Mantenimendua, Segurtasuna

Segurtasun kopiak

BackupJakina den bezala, zergati askorengatik ordenagailuan gordetzen diren datuak galdu daitezke. Datu horiek gordetzen dituen euskarria hondatu daiteke edo arazo elektrikoren bat egon daiteke, nahigabe zerbait ezabatu ahal da, malwarearen batek kalteak eragin ahal ditu, eta abar. Kontuan hartzen badugu, gero eta gehiago, ordenagailuak eta bertan gordetzen diren datuak, bakoitzaren bizitza pertsonala zein profesionalaren zati handi bat bilakatzen joan direla, datu horiek galtzea betiko, ezbehar itzela izan daiteke.

Segurtasun kopiak egiteko era errazak

Segurtasun kopiak egiteko, hainbat era daude. Batzuek, ezagupen teknikoez gainera, baliabide eta aplikazio konplexuak eskatzen dituzte. Beste batzuk, ordea, edozein erabiltzaileren eskuan daude, diru asko gastatu gabe, eta segurtasun kopiak egiteko aplikazio konplexuak erabiltzen ikasi behar gabe. Hori bai, azken hauek, askotan ez dira besteak bezain eraginkorrak edo automatikoak, baina kasu batzuetan, norbanakoentzat edo enpresa txiki baten datuak babesteko nahikoak dira.

Segurtasun kopiak egiteko oso era erraza USB memoria batean (pendrive izenekoak) edo USB kanpoko disko gogor batean eskuz nahi diren karpetak eta fitxategiak kopiatzea da. Esan bezala, ez da automatikoena eta erosoena, ezta ere eraginkorrena, baina dagoeneko edonor erabiltzen has daiteke, aplikazio berriak instalatzen eta ikasten hasi gabe. Gainera, diziplina eskatzen du, noizbehinka kopia horiek erregularki egiteko. Bestetik, komenigarria da egun ezberdinetako kopiak gordetzea, horretarako karpeta ezberdinak sor daitezke USB memorian edo USB disko gogorrean eta izenean data jarri. USB memoriei dagokienez, 4 GB eta 32 GB-eko tartean aurkitu ahal dira. Beraz, horrelako gailu batean segurtasun kopia gorde nahi izanez gero, eta gainera data ezberdinetako kopiak, kontutan hartu behar da gorde nahi dena tamaina txikiagokoa izan behar dela. Bestela, USB kanpoko disko gogorra erabili beharko da.

Honekin lotuta, Zibergela atalean 2009ko ekainean argitaratu zen artikulu bat aipatu daiteke http://baleike.com/blogak/zibergela/2009/06/10/segurtasun-kopia-pendrive-batean/ , artikulu horretan ScanDisk konpainiaren produktu bati buruz hitz egiten zen. USB memoria bat segurtasun kopiak egiteko bereziki sortuta, hau da produktuaren webgunea: http://www.sandisk.com/products/usb-flash-drives/sandisk-ultra-backup-usb-flash-drive.

Euskarriak

Aurreko kasuan aipatu dugun bezala, USB memoriak erabili daitezke kopiak egiteko edo behar besteko lekua ez badaukate, USB kanpoko disko gogorrak, edo ordenagailuan dagoen disko gogor edo partizio bat.

DVDak ere erabili ahal dira eta noizbehinka datuak gorde daitezke DVD batean eta horrela DVD bakoitzak data zehatz bateko kopia izango du. Nahi izanez gero, berridatzi ahal diren DVDak ere erabili ahal dira eta horrela, kopia bat baino gehiago egin ahal izango da DVD bakoitzean, aurreko kopiak ordezkatuta.

Enpresa batzuetan zintak ere erabiltzen dira, baina ez da kasu arrunta etxe batean edo enpresa txiki batean.

Eta beste euskarri batzuk ere erabili ahal dira, BluRay, esaterako, edo urrutiko zerbitzari edo webgune batean Interneten bitartez.

Segurtasun kopia osoak, inkrementalak edo diferentzialak

Segurtasun kopiak egiterakoan, zerbitzu hori eskaintzen duen aplikazio bat erabiliz gero, galdetuko du nola egin nahi den kopia, kopia osoa, inkrementala ala diferentziala. Kopia osoa da kopia egiten den egun bakoitzean, nahi diren datu guztiak kopiatzen direla aukeratu den euskarrian. Inkrementalaren kasuan, lehenengo kopia, osoa egiten da, eta gero kopiaz kopia, soilik gordetzen dira aldatu diren edukiak eta eduki berriak, aurreko kopiatik. Beraz, kopia bakoitzeko soilik gordetzen dira euskarrian aurreko kopiarekiko aldaketak. Honen abantaila da leku gutxiago okupatzen dutela segurtasun kopiek, eta azkarrago egiten direla, kopia osoak baino. Desabantaila da kopia zehatz bat berreskuratzeko, hasierako kopia osoa eta kopia inkremental guztiak berreskuratu nahi den kopiara arte beharrezkoak direla. Kopia diferentzialaren kasuan, kopiatzen da hasierako segurtasun kopia oso bat, eta gero, kopia bakoitzeko, gordetzen da kopia osoarekiko aldaketak, aldatutako datuak eta berriak. Ez aurreko kopiarekiko inkrementalaren kasuan bezala, baizik eta, kopia osoarekiko aldaketak. Beraz, berreskuratzeko behar da kopia osoa eta berreskuratu nahi den kopia diferentziala. Eta kasu honetan ere, lehenengo adibidean baino leku gutxiago okupatuko du eta azkarrago egingo da.

Segurtasun kopiak egiteko aplikazioak

Segurtasun kopiak egiteko aplikazioren bat erabili nahi bada, Bacula http://www.bacula.org oso aukera ona da, software librea, doakoa eta oso ezaguna da. Gainera, MS Windows zein GNU/Linux sistemetan erabili daiteke. Ubuntu eta GNU/Linux sistemetan Synaptic-etik ere instalatu daiteke.

Areca http://www.areca-backup.org ere izan daiteke beste aukera bat, Javaz garatuta dago eta beraz, plataforma anitza da, MS Windows, GNU/Linux edo Mac Os X sistemetan ibiltzen da. Hau ere software librea eta doakoa da.

Sare sozialak eta Microblogging, Segurtasuna

Buckupify norberaren online datuen ziurtasun kopia

Era batean edo bestean, jende askok bere disko gogorrean dituen dokumentuen kopia egiteko ohitura dauka sarritan edo ez hain sarritan. Zer esanik ez, enpresetan, beren zerbitzarien eta ordenagailuen informazio garrantzitsuaren kopia egiteko ohitura egoten da. Baina, oraingoz oso hedatuta ez dagoena da online datuen ziurtasun kopia egitea, eta garrantzia hartzen ari da kontu hau pixkanaka-pixkanaka. Izan ere, askotan esan den bezala, aplikazioak online erabiltzeko joera dagoela esan daiteke eta gune askotan gordetzen dira bakoitzaren dokumentuak, irudiak, bideoak, agenda, posta elektronikoak, kontaktuak, atazak.

Hain zuzen ere, hau da Buckupifi zerbitzuak eskaintzen duena, Twitter, WordPress, Gmail, Google Docs, Flicker, Facebook, Basecamp, Photobucket, Delicious eta Zoho webguneetan ematen du ziurtasun kopia egiteko zerbitzua, baina, Twitterren besterik ez da doakoa, webgune guztietan egin ahal izateko ordaindu behar da. Zerbitzuaren web gunean daude tarifa ezberdinak eta zerbitzuaren zehaztapenak. Zerbitzua 15 egunetan probatu daiteke dohainik.

Ideia ez da txarra, baina garesti xamarra da, eta doako aukera nahiko eskasa da, soilik Twitterren erabili ahal bada.

http://www.backupify.com