android, Aplikazioak, Apple, formakuntza, Hezkuntza, Internet, Irisgarritasuna, Mahaigaina, Mugikorrak, Sakelako Telefonoak, tabletak

Elhuyar ZTH Hiztegia, iOS eta Android-etan pronto

elhuyar2Irailetik eskuragarri dago, dohainik, Elhuyar Zientzia eta Teknologiaren Hiztegi Entziklopedikoa aplikazio gisa. iOS eta Android euskarrientzako prestatuta dago. Zientzia eta teknologia arlo guztietako informazioa biltzen duen euskarazko lehen hiztegi entziklopedikoaren aplikazioa da. Webgunean eskuragarri dagoen guztia, aurrerantzean sakelako eta tabletetan ere era erraz batean kontsultatu ahal izango da. Proiektu hau, zientzia alorretan sailkatutako 1.500 irudiz apaindutako 23.000 kontzeptu inguru dituen hiztegia da.

Oso aplikazio interesgarria da zientzia edo teknologiari buruzko informazio orokor eta eguneratua behar duen edozeinentzat: DBHko, Batxilergoko eta Lanbide Heziketako ikasle eta irakasleak, kazetariak, itzultzaileak, gurasoak… Kontsultak egiteko aukerak ere zabalak dira, eta sartu nahi den hitza euskaraz, gaztelaniaz, ingelesez, frantsesez edo latinez egon, emaitza berdin jasoko da. Itzulitako emaitza horrek, sartutako hitzaren euskarazko definizioa bueltatzen du, eta hitz horren ordainak, berriz ere, aipatu hizkuntzetan.

android, Aplikazioak, Apple, Bilatzaileak, elkarlana, Jokoak, Multimedia

EuskalAPPs, euskarazko aplikazioen komunitatea

Euskal aplikazioak aurkitzeko eta sortzeko komunitatea plazaratu berri dute sarean. Zaratarik egin gabe, ia ezustean iritsi zen ataria aurreko astean. Ideiaren asmatzaileak The Movie Virtual enpresakoak dira, eta, Jaurlaritzako Hezkuntza sailaren babesarekin ataria abiarazi ostean, Twitter sare soziala aukeratu zuten jardueraren berri emateko: @euskalapps: «Online gaude! Laguntza asko behar dugu proiektu hau ondo bideratzeko… prest al zaudete? http://www.euskalapps.net».

Helburu bikoitzaz aurkeztu gura izan dute ekintza: euskal aplikazioen erabilera bultzatzeko biltegi bateratuaz gain, berriak sortzeko argibideak ere eskaintzen dituzte. Jardueraren ibilbidea ikusteko dago oraindik, baina ez dute nahi bitartekari falta muga izatea: programatzeko lanabesak eta interfazeak jarri dituzte eskuragarri, eta badago biderik lankidetzarako nahiz proiektu berriak sortzeko. Bide batez, erabiltzailea ere aplikazio garatzaile bihurtzea da jomuga. Norberak sortu edo aurkitu duen aplikazioa sustatzeko aukera ere eskaintzen dute ondoren. Horrez gain, beste hizkuntzetan dauden aplikazioak euskarara itzultzeko aukera ematen dute.

Oraindik ez dauzkate bilduta merkatuan euskaraz eskuragarri dauden aplikazio guztiak, eta daukaten eskaintza 50 bat aplikaziokoa da bakarrik. Baina euskarriei dagokienez, ez dira motz geratu: Apple, Android, Windows Phone eta BlackBerry telefono eta tabletetan dauzkate eskuragarri aplikazioak. Gurean dagoeneko ezagunak diren aplikazio batzuk ageri dira dagoeneko: besteak beste, TxalapartApp, BertsoApp, KulturMapp proiektua, Ordiziako azokaren salneurriak jasotzen dituena, Elhuyar hiztegia, iHondartza —uda garaia gerturatzen denerako — eta poteoko zerrendetarako ApPoteo aplikazioak dituzte eskuragarri.

android, Aplikazioak, Apple, ebook, Euskara, Hezkuntza

Elhuyar hiztegiak, orain tabletetan ere eskuragarri

Emandako hitza betez, bueltan dira Elhuyar Fundaziokoak. Duela urtebete smartphone-etara egokitu zituen bost hiztegi egokitu ditu orain tabletetarako, Android euskarrientzat eta iPadentzat, hain zuzen. Orain, Elhuyarren hiztegi horiek eskura daude bai smartphone-etarako eta bai tabletetarako: Elhuyar hiztegia (euskara-gaztelania/castellano-vasco); Elhuyar hiztegia/dictionary (euskara-ingelesa/english-basque); Dictionnaire Elhuyar hiztegia (euskara-frantsesa/français-basque); Elhuyar Sinonimoen Kutxa; eta Elhuyar Ikaslearen Hiztegia. Elhuyar Ikaslearen Hiztegia kenduta, gainerako lau hiztegiak off line dira; beraz, instalatu ostean, ez dute Interneterako konexio beharrik.

Hurrengo erronka hiztegiak liburu elektronikoetan integratzea da. Horrela, erabiltzaileak liburu elektronikoa irakurtzen duen artean, hiztegietan bilatu ahal izango du. Gainera, Elhuyar Zientzia eta Teknologiaren Hiztegi Entziklopedikoa smartphone-etara egokitzeko asmoa ere iragarri dute.

Oraingoz, Elhuyar hiztegiak smartphone-etarako eta tabletetarako App Store eta Google Play dendetan daude salgai, hiru euroan. Doako demoak deskargatu ahal izango ditu erabiltzaileak, aplikazioa probatzeko. Aplikazio horiei buruzko informazio gehiagorako: http://www.elhuyar.org/hiztegiak-mugikorretan.