android, Google, Mugikorrak, Sakelako Telefonoak, tabletak

Googleren Nexus 5 berria plazara

Nexus-5-4Googleren ekinaren emaitza da Nexus 5 telefonoa. Lehen inpresioan balekoa, diseinu sinplea eta akabera minimalistak dira telefonoaren nortasunaren adierazle. Android 4.4 KitKat plataformatik ikusi denak lerro berdina gorde du, eta, beraz, elkarrentzat egindakoa bezalako bikotea egiten dute. iPhone 5S sakelakoaren zain zeuden asko, prezio oso apalean merkaturatuko zelako zurrumurruei jarraikiz. Merkatua irauliko zuenaren zalantzarik ez zuten. Appleren gailuak ez zituen aurreikuspenak bete, eta 600 eurotan dago salgai. Dirudienez, zulo hori Googleren Nexus 5ak beteko du. Lehiakideen gozamenerako, eskaerari erantzuteko ale falta izango dute beste behin. Ez dute dendetan salduko, Internetez baizik; eta, fabrikatzaile baten marketina faltako zaio. Hala ere, industriari zuzeneko xake matea da.

Nexus 5 sakelakoa, sinpletasuna ikur

Bost hazbeteko pantailadun sakelakoa joan den ostegunetik dago salgai sarean. Full HD bereizmena du, eta kolpeen kontra zailduriko kristalez eta Gorilla Glass 3 teknologiaz probestua dator gailu berria. Mehea eta arina da, 130 gramo besterik ez du pisatzen. 2,4 hertzetara lanean ari den Snapdragon 800 prozesagailua, 2 GBeko memoria hegazkorra edo RAM eta 8 megapixeleko kamera dira Googleren telefonoaren gaitasunen erakusgarri txiki bat. Konektibitatearen aldetik ere ez da makala, LTE (4G sareetarako), Bluetooth 4.0 eta NFC teknologiak baliatzen baititu Nexus 5ak.

Aurreko Nexus 4 telefonoak hankaz gora jarri zuen merkatua, zerbitzuen eta prezioaren arteko oreka besteetatik nabarmenduz. Orain, baina, prezioa balio erantsi ikaragarri ona bihurtu da; bigarren maila batera, alegia. Nexus 5aren ezaugarriek ez diote inbidiarik 2013an agertutako puntako beste telefonoei, eta esan gabe doa haien erdia balio duela. Sinplea egin nahi izan dute, material garestirik edo apaingarri deigarririk gabe. Baina, errendimendu bikaina eta azkarra izatea nahi izan dute, eraginkortasuna lortzeko asmoz. Lag edo atzerapenik gabeko tresna izatea edonork eskertzen duen ezaugarria da, eta horretan ez du parekorik. Akatsik izatekotan, soinua izan daiteke. Deien doinuaren nahiz bideoetako ahotsaren bolumena apalegia gerta daiteke.

Nexus 5 eskuragarri dago Euskal Herrian Googlen atarian http://www.google.es/nexus/5/. 349 euro eta 399 euroko bertsioak eskaintzen dituzte, 16GB eta 32GB edukieretan, hurrenez hurren. Estalki zuria edo beltza, aukeran.

Android 4.4 KitKat berria begirada guztien jomuga

Adituei atentzio eman diena smartphone honen kamera izan da, zalantzarik gabe. Telefonoaren barruan mugitzen diren lenteei esker, erabiltzaileen dardarak orekatzeko ahalmena dauka. Dardarek, beraz, ez dute une ederrenak betikotzea eragotziko. Gustuko argazkia lortzeko, ateratakoak banaka begiratu behar izatea ere iraganeko kontua da. Kamerak daukan HDR+ moduari esker, elkarren segidako argazki zaparrada gorde liteke. Horrela, telefonoen moteltasun gogaikarria arintzen da. Babes kopia automatikoak egiteko ezarpenarekin, bideo eta argazki guztiak hodeian biltzen dira.

android-kitkats

Googleren ahaleginak, baina, sistema eragile berriaren ahalmenak saltzea dute helburu. Merkatu berrietarako egina dago batez ere, Android gailu guztietan ibiltzeko garatu delako. Zain egon beharrik ez dute izango, berriz, Nexus lerroko tramankuluek, horientzat prest baitago KitKat bertsioa.

Eraginkortasuna hobetu nahi izan dute, eta lehentasunezko aplikazioak birmoldatu, konputazio eraginik murritzena izan dezaten. Adibidez, Chrome nabigatzaileak KitKat ingurunean errekurtsoen %16 gutxiago behar ditu ibiltzeko, aurreko Android 4.3 Jellybean-ekin alderatuta.

Baina hobekuntzak askotarikoak izan dira: besteak beste, ahots bidezko aginduak edozein lekutatik eman daitezke; aplikazio guztietan, Googleren bilaketa barra erantsita doa; kamera profesionalek parekatu ezinezko argazki panoramikoak edo 360 gradutakoak egiteko Photo Sphere aplikazioa dauka; geokokapena erabilita itzulitako informazioa, berriz, osatuagoa da.

Amazon, android, Apple, Hardware, tabletak

Tableta erosterakoan aintzat hartzekoak

Tablet bat ordenagailu eramangarri bat besterik ez da. Beste edozein ordenagailuk eskaintzen dituen aukera berberak balia ditzake erabiltzaileak, baina ukimen bidez dabilen pantailaren edo touchscreen-aren bidez. Haien erabilpena intuitiboagoa da. Edozein eratako dokumentutara sarbidea emateaz gain, Interneten erabilpen bizkorragoa eta askeagoa izateko ere bide ematen dute. Edozein ordenagailu eramangarrirekin alderatuta, begi bistakoa da arinagoak direla eta edonora eramateko erosoagoak. Leku handirik ere ez dute behar. Azken belaunaldiko teknologia darabilten gailuak dira, erabiltzaileei egunerokoa errazteko eta produktibitatea areagotzeko xededunak; ordenagailu baten onura berberak eskuragarri jartzen dituzte, baina arinagoa den gailu batean.

Oro har, tablet batetik egin daitezkeen oinarrizko ekintzak ondokoak dira: liburu elektronikoen irakurketa, dokumentuak ireki eta editatzea, Interneten ibiltzea —wifi bidez, USB modem edo 3G konexio propioaz—, telefono deiak egitea, musika eta bideoak erreproduzitzea, GPS bidezko geokokatzea, bideo konferentziak egitea, jokoetan aritzea, argazkiak ateratzea eta bideoak grabatzea, besteak beste. Hori guztia egiteko lehentasunezko programak izateko —telefonoetan gertatzen den bezala—, euskarri bakoitzari dagokion denda birtualera (Google Play edo AppStore-ra) jo daiteke. Horrela jaitsi ahalko dira nahi diren aplikazioak, egunero hazten doan aplikazio edo App aukeraz baliatuta. Ez da harritzekoa, beraz, azken belaunaldiko sakelakoentzat aplikazio bat kaleratzean, tabletentzat dagokion bertsioak garatzea. Doikuntza txiki batzuk eginda eskuragarri jartzen dituzte denda berean bertan.

Laburbilduz, tableten indarra eramangarritasunean eta erabilerraztasunean datza. Edozein ekintza egitea errazten dute hatzen mugimendu soilen bidez, beste ezeren beharrik gabe.

Tableten lehia

2010eko udaberrian, smartphone baten eta ordenagailu eramangarri baten arteko nahasketa proposatuz iPad deituriko tresna atera zuten mundura. Applek abiarazi zuen gurpil zoroa, eta hainbesterainokoa izan zen iraultza, ezen bi urte geroago ezinezkoa dela merkatuan dauden tablet guztien zerrenda egitea; are gutxiago haien arteko konparaketa bat. Kaliforniako erraldoiaren tabletaren nagusitasunari aurre egiten diotenen artean Hego Koreako Samsung Galaxy Tab aipa daiteke. Baina esan bezala, etxe asko dira bakoitzak bere produktuarekin lehiatzen ausartutakoak: Google, Sony, Motorola, HP, LG, Asus, Lenovo, Archos, Toshiba eta Acer etxeek ere haien tableta propioak dituzte. Teknologia enpresa gehiago saiatu dira tableten munduan sartzen, baina ezinak bultzatuta, bertan behera utzi dute ahalegina. Softwarearen aldetik egurra jasotzen hasi bada ere, hardware kalitatearen aldetik ez dago Appleri aurre egiterik oraingoz. Izenak jartzearren, bada laugarren belaunaldiko iPad-a edo iPad Retina Display (499 euro), Galaxy Note 10.1 (529 euro), Asus Trasformer Pad Infinity (579 euro) eta Nexus 10 (399 euro). Horiek dira oniritzirik gehienak jasotzen ari direnak.

Egun hala ere, bi segmentutan bereizten dira tabletak, pantailaren tamainaren araberakoak: 10 hazbetekoak eta 7 hazbetekoak. Hasieran, estandarra zen lehena, baina Appleren nagusitasunari aurre egin ezinik, beranduago agertu ziren bigarren multzokoak; hein batean, liburu elektronikoen bihurketak ziren. Era honetan, Google-n Nexus 7, Amazon-en Kindle Fire HD eta Samsung Galaxy Tab 2 dira esanguratsuenak, guztiak kalitate ezin hobeagokoak. Ezin ahaztu, baina, berriki Applek alternatiba gisa emandako erantzuna, segmentu berrian ere haien legea ezartzeko asmotan: iPad Mini-a.

Hasieran lehia zena jada tableten guda gisa ezagutzen hasi da, eta hain urte gutxiren buruan izandako garapenari begiratuta, ez da burua apurtu behar tabletak laster ordenagailuak baino gehiago salduko direla irudikatzeko. Erakusgarri gisa: aurten 117 milioi ale saldu dira mundu zabalean.

Aintzat hartu beharrekoak

Jendearen ohiturak moldatzen doaz garai berrietara, eta orokorrean nahiago izaten da iraungo duen kalitatezko produktu bakarrean gehiago gastatzea, merkeagoak eta eskasagoak direnak erosten baino. Eta tabletak garestiak dira; baina halako bat aukeratzean gogoan izatekoa da betiere merkeak garesti irteteko joera daukala. Patrikaren irizpidea bakarra izatea motz suerta daiteke azkenean. Pantaila txikiagokoa dutenak merkeagoak izan ohi dira pantaila handiagoa dutenak baino. Telefono bat izatetik gertuago daude pantaila txikikoak: erosoagoak eramateko, deserosoagoak lanerako.

Hardwarea irizpide ona da aukeratzeko garaian, eta bertan kalitatea edo baliabide teknikoak hausnartu beharrekoak dira. Oro har, lau edo bi nukleodun prozesadoreak erabili beharko lukete, eta RAM aldetik Gb bakarra eta biren artean edukitzea izango litzateke gomendagarriena. Pantailaren bereizmena ere garrantzitsua da, eta ziurtatu 1280×800-tik gorakoa dela egiten den aukera, kalitatezko irudiaz gozatu nahi bada behintzat.

Bestalde, hardwaretik haratago, pertsonalizazioen zalea den erabiltzaileari mesedegarriagoa suertatuko zaizkio Android euskarria darabilten tabletak, iPad edo Kindle Fire gailuen sistemak itxiak baitira. Ondorioz, ez diote erabiltzaileari sistemaren itxurari aldaketarik egiten uzten.