android, Aplikazioak, Apple, formakuntza, Hezkuntza, Jokoak, Mac, Mac OS X, tabletak, Windows

Tabletak baleko programazio ingurune bilakatu dira

kidsandipadretflt-642x482Hasieran aisialdira mugatutako jostailua ziruditen arren, aurrerakuntza nabarmena izan zuten tabletek, bulegotika aplikazio sendoen agerpenari esker. Ohitura falta besterik ez da, baina tabletei leporatzen zitzaien gabezia zera zen: karpetak eta fitxategiak lokalki gordetzeko ezintasuna. Kasu batzuetan, aplikazio bakoitzaren arabera egin zitekeen. Beraz, guztia denda birtualetatik deskargatutako aplikazioekin egin beharrak hasieran moteldu egin zuen tresna horiek hedatzea. Batetik, sarearen bidezko zerbitzuen arrakastak (Google Drive, Dropbox eta enparauak) eta, bestetik, azken belaunaldiko sakelako telefonoen paradigmara jendea ohitzeak merkatura itzultzeko parada eman diete tabletei.

Garaiak aldatzen doazen seinale, joera berriak agertu dira berriki, eta programazio informatikoa da horren adibideetako bat. Tabletak baleko programazio ingurune egiten dituzten aplikazioak agertu dira, eta umeentzako zein nerabeentzako bideo jokoak ere argitaratu dituzte, jolasaren bidez programatzeko gaitasuna gara dezaten.

Jolastuz programatzen ikasteko bideo jokoak

Hakitzu: Code of The Warrior bideo jokoak erakargarriak diren robot pertsonalizagarrien bidez bereganatzen du umeen arreta. Lehiak txandaka izaten dira, gastatzeko puntu kopuru bati lotuak. Tabletako teklatutik JavaScript komando sinpleak lotuz, joko zelaiaren beste aldera joan eta arerioaren terminala hackeatu edo pirateatu behar da. Bide batez, bestearen morroiak borroka ikusgarrietan menperatzen badira, hobeto. Pasa den apirilaren 1az geroztik, eskuragarri dago doan Hakitzu, App Storen.

Ondorengoa ez dago tabletentzat, baina merezi du aipua, programatzeko ingurune berrien adibide nabarmenena baita. CodeSpells da bideo jokoaren izena, eta proiektuaren atzean Kaliforniako UCSD Jacobs ingeniarien eskola dago. Kasu honetan, programazioa magia gisa adierazten da, jokalariek idazten dituzten madarikazioak Java kodea baitira. Aurrekoa baino askoz aurreratuagoa da honen programazio maila; beraz, nerabeentzat egokiagoa dela esan daiteke. Hezkuntzarako baliabide ikusgarria dirudi, baina eragozpena, oraingoz, zera da: Mac OS X euskarriarentzat soilik deskargatzeko aukera. Windows bertsioa aurki izango omen da prest. Informazio gehiago nahi duenarentzat: https://sites.google.com/a/eng.ucsd.edu/codespells/home.

Bideo jokoekin ezinbesteko gaitasunak eskuratu daitezke, eta horiek baino apustu argiagorik gutxi dago norabide horretan. Ikusteko dago ikasteko nahia sortzeko adinako punch-a daukaten, joko eta hezkuntza tresnaren erdibidean dauden proposamenok. Azkenaldian, aditu zirkuluetan bolo-bolo dabilen eredua balizkoa dela frogatuko lukete.

Plataformen arteko programazio inguruneak

Eramangarritasuna eta erosotasuna doan izan arren, eginkizun astunak egiteko gabeziak leporatu izan zaizkie beti tabletei. Baina hodeiko zerbitzuek dakarte beste behin ere konponbidea. Orain, tabletetatik zuzenean has daiteke garapen berria, edo ordenagailuari lotu, kopiatu behar dena eta nahi den lekutik jarraitu.

Textastic
testu editorea, adibidez, horretaz baliatzen da tabletari etekina ateratzeko: ohikoenak diren programazio sinboloekin aberastutako teklatua dakar, eta aplikazioak, kodea ulertu, eta kolorez nabarmentzen du hainbat programazio lengoaiatan. Textastic webgintzako teknologietara bideratuta dago gehienbat. Horientzako askotariko aurrebistak nahiz kodeko hitz bereziak automatikoki betetzeko laguntzak dauzka, HTML, CSS eta PHP lengoaietarako.

Fitxategiak inportatzeko orenerako ere hainbat aukerarekin da bateragarria (FTP, SFTP, WebDAV, Dropbox…). App Store dendan dago eskuragarri, iPad, iPhone eta Mac OS X sistemetarako. Haien arteko komunikazioa balio gainjarri eta erabilgarria da.

Android inguruneetarako ere hainbat testu editore daude aurrekoa bezalako ezaugarriekin; 920 Text Editor da aukera osoena. Google Play dendan daudenen artean aipatzekoak dira ondorengoak ere: DroidEdit, Webmasters HTML Editor eta TouchCode, besteak beste.