Osagarri Informatikoak, Telebista

Bideo kableak

vgaetahdmiBideo txartelak du ordenagailutik bideo seinalea igortzeko ardura. Pantaila konektatzeko erretenak izaten dira haren bistako osagarri bakarrak. Mahai gaineko ordenagailuan, atzean egoten dira, eta, eramangarrian, berriz, aldamenean. Erreten horietan txertatzeko bideo kableak etengabe joan dira berrituz eta garatuz: VGA, DVI, HDMI… Garai digitalean sartutakoak dira, eta bereizmen eta eskaera berrietara moldatu behar izan dute. VGA konexio klasikoa da, hain zuzen, pantaila berdeak zituzten aurreneko ordenagailuetatik gaur egun mantentzen den bakarra.

VGA 

Konexio hedatuena da egun ere. Gezurra dirudien arren, azken belaunaldiko telebistek eta pantailek konexio hori dute oraindik ere, baina kalitate arazo larriak ditu jada.

Video Graphics Array (Bideo-grafikoen egokigailua) 1988an agertu zen, IBMren eskutik. Hamabost hagin dauzka, eta erabat analogikoa da. Duen arazo nagusia da digitaletik analogikora bihurtzean informazioa eta kalitatea galtzen direla. Pantailan kolore gutxi onartzen ditu, eta ezin dezake jasan bereizmen handirik. Hala eta guztiz ere, egungo estandarra VGA da. Formatu horretara bihurtzeko osagarriak garesti saltzen dituzte.

DVI

1999an agertu zen Digital Visual Interface (Interfaze digital bisuala). Guztiz digitala zen konexio bat izatea zuen helburu. Trabak eragiten zituzten zarata eta irudien distortsioa desagerrarazi zuen aurrenekoz. Edo hasieratik ondo ikusten da, edo ez da ezer ikusten.

Seinale analogikoak ere garraia ditzake, eta 24 eta 29 hagin bitartean ditu. Itxuraz VGAren berdina denez, nahasmena sor dezake. Batetik bestera pasatzeko egokigailuak badira; merke, gainera. Bereizmen handiarekin bateragarria da, eta bideo edo eskaneatu progresiboa onartzen du. Hori erabilgarri duten telebistek PAL sistemaren oker nagusia leuntzen dute. Sistema horretan, irudia berriztatzen den moduaren ondorioz kliskatu edo eten egiten dela esaten da.

HDMIren berbera eskaintzen du DVIk. Baina, hala ere, hura nagusitu zaio. Marka batzuen interesek eta iragarki kanpaina handiek lagundu diote horretan.

HDMI

Txikia da, erosoa, erabilerraza. Bideoaz gain, soinua ere garraiatzen du. Azken belaunaldiko bideo jokoek eta Blu-ray sistemek ireki diote bidea, eta, orain, nagusi da bereizmen handiko esparruan. High-Definition Media Interface 2002an agertu zen. Sektorearen babes handia izan zuen. Sony, Philips, Hitachi eta Panasonic etxeak izan ziren babestu zutenetako batzuk. Ez da librea, eta jabetza intelektuala babesteko teknologia daraman kable bakarra da. HDCP izeneko sistema martxan jarriz gero, kopien kontrako babes neurriak ezarri ahal zaizkio kablea garraiatzen ari den edukiari; kalitatea gutxituz, adibidez.

Hardware, Osagarri Informatikoak, Telebista

USB itzulgarria datorren urterako

credited_2971278105_752a1542eb_bTeknologia etengabe aldatzen den gurpil zoroa da. Gero eta kalitate zein pisu handiagoko edukiak erabiltzen diren neurrian, osagai informatikoek ere eguneratu beharra izaten dute maiz. Bizkorragoak diren, kontsumo apalagoa duten edo tamaina txikiagoko elementuak behar izaten dira. USB 3.0 Promoter Group erakundeak ohar baten bidez adierazi duenez, USB estandarrari ere iritsi zaio zaharberritzeko eta egungo eskaerei egokitzeko sasoia. Konektore berriaren xedea da informatika merkatuan dauden gailu guztientzat balio izatea da. Tableta eta sakelakoak barne.

Bizkorragoa, txikiagoa, baina, batez ere, erosoagoa

USB 3.1 izeneko estandar berria 2014 erdialdera iristea espero da. Eguneraketari esker, abiadura zerbait hobetuko da. Hots, aurreko 4,8 Gigabyte segundotik 10 Gigabyte segundora pasatuko da. Segundoko 1024 MB transmititzeko gaitasuna da hori; aurreko estandarraren bikoitza, gutxi gorabehera.

Berrikuntza, baina, kablearen muturrean aurkitzen da. Konektore itzulgarria izango dute belaunaldi berriko USB kableek. Aurreko bi aldaeren hurrengoa da, Type-C erakoa, hain zuzen. Erabiltzaileek erosotasunean nabarituko dute aldea. Horrela, alde batera zein bestera txertatu ahalko dira ordenagailuan etorkizuneko pendrive, disko gogor eta enparauak. Horrek, Appleren Magsafe nahiz Lightning kableek bezala, argi murriztuko lekuetan itsu-itsuan konektatzen asmatzeko balio dezake, besteak beste.

Gainera, estandarra esaten denean, fabrikatzaile eta tresna guztientzat balioko duen teknologia dela esan nahi du. Beraz, merkatuko eskaintza bateratuko bada eta edozein eratako gailuentzat balioko duen osagaia izango bada, merkatuko joeretara moldatu beharko da. Hau da, geroz eta meheagoak diren telefono zein mahai gaineko ordenagailuentzat balio dezan, tamaina aintzat hartu beharrekoa da. Eta hala iragarri dute USB 3.1 berria ere, txikiagoa; egungo micro USBen tankerakoa.

Hori bai, konektore berria izaki, egungo erretenek ez dute balio. Hortaz, apurka egingo da aldaketa, fabrikatzaileek teknologia berria haien gailuetan sartuz doazen heinean, alegia.

HDMI kablearen eguneraketa ere laster

4K bereizmeneko pantailen iritsierak ere, bestelako osagai berrien agerpena ekarriko du. Eta HDMI 2.0 edo bereizmen handiko pantailen kablearen eguneraketa ere prest dago, halabeharrez.

Estandar berriak banda zabalera hobea eskaintzen du, zehazki, 18 Gigabit segundokoa. Horrekin, 4K bereizmeneko irudiak segundo bakoitzeko 60 aldiz freskatzea posible da. Egungo teknologiak, artean, 24 eta 30 aldiz bakarrik uzten du freskatzen pantaila, eta askoz ere bereizmen apalagoarekin, gainera. Audioa ere hobetuko da: orain arteko audio 2.0 kalitateko zortzi kanal igortzeko sabaia, 32 kanaletara igoko da.