Ataza kudeaketa, elkarlana, Internet, kontzeptuak, Sakelako Telefonoak, Sare sozialak eta Microblogging, Sareak

IFTTT eta amarauna erabiltzailearen morroi

IFTTT-for-iPhone-Intro-Screen-01Internet zerbitzuz josita dago, baina gutxi dira haien artean komunikatzen direnak. IFTTT bi web aplikazio elkarrekin konektatzeko balio duen tresna da. Interneteko gune soil bat da, baina denbora erruz aurrezten lagun dezake askotan egin beharreko gauzak automatiko eginez. Esaldi bakar bat nahikoa da sareko zerbitzuak zelatatu ditzan, eta ezer bada, haiek elkar eragiten jartzeko. IFTTT oharkabean harrapatzerik ez dago, eta beti betetzen du esana. Nahi beste zerbitzu kudeatzen ditu.

Aurrez zehazten diren baldintzak edo abiarazleak gertatzen direnean, hartu beharreko ekintzak zehaztuta uztean datza. If This Then That, edo hau jasotzen bada (abiarazlea), egin beste hau (ekintza).

Esaldi edo arau horiek errezeta izena jasotzen dute. Abiarazle bat norbait Twitterren etiketatzea izan daiteke, eta ekintza Facebookeko horma eguneratzea. Batzuetan abiarazleen barruan balio batzuk erabili beharko dira, eta horiei osagai deitzen zaie. Adibidez, ordu zehatz batean euria egingo duen mezu bidez abisatzeko eska dakioke. Edo gustuko blogean argitaratzen den azken sarrera automatikoki txio bidez lagunekin partekatu. Bakoitzak bere errezetak sor ditzake, edo besteenak erabili. Kanal bidez antolatzen dira guztiak, eragiten dituzten zerbitzuen arabera, alegia. Facebook, Blogger, Twitter, sakelako kontaktuak, posta elektronikoa… kanal bakoitzak bere abiarazle eta ondorengo ekintzak jasotzen ditu. Errezetaren osagaiak pertsonalizatu, eta kito. Baldintza betetzen denean hodeiak norbere ordez egingo du.

Aurrez zehazten diren baldintzak betetzen ditu IFTTT-k.

Aurrez zehazten diren baldintzak betetzen ditu IFTTT-k.

85 kate dira denera, eta aldian binaka lotzen diren arren, kateak osa daitezke batak bestea eragitea lortuz. Errezetak desgaitu egin daitezke une oro, eta beharra ikusten denean, berriz ere abiarazi. Zehatza eta metodikoa da IFTTT, eta errezetek 15 minututik behin egiaztatzen dituzte haien egitekoetan aldaketarik jaso den.

Webgunea erabil daiteke https://ifttt.com/ lekuan, edo sakelakoetarako aplikazio gisa deskargatu. Eskaintzen dituen aukerak izugarriak dira, eta muga bakarra bakoitzaren irudimenak ezartzen du.

Geokokapena baliatzen du

Azken eguneraketan sartu duten funtzio berriak ere molde guztiak apurtu ditu. Orain, iPhone edo Android sakelakoetako geokokapena balia daiteke errezetak sortzeko. Honela, etxera iritsi aurretik etxeko argiak pizteko edo jatetxe on baten aurretik pasatzean mezu bat jasotzeko programatu daiteke honezkero. Are gehiago, lanerako bidean egunero egiten diren denborak neurtu eta Google Drive zerbitzuko kalkulu horri batean gordetzeko, edo aireportu zehatz batera iristean norbaiti abisua bidaltzeko balia daiteke aurrerantzean.

iOS plataforman, GPS, telefono sarea, wifia edo bluetooth seinaletik eratzen da une oro posizioa. Nahiko berme da hori norbere kokapena beti zuzen neurtuko dela jakiteko, eta, haatik, IFTTT zehaztasunez ibiliko dela.