Multimedia

Bideoekin lan egiteko aukera libreak

bideo edizioaArgazkiekin batera, bideoen bitartez gordetzen dira norberaren bizitzaren oroitzapen garrantzitsuenak, umeen lehenengo urratsak, bidai ederrak, sendiarekin izandako bizipenak, lagunekin bizi izandako une bereziak edo dibertigarriak. Halaber eta asmo “serio” edo “hotzagoekin” arlo profesionalean bideoa asko erabiltzen den formatua da. Enpresaren aurkezpena, produktu edo proiektu berezi baten aurkezpena, helburu didaktikodun bideoak, besteak beste. Bideoak besterik gabe grabatu daitezke eta lana hortxe bukatuko litzateke, baina, argazkien kasuan bezala, edizioarekin beti lor daiteke lan txukunago bat eta ukitu pertsonalago bat eman dakioke.

Bideo-edizioa, argazki-edizioa bezala, lan neketsua eta konplexua izan daiteke, honetarako arlo horretan diharduten profesionalak daude. Baina, hobekuntza eta aldaketa batzuk egitea edonoren esku dago, batez ere horretarako aplikazio libre anitz daudenean.

VirtualDub

VirtualDub bideoak kapturatzeko eta editatzeko baliabide doakoa da. MS Windows sistemetarako garatuta dago eta sistema eragile honen bertsio gehienetan egikari daiteke. Gainera, bertsio eramangarria ere badauka aplikazio honek, beraz, USB memoria batean eraman daiteke edozein ordenagailutan erabili ahal izateko, beti MS Windows sistema batean, hori bai. Aplikazioaren webgunea http://www.virtualdub.org da, bertan dago dokumentazio osoa ingelesez eta aplikazioa deskargatzeko aukera. Aplikazioa bera ere ingelesez dago. Bertsio eramangarria hemendik deskargatu daiteke: http://portableapps.com/apps/music_video/virtualdub_portable.

Avidemux

Avidemux ere bideoak editatzeko aplikazio doakoa da, MS Windows, GNU/Linux eta Mac OS X sistemetarako bertsioak jaitsi daitezke. Audio eta bideo formatu anitzekin lan egin dateke aplikazio honen bitartez. Erabiltzaile batzuek VirtualDubekin antzekotasun handia aurkitzen diote, hala ere, Avidemux erabiltzea errazagoa suerta daiteke. Hona hemen deskargatzeko webgunea: http://avidemux.berlios.de/download.html.

GNU/Linux sistema eragilean

Avidemux ere GNU/Linux sistemetan erabil badaiteke ere, Ubuntun eta GNU/Linux sisteman orokorrean, Cinelarra, Kino edo KDEnlive aplikazioak ezagunagoak dira. Aplikazio hauek pakete biltegitik deskargatu daitezke Ubuntu eta GNU/Linux bertsio gehienetan. Hala ere, proiektu bakoitzari buruzko informazioa lortzeko edo eskuz deskargatzeko, hona hemen hurrenez hurren aplikazio bakoitzaren webguneak: http://cinelerra.org, http://kinodv.org eta http://www.kdenlive.org.

KDEnlive Mac Os X sistemetan ere erabil daiteke.

Formatuen arteko bihurketak egitea

Batzuetan, erreproduzgailu batean edo bestean ikusteko, edo bideoa txikitzeko, formatuz aldatu behar da. Hala, bada, bideoa editatzeko helburu bakarra formatuz aldatzea besterik ez bada, aurrekoak baino aplikazio sinpleagoak erabil daitezke. Izan ere, badaude aplikazio batzuk bideo formatuen arteko bihurketak egitera soilik bideratuta eta normalean, bideoak editatzeko aplikazioak baino txikiagoak eta errazagoak dira. Horren adibide bat, WinFF aplikazioa da. Aurrekoak bezala, aplikazio librea eta doakoa da. MS Windows eta Ubuntu zein GNU/Linux banaketa ezberdinetarako paketeak daude. Aplikazio eramangarri bat ere deskargatu daiteke. Hau da aplikazioa deskargatzeko helbidea: http://winff.org/html_new/downloads.html.

Bideoekin lan egiteko beste aplikazio interesgarriak

Kinovea aplikazioak bideo sekuentzia bat kamara geldoan ikusteko eta aztertzeko aukera eskaintzen du. Era berean, puntu gako eta garrantzitsuak bereiztea eta marrazkiak zein oharrak txertatzea ahalbidetzen du. MS Windows sistemetan erabil daiteke eta http://www.kinovea.org webgunetik deskargatu daiteke. Aplikazio hau oso baliagarria izan daiteke entrenatzaileentzat eta kirolarientzat zein bideoen bitartez kontzeptuak irakatsi behar diren profesionalentzat, medikuak, esate baterako.

Bestetik, CamStudio aplikazioaren bitartez ordenagailuaren pantaila graba daiteke, audioa zein bideoa. Bideoak Flash edo AVI formatuetan sor daitezke. MS Windows sistemetan erabiltzeko prestatuta dago eta hemendik deskargatu daiteke: http://camstudio.org/.

Aplikazioak, Multimedia

Audio eta bideo formatuak aldatzeko aplikazioak

WinFF software librearen bitartez audio eta bideo formatu ezberdin askoren arteko aldaketak egin daitezke. WinFF software librea da eta MS Windows zein GNU/Linux sistemetan erabil daiteke, gainera bertsio eramangarri bat ere badago, sistemetan instalatu gabe, usb memoria batean eramateko, adibidez. Aplikazioari buruzko informazio gehiago nahi izanez gero, edo deskargatzeko, proiektuaren webgunera jo daiteke: http://winff.org. Ubuntu edo GNU/Linux sistemetan software biltegitik ere instalatu daiteke.

Format Factory, beste aukera bat izango litzateke. Ez da software librea baina bai dohainik deskargatu daitekeela. Gainera, euskaratuta dago Luberri blogaren arduraduna den Alexi esker. Hemen azaltzen du Alexek http://alexgabi.blogspot.com/2009/03/format-factory-euskaraz.html. Format Factory aplikazioaren webgunea, hau da: http://www.formatoz.com

Mobile Media Converter, GNU/Linux, MS Windows eta Mac OS X sistemetan erabili ahal da. Azken hau sakelako telefonoetako formatuetara bereziki bideratuta dago. Hau da proiektuaren webgunea eta bertatik deskargatu daiteke aplikazioa: http://www.miksoft.net/mobileMediaConverter.php

Aplikazioak, Multimedia

Bideoak ikusteko aplikazioak Windows sistemetan

vlc-media-player2Gero eta ohikoagoa da bideoak ordenagailuan ikustea. Izan ere, dagoeneko, tamaina jatorreko monitoreak daude merkatuan eta bereizmena zein kolore erreala ez da zerbait berria ordenagailuetan aspalditik. Microsoft Windows sistemetan hainbat aplikazio eskuragarri daude bideoak ikusi ahal izateko, bakoitzak bere ezaugarriak ditu. Asko daudenez, hemen batzuk besterik ez dira aipatuko.

Windows Media Player

MS Windowserako bideo ikusteko aplikazioez hitz eginez gero, Windows Media Player etortzen da burura. Izan ere, sistemarekin lehenetsita datorren multimedia irakurlea da audiorako eta musikarako.

Windows Media Player formatu ezberdinak irakurtzeko gauza da. Audioren kasuan, CD audioa, WMA edo MP3 irakurtzen ditu. Bideoaren kasuan,  DVD bideoa, WMV, MPG eta AVI formatuak erreproduzitzeko gauza da, esaterako. Hala ere, formatu hauek zein beste batzuk ikusi ahal izateko codec ezberdinak jaitsi behar dira.

Windows Media Playerrek ere multimedia liburutegia sailkatzea eta erreproduzitzeko zerrendak sortzea ahalbidetzen du.

Oraingo bertsioa Windows Media Player 11 da eta hau da aplikazioaren webgunea: http://www.microsoft.com/windows/windowsmedia/default.mspx.

VLC Media Player

VLC Media Player oso aplikazio ezaguna da bideoak erreproduzitzeko. Izan ere, software librea da, doakoa da eta gainera plataforma anitzekoa. MS Windows, Mac Os X eta GNU/Linux sistemetan instalatu eta exekutatu ahal da. Gainera, bertsio eramangarria ere badago USB memoria batean eraman ahal izateko. Hau da bertsio eramangarriagoaren webgunea: http://portableapps.com/apps/music_video/vlc_portable

Software librea izateaz gain, aplikazio honek daukan beste abantaila handi bat da formatu asko irakurtzeko gauza dela eta gainera, formatu guzti horien Codecak aplikazioak berak ekartzen dituela. Beraz, formatu horiek guztiak ikusteko aplikazio honekin ez da aparteko codec instalatu behar. Ezaugarri hau asko eskertuko dute codecekin borrokatu behar izan dutenek. Gainera, hau ere suertatzen da bertsio eramangarrian, beraz, eraman ahal da bideoak erreproduzitzeko aplikazioa eta hainbat bideo formatu ikusi edozein ordenagailutatik ezer instalatu behar gabe eta codec ditxosoz kezkatu gabe.

Esan bezala, audio zein bideo formatu asko irakurtzeko gauza da aplikazio hau, besteak beste: DVD, VCD, CD audioa, H.264, Ogg, DivX, MKV, TS, MPEG-2, MP3, MPEG-4, aac, WMA, WMV. Zerrenda osoa ikusteko web orrialde honetara joan daiteke bideoaren kasuan: http://www.videolan.org/vlc/features.php?cat=video eta honetara audioaren kasuan: http://www.videolan.org/vlc/features.php?cat=audio. Honetaz gain, azpititulu eta etiketa formatu ezberdinak ere onartzen ditu, hemen ikus daiteke zerrenda: http://www.videolan.org/vlc/features.php?cat=sub.

Hau da aplikazioa deskargatzeko webgunea: http://www.videolan.org/vlc/, webgune horretan ere aplikazioaren inguruko bestelako informazioa aurki daiteke.

GOM Media Player

GOM Media Player bideoak ikusteko beste aplikazio doako bat da eta VLCren kasuan bezala bideo zein audio formatu asko irakurtzeko gai da eta beharrezkoak diren codecak ekartzen ditu. Baina kasu honetan ez da software librea eta soilik MS Windows sistemetarako dago eskuragarri. Aplikazio honek daukan berezitasuna oso txikia dela da, 6.55 MB besterik ez ditu. Gainera, ikusteko hiru era ezberdin eskaintzen ditu: arrunta, kalitate handikoa eta tb modua. Azken hau ordenagailua telebistara konektatzen dutenentzat pentsatuta dago. Azpititulu formatu ezberdinak ere onartzen ditu.

Aplikazio honek duen beste berezitasun bat da avi bideo apurtuak edo osorik ez daudenak irakurtzeko gauza dela.

Hau da aplikazioa jaisteko webgunea: http://www.gomlab.com/eng/GMP_download.html

Real Player

Real Player antzinako bideo-irakurlea da, lehenengo bertsioa 1995eko apirilean argitaratu zen eta Interneten bidezko bideo streaming-i irtenbide bezala jaio zen. Baina oraindik erabiltzen jarraitzen da. Gaur egun, gainera, hainbat bideo eta audio formatu ezberdinak erreproduzitzeko gauza da.

Debalde deskargatu daiteke eta Mac Os X, GNU/Linux zein MS Windows sistemetarako bertsioak daude. Gainera, azken bertsioak bideo ediziorako aukera sinple batzuk ere ekartzen ditu.

Hau da aplikazioaren webgunea: http://real.com/realplayer