Posts tagged: megaupload

Megaupload webgunearen itxieraren ondorioak

By Jabi Asurmendi Sainz, 2012(e)ko Urtarrilak 27

Megaupload closedZalantzarik gabe, aurreko astean zehar, AEB eta pirateriari buruzko albisteek bete dute informazio esparru teknologikoa. Lehendabizi, Interneteko pirateriaren aurkako legeak SOPA eta PIPA albistegietan eta sare sozialetan pil-pilean ikusi ziren. Ondoren, lege hauen kontrako aldarrikapenak, haien artean, Interneteko erraldoienak, Wikipedia, Facebook, Google, eta nola ez Anonymous nazioarteko hacker taldeak AEBetako sei webgune garrantzitsuen blokeoa, AEBetako Justizia Sailarena, besteak beste. Lurrikara eta gero, AEBko Senatuan eta Kongresuan bozkatuko ziren lege horiek bertan behera utzi zituzten. Baina hori bai, lege horiek onartu gabe ere, zer egin litekeen irakatsi nahi izan diete Internet erabiltzaileei eta Megaupload webgunearen itxiera izan da lehenengo ikasgaia, hain zuzen ere.

Megaupload zerbitzua

Megaupload eta orokorrean Megaword.com webgunean eskaintzen ziren zerbitzu guztiak Zibergelan azaldu ziren 2010eko abenduan, hemen dago lotura: http://zibergela.bitarlan.net/2010/12/10/megaworld-megaupload-eta-askoz-gehiago/

Baina, laburbilduz esan daiteke Megaupload nork bere fitxategiak “hodeira” edo Internetera igotzea ahalbidetzen zuen zerbitzua dela edo zela. Orokorrean, fitxategi handiak igotzen ziren, emailez bidaltzeko handiegiak zirenak. Igotako fitxategi bakoitzeko lotura publiko bat sortzen zuenez zerbitzu honek, lotura hutsarekin, partekatu ahal ziren hainbat fitxategi.

Webgune eta foro askotan, era honetan, Copyrightek babestutako edukiak partekatzen dituzte, musika, filmak edo filmen zatiak, besteak beste. Edukiak partekatzeko era honi, deskarga zuzena deitzen zaio, beste erabiltzaileren menpe ez dagoelako fitxategi hori deskargatzeko, zuzenean deskargatzen da erabiltzailearen ordenagailura. Gainera, deskargak automatizatzeko aplikazioak ere erabil daitezke, JDownloader (http://jdownloader.org/), adibidez.

Horrela, Internet erabiltzaile batzuk P2P bidezko sareak eta BitTorrent deritzenak ere ordezkatzen joan dira deskarga zuzenarekin.

Hala ere, zerbitzu hauek orokorrean eta Megaupload zehatz-mehatz, ez dira bakarrik babestutako edukiak partekatzeko erabiltzen. Hainbat erabiltzailek igotzen dituzte horrelako zerbitzuetara emailez bidaltzeko handiegiak izan daitezkeen fitxategi pribatuak edo babestu gabekoak. Horrela partekatu ahal dituzte familia edo lagunekin haiek sortutako audioak, bideoak, argazkiak, eta abar. Enpresa batzuek ere erabiltzen dituzte horrelako zerbitzuak aipatutako helburuetarako, arlo profesionalean.

Zer gertatzen da Megaupload webgunean dauden fitxategiekin

Esan bezala, erabiltzaile askok beren eduki pribatuak gordeta zituzten Megaupload zerbitzuan, eduki hori guztia FBIren esku dago une honetan. Eta erabiltzaileak aurkitzen dira ezin dutela inon eskatu beren eduki hori eta ez dutela inolako informaziorik. Ildo horretatik, internauta eta kontsumitzaile elkarte batzuek azaldu dute fitxategi horiek berreskuratzeko eskubidea izan behar dutela erabiltzaileek. Baina, oraindik ez da ikusten inolako argirik kontu honetan.

Antzeko zerbitzuen neurriak

Megaupload webgunearen antzeko webguneek Megauploadekin gertatu dena ikusita bere neurriak ere hartu dituzte eta zerbitzu ezberdinak kendu dituzte arazoak saihesteko. Adibidez, Fileservek deskarga asko dituzten fitxategiak igotzen dituzten erabiltzaileei ordaintzeari utzi diote, halaber babestutako edukia ezabatzen hasi dira.

Uploaded.to webgunearen arduradunak zorrotzagoak izan dira eta zuzenean AEBn emandako zerbitzua bertan behera uztea erabaki dute, beraz munduko beste estatuetan bai baina AEBn ez dute zerbitzurik emango, AEBko sarbideak haien zerbitzarietan blokeatuta.

Era berean, Filesonic zerbitzuak kendu du fitxategiak partekatzeko aukera, beraz, erabiltzaile bakoitzak berak igotako fitxategiak besterik ezin izango ditu deskargatu.

Horrez gain, Internet erabiltzaileen artean mesfidantza dago eta erabiltzaile askok eten egin dituzte webgune hauetan zituzten ordainpeko zerbitzuak eta beste asko ez dira ausartzen zerbitzu horiek kontratatzera dirua galduko dutelakoan.

Megaworld: Megaupload eta askoz gehiago

By Jabi Asurmendi Sainz, 2010(e)ko Abenduak 10

MEGAWORLD2Megaupload oso zerbitzu ezaguna da Interneten tamaina ezberdineko fitxategiak gordetzeko. Premium kontuak zerbitzu gehigarriekin eskaintzen baditu ere, dohainik erabili ahal diren oinarrizko kontuak oso ondo daude eta aukera asko eskaintzen dituzte. Izan ere, Megauploadek oinarrizko erabiltzaileei 200GB eskaintzen dizkie, nahi beste fitxategi Interneteko leku honetan gordetzeko, beti ere fitxategia 2GB baino txikiagoa bada. Premium erabiltzaileek, ordea, espazio mugagabea daukate fitxategiak gordetzeko eta fitxategiaren tamainan ere ez dago mugarik. Honez gain, premium erabiltzaileak azkarrago jaitsiko ditu fitxategiak eta ez du publizitaterik jasan beharko. Izena eman gabe ere fitxategiak deskargatu daitezke, baina ezin dira igo. Kasu honetan, fitxategiak jaisteko abiadura doako erabiltzaile erregistratuarena baino motelagoa da eta publizitate gehiago ere jasotzen da.

Megaworld

Megaupload zerbitzuaren sortzaileek Megaworld atera berri dute. Izen eta webgune horren azpian, http://megaworld.com, Megaupload ez ezik beste hainbat zerbitzu on-line eskaintzen dituzte. Guztietan doako zein ordainpeko kontuak daude, gainera, logikoa den bezala, erabiltzaile berdina mantentzen da kontu guztietarako. Horrela, Interneten fitxategiak gordetzeko zerbitzu ezberdinen artean berezia izatea lortu du.

Zerbitzurik interesgarrienak

Megavideo da eskaintzen duten zerbitzuetariko bat. Zerbitzu honen bitartez bideoak igo eta streamingean ikusi daitezke, Youtuben bezala. Gainera, HTML kodigoa ere eskaintzen du bideoa edozein webgunetan txertatzeko. Kalitate handiko bideoak onartzen ditu eta bideoen iruzkinak egin ahal dira edo gogokoen artean gorde. Hau da webgunea: http://www.megavideo.com/.

Megalive zerbitzuaren bitartez bideo zuzenean igorri ahal da Interneten bidez, bai era publikoan bai era pribatuan, gainera txat gela bat eskaintzen du emisio bakoitzeko. Kasu honetan ere HTML kodea ere eskaintzen du zuzeneko igorpena edozein webgunetan txertatzeko. Zerbitzua ikusteko http://www.megalive.com/ webgunera joan daiteke.

Megabox zerbitzuak norberaren musika fitxategi guztiak igotzea eta Interneten bitartez edonon eta gailu ezberdinetatik entzutea ahalbidetzen du, gainera erreprodukzio-zerrendak ere kudeatu ahal dira. Megaboxen bitartez musika on-line ere eros daiteke. Hau da zerbitzuaren webgunea: http://www.megabox.com/.

Megapix zerbitzuaren bitartez igo ahal dira argazkiak eta album ezberdinak sortu zein partekatu. Gainera argazkiak erosi eta saldu ahalbidetzen du, era honetan, profesional batek bere argazkiak saldu ahal ditu on-line. Hala ere, Flash gehiegi erabiltzen da zerbitzu osoan orokorrean eta beraz, Flickr baino astunagoa eta motelagoa da webgunea. Gainera, norbaitek ez badauka nabigatzailerako flash gehigarri eguneratu bat ezin izango ditu ikusi, sakelako telefono askotatik, esaterako. Megapix zerbitzuaren webgunea hau da: http://www.megapix.com

Beste zerbitzu batzuk

Arestian aipatutako zerbitzuez gain, beste batzuk ere atera dituzte. Besteak beste, Megaclick (http://www.megaclick.com/) Google AdWords eta AdSenseren antzekoa publizitatea jarri ahal izateko norberaren webgunean; Megapay (http://www.megapay.com/) sakelako telefonoaren bidezko ordainketa seguruak egiteko Interneten; Megafund (http://www.megafund.com/) zerbitzu berritzaileak on-line atera nahi dutenentzako laguntza eta zerbitzu ezberdinak.

Laster aterako dutena

Honekin guztiarekin nahikoa ez balitz, ez dira geldituko eta laster zerbitzu berriak ateratzea espero dute. Megamovie eta Megabackup 2011rako ateratzea aurreikusita dago. Lehenengoa, kalitate handiko film eta telesailak saltzeko eta on-line ikusteko merkatua izango da. Bigarrena on-line ziurtasun kopia egiteko sistema izatea nahi dute. Dohainik eskainiko dute kopia egiteko sistema, software librea eta doakoa izango omen den aplikazio batekin. Ez dute espazio mugarik jarriko eta soilik kobratuko dute datuak berreskuratu behar izanez gero. Nolabait, edozein erabiltzailerentzat datu digitalen doako aseguru bat izan nahi du.

OfficeFolders theme by Themocracy