Google, Sare sozialak eta Microblogging, Segurtasuna

Googleko informazio pertsonala, iragarkietan

Google kontua edukitzean hainbat zerbitzutarako sarbidea eskuratzen da. Adibidez, kontu berdinari lotuta eros daitezke telefonorako aplikazioak Google Play dendan, geroago mezu elektroniko bat bidali Gmail posta zerbitzutik, zein Google+ sare sozialean argazki bat partekatu lagunekin. Joan den asteburuan hasita, hasiera orrian urdin koloreko agerkari bat jasotzen hasi dira erabiltzaileak konektatzean; azken orduko baldintzen eguneraketa baten berri ematen du. Askok oharkabean mezuari kasurik egin gabe zereginetan jarraitu duten arren, berdin eragiten die: haien profileko argazkia, izena eta iruzkinak edo komentarioak erabil ditzake Googlek, eta Interneteko iragarkietan erantsi.

Beste modu batean esanda, nabigatzailean norbaitek produktu baten izena sartzerakoan, bilaketarekin erlazionaturiko iragarki emaitzekin norberaren informazioa ager daiteke. Jakinaren gainean egotea gutxienekoa da, behintzat, sorpresak saiheste aldera.

Esan beharrik ere ez dago, sare sozialek erabiltzaileengandik informazio ederra biltzen dutela, inolako etenik gabe. Bakoitzaren eguneroko jardunaren berri badute, baita atsegin denaren edo egiten diren erosketei buruzkoa ere. Hain zuzen ere, horregatik dira saltzaile eta iragarleentzat hain baliotsuak datu horiek guztiak. Lehenengo mailako informazio iturri dira: interesik gabe kontsumitzaileek zuzenean emandako aholkuak dira, eta eraginkorragoak dira iragarkirik arrakastatsuenak emandako mezua baino.

Iragarkiak, beste izen batekin

Gomendio partekatuak da sistemari jarritako izena. Eta labur esanda, erabiltzaile bakoitzaren jardueran bilatu eta produktu bat probatu dutenak lortzean datza. Ondoren, emandako iritzia edo puntuazioa positiboa bada, produktu horren bilaketa egiten dutenei publizitate gisa txertatuko dizkiete haren profileko aurpegia, egindako iruzkina, jarritako izar kopurua, edo, besterik gabe, +1 egin dioenaren datua.

Facebook programak bere garaian antzeko ekintzengatik jaso zituen kritiken antzera, Googleri ere askorik gabe hasi zaizkio kolpeak etortzen. Ubeldurak agertu orduko, baina, bizkor atera dira esatera Google+ sarean pribazitateari dagozkion ezarpenak behar bezala jarrita dituenari ez diola larregi eragiten eguneraketak. Behintzat, norbere informazioa lagunekin bakarrik partekatzeko aukera egin dutenen gomendioak, lagunen zirkuluko kideen emaitzetan bakarrik agertuko dira, mundu osoko erabiltzaileen emaitzetan agertu ordez. Beraz, gutxi gorabehera, lagunek gustuko dituzten produktuak kontsumitzera bultzatzen duen sistema da.

Nola eragotzi norbere irudia

Dena dela, partekatzen diren gomendioak izan edo ez, iragarkiak direla nabaria da. Hortaz, parte hartu nahiko ez dutenetan pentsatuta helbide bat prestatu dute: https://plus.google.com/settings/endorsements.

Ezarpen horren inguruko informazio xehetuagoarekin batera, desgaitzeko aukera azaltzen da. “Nire jardueretan oinarrituta, Googlek nire izena eta profileko argazkia erakuts ditzake iragarkietan agertzen diren Gomendio Partekatuetan” aukera desgaitu eta Gorde botoia sakatuta, hain zuzen. Googleren neurri berria, datorren azaroaren 11an jarriko da indarrean.

android, Aplikazioak, Apple, Sakelako Telefonoak, Sare sozialak eta Microblogging, tabletak

Google+ HangoutS bat-bateko mezularitza prest dago lehiarako

HangoutSHangoutS Googleren bat-bateko mezularitzarako aplikazio berria da. Azken ekarpen horrek astebete darama App Storen, Google Play-en eta webean, Chrome nabigatzailerako gehigarri gisa. Merkatuan dauden gainontzeko aplikazioei lehia egitea baino, aplikazio berriak Google-ek dituen komunikazio zerbitzu guztiak bateratzea du helburu: txata, bideo dei zein telefonoetarako bat-bateko mezularitzarena.

Hainbat produkturen azkena suposatu du berrikuntzak, eta Google Talk, Google+ Messenger edo Google Chat and Video Service bezalakoak, dagoeneko ez dira existitzen bere horretan. Horien erabiltzaileak biltzen ditu HangoutS-ek. Inolako prestaziorik galdu gabe aberasten du haien jarduna.

Esate baterako, jada posible da iOS edo Android sakelako edo tablet batetik solasean aritzea testuz edo bideoz Gmail saioa irekita daukan ordenagailu erabiltzailearekin. Sakelakoa ahaztuta, bateria bukatuta edota sare gabe geratuta ere, etengabe konektatuta egoteko arazorik ez dago aurrerantzean.

Ohiko mezularitza aplikazioen ezaugarri guztiak biltzen ditu, aukera aurreratuagoekin batera: hamar pertsonaren arteko bideo elkarrizketak, Google-ren hodeian jarduna gordetzea (Gmail-en testuak eta Google+ sarean argazkiak), edo igorritako mezua irakurri dutenerako erakusle berriak. Hala ere, ñabardura txiki batzuk badauzka, eta ahots bidezko deiak, SMS mezuekin integrazioa edo sakelako plataforma gehiagotarako eskuragarri jartzea, Google-rentzat ez dira traba.

Google jabedun teknologia erabiltzen. Bai ote?

Beste behin ere, aurrea hartu dio nabarmen Google-ek Apple etxeari. Izan ere, iOS 6 bertsiotik aurrera lehenetsita datorren iMessage zerbitzuak izan beharko lukeen guztia baita HangoutS berria. Doako mezularitza eta plataforma artekoa, osoa eta fidagarria.

Software politikan kale egiten dabiltza Cupertino-koak, baina Google-n ere oraingoan ez dira libratu kritiketatik. Izan ere, haiek aupatu zuten XMPP protokolo estandarra, eta horrekin, edozein plataforma eta programen arteko erabiltzaileak komunikatzea posible egiten zuten. Orain, eredu hori bultzatzeari utzi eta protokolo pribatua darabilte; jada posible izateari utzi diolarik Google-ko kontaktuekin komunikatzea haiena ez den programetatik, adibidez.

Interneteko askatasunaren defendatzaile nagusia izan denak, monopoliora bideratzen duten erabakiak hartzeari ekin dio orain, baina, industriaren babesa falta zaiola estandarrari eta teknologikoki akituta geratu dela esanez zuritzen dute haien burua gaur-gaurkoz.

Google, Sare sozialak eta Microblogging

Google Plus, sare sozialen munduan sartzeko Googleren azken saiakera

googleplus2Google Plus (G+ bezala ere ezagututa) ez da Googleren lehenengo saiakera sare sozialen munduan sartzeko. Lehenengo, Orkut  (http://www.orkut.com) argitaratu zuen 2004an eta microblogging arloan ere sartzen ahalegindu zen Buzz proiektuarekin. Artean, Orkutek apenas izan du arrakastarik eta Buzzek ere ez ditu lortu espero besteko mugimendua. Baina Google Plus, aurtengo ekainaren 28an argitaratu zutenetik, indartsu sartu da eta lehenengo hilabetean 10 milioi erabiltzaile lortu zituen. Hori bai, oraindik urrun dago Facebookek dituen erabiltzaile kopurutik eta erabilpen mailatik. Gainera argitaratu zenetik behin probatzeko berotasuna igarota, Google Plusen hazkundea hoztu da nahikotxo. Probatzeko: http://plus.google.com

Google Circles

Google Plusek daukan berezitasunik garrantzitsuenetarikoa zirkuluen ideia da. Nork bere kontaktuak zirkulutan antolatu ahal ditu: lagunak, lankideak, familia, eta abar. Bakoitzak nahi dituen zirkuluak sor ditzake eta ondoren kontaktuak zirkuluetan sartu arrastatu eta jaregin eginez. Horrela erabiltzaileak bere jarioan argitaratzen duen informazioa izan ahal da publikoa, bere zirkuluetarako eta bere kontaktuen zirkuluetarako, bakarrik bere zirkuluetarako edo zirkulu edo kontaktu berezi baterako. Izan ere, sare sozialetan askotan nahasten dira familia, lagunak eta harreman profesionalak eta agian partekatzen den informazioa ez da guztiok ikusteko. Horrela, argitaratzen den sarrera bakoitzeko, aukeratu ahal da zeintzuk ikusten duten, adibidez, lagunak izeneko zirkulukoek bakarrik. Era berean, askotan sare sozialetan kontaktuak pilatzen dira eta informazio lar jasotzen du erabiltzaile bakoitzak, beraz, maiz kontaktu gertuen informazioa galdu ahal da. Era horretan, une bakoitzean ikusi ahal da erabiltzaileak nahi duen zirkuluaren jarioa bakarrik edo erabiltzaile guztien sarrerak batera.

Hau ez da ideia berri bat, software librea den Diaspora sare sozialak aukera hau eskaintzen zuen jada, beste era batean planteatuta, hori bai, eta dagoeneko Facebooken ere egin ahal den gauza bat da, nahiz eta Goolge Plusen bezain erraza ez izan.

Norabide bakarreko harremanak

Google Plusek daukan beste berezitasun bat Facebookekin alderatuta harremanak egiteko era da. Kasu honetan antza handiagoa dauka Twitterrekin. Erabiltzaile bakoitzak bere zirkuluetan nahi duen kontaktua sartzen du, beste erabiltzaileak ez du halaber onartu behar, adibidez, Facebooken, LinkedInen edo beste sare sozialetan gertatzen den bezala.

Kontaktuekin elkarrizketak gauzatzeko Google Plusek txata ere eskaintzen du GTalk-en bitartez, eta Google Plus-etik bertatik mezu elektronikoak bidaltzeko aukera ere badago.

Bideo txata taldeka

Hau guztia gutxi izango balitz, Google Plusek ere talde bideo txatak egiteko aukera ahalbidetzen du. “Hasi topaketa” izena duen botoi berde bat ikusten da, topaketak egiteko egutegi bat dela irudi lezake, baina ez da hori, taldeko bideo txata hasteko da. Pantaila partaideen eremu ezberdinetan banatu beharrean, beste bideo txat sistema batzuek egiten duten bezala, bideo txat sistema honek pantailan erakusten du une bakoitzean hitz egiten ari den erabiltzailearen bideoaren irudia.

Argazkiak

Google Plusek eskaintzen du atal oso bat erabiltzaileak sare sozial honetan dituen argazki guztiak kudeatzeko. Atal honetan erabiltzaileak igotako argazki guztiak ikusi ahal ditu hala nola etiketatuta dagoen argazkiak. Argazkiak kontaktuekin etiketatu daitezke, ezabatu edo efektu batzuen bitartez aldatu.

Jokuak

Jokuetarako ere atal berezi bat eskaintzen du Google Plusek. Bertan hainbat eta hainbat joko aurki daitezke on-line erabiltzeko. Beraz, ez da ezer instalatu behar ordenagailuan eta edozein sistema eragilerekin erabil daitezke, nabigatzaile hutsa behar delako, flash ere beharrezkoa da hainbat kasutan. Gainera, joko hauek guztiz integratuta daude sare sozialarekin eta beraz, jokoetako lorpenak edo puntuazioak argitara daitezke norberaren profilean. Era berean, askotan beste erabiltzaileekin batera jolastu ahal da eta norberaren kontaktuak ere gonbidatu ahal dira jolasteko.

Google Plus sakelako telefonoetan

Sakelako telefonoetan dagoeneko zenbaut aplikazio agertu dira Google Plus sare soziala telefono mugikorretik erabiltzeko. Esaterako,  Android telefonoetan Social Plus izeneko aplikazioarekin Google Plus, Facebook eta Twitter erabil daitezke. Hau da aplikazioaren lotura: https://market.android.com/details?id=social.plus.free.com