android, Aplikazioak, Apple, Mugikorrak, NFC, qr kodea, Sakelako Telefonoak, tabletak

Elgeta Memoria edo Intxortako Bataila bertatik bertara bizitzeko aplikazioa

web-banner_contentElgetako Udalean, Intxortako borrokaldien berreskurapena eta herriko bestelako baliabide turistikoak modu berri eta ezberdin batean plazaratu dituzte. iOS eta Android gailuentzako aplikazio baten bidez, alegia. Motzean, Elgeta Memoria aplikazioa instalatu eta lekura bertara hurbiltzen direnek, Intxorta mendiaren magalean 1936-37ko gudan gertatutakoen kontaketa jasoko dute.

Interesgune ezberdinetako informazio-fitxa, bideo eta audio-gidak eskuratzen dira sakelakoan, QR kodigoak eta hurbileko irrati uhin bidezko komunikazioa edo NFC puntako baliabideak erabiliz. Hala, bisitariek ibilbidea egin eta kokaleku zehatz batzuetatik pasa ahala, besteak beste, tiro hotsez girotutako pasarteak interaktiboki jasoko dituzte, gertaeran murgilduz bisitaria. Bakoitzak bere airera, eta bidean ezarritako kodeei argazkia ateraz, nahiz telefonoa panelera hurbilduta funtzionatzen du.

Intxortako ibilbide tematikoa arindu, erabat multimedia bihurtu eta Euskal merkatuan parekorik ez duen baliabidea da. Elgeta Memoria doakoa da App Store eta Google Play-n. Bestelako gailuetatik sartzeko, http://elgetamemoria.com/ helbidetik egitea dago.

GNU/Linux, Internet, Jokoak, Mac, Mac OS X, Mahaigaina, Ubuntu, Windows

Steam bideo jokoen banaketa digitalerako euskarria Ubuntun

Bideo jokoen banaketa zerbitzua martxan zegoen aspalditik Windows eta Mac OS sistemetan, eta erabiltzaileei gauzak erraztu eta Linux sistemetara jauzia ematea erabaki berri dute Valve enpresakoek.

Hainbat konpainiaren lanak biltzen ditu dendak, eta 1.500 joko inguruko eskaintzara iritsi da. Orain, plataformen arteko bateragarritasuna arazo izateari uztea dute helburu. Bestetik, gazteenen iristeko erraztasunean pentsatu dute, eta sektorean goraka doazen lizentzia ordainketarik gabeko sistema eragileetan edo Linux banaketetan erreparatu dute. Hasierako eskaintza 50 jokotara mugatzen da. Besteak beste: Left 4 Dead 2, Team Fortress 2, Serious Sam 3, Bastion, World of Goo, Counter-Strike eta Half-Life eskuragarri izango dira aurrerantzean Ubuntu ordenagailuetan. Ubuntu Software Center-ean aurki daiteke Steam denda instalatzeko aukera, eta bizkor ibili, gaurkoz gauerdira arte %75erainoko beherapenak baitaude.

AR, kontzeptuak

Errealitate Areagotua: Munduaren beste ikuspegi bat

Errealitate birtualean edo guztiz birtuala den mundu batean, erabiltzailea erabat murgilduta dago mundu horretan, eta ez dauka inguratzen duen ingurune errealaren noziorik. Tankerako murgiltzea lortzen da buruan jartzen den ikusgailu berezi batetik ordenagailu bidez sortutako irudi multzo bat erakutsita. Teknologia horren ekipamendua aginterako gailu zein zentzuak suspertzeko sentsoreek osatu ohi dute.

Errealitate areagotuaren teknologiarekin, ordea, erabiltzaileak mundu erreala ikusten duen bitartean, alegiazko irudiak mundu horretan gainjarrita agertzen zaizkio; hau da, errealitatea eta elementu birtualak espazio berean bizikide bihurtzen dira. Alderantzizko murgiltzea lortzean datza, beraz: errealitatean txertatzen diren elementu birtualak nabarituko dira inguruan soilik, betaurreko berezi edo smartphone-ren pantailen bidez.

Aisialdirako eta ikuskizunetarako sortzen diren pareko teknologia gehienak bezala, egunerokotasunean barneratu den beste aurrerakuntza bat bihurtu da errealitate areagotua; eta egun publizitatea, geokokapena edo beste askotariko xedeetarako erabiltzen bada ere, txikienentzako bideo jokoetan eman zitzaizkion lehendabiziko erabilpenak: Sony Play Station Portable eta PSP euskarriaren Invizimals jokoa, kasu.

Teknologiaren potentziala nabarmena da; baina ezingo da inor harritu orain artean irudimenari edo zinemari esker bizi ziren momentuak berregiten badira azken belaunaldiko edozein gailutatik. Dagoeneko, begiak irekita amesten duen hori ez da bakarrik egongo, inguruan hiria bere horretan dagoen artean, pantaila batera begiratu eta martetarren erasopean dagoen hiri bera ikustea posible baita. Bideo jokoez gain, era askotarikoak dira etekina ateratzen dioten aplikazioak: GPS nabigazioa, meteorologia, bidaia gidak, hezkuntza, kirola, turismoa, zuzeneko itzulpenak, laguntzak, topografia edo aplikazio militarrak dira, besteak beste, erabilpena ematen diotenak.

Atari adituak zerrenda egin zaleak dira, eta errealitate areagotua darabilten aplikazioak ez dira salbuespena haientzat. Jakin-mina daukanarentzat, esteka parea: iPhone-an, http://www.iphoneness.com/iphone-apps/best-augmented-reality-iphone-applications/ eta Android-en, http://www.androidauthority.com/best-augmented-reality-android-apps-93950/.

Teknologiak, gailuek baldintzatuta

Oro har, multzo bitan bereiz daitezke errealitate areagotuko aplikazioak, sakelakoetan eta tabletetan exekutatzen direnak, alde batetik, eta betaurrekoetan egiten direnak, bestetik. Azken horietan, aplikazioa ordenagailu batean exekutatzen da; aurrekoetan, ordea, gailuaren prozesadorean egiten dira kalkuluak, hau da, hardware mugatuago batean.

Telefono euskarrietan eta tabletetan, haiek dakartzaten sentsoreak erabiltzen dira —azelerometroa, giroskopioa, GPS, kamera, eta abar— eta erabiltzailearen aurrean modelo birtuala non gehitu zehazten da horrela, ingurura egokituta. Azken horri, tracking deritzo. Halaber, sentsore horiekin egindako tracking-a ez da idealena, eta horregatik, orokorrean modelo birtual horiek 2Dkoak dira. 3Dko modelo bat gehitzeko, errealitatearen tracking oso zehatza behar da.

Hasiera batean, markatzaileak erabiltzen ziren erreferentzia gisa. Markatzaileak izan daitezke, lurrean kokatzeko fitxa batzuk, edo orri zuriak. Oraindik erabiltzen dira, baina esan daiteke atzean geratzen ari direla, logikoena inguruan markatzailerik jarri behar ez izatea baita.

Harira itzuliz, tracking zehatza egiteko, onena dudarik gabe ikusmen artifiziala erabiltzea da, hau da: gailuek dakartzaten sentsoreak eta ikusmen algoritmoak gailua munduan kokatzeko une oro. Baina teknika horrek prozesamendu ahalmena eskatzen du, eta esan bezala, sakelakoek prozesamendu makalagoa daukate ordenagailu konbentzionalekin alderatuta. Orduan, lan-karga gutxiagotzeko baina tracking zehatza erdiesteko, bi tekniken arteko nahasketa egiten da; sentsoreak eta ikusmena, biak batera erabiliz.