formakuntza

Haurrak ordenagailuak programatzen

Gure haurrak ordenagailuekin hazi direla eta, natibo digitalak direla esan ohi da. Ordenagailuen erabiltzaile abilak badira ere, gehienetan ez dute joko, nabigatzaile eta zenbait aplikazio ofimatikotik harago egiten. Programak sortzen ikasteko, badira sarean haur zein helduentzat hainbat baliabide, eta, atal honetan, horietako zenbait aurkeztuko ditugu.

Haurrei programazioaren munduan sartzeko lehen ahalegin ezagunenetako bat, Massachusetts Institute of Technology (MIT) ospetsuan egin zuten, 1967. urtean: Logo deritzon programazio hizkuntza asmatu zuten han. Agindu gutxi batzuk erabiliz, ikasleak dortoka itxurako kurtsorea gidatzen du pantailan, norabide ezberdinetan pausuz pausu eramanez.

Hamarkada oso baten ikono izan zen, bestalde, ZX Spectrum. Gailu kuriosoa zen orduko hura, gaurko begiekin begiratuz gero: telebistara konektatzen zen gomazko teklatu bat eta disko gogorrik ezean, garai bateko audio zintak —kaseteak— erabiltzen zituen ordenagailuak. Gailu hark, BASIC programazio hizkuntzako editore eta interprete bat zekarren, eta BASIC hori izan zen askorentzat programazioarekin izandako lehen esperientzia.

Gaur egungo baliabideak

Logo hizkuntza oraindik ere baliagarria den arren, gaur egun, interfaze grafikoak erabiltzen dituzten zenbait aplikazio daude eskura. Aplikazio dezente dago, baina euskaraz eskainitakoak oso gutxi dira. Microsoftek, Small Basic eskaintzen du, 10-16 urteko gaztetxoentzat pentsatua, eta ingelesez soilik. Hackety Hack ere oso inguru polita da programatzen hasteko, Software Ireki moduan eskaintzen da, eta, hainbat plataformatan erabil badaiteke ere, ingelesez aurki daiteke bakarrik. Alice ere hor dago, 3D programazio inguruarekin, hori ere ingeles hutsean.

Scratch

Programazioaren hastapenak erakusteko software ezagunenetako bat da Scratch. Logo hizkuntza bezala, Massachussets-eko Teknologia Institutu ezagunean garatua da, eta, hori bai, euskaratua dago.

Mac, Windows eta Linux plataformetan instala daiteke. Scratchekin, animazio, joko musika eta beste gauza batzuk sor daitezke, eta, gauza horiek guztiak sortzen diren bitartean, gaztetxoek matematika eta konputazio oinarriak barneratzen dituzte. Scratch erabiltzaile komunitate zabala dago, eta, Scratchen webgunean bertan, norberak garatutako programa edo animazioak jar daitezke edonork ikusteko eta jaisteko moduan.

Urtero, Scratch eguna maiatzaren 21ean antolatzen dute, eta, gure artean, iaz antolatu zuten zuen lehendabizikoz Bilbon, Alondegian. Lehen jardunaldi hartan, haurrek eskolan egindako lanak erakutsi zituzten, eta bertaratutakoek scratchekin egin daitezkeen gauzak ikusteko parada izan zuten. Aurten ere Scratch Eguna antolatzekotan dira, eta http://www.scratcheguna.eu/ webgunean jaso daiteke informazioa gehiago, nahi izanez gero.

Beste baliabide batzuk

Aplikazio informatikoez gain, badira liburu eta beste baliabide batzuk haurrek programatzen ikasteko.

Liburuei dagokionez, berriki, Warren eta Carter aita-semeek Computer Programming for Kids liburua sortu dute haurrei programatzen erakusteko; oraingoz, ingelesera, alemana eta txineraz bakarrik eskuratu daiteke.

Python programazio hizkuntza darabilen doako liburu bat ere badago sarean: Snake Wrangling For Kids; frantsesez eta gaztelaniaz ere lor daiteke liburu hori.

Jostailuei dagokienez, Lego etxeak haurrak informatika, programazio eta robotikan murgiltzeko jostailu berezi bat eskaintzen du: Lego Mindstorms.

E-Learning, Internet

Irakaskuntza elektronikoa eta plataforma libreak

ElearningIrakaskuntza elektronikoa edo e-learning, ezaguna den bezala, indarra hartzen ari da denbora pasa ahala. Abantaila handiak ditu, formazioa eman eta jaso ahal da distantzia eta denbora mugarik gabe. Izan ere, aukera paregabea da, adibidez, egoitza ezberdinak dituzten entitateentzat. Bestetik, irakaskuntza elektronikoa gehienbat era asinkrono batean ematen da. Irakasleek edo arduradunek teoria, ariketak, galdetegiak, foroak, dokumentazioa edo bestelako edukiak sartzen joaten dira plataformara eta ikasleek gaiak egiten joaten dira bakoitza bere erritmora eta ahal duen denbora tartean. Hain zuzen ere, formazioa egin nahi dutenek, baina formazio hori eguneroko lanarekin, familiarekin eta aparteko ardurekin bateratu behar dutenek zaila izaten dute egunero edo asteko ordu finko batzuk gordetzea euren formaziorako. E-learning plataformen bitartez, ordea, askoz malguagoa da. Epeak izan ahal dira guztiz libreak, nork bere formazioan ahal heinean aurreratzeko. Halaber, epeak zehaztu arren, teoria, ariketak edo blokeak amaitzeko, norberak antolatu ahal du bere denbora eta ematen dituen orduak epe horietara heltzeko. Txaten bitartez saio sinkronoak ere antolatu ahal dira, hitzordu batzuk jar daitezke guztion artean esperientziak edo zalantzak partekatzeko irakaslearekin eta ikasleen artean. Denbora mugaz eta muga fisikoez gain gastuen aurrezkia ere aintzat hartu behar da, garraioa edo prestakuntza emateko lekuaren gastua bezala. E-learning plataformak gastu batzuk suposatzen baditu ere martxan jartzeko eta mantentzeko.

Era berean, badago alde txarrak aurkitzen dizkiona irakaskuntza elektronikoari. Formazio prozesua bera eta harremana hotzagoa izan daiteke irakaslearekin zein ikaskideekin. Bestetik, ikasleek ardura handiagoa behar dute beren burua ikastera behartzeko eta irakasleek aparteko trebetasunak ere eduki behar dituzte ikasleak motibatzeko, zailtasunak gainditzeko eta zalantzak argitzeko.

Zer behar da e-learning plataforma bat abiarazteko

E-learning plataforma bat abiarazteko, ostatze zerbitzu bat ezinbestekoa da, zeren eta Interneten kokatu beharko litzatekeen irakaskuntza elektronikorako plataforma hori. Bestetik, domeinu bat hartu daiteke e-learning plataformarako edo domeinuren bat edukiz gero, domeinu horren azpidomeinu bat erabil daiteke. Beharbada, enpresa edo entitate batzuk nahiago dute euren sare lokalean edo intranetean instalatzea e-learning plataforma, soilik barne formaziorako erabili nahi dutelako. Kasu horretan ez litzateke beharrezkoa izango ez ostatze zerbitzua ez domeinua, sare lokalaren azpiegitura erabil liteke.

Bestetik, ikastaroak on-line emateko aplikazio bat beharrezkoa da. Aplikazio honek ikastaro bakoitzeko teoria, ariketak, gaiak edo ebaluazioak kudeatzeko aukera izan behar du. Honetaz aparte, multimedia edukiak, dokumentazioa, wikia, foroak eta txat bezalako baliabideak oso ondo etor daitezke irakaskuntza on-line ahalik eta osatuen izateko.

Ikastaroak zerbitzatzea eta kudeatzea ahalbidetzen dituen aplikazio hau neurrira garatu ahal da behar bereziak egonez gero edo aukeratu daiteke horretarako garatutako aplikazio libre bat.

Moodle

E-learning plataformak garatzeko zenbait aplikazio libre daude, baina ezagunena Moodle da zalantzarik gabe. Erabiliena izateaz gain, lokalizatuena ere bada, hain zuzen ere, 85 hizkuntzatan baino gehiagotan dago itzulita, euskaraz, besteak beste. Moodle software librea da eta dohainik deskargatu daiteke. Aplikazioa instalatu ahal izateko web zerbitzari bat beharrezkoa da PHP interpretatzailearekin eta datu base kudeatzaile batekin, MySQL erabiltzen da gehienetan. Erraz instalatzen da eskaintzen duen web instalatzailearen bitartez. Hau da aplikazioa deskargatzeko eta informazio gehiago lortzeko webgunea: http://moodle.org/. Moodlek aukera anitz eta malgutasun handia eskaintzen du irakaskuntza on-line kudeatzeko orduan eta Interneten foro eta dokumentazio asko aurkitu daiteke erabiltzen ikasteko.

Claroline

Claroline ez da Moodle bezain ezaguna eta ez da hain osatua baina oso erabilerraza da eta oso aukera interesgarria izan daiteke Moodle bezain plataforma konplexua behar ez dutenentzat, batez ere, erraztasuna bilatzekotan. Ez dago hainbeste hizkuntzatan, euskaraz ere ez dago, baina software librea denez, ez da zaila euskaratzea. Esan bezala, Claroline proiektuak ez dauzka Moodlek besteko aukera eta malgutasuna baina oso azkar erabiltzen ikasten da eta oso erraza da. Kasu honetan ere web instalatzaile baten bitartez instalatzen da eta erabili ahal izateko web zerbitzari bat, PHP eta MySQL ezinbestekoak dira. Proiektuaren webgunea http://www.claroline.net da.

Dokeos

Moodle eta Claroline aplikazioez gain, Dokeos (http://dokeos.com/) ere izan daiteke aztertzeko beste aukera bat e-learning plataforma bat abiarazteko orduan. Oso diseinu erakargarria dauka eta aurreko kasuetan, software librea eta doakoa da. PHP eta MySQL teknologiak ere erabiltzen ditu.