Internet

RSS jarioak kudeatzeko on-line aplikazioak

reader2Aurreko astean Zibergela atalean RSS jarioak zer diren azaldu zen. Aste honetan, aurrekoaren artikulua osatzeko RSS jarioak kudeatzeko aplikazio ezberdinak aipatuko dira. Izan ere, hainbat aplikazio daude, bai on-line aplikazioak, nabigatzaile batekin erabili ahal direnak eta bai mahaigaineko aplikazioak, instalatu behar direnak eta gero ordenagailuan bertan kargatu. Posta elektronikoa erabiltzeko aplikazio askok ere RSS jarioak irakurtzeko aukera ematen dute. On-line aplikazioen alde, esan daiteke beti kasu hauetan bezala, mugikortasuna eskaintzen dutela eta orduan edozein ordenagailutatik ikusi ahal dira norberaren RSS iturriak, irakurtzeke eta irakurrita dauden artikuluak eta edozein ordenagailutatik beti konfigurazio eta RSS iturrien sailkapena berdina mantentzen da. Mahaigaineko aplikazioek ez dute eskaintzen mugikortasuna, baina azkarragoak izan ohi dira eta arinago abiarazten dira zuzenean sistema eragilearen menutik, nabigatzailera aurretik sartu behar gabe.

Artikulu hau RSSak kudeatzeko on-line aplikazioetara bideratuko dugu batik bat.

Alesti

Alesti, RSSak kudeatzeko on-line aplikazio bat da. RSS jarioak etiketen bitartez sailkatzea ahalbidetzen du. Ezkerraldean RSS jario zerrenda agertzen da eta eskuman ikus daitezke jario bakoitzeko artikuluak, aurrebistarekin ala ez. Artikulu batean klik egiten denean edukia erakusten da eta irakurrita bezala markatzen da. Alestik baimentzen du irakurritako artikuluak irakurtzeke bezala edo beranduago irakurtzeko markatzea, hala nola posta elektronikoz bidaltzea. Jario bakoitzean, erakuts daitezke soilik irakurri gabeko artikuluak edo guztiak. Goian dagoen “gehitu” izeneko botoiaren bitartez gehitu ahal dira RSS iturri berriak RSS jarioaren urla idatzita. Izena emateko aukeratu nahi den erabiltzailearen izena, posta helbidea eta nahi den pasahitza besterik ez da behar. Alesti euskaraz dago.

Hau da proiektuaren helbidea: http://www.alesti.org/

Bloglines

Bloglines da RSS jarioak kudeatzeko on-line aplikazioen artean lehenengoetarikoa eta asko erabiltzen zen bere urrezko garaian. Oraindik ere nahiko erabiltzen da, baina esparrua galtzen joan da, beste web aplikazioen mesedetan, neurri batean eguneraketa ezagatik eta batez ere Google Reader sortu zenetik. Izena emateko posta helbidea eta pasahitza besterik ez da eskatzen. RSS jarioak karpeta eta azpikarpetaka antola daitezke era hierarkiko batean. Ezkerrean zerrenda sailkatuta agertzen da eta eskuman, erabiltzaileak aukeratu duen RSS jarioaren artikuluak agertzen dira. RSS jario batean klik egiten denean automatikoki jario horretako artikulu berri guztiak irakurrita bezala markatzen dira. Hau, nire iritzi pertsonalean, ez da oso egokia, zeren eta egon daitezkeen artikulu asko irakurri gabe RSS jario batean eta erabiltzaileari agian ez dio ematen denborarik guztiak irakurtzeko aldi bakar batean. Aukera dago banan-banan irakurri gabe bezala markatzeko, horrela markatutakoak gero eskuz desmarkatu behar dira. Posiblea da erakustea RSS jario bakoitzeko artikulu zerrenda berrienetik zaharrenera edo alderantziz.

Hau da bere webgunea: http://bloglines.com/

Google Reader

Google Reader, Googleren proiektu gehienak bezala, erraldoi bat da. Google erabiltzailea edukita jada erabil daiteke Google Reader zerbitzua. Google Readerrek RSS jarioak karpeten bitartez edo etiketen bitartez sailkatzea ahalbidetzen du. Jario bakoitzean klikatuta bere artikuluak agertzen dira, irakurri gabekoak edo guztiak, eta irakurrita bezala markatzen dira automatikoki pantailatik pasatzen joaten diren heinean. Hasierako orrialdean jario guztietako artikulu guztiak agertzen dira eta karpeta batean klik eginda karpetako jario guztietako artikuluak. Artikulu bakoitzeko posiblea de etiketen bitartez sailkatzea, partekatzea beste erabiltzaile batzuekin, gustuko bezala markatzea edo nabarmentzea. Artikuluak ordenatu daitezke berrienetik zaharrenera, alderantziz edo ausaz. Horrela jario bakoitzeko edo orokorrean. Gehitzeko jario berri bat “Harpidetza gehitu” izeneko botoiari sakatu ahal zaio eta RSS jarioaren helbidea jarri. Oso bilatzaile jatorra du artikuluak aurkitzeko, nola ez. Oraindik ez dago euskaraz, ea laster Googleren beste proiektu batzuk bezala euskaratuta ikusi ahal den.

Hau da Google Reader proiektuaren webgunea: http://reader.google.com/

Jarioen inportazioa eta esportazioa

On-line zein mahaigaineko aplikazio ezberdinen artean, fitxategi estandarrak erabiliz, alegia, OPML fitxategiak, inportatu eta esportatu ahal dira RSS jarioak.

Internet

RSS jarioak

RSS_ohiko_ikurraRSS jarioak eta RSS jario hauek kudeatzeko aplikazioak erabiltzea ezinbestekoak dira hainbat blog irakurtzera ohituta dauden Internet erabiltzaileentzat. Batez ere, sarritan irakurtzeko ohitura badaukate. Era berean, norberaren beharrak edo nahiak ondoen asetzen duen aplikazioa aurkitzea oso onuragarria izango da informazio hori guztia partekatzeko, antolatzeko edo aurkitu ahal izateko behar denerako.

Zer dira RSS iturriak edo jarioak

RSS iturriak, nolabait esateko, webguneetan eta blogetan batez ere, argitaratzen den informazioa hedatzeko era estandar bat da. Hala, bada, RSS jarioak edukiz gero, webgune edo blog batek hedatu ahal ditu argitaratuko informazioa eta artikuluak beste aplikazio eta webgune batetik irakurri ahal izateko.

Era honetan, sortu ahal dira aplikazioak RSS jario hauek irakurtzen eta prozesatzen dituztenak. Aplikazio hauek ahalbidetzen dute Internet erabiltzaile batek izena ematea eta gustuko dituen blogak edo RSSak dituzten webguneak gehitzea. Era berean, RSS iturri hauek karpetaka edo etiketekin sailka daitezke. Honela, ez da sartu behar blog edo webgune bakoitzera informazio berria dagoen ikusteko eta informazio hori irakurtzeko, baizik eta RSS jarioak kudeatzeko aplikazioak berak esango dio erabiltzaileari blog bakoitzean zenbat artikulu berri irakurtzeke ditu. Posta elektronikoa irakurtzeko aplikazioek egiten duten antzera heltzen diren posta elektroniko berriekin.

RSSak irakurtzeko, hainbat on-line aplikazio daude, Internet ingurunean irakurri ahal izateko. Aplikazio hauek mugikortasuna eskaintzen diete erabiltzaileei. Izan ere, edozein ordenagailutatik edo Interneta duen edozein gailutatik, erabiltzaileek eskura izango dituzte beren RSS jarioak eta irakurri gabeko artikuluak edo irakurritakoak, hala nola RSS jarioetarako sailkapen berdina. Bestetik, mahaigaineko aplikazio asko ere badaude RSS iturriak kudeatzeko eta irakurtzeko, sistema eragile guztietarako. Besteak beste, posta elektronikorako aplikazio askok ere RSS iturriak kudeatzeko aukera daukate.

Nola jakin webgune batek RSSak dituen eta nola harpidetu

Webgune edo blog batek RSS jarioak dituenean webgunearen leku batean edukiko du ikur bat puntu batekin eta bi uhinekin, gehienetan laranja da. Edota “RSS” izeneko lotura bat eduki behar du nonbait. Lotura bat baino gehiago egon daitezke, esaterako, “RSS sarrerak” eta “RSS komentarioak” izeneko loturak dituzte blog askok, artikuluen jarraipena eta artikuluetan egiten diren komentarioen jarraipena banatzeko. Bakoitza harpidetu ahal da batera, bestera edo bietara. Bestetik, nabigatzaileek ere jakinarazten dute era batean edo bestean erabiltzailea ikusten ari den webguneak RSS iturriak dituenean. Mozilla Firefox nabigatzailean, helbide barran agertzen da RSS iturrien ikonoa eta bertan klikatuta RSS helbidea kargatzen da, edo jario bat baino gehiago egonez gero, menu bat zabaltzen da erabiltzaileak nahi duenean klik egiteko eta kargatzeko. Microsoft Internet Explorer nabigatzailean home botoiaren alboan dagoen RSS ikonoa ere pizten da RSS iturriak dituen webgune batean sartuz gero. Hor klikatuta erakutsiko dira webguneak dituen RSS iturriak, eta batean klikatuta RSS iturriaren helbidea kargatuko da. Izan ere, webgune baten RSS iturrira harpidetzeko, helbide hau da jakin behar dena. Helbide hau lor daiteke behin RSS iturria nabigatzailean kargatuta, nabigatzailearen helbide-barran agertzen den urla kopiatuz, edo saguaren eskumako botoiarekin webgunean dagoen RSS estekaren gainean klik egin eta loturaren helbidea kopiatzeko aukerari sakatuz. Ondoren, RSS iturriak irakurtzeko erabiltzen den aplikazioan egongo da RSS jario berri bat gehitzeko aukera eta hor itsatsi beharko dugu lehen kopiatutako helbidea, alegia, RSS jarioaren urla.

Hala, bada, hainbat blog edo webgune lantzean behin irakurriz gero eta oraindik RSS jarioak erabili ezik, jada begiratu ahal da webgune horiek RSS iturriak dituzten. Horrela, artikulu honen bitartez eta datorren astekoaren bitartez non RSS jarioak kudeatzeko aplikazio ezberdinak aipatuko diren, ea Internet erabiltzaile gehiago animatzen diren RSS iturri hauek erabiltzen, oso erabilgarriak dira eta.