Segurtasuna

Datuen berreskuratzea eta behin betiko ezabaketa

datuak1Erabiltzaile batek ezabatzen duenean fitxategi bat edo karpeta bat bere ordenagailutik, informazio hori ez da guztiz ezabatzen disko gogorretik edo USB memoriatik, esaterako, baizik eta marka bat ezartzen zaio informazio horrek okupatzen zuen espazioari. Era honetan, sistemak badaki espazio hori libre dagoela eta bestelako informazioarekin bete daitekeela. Hala ere, beste informazio batekin ordezkatu arte, jatorrizko informazioak hor jarraitzen du, nahiz eta sistemaren zakarrontzitik ere ezabatu. Horregatik, nahi gabe ezabatutako fitxategi batzuk berreskuratu daitezke sistemak fitxategi hori zegoen lekuan ez badu idatzi berriz. Baina era berean, behin betiko ezabatu nahi den informazio konfidentzialak ere hor jarraitzen du eta etorkizunean beste norbaitek berreskura lezake.

Ezabatutako informazioa berreskuratzea

Hala, bada, zenbait aplikazio lor daitezke ordenagailutik ezabatutako informazioa berreskuratzeko. Recuva da adibideetariko bat, MS Windows sistemetan erabil daiteke eta dohainik deskargatu daiteke helbide honetan: http://www.piriform.com/recuva/download/standard. Ezabatutako informazioa berreskuratzeko softwareen artean hau da errezenetariko bat. Aplikazio hau Piriform enpresak garatu du eta Recuvari buruzko informazio guztia helbide honetan http://www.piriform.com/recuva aurki daiteke. Recuvak disko gogorraren miaketa sakona egiten du eta erakusten dio erabiltzaileari aurkitzen duen ezabatutako informazioa, honek nahi duena berreskura dezan. Hala ere, miraririk ez du egiten eta oso informazio zaharra berreskuratzea zaila izaten da aplikazio honekin eta beste guztiekin, izan ere, hainbat alditan berridatz daiteke libre bezala markatutako espazioa. Aplikazio hau, USB memoriaren, edo kameraren zein bestelako txartelen datuak ere berreskuratzeko gauza da. Honez gain, posta elektronikoa ere berreskuratzea posiblea da MS Outllok eta Mozilla Thudnerbird zein Windows Live Mail erabiliz gero, hala nola ez gordetako MS Word dokumentuak. USB memorian gordetzeko bertsio eramangarria ere eskura daiteke. Gainera, datuak berreskuratzea ezezik datuen ezabaketa segurua ere egitea posiblea da aplikazio honen bitartez.

Linux sistemetan, Autopsy delako aplikazioa erabil daiteke galdutako datuak berreskuratzeko. Web interfaze grafiko bat eskaintzen dio erabiltzaileari errazago erabiltzeko eta NTFS, FAT, FFS, EXT2 eta EXT3 fitxategi sistemetako datuen miaketak egiteko gai da. Ubuntun eta Debian oinarritutako banaketa ezberdinetan “autopsy” izeneko paketea Ubuntu Software Biltegitik edo Synaptic bezalako pakete kudeatzaile batetik instalatu besterik ez da behar. Aplikazio hau software librea eta doakoa da.

Mac Os X sistemetan Mac File Recovery erabili ahal da era erraz eta azkar batean berreskuratzeko ezabatutako datuak. Helbide honetan deskargatu daiteke debalde: http://www.macfilerecovery.net/

Aplikazioak, Mantenimendua

TestDisk eta PhotoRec, datuak berreskuratzeko aplikazioak

TestDisk kode irekiko aplikazio bat da, doakoa eta MS DOS, MS Windows, GNU/Linux eta Mac Os X sistemetan dabilena, besteak beste. Aplikazio hau partizioak analizatzen ditu eta galdutako datuak berreskuratzeko gauza da, NTFS, FAT eta EXT motatako partizioetan. Ezabatutako partizioak ere berreskuratzeko gai da.

Ez du ingurune grafikorik eta terminalean edo komando interpretean egikaritu behar da. Hala ere, ez da instalatu behar, deskargatu eta exekutatzearekin nahikoa da erabiltzeko.

TetDisk-ekin batera PhotoRec ere etorri ohi da, aplikazio hau oso ona da multimedia edukiak eta fitxategi konprimituak berreskuratzeko

http://www.cgsecurity.org/wiki/TestDisk