Mugikorrak, Pribatutasuna, Sakelako Telefonoak, Segurtasuna, tabletak, Windows Phone

Argazkien ezkutuko informazioa

Navigation via Smart phone.Amarauneko arriskuen jakitun, erabiltzaileak partekatzen duen informazioari begirune handia dio dagoeneko. Ez dago jakiterik sare sozialetan, web orrietan edo posta elektronikoetan partekatzen diren datu pribatuak zeinen eskuetara helduko diren. Kontua da partekatzen dugun informazioa beti ez dagoela bistara. Izan ere, bideo edo argazki batek azalean erakusten duen baino informazio gehiago gordetzen du bere barruan.

Azken belaunaldiko kamerek, ateratzen dituzten irudiekin batera, metadatuak gordetzen dituzte. Testuinguru datuei esaten zaie metadatuak; datuen izaera edo kokapenari buruzko informazioa ematen dute, hain zuzen. Irudietarako, EXIF edo Exchageable Image File Format izena hartzen dute. Argazkia noiz atera den, gailua, objektiboa eta lentearen uneko ezarpenak ageri dira. Baina geokokapenerako gaitasuna edo GPS gaitua duten gailuetan, kokapen zehatza ere gordetzen dute. Garbi dago, beraz, azken belaunaldiko edozein telefono edo tabletarekin egindako argazkiek informazio asko jasotzen dutela barruan. Baita Internet sarbiderik gabe egonda ere.

Sare sozialen datuen babesa

Hots, etxean egindako argazkia partekatzean, norbere helbidea publikatzeko arriskua dago harekin batera. Alabaina, kokapena partekatu nahi den galdetzen dute sare sozial gehienek haien web eta aplikazioetan partekatu orduko. Ezezkoa aukeratuz gero, informazio horiek arbuiatzen dira irudi eta bideoen kopiak zerbitzarietan kargatzerako. Alde horretatik babestuta egon arren, aintzat hartzekoa da gero ere igotzen diren argazkien jabetza intelektuala eta erabilpen eskubideak galtzen dituela erabiltzaileak. Baina hori beste kontu bat da.

Facebook, Twitter, Google+, Linkedln, Instagram edo Tuenti-k datu pribatuak arbuiatzeko aukera ematen dute. Ostera, Foursquare nahiz Pinterest zerbitzuek haien web aplikazioetatik argazkiak igotzeko garaian etorri ahala gordetzen dituzte argazkiak, iragazki gabe.

Ordea, bien kasuan telefonorako aplikazioa erabiltzen bada, datu horiek ez gordetzeko eskaera egiteko aukera dago. Bestelakoa da Flickr eta Picasa zerbitzuen kasua. Horietan, fitxategia kargatzeko orduan ez da salbuespenik egiten, eta metadatu eta guzti jartzen dira irudiak sarean. Edozein zelatariren eskura.

Bistakoa da sare sozialak pribatutasuna babesteko doikuntzak egiten ari direla, baina gaur-gaurkoz, gabeziak dituztenak badira. Arriskuak ezagutuz gero, zer partekatu behar den bakoitzaren erabaki bihurtzen da.

Metadatuak egiaztatzeko zein ezabatzeko erak

Informazioa eskuratzeko zein ezabatzeko ordenagailurako programak erabil daitezke. Irudi baten barruan dauden metadatuak begiratzeko, EXIFTool tresna erabil daiteke. Windows eta Mac-erako dago eskuragarri webean: http://www.sno.phy.queensu.ca/~phil/exiftool/. Metadatuak idatzi eta editatzeko ere erabil daiteke gainera. GNU/Linux banaketetan komando lerrotik egin daiteke instalazioa, egiaztaketa eta ezabaketa, hurrenez hurren:

 sudo apt-get install libimage-exiftool-perl

 exiftool /tmp/nire_argazkia.jpg

 exiftool -all= /tmp/nire_argazkia.jpg

Bestela, informazio gutxiago eskuratzen den arren, ezer instalatu gabe jaso daiteke testuinguru informazioa. Baita ezabatu ere: Windows-en kasuan, irudiaren gainean eskuineko botoiarekin klik egin eta Propietateak-Xehetasunak atalean ikusten dira, eta beheko aldean Kendu propietateak eta datu pertsonalak aukera ageri da.

Mac OS X sistemetan, irudiaren gainean eskuineko botoiarekin klik egin eta Get Info atalean ageri da EXIF informazioa. Euskarri honetan metadatuak ezabatzeko era errazena irudiaren kopia bat egitea da, honela: argazkiaren aurrebistan File-Export-PNG formatua aukeratu. Testuinguruaren informazio gabe egiten du kopia orduan, eta era berean, hori erabil daiteke amaraunean jartzeko. Ubuntun, berdin: informazioa ikusteko, irudiaren gainean eskuineko botoiarekin eginda,Propietateak atalean aurkitzen da atal hori.

Dena dela, irudia atera aurretik aldi baterako GPS desgaitzeko aukera egin daiteke. Pribatutasuna babesteko ondorengo eragiketak aurrezteko balio dezake. Izan ere, partekatzen ez den informazioa beti dago babespean.

Aplikazioak, Multimedia

Irudiak optimizatu era erraz batean RIOT aplikazioaren bitartez

riotRIOT (Radical Image Optimization Tool) irudiak optimizatzeko aplikazio txiki bat da. Aplikazio honen bitartez pisua jaitsi ahal da irudietan kalitate gehiegi galdu gabe. Irudi bat irekitzerakoan, aplikazioak erakusten du alde batean jatorrizko irudia eta bestean aldaketak egin ostean nola geratzen joaten den.

Horretaz gain beste aldaketa batzuk egitea ere ahalbidetzen du, irudia biratzea, iraultzea edo filtro ezberdinak aplikatzea.

Formatu asko onartzen ditu, batzuk formatu itxiak, Adobe Photoshopen psd formatua bezala, baina gorde, soilik JPG, GIF edo PNG formatuetan gorde daiteke.

Beste ezaugarri interesgarri bat da hainbat irudietan batera eragiketak egitea ahalbidetzen duela da.

Aplikazio hau doakoa da eta MS Windows sistemetarako eskuragarri dago, bertsio eramangarria ere badago USB memorietan eramateko.

Hau da aplikazioa deskargatzeko webgunea: http://luci.criosweb.ro/riot/download/

Multimedia

Irudi formatuak

A19D55Ordenagailuek ulertzen duten hizkuntza bakarra lengoai bitarra da. Horrenbestez, ordenagailuek prozesatzen duten informazio guztia, lengoai honetara itzuli behar da. Halaber, horrela gertatzen da irudiekin eta argazkiekin, esaterako. Eta orduan, gezurra badirudi ere, ordenagailuan ikusten diren paisai eder horiek edo lagunen eta senideen argazkiak, tentsio elektriko bi maila ezberdinen bitartez osatuta daude, alegia, 1 eta 0 multzoak baino ez dira.

Hala, bada, honen erronka da sistema bat erabiltzea, 1 eta 0 soilik erabiliz, argazki edo irudi batean dagoen informazio guztia gordetzeko. Informazio hau,funtsean, puntuak edo pixelak eta puntu edo pixel bakoitzaren kolorea da. Zenbat eta pixel gehiagoren informazioa gorde, bereizmen handiagoa izango du irudiak eta beraz, zehaztasun eta  garbitasuna irabaziko du. Halaber, pixel edo puntu bakoitzeko zehaztu ahal diren koloreak zenbat eta gehiago izan orduan eta zehatzagoak izango dira puntu ezberdinen koloreak eta errealagoak izango dira argazkiak.

Guzti honen ondorioz, formatu eta estandar ezberdinak adostu dira nazioartekoki, argazki eta irudien informazio bitar hori ikusi eta gorde ahal izateko sistema ezberdinetan, sistema eragile ezberdinetan zein gailu ezberdinetan. Alegia, argazki-kamera digital batekin ateratako argazki bat ordenagailu batean ikus daiteke zein sakelako telefono batean. Gainera, ordenagailuan ikusiko da bai MS Windows sistema baldin badu edo GNU/Linux, Mac Os X edo bestelako sistema eragilea edukiz gero. Era berean, sakelako telefono batekin ateratako argazki bat, ordenagailu batean, bideo batean edo beste marka bateko sakelako telefono batean ikusi ahal izango da.

Zer dira Pixelak

Pixelak dira irudi edo argazki bat osatzen duten puntuak. Argazki formatu digitaletan, pixel bakoitzeko, dagokion kolorearen informazioa gordetzen da. Arestian esan den bezala, zenbat eta pixel gehiago eduki, orduan eta bereizmen handiagoa du irudi batek. Alegia, puntu gehiago ditu eta beraz zehatzagoa da. Horregatik, ematen zaio hainbesteko garrantzia argazki-kamera digitalen megapixel kopuruari, esaterako bost Megapixeleko argazki-kamera batek bost bat milioi puntu dituzten argazkiak ateratzen ditu. Beste era batean esanda, 3200 x 2400 bereizmenarekin ateratzen bada argazki bat, argazki hori 7,8 megapixel izango ditu.

Pixelak ikus daitezke argazki batean irudiak ikusteko edo aldatzeko programa batekin zoom bat aplikatuz gero. Zoomaren bitartez handitzen doan heinean, puntu laukiak nabaritzen joaten dira. Puntu lauki horiek pixelak dira.

Irudi formatuak

Irudi formatu asko daude, eta gehienak erabili ahal dira sistema eta gailu ezberdinetan, beste batzuk, ordea, oso ezagunak badira ere, ez dira hain orokorrak eta aplikazio zehatz batekin lotuta daude, “PSD”, Photoshop-en kasuan, esaterako.

BMP formatua

BMP formatua, bit-mapa bat da eta irudi mota hauetako luzapena “.bmp” da. Formatu honek, pixel matrize bat edo taula bat bezala gordetzen du irudien informazioa eta lehen esan den bezala, pixel bakoitzeko, bere kolorearen informazioa gordetzen da. Kolorearen informazioa, kolore-sakonera baten arabera gordetzen da. Honela, 24 biteko sakonera batekin, hamasei milioi kolore ezberdin zehatz daitezke pixel bakoitzeko, hau da , 224. Zortzi biteko sakonera batekin, ordea, soilik 256 kolore erabili ahal dira, 28.

Formatu honen alde txarra da, orduan, argazkian dagoen pixel bakoitzeko, bere kolorearen informazioa gordetzen dela, horrek esan nahi du, bereizmen handiko irudiak oso-oso pisutsuak izango liratekeela.

GIF formatua

Gif formatua duten irudiek “.gif” luzapena izaten dute. Irudi hauek asko erabiltzen dira Internet munduan, webguneak eta web orrialdeak sortzerakoan, logo, marrazki, botoi edo animazio bezala. Izan ere, irudi hauek gardentasuna baimentzen dute, alegia, irudiaren atzealdea edo beste zati bat gardena izan daiteke eta gainera, irudi multzoak edo frameak erabiliz, animazioak egitea ere ahalbidetzen du formatu honek. Gainera, GIF formatua irudiaren tamaina txikitzeko gauza da, kalitatea galdu gabe. LZW izena du formatu honek erabiltzen duen algoritmoa. Alde txarra da, 8 biteko sakonera erabiltzen duela koloreetarako, 256 kolore, alegia, eta beraz, bideratuago dago marrazkietara edo logoetara, argazkietara baino. Kolore gehiago izanez gero, paletaren koloreak murriztu egin behar dira, eta horrek kalitate-galera bat ekartzen du.

PNG formatua

PNG (Portable Network Graphics) formatua kalitate-galerarik gabeko algoritmo batean oinarrituta dago. Formatu hau ez dago inongo patenterik menpe eta GIF formatuaren gabeziak konpontzeko sortu zen. Hala, bada, PNG formatuaren bidez, kolore sakonera eta gardentasun-maila handiagoa duten irudiak gorde ahal dira eta beraz, GIF formatuaren bidez baino kalitate gehiago edukiko dute. PNG formatuarekin, ordea, ezin da animaziorik egin, GIFekin bezala, horretarako, MNG formatua sortu zen. PNG formatua ere oso egokia da Interneten erabiltzeko. Formatu honetako fitxategiek “.png” luzapena dute.

JPEG formatua

JPEG formatuaren izen osoa Joint Photographic Experts Group da eta “.jpg”, edo “jpeg” batzuetan, da dagokion luzapena. Formatu honen algoritmoa kolore errealeko irudiak konprimitzeko pentsatuta dago, alegia, 24 biteko kolore-sakonera duten irudietarako. Beraz, asko erabiltzen da argazkietarako. Hala ere, JPEG formatuaren konpresioak kalitate galera ekartzen du, zenbat eta gehiago konprimitu, orduan eta txartoago ikusiko da argazkia, gutxiago okupatuko badu ere, printzipioz. Beraz, oreka bat bilatu behar da kalitate eta konpresioaren artean, formatu honen bitartez irudiak gordetzerakoan.