Aplikazioak, Google, Sakelako Telefonoak, tabletak

Google Currents aldizkari zerbitzu berria eskuragarri iOS eta Android euskarrientzat

Lehendabizi AEBetan izan zen eskuragarri iOS eta Android sistementzat, eta pasa den apirilean kaleratu zuten Google Currents mundura; eduki digitalak aldizkariak balira bezala bistaratzen dituen plataforma berria. Tabletentzat eta telefonoentzat egun dagoen edizio digitalen aukera zabala da (Feedly, Pulse edo Taptu aipatu daitezke), baina guztietan ezagunena den Flipboard aplikazioarekin lehiatzeko merkaturatu zuten benetan Currents. Flipboardek, albiste, eduki eta sare sozialen eguneraketa guztiak leku bakar batetik eta aldizkari bezala ikusteko aukera eskaintzen duen gisara, Currents zerbitzuak ere web orrialde desberdinetako informazioa bistaratzen du, Youtubeko kanalen eta bestelako feed edo jarioen kudeatzaile lanak egiten ditu. Eduki horiek guztiak eskuratzeaz gain, bakoitzaren gailu eramangarrien pantailetara automatikoki doitzen du informazioa, ahalik eta argi eta irakurgarrien utziz irakurleentzat. Bisualki ere dotorea, erabilterraza eta garbia den albiste irakurlea aurkeztu du beste behin ere Googlek. Zerbitzua doakoa da, eta han eskuragarri dauden harpidetza guztiak ere bai.

App honi esker, edonor harpidetu daiteke hainbat publikaziotara eta haietako eguneratzeak jaso automatikoki patrikako gailuan. Logikoa denez, lehendik Google Reader kontua zeukanak, bertako harpidetza guztiak berreskuratuko ditu hemen, berezitasun batekin: argitalpen horiek ez dira web bateko albiste jario hutsa, Currents-erako espresuki sortutako aldizkari digitalak baizik; web atariko sarrerez gain, telefono eta tabletentzat bereziki argitaratutako sailak eta artikuluak izan daitezke. Edukien sailkapen aurreratuago hori, eta informazioa haien pantailetara egokituta azaltzeak, gailu eramangarrien erabiltzaileen begietara erakargarriagoa den aldizkari eskaintza dakar azken batean.

Doako aldizkarien aplikazio berriak lehiakideekiko daukan balio erantsia edo gainjarria, haien itzulpenen aplikazioa edo Google Translate-ren integraziotik dator: edozein aldizkari arrotzetan harpidetu daiteke beldurrik gabe hemen, eskuragarri dituen 38 hizkuntzen artean lehentasunez ezarritakora itzuli baitezake edukia momentuan. Hala eta guztiz ere, BETA fasean dago euskarako itzulpenen zerbitzua; eta ondorioz euskaratik itzultzeko gai bada beste edozeinetara, baina ez alderantziz.

Zibergela edizioa ere eskuragarri

Nolanahi dela, Zibergelak oihartzuna izango du aurrerantzean txoko honetan ere, edizioa estreinatu baitu Google Currents-en berriki. Aplikazioa deskargatu eta Zibergelara harpidetzeko, ondorengo esteka sartu besterik ez dago sakelako edo tabletaren nabigatzailean: http://www.google.com/producer/editions/CAow3ciCBA/zibergela. Nahiago duenak ostera, QR kodigoa irakurrita berdina lortu dezake. Oraingoz, harpidetzeko modu bakarrak horiek dira, 200 abonutik gorako edizioak bakarrik ageri direlako edizio berriak bilatzeko ataleko emaitzetan. Hasierako bultzadarako deia da hau beraz, Animatu ba!

Multimedia

Bideoekin lan egiteko aukera libreak

bideo edizioaArgazkiekin batera, bideoen bitartez gordetzen dira norberaren bizitzaren oroitzapen garrantzitsuenak, umeen lehenengo urratsak, bidai ederrak, sendiarekin izandako bizipenak, lagunekin bizi izandako une bereziak edo dibertigarriak. Halaber eta asmo “serio” edo “hotzagoekin” arlo profesionalean bideoa asko erabiltzen den formatua da. Enpresaren aurkezpena, produktu edo proiektu berezi baten aurkezpena, helburu didaktikodun bideoak, besteak beste. Bideoak besterik gabe grabatu daitezke eta lana hortxe bukatuko litzateke, baina, argazkien kasuan bezala, edizioarekin beti lor daiteke lan txukunago bat eta ukitu pertsonalago bat eman dakioke.

Bideo-edizioa, argazki-edizioa bezala, lan neketsua eta konplexua izan daiteke, honetarako arlo horretan diharduten profesionalak daude. Baina, hobekuntza eta aldaketa batzuk egitea edonoren esku dago, batez ere horretarako aplikazio libre anitz daudenean.

VirtualDub

VirtualDub bideoak kapturatzeko eta editatzeko baliabide doakoa da. MS Windows sistemetarako garatuta dago eta sistema eragile honen bertsio gehienetan egikari daiteke. Gainera, bertsio eramangarria ere badauka aplikazio honek, beraz, USB memoria batean eraman daiteke edozein ordenagailutan erabili ahal izateko, beti MS Windows sistema batean, hori bai. Aplikazioaren webgunea http://www.virtualdub.org da, bertan dago dokumentazio osoa ingelesez eta aplikazioa deskargatzeko aukera. Aplikazioa bera ere ingelesez dago. Bertsio eramangarria hemendik deskargatu daiteke: http://portableapps.com/apps/music_video/virtualdub_portable.

Avidemux

Avidemux ere bideoak editatzeko aplikazio doakoa da, MS Windows, GNU/Linux eta Mac OS X sistemetarako bertsioak jaitsi daitezke. Audio eta bideo formatu anitzekin lan egin dateke aplikazio honen bitartez. Erabiltzaile batzuek VirtualDubekin antzekotasun handia aurkitzen diote, hala ere, Avidemux erabiltzea errazagoa suerta daiteke. Hona hemen deskargatzeko webgunea: http://avidemux.berlios.de/download.html.

GNU/Linux sistema eragilean

Avidemux ere GNU/Linux sistemetan erabil badaiteke ere, Ubuntun eta GNU/Linux sisteman orokorrean, Cinelarra, Kino edo KDEnlive aplikazioak ezagunagoak dira. Aplikazio hauek pakete biltegitik deskargatu daitezke Ubuntu eta GNU/Linux bertsio gehienetan. Hala ere, proiektu bakoitzari buruzko informazioa lortzeko edo eskuz deskargatzeko, hona hemen hurrenez hurren aplikazio bakoitzaren webguneak: http://cinelerra.org, http://kinodv.org eta http://www.kdenlive.org.

KDEnlive Mac Os X sistemetan ere erabil daiteke.

Formatuen arteko bihurketak egitea

Batzuetan, erreproduzgailu batean edo bestean ikusteko, edo bideoa txikitzeko, formatuz aldatu behar da. Hala, bada, bideoa editatzeko helburu bakarra formatuz aldatzea besterik ez bada, aurrekoak baino aplikazio sinpleagoak erabil daitezke. Izan ere, badaude aplikazio batzuk bideo formatuen arteko bihurketak egitera soilik bideratuta eta normalean, bideoak editatzeko aplikazioak baino txikiagoak eta errazagoak dira. Horren adibide bat, WinFF aplikazioa da. Aurrekoak bezala, aplikazio librea eta doakoa da. MS Windows eta Ubuntu zein GNU/Linux banaketa ezberdinetarako paketeak daude. Aplikazio eramangarri bat ere deskargatu daiteke. Hau da aplikazioa deskargatzeko helbidea: http://winff.org/html_new/downloads.html.

Bideoekin lan egiteko beste aplikazio interesgarriak

Kinovea aplikazioak bideo sekuentzia bat kamara geldoan ikusteko eta aztertzeko aukera eskaintzen du. Era berean, puntu gako eta garrantzitsuak bereiztea eta marrazkiak zein oharrak txertatzea ahalbidetzen du. MS Windows sistemetan erabil daiteke eta http://www.kinovea.org webgunetik deskargatu daiteke. Aplikazio hau oso baliagarria izan daiteke entrenatzaileentzat eta kirolarientzat zein bideoen bitartez kontzeptuak irakatsi behar diren profesionalentzat, medikuak, esate baterako.

Bestetik, CamStudio aplikazioaren bitartez ordenagailuaren pantaila graba daiteke, audioa zein bideoa. Bideoak Flash edo AVI formatuetan sor daitezke. MS Windows sistemetan erabiltzeko prestatuta dago eta hemendik deskargatu daiteke: http://camstudio.org/.