android, Aplikazioak, Apple, Ofimatika

Office Mobile, debalde iPhone eta Androidetan iPaderako estreinaldian

Office-iPad-tabletsOffice Mobile da Microsoften bihotzeko bulegotika paketearen estreinako jauzia Windows ez den plataformetara. IPhone eta Android telefonoetarako bertsioen atzetik, orain iPaderako egokitu eta erabat aberastu izana da albiste. Iragan astean eman zuen horren berri Microsofteko agintari berriak, Satya Nadellak. Lanerako erosoagoa den tabletara jauzi egin eta eskaintza hedatzea da xedea. Bide batez, Appleri bere plataforman bertan lehiatuz erronka egitea.

Deskargatzean Word, Excel eta Powerpoint aplikazioak jasotzen dira. Paketean ohikoa den Outlook posta elektronikoko bezeroa eskaintzatik at utzi dute oraingo honetan. Baina txundigarriena ez da hori, sakelakoetarako Office Mobile dohainik jartzeko erabakia baino.

Doakoa, ñabardurekin

Ez du hautu propioz egin, lehiakideek hala beharturik baizik. Eta, hala eta guztiz ere, dokumentuak ikusteko eragozpenik egon ez arren, editatzeko aukera guztiak beharrez gero, Office 365 harpidetza ordaindu beharra dago. Hilean 9,99 euro edo urtean 99,99 euro ordaindu beharrekoa. Tabletaren kasuan, mugak harago doaz, eta dokumentuak ikusi baino ezin da egin doako eskaintzarekin. Telefonoen bertsioa, berriz, osorik balia daiteke; baina tresna bera da mahaigaineko edo iPadeko bertsioak baino aukera gutxiago dituena. Esaterako, eranskinak txertatzeko edo taulak doitzeko aukerak falta zaizkio.

Applek iWorks eta Googlek QuickOffice doako egin ostean, Microsoften erantzun lasterra espero zuten askok. Orduan, Zibergelan ere jardun genuen tableten bulegotika aplikazioetako lehiaz: http://zibergela.bitarlan.net/2013/10/17/quickoffice-bulegotika-aplikazioa-doakoa-egin-du-googlek/.

Gainera, enpresek zein erabiltzaileek nahiago dute Dropbox edo Drive erabili dokumentuak gordetzeko. Egoera irauli eta Office Mobilek sortutako olatua aprobetxatzeko asmoz, OneDrive lehenetsi dute. Ondorioz, Internet sarbidea edo seinalea ezinbestekoak dira gordetzeko. Kopiak lokalean biltegiratzea gabezia latza da.

Ikusteko dago zeinek irabaziko duen telefono eta tableten norgehiagoka, baina, horrela, Microsoftek gehiago estutu du lehia. Erabiltzaileen mesedetan, bistan da.

iPaderako aplikazioak banaka aurki daitezke, bilduman izan beharrean: Microsoft Word for iPad, Microsoft Excel for iPad eta Microsoft Powerpoint for iPad sekulako arrakasta izaten ari dira. Telefonoetarako, berriz, deskarga bakarrean eta doan dago Office Mobile App Store eta Google Play lekuetan.

Mahaigaina, Mantenimendua, Segurtasuna, Windows

Windows XPren eguneraketak bertan behera

saioa itxi xpWindows XP plazaratu zutenean 2001ean, inor gutxik imajina zezakeen 2014an oraindik bizirik eutsiko zionik jardunari. Harrigarriena da, baina, oraindik arrakasta duela. Munduan bilioi bat ordenagailu daudela kalkulatzen da, eta horietatik %40k Windows XP darabilela. Alimaleko kopurua da hori hamar urte baino zaharragoa den sistema eragile batentzat. Ikusi besterik ez dago gehien erabilien zerrendan bigarrena dela XP, egun dagoen sistema eragileen eskaintza zabala den arren. Windows 7 da sailkapen buru orain.

Windows XP plataforma denbora luzez jendearen gogoko izan bada, hein batean, aurrekoekin zein hurrengo Vistarekin alderatuta, egonkorra, bizkorra eta nahiko erabilerraza izan delako da. Hala ere, aldeak murriztu dira eta eskaintza zabaldu. Baina, hamar urteren buruan, askok egin dute Windows berdinarekin jarraitzeko aukera. Askotan, besterik gabe; behin ohituta, erosoena zaielako.

Microsoften hitzetan, informazio eta komunikaziorako teknologiek etekina eman dezaten, berritu beharrekoak dira. Softwareak hamar urteko bizi zikloa nahikoa duelakoan, muga horren ostean doako sostengua mozteko irizpidea ezarri berri dute. Esan gabe doa, lizentzia eta ordenagailu berriak erosteko gonbidapena dela.

Ondorioa da, apirilaren 8an Windows XP eta Office 2003 bulegotika programen bildumaren doako eguneraketak bertan behera geratuko direla. Aldiro automatikoki deskargatu eta instalatzen diren partxeak edo adabakiak dira, hackerrek sisteman aurkitu eta baliatzen dituzten segurtasun akatsak estaltzeko behar-beharrezkoak.

Eragina

Ez litzateke aurreneko aldia Windows XP-ren bizi zikloaren azkena iragarri ondoren luzatzen dutena. Oraingoak, baina, atzera bueltarik gabeko erabaki komertziala dirudi. Eguneraketak kentzeaz gain, erabiltzaileentzako arreta zerbitzua ere kendu egingo dute. Eta albo ondorio gisara, gainontzeko hardware fabrikatzaileek eta software garatzaileek ere beste hainbeste egingo dute, benetako kalte bihurtzeraino.

Izan ere, eta Microsoften babesik gabe, ez du hankarik ez bururik segurtasun zuloz eta akatsez beteriko plataforma baterako software berria garatzeak. Bestela ere, pentsa daiteke nahiko denbora eta lan izango dutela Windowsen beste plataformetarako haien programak egokitzen. Eta, beraz, Windows XPn lehendik dauden programentzat laguntza eta babesa ematen jarraitzea ekonomikoki bideraezina izango denez, utzi egin beharko dute.

Larritu beharrik ez dago. Babesik gabe geratu arren, apiriletik aurrera Windows XP sistema duten ordenagailuak berdin-berdin ibiliko baitira. Baina norberaren erantzukizunpean. Erakunde eta enpresen kasuan, irudia eta harremanak ezbaian jar daitezke, eta migratzea derrigorrezko dute.

Antibirusek, suhesiek eta gainontzeko segurtasunerako programek haien funtzioa berdin beteko dute, nolabaiteko babesa eskainiz. Baina denbora pasatu ahala, horiek ere eraginkortasuna galduko dute, eta ahalegin kamutsak izango dira.

Internet Explorer nabigatzailea erabiltzen dutenek honezkero nabari dute datorren utzikeria: XPrako martxan dabilen azken bertsioa Explorer 8 da, eta dagoeneko web orrialde askok dituzten ezaugarri berrienak ezin ditzake erakutsi horretarako doituta ez dagoelako programa. Arazo hori berehala larrituko da, web teknologia berrien erabilpena sarean hedatuz doan abiaduran. Windows XP erabiltzaileek Interneten nabigatzeko zailtasunak eta ezintasunak izango dituzte, lehenago edo geroago.

Aukerak

Ezer egin gabe geratzeak hasieran balio dezakeen arren, akatsek zein programa berrien faltak gogaituko dituzte erabiltzaileak. Azkenean, Bill Gatesen konpainiaren jokoan sartuko dira gehienak. Behintzat ordenagailua zaharra bada, Windows 7 edo 8 instalatuta duen berri bat erostea da konponbide eroso eta motzena.

Ordenagailuaren zehaztapenek uzten badute, eguneratzea aintzat hartzeko aukera da. 7 da XPtik gertuen dagoena erabilpenean; ez dago jauzi handirik bertara. 8, aldiz, telefonoen tankerakoa da, eta aplikazio denda eta guzti dauka. Gehiago kosta daiteke aldaketa, eta ez da bestea bezain arrakastatsua gau- gaurkoz.

Bestela, Microsoft Premier Support zerbitzua ere badago, norbanakoentzat baino gehiago erakunde eta enpresentzat dena, eta urtero ordaintzeko harpidetza bidezkoa. Horrekin, behintzat, Windows XP mantendu eta Microsoften laguntza bermatuko litzateke. Baina bidezidor hori Microsoftentzat deserosoa denez, zerbitzua garestitu du.

Geratzen den alternatiba, GNU/Linux edo software libreko sistema eragile bati aukera eman eta probatzea litzateke. Ubuntu da onarpeni handiena izan duena, haren atzeko Canonical enpresaren azken mugimendu komertzialek software libreko komunitatetik urrundu badute ere.

android, Aplikazioak, Apple, Euskara

Langile autonomoek orduko kobratzekoa kalkulatzeko ‘app’-a

Freelance langile edo autonomoek eskuragarri dute haien lanorduen prezioa kalkulatzeko telefonorako eta weberako aplikazio bana. Calculadora Freelance izeneko kalkulagailua Laura Lopez diseinatzaile bilbotarraren eta Torrysoft enpresaren lankidetzaren emaitza da.

Izenik eman beharrik gabe, pauso gutxitan eta era sinplean egin daitekeelako du arrakasta. Besterik gabe, galdera batzuk erantzunez itzultzen du kalkulua. Hainbat aldagairen artean, autonomoen gutxieneko gastuak aintzat hartu eta egindakoa errentagarria izateko gutxienekoa ezartzeko balio du. Hots, aurrekontu fidagarri eta onuragarriak osatzen lagundu dezake.

Calculadora Freelance doako zerbitzua euskaratua dago, eta zuzenean erabil daiteke http://www.calculadorafreelance.com/eu/ Internet atarian edo iPhone telefenoetan App Storen deskargatuta. Androiderako bertsioa ere iragarrita dago.