Gauzen Internet kontzeptu teoriko bat da, baina jada hurbil dagoen egitasmoa. Etorkizun berri baten ataria da. Edozein objektu Internet bidez identifikatu eta besteekin komunikatzeko balioko lukeen ideia sinplea da oinarrian, baina zaila lortzen. Teknologiaren eta informazioaren gizarte honen erronka nagusia izango da hurrengo urteetan.
Ez da atzo goizeko kontua. Kevin Ashton ikerlariak RFID teknologia asmatu zuenean egin zen ezagun ideia, 1999an. Irrati uhinak erabiltzen zituzten doitutako gailuak elkarren artean bereizteko balio zuen. Erabilerak, haatik, erantsita zeraman objektu zein pertsonak identifikatzea. RFID teknologia mugarri izan zen hor. Pertsona eta objektu orok eguneroko bizimoduan identifikatzaileak eramanez gero, ordenagailuen bidez erregistratu eta kudeatu ahalko lirateke. Gauzak etiketatzea errazteko, NFC, barra kodeak edo QR kodeak erabiltzea legoke.
Horrek, elkarrengandik bereizteko eranskinak erabilita, edari laten, liburuen edota auto baten zati bakoitzaren jarraipena ahalbidetuko luke, ordenagailu sistemek kontrolatutako auditoria erraldoi bat balitz bezala. Sistemak une bakoitzean jakingo luke gauza bakoitza non falta den eta nondik eskuratu. Lapurretak egitea eta gauzak galtzea iraganeko kontua litzateke. Horri guztiari eutsiko liokeen sarea Internet da.
Egunero erabiltzen diren gauza guztiak banaka etiketatzea lan nekeza da. Teknologiaren garapenari esker, baina, hasierako kontzeptu hori moldatu egin da pixka bat. Gailu elektroniko orok Interneterako sarbidea dutenez, guztiak konekta daitezke sarera. Guztiak identifikatu eta ikuskatu daitezke laster batean.
Hau da, elkarrekin konektatu eta informazioa truka dezakete giza esku hartzerik gabe; gauzen Internet osatu, azken batean. Hozkailuan zerbait falta denean sakelakoan alerta bat programatzea edo zuzenean merkatuan erosketak egitea bezalakoa da. Jarraian, drone batek etxera ekarriko du mandatua.
Batik bat azpiegiturak izan dira eragozpena orain arte, Internet horretarako baliatzeko garaian. Izan ere, Internetera konektatzen den gailu bakoitzak helbide birtual bat izaten du, sarean duen lekua markatzeko. Baina, egungo arkitekturan edo iPv4 ereduan, helbide horiek finituak dira, eta maileguan jasotzen da helbidea; hots, itzaltzean beste batek jasotzen du. Ez dago nahikoa sarbide gailu guztiak aldi berean konektatuta egoteko. Bestelakoa da iPv6 eredu berria, eta hor dago gakoa. Eredu hori abian da iaz geroztik: http://zibergela.bitarlan.net/2012/10/11/trantsizio-isila-interneten/.
Hein batean, Gauzen Internet egitasmoa mamitzeko lehen pausoak ematen ari dira. Tresna elektroniko guztiak adimentsu bihurtzea joera da. Ikusi besterik ez dago azkenaldian smartphone,smartwatch, smart tv, kotxe adimentsu eta enparauek izan duten gorakada. Hasi dira Internetera konektatzen eta haietara moldatutako eginkizunetarako baliatzen; eta gailu bat baino gehiago elkarrekin lotzen.
Telefonoetan Internet erabiliz, dituen nahietara edo beharretara egokitzen du erabiltzaileak gailua. Deskargatzeko aplikazioak erabiltzen eskarmentua du honezkero edozeinek. Beste esparru batzuetako erabilerak zalantzak eragiten ditu oraindik, hala ere. Telebistetan eta autoetan teknologia adimentsuak ekar ditzakeen abantailez aritu izan gara sasoi honetan: http://zibergela.bitarlan.net/2014/01/30/zertarako-dira-smart-tv-edo-telebista-adimentsuak/ etahttp://zibergela.bitarlan.net/2014/04/17/autoak-berehalakoan-dira-adimentsuak/.
Testuinguru horretan, ematen du argi dagoela Interneten beraren garapenak ere zeresana izango duela. Makinen eta gizakien arteko harremana ere leunduz doa, eta esatari elektronikoen ahotsa jada ez da arrotza belarrira. Esaldien esanahian ere sakonduz doa teknologia, eta web semantikoa ere abian da: hitzak letraz letra parekatzeaz gain bilaketak egitean horiek esan nahi dutena jakiteko gai izango den amarauna, hain zuzen ere. Web 3.0 deitu duten mugarria izango da hori. Hor daude ahots bidezko telefonoentzako aginteak ere. Appleren Siri, Google Voice eta Euskal Herriko Sherpa, besteak beste, aurrerapen handiak egiten ari dira.
Oinarri horien gainean, Internet laster batean izango da esaten zaiona ulertzeko gai, adimen propioa garatzeko eta bere kabuz ikasteko. Web 4.0 deitutako hori orain ez da zientzia fikziozko kontua.
Ingurumari horretan, etekin handiena domotika esparruan nabarituko da datozen urteetan; hau da, etxeko tresnen egitekoak errazteko, automatikoki irakurketak egin eta erabakiak hartzeko gaitasuna izango duten etxetresnetan.
Google Nest eta etxeko hotz-beroak
Domotikara bideratutako teknologia da Nest. Zeresan handia ematen ari da alor horretan, eta Googlek erosi berri du proiektua, 2,3 bilioi euroren truke, hain zuzen ere. Merkatu berrian indartsu sartu da, gainera. Gadget edo tramankulu bat ezartzen da, eta, telefonotik aginduta, etxeko tenperatura egokitzen da. Berezia da, kontsumoa aurrezten duelako etxekoen jardueraren arabera. Energiaren kontsumoa erdira murrizteko gai omen da horrela. Horrek, eta gailuaren prezio apalak —30 euro balio du— eman dio arrakasta. Hasieran, Appleren iPhone sakelakorako sortu zen Nest. Googlek erosi ondoren, bistakoa da Android plataformara ere moldatuko dutela orain.
Gauzen Interneten atarian
Trantsizio isila Interneten
Internetera konektatzen den gailu teknologiko guztiei helbide zenbaki bat adjudikatu ohi zaie. Horrekin identifikatuko dira, eta besteekin komunikatzeko ezinbestekoa da, gainera. Internet Protocol Address (IP) deituak nork bere etxea administratiboki identifikatzeko balio duen helbidearen funtzio berbera betetzen du, mundu birtualean. Beraz, etxeko helbiderik ez duenari fakturak, gutunak edota postalak iristen ez zaizkion bezala, Internetera konektatu nahi duen gailu orok eskatu beharra dauka saiorako IP bat. Helbide hau eduki ezean, ezin izango da jaso informazio paketerik saretik.
IP helbideak egonkorki adjudikatzen zaizkie posta elektronikoaren zerbitzariei edo enpresei. Bestetik, denbora epe baterako ere adjudikatzen dira, demagun etxeko ordenagailuari edo wifi sarbidea daukan telefonoari. Gailu pertsonalei ere eman dakieke IP finkoa, baina hori ez da beti posible leku guztietan, eta kostu gainjarria izaten du horrela nahi duenarentzat, oro har.
Horrela, sistema martxan badabil, baina zailtasun berri bat agertu da. Izan ere, posible da Interneten beste nodoekin konektatzea, eta nahi dugun informazioa jasotzea nabigatzailean. Kontua da konektatu nahi den leku bakoitzaren IP helbidearen zenbaki sorta osoa jakin beharko dela; gainera, IP hori finkoa ez denean, beti galdezka ibiltzea besterik ez legoke helbide berria lortzeko eta konektatzeko.
Orduan, Domain Name Servers (DNS) izeneko zerbitzari batzuk jartzea otu zitzaien adituei; haien helburua IP zenbakiak hitzetara itzultzea da. Horri eskerrak, orain izen bat gogoratu behar da, dagokion helbide zenbaki luzearen lekuan. Honela errazagoa da www.domeinua.com gogoratzea 192.168.1.1 baino; edo emaila@domeinua.com izatea helbide bat, emaila@192.168.1.1 izan beharrean.
Sarearen hedatze izugarriaren eskutik etorri da azkenengo traba. Izan ere, ikusi besterik ez dago egun Internetera konektatzen diren telefonoen, ordenagailuen, tableten, bideojokoen eta abarren kopurua. Zabalkuntza bortitz horrek ekarri du hasieran egindako aurreikuspena denbora gutxian gainditzea, eta orain martxan dagoen IP sistemaren eguneratzearen beharra, bide batez. Orain arte zegoen sistemak, edo IPv4, lau milioi helbide eskain ditzake aldi berean.
IPv6 sistema berria
Iragan ekainaren 6an, Interneteko erraldoi batzuk —Google, Facebook, Comcast, Yahoo, Microsoft Bing edo Cisco, aipagarrienak— sistema berria hartzen hasi ziren. Protokolo berrirako aldaketarekin lortzen diren helbideen kopurua astronomikoa da: 340 sextilioi (3 aldiz trilioi bat).
Horren guztiaren gakoa dago helbideak adierazteko erabiltzen dituzten biten kopuruan. IPv4 protokoloan 32 ziren erabilitako bitak, eta ondorioz 2^32 helbide (zehazki 4.294.967.296 aukera). IPv6 erabilita 128 bitera igotzen da adierazpena, 2^128 helbide.
Estandar zaharra edo IPv4, ondorengo erara zegoen egituratua: 0tik 255erainoko lau zenbaki multzoz osatuta zegoen. IPv6 sisteman aldiz x bakoitza 0tik 9rainoko zenbaki bat da; baina a-tik f-rainoko letra ere izan daiteke.
IPv4 1983an sortu zutenean, esperimentu gisa planteatu zuten; gainera, iruditu zitzaien zekartzan helbideak nahikoa zirela ordenagailu sistema batentzat. Hala ere, 1996an ohartu ziren sareen sareak hartutako ibilbidearen trazaz, eta protokolo berri bat garatzen hasi ziren, IPv6. Tartean IPv5 ere sortu zuten, baina helburu desberdina zeukan —multimediara zuzendua zegoen estandarra izaki— eta erabilerarik ezak baztertu zuen, azkenean.
Trantsizio isila deitzea ez da burutazio soila, erabiltzaileak ez baitauka ezer berezirik egin beharrik protokolo berrian ibiltzeko. Aldaketa automatikoa eta eskalatua egin nahi izan dute, eta gaur, bi sistemak batera ari dira martxan. Era berean, isileko aldaketa honen konplize dira sistema eragile berrienak ere, eta lehentasunez IPv6 eusteko prestatuta kaleratu dira Windows (Vista zein 7), OS X (10.6.5etik aurrerakoak) eta Linux bertsio gehienak.
Telefonoei dagokienez, Appleren iOS sistemak badu, eta Androidek wifi konexioetara mugatuta, baina badabil. Ondoren Windows Phone 7ak ezin dezake erabili IPv6, baina adierazi dute 8.0 bertsioan zuzenduta egongo dela. Blackberry sakelakoek, bestalde, 2011 bukaera arte ez zeukaten zerbitzarietan jarrita; baina konpainiak daukan IP itzulpen sistema propioari esker, ziur aski behar ere ez du izango gailuetarako eguneraketarik.
Esan bezala, bertsio biek elkarlanean jarraituko dute, sarea hornituz; sistema guztiek software eta hardware aldetik beharrezko eguneraketak jaso artean behintzat. Horrek akatsen bat edo beste ekar dezake: adibidez, norbait IPv6 darabilen webgune batetik, esteka bati jarraituta, IPv4 dabilen beste webgune batera konektatzean, errore mezu bat jasoz. Hala ere, arazo hori konpontzeko sistema itzultzaileak diseinatzen dihardute. Beste arazo bat Interneteko eskaeren erantzun denborena da: dagoen hardwarea aintzat hartuta, erantzun denborak protokolo berrian %80 motelagoak dira, zenbaki mardulagoak prozesatu behar dituelako.
Nola ezagutu IP helbidea
Windows darabiltenek Hasiera barrako exekutatu atalean cmd idatziz irekiko zaien terminalean ipconfig jartzen badute, Internet konexioari buruzko informazioa jaso ahalko dute. Unix sistema darabiltenek (Mac edo Linux) terminala ireki eta ifconfig sar dezakete.
Nabigatzailearen bitartez ere egin daiteke, hemen: http://www.whatismyip.com. Azkenik, test bat dago nahi duenarentzat Interneten, IPv6 sistemak norbere gailuan lukeen errendimendua neurtzen duena: test-ipv6.com.