliatzen dituzte. Horien datu guztiak sinkronizatzeko aukera osoena, sarritan, lehentasunez jarritakoek ematen dute: iCloud edo Googlek. Izan ere, fitxategi, irudi, bideo, kontaktu, egutegi eta oharren kopiak sinkronizatzen dituzte.

Hala ere, datu batzuk lainoa erabili gabe zuzenean norbere ordenagailuarekin sinkronizatzerik balego, zer gertatuko litzateke?

BitTorrent Sync, aukera pribatua eta segurua

IOS eta Android gailuetarako aplikazio horrekin, bakoitzaren gailuen artean nahi adina fitxategi sinkroniza daitezke. Gainera, karpetak partekatzea ahalbidetzen du, nahi den pertsonekin, eta haiekin edozer gauza sinkroniza daiteke. Hodeiko zerbitzuek jarritako edukiera mugarik ere ez dauka, bakoitzaren ordenagailuko memoriaren gaitasunak ezarriko baitu langa. Fitxategi bat bidali aurretik enkriptatu egiten du, eta ondoren, datu horiek ez dira geratuko hodeiko zerbitzarietan gordeta. Informazio guztia gako pribatuen bidez babestuta dago.

Sync sisteman, zerbitzaria bakoitzaren ekipoa da, eta bezeroak, hara konektatuko diren gailuak. Sinkronizatzeko unean, bezeroak zein zerbitzariak piztuta eta sarera konektatuta egon beharko dute; bestela, akabo.

Behintzat, pribatutasuna estimatzen dutenek aukera ona dute hodeiaren aurrerapenak baliatzeko. Kanpoko zerbitzuen menpe egon gabe, gainera. Zibergelan, bakoitzak gobernaturiko hodei sistemez aritu ginen.

OwnCloud eta iPhonerako Younity zerbitzuek ematen dute aukera hori:http://zibergela.bitarlan.net/2013/05/16/hodei-guztien-gainetik-baina-sasi-guztien-azpitik-pasa-gabe/.

Instalazioa

Instalatzeko garaian, bezero-zerbitzari sistema osatu behar da. Sakelako eta tableten kasuan, Google Play edo App Storera jo, eta izen bereko aplikazioa deskargatu behar da. Ordenagailuan, berriz, GNU/Linux, Mac eta Windows sistemetarako dago.

Ubunturen kasuan, errazena software biltegian bilatu eta instalatzea da. Bestela, terminala ireki, eta agindu bidez osa daiteke instalazioa:

  • sudo add-apt-repository ppa:tuxpoldo/btsync
  • sudo apt-get update
  • sudo apt-get install btsync-user
  • btsync-restart

Webean dituzte Windowsen edo Mac batean instalatzeko jarraibideak: http://www.bittorrent.com/intl/en/sync/get-started.

Horrekin, martxan dago jada BitTorrent Sync zerbitzaria. Nabigatzaile bat ireki, eta http://localhost:9999 helbidean ikus daiteke.

QR kodea sortu eta telefonoarekin irakurri

Ordenagailuko karpeta bat sinkronizatuko da telefono edo tabletaren beste batekin. Karpeta hori partekatu egin behar da gailuekin, baina, aurrena, norberak sortu behar du. Gero, zein den adieraziko zaio. Ordenagailuan BitTorrent Sync ireki, eta eskuineko goiko aldean dagoen Add Folder aukeratu behar da horretarako. Gako pribatua sortzeko eskatuko du, Generate botoiari emanda. Horrek QR kode bat sortu eta erakutsiko du pantailan.

Telefono edo tabletako aplikazioa ireki, eta Add Folder aukeratu egin behar da hor ere. Atzetik Scan QR code emanda, ordenagailuaren pantailako QR kodea irakurri beharko da kamerarekin.

Nahiago bada, ageri den gako luzea kopiatu daiteke letraz letra, sakelako edo tabletan adierazten den lekuan. Ordenagailuko karpeta automatikoki sinkronizatuko da, horrela telefonoan sortuko duen berrian. Izena ere jarri beharko zaio karpetari.

android, Aplikazioak, Apple, Osagarri Informatikoak, Sakelako Telefonoak, tabletak

Spotify Connect, haririk gabeko bozgorailuetarako aukera bat

spotify_connect5-580-90Spotifyk aurkeztutako teknologiari esker, bluetooth gaitua duten bozgorailuetara musika streaming erara bidal daiteke telefono edo tabletatik. Egongelan, bulegoan edo nahi den txokoan musika entzungarriagoa egiteko helburuarekin eta norbere sakelakoa aginte gisa erabiltzeko diseinatuta dago sistema. Gaur-gaurkoz, Connect, Android eta iOS plataformentzat bakarrik dago. Spotifyren doako erabiltzaileeei, murriztapen gisara, deiren bat jasoz gero musika mozteko eragozpena ezarri diete.

Internet, Multimedia, musika

‘Podcast’ edo harpidetza bidezko emanaldi digitalak

podcast (2)Interneten zintzilikatzen den emankizuna da podcast bat, ondoz ondoko kapituluak dituena. Harpidetza bidez jaso daitezke, ordenagailuan nahiz edozein gailu eramangarritan. Entzun, ikusi edo irakurtzekoak izan daitezkeen arren, hasieratik, aurrez grabatutako irrati emankizunen eskutik irabazi zuten ospea. Hortik dator podcast-ak Internetez hedatzen diren irratsaio edo programa gisa ezagutzea. Izena ere ahoz ahokoaren bidez ezarritakoa da; musika entzuteko iPod gailuen hitza etabroadcast edo emanaldiak batzean ateratakoa, hain zuzen.

Zuzenekoak baino gehiago, nahi denean entzuteko grabazioak

Hainbat edukitakoak aurki daitezke: besteak beste, musika, informazioa, elkarrizketak, mahai inguruak eta eztabaidak dituzten aurrez grabatutako programak izaten dira entzungai: hizkuntzak ikasteko programetatik, hainbat hiztun eta konexio dituzten solasaldietaraino. Zuzenekoak izan gabe, gai freskoak jorratzen dituzte.

Saioen kapituluak zerrendatan antolatzen dira. Hodeian edo urrutiko zerbitzarietan dauden fitxategi multzo gisa.

RSS teknologia ahalbidetua dutenek harpidetzeko aukera ematen dute. Horrekin, ale berri bat dagoen bakoitzeko, norbere telefonoan edo ordenagailuan bakarrik kargatzea lortzen da. Bestetik, zuzenean fitxategi gisa saio soltea deskargatzeko aukera duenik ere bada.

Entzuteko, aurrena jaitsi

Entzun ahal izateko, RSS bidez podcast-ak irakurtzeko gai den Appleren iTunes edo antzeko ordenagailuko aplikazioak behar dira. Azken horiek, gutxienik, aukeratu zerrendei jarraipena egiteko ardura hartzen dute.

iTunesen kasuan, podcast-en biltegi bezala funtzionatzen du iTunesek, eta harpidetzea sinplifikatzen. Bertan eskegita dauden podcast-en webak eta jatorriak ezagutu beharrik gabe erabiltzaileak leku beretik bilaketa egin eta harpidetza egin baitezake. Beste programetan, erabiltzailea da RSS jariodun weba aurkitzeko arduraduna. Lista eguneratzen denetan abisua emateko edo, nahiago bada, automatikoki deskargatu eta ordenagailura zein iOS gailuetara bidaltzeko ezar daiteke.

Batera zein bestera, deskargak ordenagailuan gorde daitezke, eta sare konexio gabeko gailuetan entzuteko erabili. Internet bidezko streaming teknikatik bereizten du horrek. Sare sarbiderik gabe, ez dago streaming jasotzerik, eta podcast-ak ez dira inoiz zuzenekoak.

Hedabide horizontala dela esaten da podcast-a. RSS teknologia ez denez inoren jabegoa, ez dago eragozpenik edukiak entzuteko zein propioak sortzeko.

‘Podcast’ propioak nola publikatu

Kazetariez gain, zale asko dago podcast-ak egiten dituena. Saio xume bat sortzeko aurreneko pausoa ahotsa grabatzea da. Ondoren, zerbitzari batean kargatu beharko da fitxategia. Era honetako fitxategiak gorde eta partekatzeko doako zerbitzuak daude. Horietako bat da iVoox audio kioskoa, http://www.ivoox. com/ lekuan dagoena. Grabatutako fitxategia kargatu, azaleko irudia, deskribapena, egilea eta halako datuak bete eta publika daiteke. Ondoren, webean bertan edo beste batean helbidea erreferentziatuz erakuts daiteke.

iTunesen agertzeko

Podcast komunitate handiena iTunesen dago. Hor ere publikatzea komeni da, beraz, gehiengoak kutunena duen bilatzailean erakustearren. Plataforman, baina, ez dago zuzenean biltegiratzerik. Zirkuitu itxia da, kanpoko iturriak erakusten dituen esteka biltegi bat bezalakoa.

Komunitatean sartzeko, baina, norbere esteka eta Apple ID kontua izatea besterik ez da behar. Hau da, ahotsa edo bideoa hodeiko zerbitzu batean gorde daiteke, eta iTuneseko biltegian norbere kanalaren jarioa gordetzea eskuragarri jartzeko.

Kasu honetan, iVoox erabiltzearekin ez da nahikoa. Harpidetzak ahalbidetzeko, aurrena, RSS jarioak gaitu behar dira podcast-ean. Googleren Feed Burner (http://feedburner.google.com/) tresnak, Internet helbide bat RSS ale bihurtzen du. iVoox-eko fitxategiaren URLa itsatsi eta I’m a podcaster! aukeratuta, bizkor egiten du. Itzultzen duen helbidea da iTunesen sartu beharko dena.

Aski da iTunes aplikazioko Podcasts ataleko eskuin menuan Send Podcast aukeratuta agertzen den leihoan helbidea sartuta. Automatikoki kargatuko dira norbere podcast-aren datuak. Gogoan izan, daturen bat aldatu nahi izanez gero, jatorrizko zerbitzuan egitea; gaurko honetan, iVoox lekuan. Publikazioa agertzeko gutxienez egun bat itxaron beharra dago, Applen berrikusten duten artean. Posta bidez abisatzen dute direktorioan eskuragarri dagoenean.