android, Aplikazioak, Apple, Bilatzaileak, elkarlana, Jokoak, Multimedia

EuskalAPPs, euskarazko aplikazioen komunitatea

Euskal aplikazioak aurkitzeko eta sortzeko komunitatea plazaratu berri dute sarean. Zaratarik egin gabe, ia ezustean iritsi zen ataria aurreko astean. Ideiaren asmatzaileak The Movie Virtual enpresakoak dira, eta, Jaurlaritzako Hezkuntza sailaren babesarekin ataria abiarazi ostean, Twitter sare soziala aukeratu zuten jardueraren berri emateko: @euskalapps: «Online gaude! Laguntza asko behar dugu proiektu hau ondo bideratzeko… prest al zaudete? http://www.euskalapps.net».

Helburu bikoitzaz aurkeztu gura izan dute ekintza: euskal aplikazioen erabilera bultzatzeko biltegi bateratuaz gain, berriak sortzeko argibideak ere eskaintzen dituzte. Jardueraren ibilbidea ikusteko dago oraindik, baina ez dute nahi bitartekari falta muga izatea: programatzeko lanabesak eta interfazeak jarri dituzte eskuragarri, eta badago biderik lankidetzarako nahiz proiektu berriak sortzeko. Bide batez, erabiltzailea ere aplikazio garatzaile bihurtzea da jomuga. Norberak sortu edo aurkitu duen aplikazioa sustatzeko aukera ere eskaintzen dute ondoren. Horrez gain, beste hizkuntzetan dauden aplikazioak euskarara itzultzeko aukera ematen dute.

Oraindik ez dauzkate bilduta merkatuan euskaraz eskuragarri dauden aplikazio guztiak, eta daukaten eskaintza 50 bat aplikaziokoa da bakarrik. Baina euskarriei dagokienez, ez dira motz geratu: Apple, Android, Windows Phone eta BlackBerry telefono eta tabletetan dauzkate eskuragarri aplikazioak. Gurean dagoeneko ezagunak diren aplikazio batzuk ageri dira dagoeneko: besteak beste, TxalapartApp, BertsoApp, KulturMapp proiektua, Ordiziako azokaren salneurriak jasotzen dituena, Elhuyar hiztegia, iHondartza —uda garaia gerturatzen denerako — eta poteoko zerrendetarako ApPoteo aplikazioak dituzte eskuragarri.

android, Aplikazioak, Apple, AR, tabletak

Errealitate areagotuko zertzeladak Euskal Herrian: kultura, kirola eta aisialdia

Hemen ere badago lekurik teknologia honen adierazpideentzat. Wikitude eta Layar, telefonoentzako Errealitate Areagotuko aplikazio hedatuenetarikoak dira egun mundu mailan; eta Euskadiko Turismo atarian, amua heldu eta hainbat eduki jarri dituzte smartphonen bidez berreskuratzeko bi aplikazio horiek erabilita. Errealitatearekin integratutako informazio turistikoa eta gida interaktiboak jarri dituzte eskuragarri, horrela. Aipatu aplikazioetan nahi den geruza horietako bat bilatu eta instalatu daiteke; eta ondoren, Euskadiko leku desberdinei buruz esateko daukatenaz abantaila atera.

Aplikazioak edukiez hornitzeaz haratago, garatu ere egiten da hemen. Adibidez, entzutetsua izan zen KulturMapp Android aplikazioaren kaleratzea iragan ekainean. EuskoMedia Fundaziokoek, kultura eta ondarea zabaltzeko nahiean, 400 irudi inguru dauzkate Android telefonoetan ikusteko, 175 interesgunetan banatuak.

Kirolari dagokionez, EuskalSurf doako iPhone aplikazioak, Euskal kostatik Landetarainoko surf zaleentzat informazioa emateaz gain, EA erabiltzen du adibidez. Datuak Windugurú ataritik jasotzen ditu eta honek ere badauka bere geruza eskuragarri Layer aplikaziotik, nahiago bada.

Eta aisialdirako, Vicomtech-IK4 zentro teknologikoak eskaintza landuagoa dauka, hainbat aplikazio garatu dituztelarik sakelakoetarako: horien artean, Parc De La Séquia aplikazioa; Manresako (Katalunia) izen bereko parke naturalarentzat garatutakoa. Gida honek EA teknologia erabiltzen du XIV. mendeko bisita arkeologikoan zehar 3Dko avatar animatua erakutsi, eta uneoro monumentuen inguruko azalpen guztiak emateko. Google Play atarian dago eskuragarri, Android dispositiboentzat.

Bestalde, Donostiarrek badaukate beste proiektu bat bidean, ExCoRA. Proiektuaren helburua EA esperientziak sakelako bidez sortzeko euskarri baten garapena da. Esperientziak lagun-taldeentzat izatea da helburu, eta ingurune irekietan gertatuko dira. ExCoRAko esperientziek gynkana baten gidoia jarraituko dute: erabiltzaileek esperientziaren interes puntuak eta frogak gainditu behar dituzte istorio barruan murgiltzeko.