HTML5

HTML5

Zibergelan web semantikoari eskainitako artikuluan aipatu genuen web orriak egiteko HTML etiketa lengoaia erabiltzen dela. Lengoaia horrek, etiketa bidez, testu baten estruktura, edukia eta, neurri batean ere, aurkezpen-itxura deskribatzen ditu. Oraingo honetan, HTML lengoaiak izan duen bilakaera azalduko dugu, eta etorkizunean eskainiko dizkigun funtzionalitateak ere aipatuko ditugu.

Aitzindariak

1991n agertu zen HTML hizkuntzaren lehen proposamena. Tim Bernes Leek argitaratu zuen, eta hasiera hartan, hogei elementu proposatu ziren. Aurreko batean azaldu genuen bezala, elementu horiek testuaren atalak markatzeko erabiltzen dira: izenburuak, zerrenda elementuak, definizioak, estekak eta abar. Hasierako hogei elementu haietatik, hamahiru daude egun indarrean HTML hizkuntzaren laugarren bertsioan (HTML 4).

1991tik hona, HTML hizkuntzaren hainbat bertsio agertu dira; egun indarrean dagoena HTML 4 da. Hasierako elementu batzuk alboratu, eta berriak sortuz joan dira bidean, gehienetan, beharrak sortu ahala. Web orrien garapenean ere aldaketa franko gertatu da: maketaziorako erabiltzen ziren taulak alboratuz joan dira, eta egun estilo orriak (CSS) erabiltzen dira.

2007. urtean hasi zen bosgarren bertsio honen definizioa. Garatzaileen artean ezaguna badira ere bertsio berri honen ezaugarriak, orain dela gutxi arte ez da oso ezaguna izan jendartean. Appleren gidari eta teknologia berrien guru izandako Steve Jobsek 2010ean argitaratutako artikulu batean jarri zuen denen ahotan HTML 5. Jobsek defendatu zuen bideoa eta halako edukiak bistaratzeko ez zela etorkizunean Adobe Flash edo antzeko teknologien beharrik izango, eta HTML 5 moduko estandar irekiak erabili beharko liratekeela horretarako. Ordutik, Apple konpainiak ekoizten dituen iPod, iPhone eta iPad produktuetan, ez da Adobe Flash instalatzen, eta, beraz, ez dago flash teknologia erabiltzen dituzten orriak bistaratzerik. Youtube HTML 5 teknologiak eskaintzen hasi da, bere edukiak Appleren gailuetan ikusi ahal izateko.

Ezaugarriak

HTML 5 teknologia familia bat da. Uste dute 2014an argitaratuko dela bertsio horren dokumentazio osoa. Etiketa lengoaia ere baten aldetik, potentzia semantiko handiagoa ematen dioten etiketa berri batzuk sortu dira, hala nola ordua, oin eta buruak edo audioa markatzeko.

Berritasun handienetako bat canvas teknologia da. Teknologia horren bidez, posible da web orri batean marrazkiak egin ahal izatea, eta horrek jokoen garapenari ate handiak zabaltzen dizkio. Teknologia hori ere, bideoarekin gertatzen den bezala, Adobe enpresaren Flash teknologiaren kalterako da, Flash baita orain arte eskakizun grafiko handiak dituzten web orriak garatzeko aukera bakarra.

Eskaintzen den beste teknologia berri batek geolokalizazioarekin du zerikusi. Teknologia hori erabiltzen duten web orriek gure kokapenaren berri izan dezakete, eta eskaintzen diguten edukia moldatu dezakete. Horretarako, nabigatzailea darabilgun gailuak gure kokapen geografikoa jakiteko modua behar du izan, eta guk, erabiltzaile gisa, gure kokapenaren berri ematea onartu beharko dugu.

Datu-base teknologia bat ere prestatzen ari da, aplikazioek gure ordenagailuan datuak gorde ahal ditzaten. Horrela, posible izango da konexiorik gabe gaudenean ere zenbait lan egitea. Esaterako, gure ohartxoak jasotzeko aplikazio batek ohartxoak gure ordenagailuan gordeko lituzke berriz ere konexioa berreskuratu eta datuak sinkronizatu arte.

HTML 5 nabigatzaileetan

Oraindik ere HTML 5 ez denez amaitutako bertsio bat, web nabigatzaileak apurka-apurka dabiltza proposatzen diren teknologia berriei euskarria eskaintzen. Zer erabili dezakegun jakiteko, gure nabigatzaileak zer eskaintzen duen jakin beharko dugu aurretik. Honako webgune hauetan, HTML 5en sostengu mailaren berri ematen dute: The HTML5 Test, When Can I Use, findmebyIP