Multimedia, Osagarri Informatikoak, VR

Oculus Rift, errealitate birtualeko bururako gailua

Errealitate birtuala 1990eko hamarkadan egin zen ezagun, gehienbat zientzia fikziozko filmei esker. Hor daude, besteak beste,Johnny Mnemonic, Lawnmower Maneta Matrix trilogia. Bilboko Erakusketa Azoka zaharrean Gabonetan egin ohi zen PIN umeentzako parkean probatu ahal izan zen garai hartan. Beste hainbeste Poitierseko Futuroscope parkean ere. Kasko bat jantzita, begien parera zeuden pantaila txiki bik eta entzungailu batek bestelako ingurune bat erakusten zuten, norberaren ikuspegi guztia betez. Izan ere, ikusmena eta entzumena errealitate birtual batez ordezkatzen dituen murgiltze teknologia da VR edo Virtual Reality.

Irudi pixelatuetan barna, ezker eta eskuin, gora eta behera eginez, mundu berri bat erakusten zuten lehen gailu haiek; etorkizun hurbilean zabaldu behar zuen teknologiaren erakusgarria ziruditen. Hala eta guztiz ere, bizipenaren sinesgarritasun urriak eta prezio handiek eragin zuten errealitate birtualak izandako porrota.

Potentzial ikaragarria duen teknologia 

Hogei urte pasatu dira, eta teknologia zein erabiltzaileak ez dira ordukoak. Merkaturatzear da errealitate birtualeko behin betiko gailua: Oculus Rift. Hain zuzen, 1080p bereizmen handiko OLED pantailan puntako grafikoak eta irudiak erakusteko gaitasuna duten kasko modukoak.

Orain arte ikusitako Oculus VR gailuetan, bi eratako kontrola ageri da: mugimenduarena eta ikuspegiarena. Erabiltzaileak ikusi nahi duena buruaren mugimendu naturalarekin egiten du. Hau da, buruaren posizioaren jarraipena egin eta imitatzen du errealitate birtualak, unean uneko ikuspegi berria moldatuz irudi bidez. Mugimenduaren kontrola, berriz, XBOX 360 kontsolaren aginte batekin eraman dute probetan.

Ikus-entzunekoen iraultza amestuz

Hori ez da osagarri bat gehiago izango, ezta momentuko moda xume bat ere. Palmer Luckey sortzaileak iraultza ekarri du ikus-entzunezko esparrura. Izan ere, bideo jokoen erabilpena nabaria den arren, filmak eta liburuak simulatzeko balioko duela aurreratu dute. Pertsonaien azalean jarriko da ikuslea, eta, horrela, parerik gabeko murgiltze sentipena lortu. Aisialdirako, osasunerako, psikologiarako eta beste medikuntza esparruetarako ere erabilgarria izan daiteke. Probatu duten guztiak zur eta lur utzi ditu, behintzat, asmakizunak. Dena dela, teknologien esparruan hype esaten zaion fenomenoa pizten ari da orain Oculus Riften inguruan; esamesak eta gehiegizko itxaropena sustatzen direnekoa, alegia.

Ikusminetik babesera

2012an, E3 bideo jokoen azokan eman zuten Oculus Rift proiektuaren berri. Erakutsi zuten prototipoak atentzioa eman zuen. Eta, orduan, errealitate birtualerako teknologia edozein erabiltzaileren eskura jarri ahal izateko, finantzaketarako deia egin zuten.

Aho beteko erantzuna izan zuten. Kickstarter webgunean, milioi bat dolar bildu zuten ordu gutxitan, eta, 2,5 milioi dolarrera iristean (1,82 milioi euro), betetzat eman zuten eskaera. Hala ere, finantzaketa kolektiboak baino bultzada entzutetsuagoa jaso zuten iragan abenduaren 12an, Marc Andreessen Interneteko nabigatzaileen sortzailea batu baitzitzaien. 75 milioi dolarreko ekarpena egin zuen Andressenek (54.76 milioi euro).

Software garatzaileen erabateko babesa ere badu egitasmoak. Oculusen arduradunek eskuragarri jarri dizkiete sarean edukiak garatu ahal izateko tresnak edo SDK bildumak. Eskuliburu eta adibide eta guzti jarri ere. Laster hasiko dira agertzen VR gaitua duten bideo jokoak. Valve etxeak eta haren Steam plataformak babesa eman diote dagoeneko.

Baina errealitate birtualak betiko mamuak gainditu beharko ditu arrakastarako bidean. Izan ere, jendea irrikaz da merkaturatzeko eguna eta salneurria jakiteko, baina ez da halako informaziorik. Zurrumurru baikorrenek datorren Gabonetan aurreikusten dute estreinaldia, baina auskalo.

Urtarrileko CES 2014 azokan egin zuten azken erakustaldian, prototipo berria ikusteko beta izan zen. Crystal Cove prototipoarekin, aurreko bertsioen akats nagusiak zuzendu dituzte, eta hurbil omen dira azkenean merkaturatuko duten produktutik.

Irudi eta posizionamendu hobetuak 

Buruaren posizioaren jarraipena egiteko aurreneko saioetan, mugimendu bizkorregiek irudia lausotzen zuten. Erabiltzaileak zorabiatzen zituen akatsa zuzendu dute jada Crystal Coven. Hein batean, hutsera jaistea lortu dutelako OLED pantaila berriaren pixelen latentzia. Baina, batez ere, pixelak orain banaka programatu direlako, datu egokiek soilik pitz ditzaten.

Horretaz gain, sei norabideko kontrola deitu duten zehaztasun maila lortu dute. Arestian aipatutako oinarrizkoei sakontasuna gehituta egin dute. Esate baterako, errealitate birtualean ageri den paretako ohar bat hobeto irakurtzeko, burua aurrera bota edo okertu besterik ez da egin behar. Hurbildu egingo da ikuspegia, benetan gertatzen den gisara. Kaskoak erakusle txiki batzuk daramatza gainazal guztian barreiatuta, eta horien posizioa jasotzen duen kamera bat jarri behar da aurrean. Litekeena da kaleratzen dutenerako kamera sistema hori erosoagoa den beste batek ordezkatzea.

Nabigatzaileak

Google Chromerako gehigarriak

chrome1Zalantzarik gabe Mozilla Firefox nabigatzailearen abantaila garrantzitsu bat aparteko gehigarriak eta funtzionalitateak garatzeko eta instalatzeko aukera da. Hori dela eta, ildo horri heldu diote beste nabigatzaile batzuek. Horien artean, Google Chrome nabigatzaileak, izan ere, sorreratik nabigatzaile honek ahalbidetu du gehigarriak instalatzea.

Google Chromerako gehigarriak arakatzeko eta gustukoenak instalatzeko https://chrome.google.com/extensions/ webgunera jo daiteke. Hor hainbat hizkuntzatan ikusteko aukera dago. Hala ere, Firefoxen gehigarrien kasuan ez bezala, ez dago euskaraz ikusteko aukera. Gainera, gehigarriak aurkitzeko hainbat aukera daude, ohiko testu bilaketa erabili ahal da hitz gakoen arabera aurkitu ahal izateko edo zerrenda ezberdinak ere eskaintzen dira, hala nola gehitutako azkenak, bozkatuenak edo erabilienak.

GMail Checker

GMail (Googleren posta elektroniko zerbitzua) erabiltzailea izanez gero, Google Mail Checker gehigarri baliogarria izan ahal da. Behin instalatuta, nabigatzailearen goiko barran agertuko da ikonotxo bat erabiltzaileak irakurtzeke duen mezu kopurua erakusten duena, ikonoan bertan klik eginda erabiltzailearen GMailen sarrera ontzia kargatuko da zuzenean. Hau da gehigarri honen helbidea: https://chrome.google.com/extensions/detail/mihcahmgecmbnbcchbopgniflfhgnkff

RSSetarako gehigarriak

RSS Subscription gehigarriaren bitartez era azkar eta eroso batean gehitu ahal dira RSS jarioak gogoko on-line RSS irakurlera. Automatikoki antzematen ditu RSS iturriak bisitatzen ari den webgunean, eta RSS iturriak egonez gero, nabigatzailearen helbide-barran ikono bat erakusten da. Ikono horri saguarekin sakatuz gero, dauden iturriak erakusten ditu eta bakoitza aurreikustea ahalbidetzen du. Nahi izanez gero, RSS iturria gehitu ahal da gogoko on-line RSS irakurlera. Hasiera batean lau web irakurle eskaintzen ditu lehenetsita: Google Reader, iGoogle, Bloglines eta My Yahoo. Hala ere, web irakurle gehiago gehitu ahal dira. Gehigarri hau hemendik instalatu daiteke: https://chrome.google.com/extensions/detail/nlbjncdgjeocebhnmkbbbdekmmmcbfjd.

Honez gain, Google Reader erabiliz gero, Google Reader Notifier gehigarriaren bitartez erabiltzaileak jakinarazi ahal izango du irakurri gabe dituen artikuluak. Izan ere, nabigatzailearen goiko barran ikono bat agertuko da irakurri gabeko artikulu kopuruarekin eta bertan klik eginda, irakurri gabeko artikuluak aurreikusten dira. Halaber, Google Reader ireki daiteke fitxa berri batean. Hau da gehigarri honen helbidea: https://chrome.google.com/extensions/detail/apflmjolhbonpkbkooiamcnenbmbjcbf.

Webguneen argazkiak

WebPage Screenshot gehigarriak web orrialde osoen pantaila-argazkiak ateratzea ahalbidetzen du. Gainera gorde aurretik bertan idatzi eta marraztu ahal da informazioa bereizteko edo oharrak jartzeko, adibidez. Irudi hauek PNG formatu bezala gorde ahal dira. Probatzeko helbide honetara jo daiteke:
https://chrome.google.com/extensions/detail/ckibcdccnfeookdmbahgiakhnjcddpki.

Google Share Button, gehigarri sozial bat

Google Share Buttonekin webguneak partekatu ahal dira sare sozial askoren bitartez eta posta elektronikoren bitartez, erabil daitezkeen baliabideen artean daude: Facebook, Twitter, GMail, Hotmail, Yahoo! Mail, MySace, Digg, Delicious eta beste hainbat. Gehigarriaren helbidea hauxe da: https://chrome.google.com/extensions/detail/idaeealfhcijmeigljaopafdapgijdcb.

Google Translate

Google Translate (https://chrome.google.com/extensions/detail/aapbdbdomjkkjkaonfhkkikfgjllcleb) gehigarriak detektatzen du ea erabiltzailea ikusten ari den webgunea nabigatzailean konfiguratuta duen hizkuntzatan dagoen eta bestela bere hizkuntzara itzultzeko ikonoa erakusten du. Ikono horri sakatuta webgunea bere hizkuntzan agertuko da.

Internet, Nabigatzaileak

Xmarks bertan behera geldituko da 2011ko urtarrilan

xmarksXmarks nabigatzaileetarako oso gehigarri ezaguna da. Gehigarri honek edozein ordenagailutatik laster-markak eta gogokoak sinkronizatzea ahalbidetzen du. Web ingurunean barne ikusi eta kudeatu ahal dira estekak https://my.xmarks.com/ helbidean. Hasiera batean, Firefox nabigatzailerako gehigarri bezala hasi bazen ere, egun, Mozilla Firefox, MS Internet Explorer, Google Chrome eta Safari nabigatzaileetarako gehigarria zegoen. Oso gehigarri erabilgarria da ordenagailu edo gailu digital ezberdinetatik Internetera konektazen diren erabiltzaileentzat. Hala ere, 2011ko urtarrilaren 10ean bertan behera geldituko da zerbitzua, orrialde honetan adierazten duten bezala: http://www.xmarks.com/about/shutdown. Ez omen dute lortu negozio bideragarri bat aurrera eramatea. Antza, jartzen duten publizitatea, dituzten gastuen zati txiki bat ordaintzeko baino ez da heltzen. Une honetan 5 molioi erabiltzaileren mila milioi laster-marka baino gehiago kudeatzen eta sinkronizatzen ditu. Hala ere, aipatutako web orrialde honetan beste alternatiba batzuen berri ematen dute: Firefox Sync http://www.mozilla.com/firefox/sync/, Chrome Sync http://www.google.com/support/chrome/bin/answer.py?answer=165139 eta Windows Live Essentials http://explore.live.com/windows-live-devices-and-sync-program-settings-ui, hauek guztiak doakoak, eta Mobileme http://www.apple.com/mobileme/ erabiltzeko urteko 99$ ordaindu behar dira.