musika, tabletak

Rock Prodigy, gitarra ikasteko modurik onena

young man plays guitariPad-a hartu, trastelekutik gitarra zaharra berreskuratu eta jotzen ikasteko gogoa piztuko zaie askori Rock Prodigy-ren berri izan bezain pronto. Intuizioz akordeen oinarriak barneratzeko tresnarik onena da, pentagrama bati inoiz heldu ez diotenek ere gogaitu gabe eusteko bezalakoa.

Bideo jokoen mundutik edaten du zuzenean Rock Prodigy aplikazioak, Guitar Hero edo Rock Band modakoengandik, hain zuzen. Baina ez dadila inor nahastu hemen, ez baita jokoa honakoa, entretenituz gitarra ikasteko lanabesa baizik. Tablatura bat erabiliz ikastea bezalakoa da, baina interaktiboagoa eginez prozesua: partituran sokak erakusten dira, bakoitzaren gainean behatzak non kokatu adierazten duten zenbaki batzuekin batera. Bada, tabletaren mikrofonoa erabiltzen du aplikazioak, jotzen dena momentuan identifikatuz eta bideo joko bat balitz bezala nota egokia jo den aldi oro adieraziz. Gitarra afinatzeko aukera ere badauka, hari bakoitza noraino estutu edo leundu adierazten baitu, ezertan hasi orduko. Bikaina benetan.

Bi eragozpen dauzka, hala ere: prezioa eta hizkuntza. App Store-an 90 euro lagatzeak ausartena ere kikildu dezake. Bestetik, menuak eta jarraibideak ingelesez dira; Shakespearen hizkuntzarekin zailtasunak dituztenentzat arazo iturri bihurtu daitekeena.

Poltsiko epelagoentzat alternatiba: Coach Guitar aplikazioa

App honetan, ez dira emandako akordeak entzuten, eta ezin da jarraipenik egin; hots, bideo-tutorialak ardatz dituen ikastaro baten modukoa da. Aldiz, espainieraz edo frantsesez jarraibideak entzun ahal izatea eta doan izatea daude balantzaren beste aldean. Kasu honetan, izar handien abestiak imitatuz ikasi daiteke, gainera: AC/DC, Bob Marley, Lynyrd Skynyrd, The Eagles, Metallica, The Beatles, Gun N’Roses edo Eric Calpton, hainbaten artean.

android, Aplikazioak, Apple, Mugikorrak, Sakelako Telefonoak, Sare sozialak eta Microblogging, tabletak

Waze aplikazioa, gidarien sare soziala

WazeCrowdsourcing edo ekintzailetza kolektiboa darama erraietan Waze nabigazio aplikazioak. Hots, GPS soziala dela esan daiteke. Leku batetik bestera gidatzeko laguntza ematen duen aplikazio horietako bat da, guztiz doakoa eta une oro eguneratzen dena erabiltzaileek gidatzean sortzen duten informazioari esker. Ezaugarri orokorrenak argitze aldera, Wazelariek edo kideek emandako datuetatik zuzenean jaso daitezke mapen zuzenketak, zirkulazioaren egoera erreala (ilarak, istripuak, polizia kontrolak…), batu behar gaituen lagunaren ibilbidea eta posizioa, edo gasolindegien uneko prezioak.

Hainbat plataformatako dendetan dago prest deskargatzeko: iOS, Android, BlackBerry, Windows Mobile eta Symbian dabilela sakelakoak.

Azkenengo eguneraketari esker (3.7 bertsioan doa), gainontzeko sare sozialekin integratuago dago Waze, eta, besteak beste, posible da Foursquare baliatu eta egondako lekuak erregistratzea, edo Facebooken sortutako hitzordu batera joatea gonbidapena onartze hutsarekin.

Ben Gleitzman

Waze euskarazko ahotsarekin

Oraingoz, aukera hau Android sistemetan dago soilik, eta iOS erabiltzaileek euskarazko euskarri ofizialik gabe eta lehenetsitako beste hizkuntzekin jarraitu beharko dute Apple-ren iragazki gogorragoak gainditu zain. Haatik, Waze guztiz irekia dago itzulpen komunitarioak onartzeko, eta hizkuntza mordo batean eskuratu daiteke. Iragan udatik dago gutxi gorabehera eskuragarri euskaraz, Google Groups-en bildutako itzultzaile talde txiki baten ekinari esker. Alabaina, hasieran deserosoa zen erabat; norberak egindako ezarpenekin egiten zen eta aplikazioa eguneratzen zen bakoitzean errepikatu behar zen prozesua. Joxe Rojas (@joxe) kazetari Teknopata da kolektiboko partaide bat, eta bere ahotsa lagata, posible egin du gidatzeko jarraibideak aitorren hizkuntza zaharrean entzutea gainerako ezarpen zailagoen beharrik gabe. Hala: ireki Waze aplikazioa. Menuan (ezkerreko beheko ikurra), aukeratu Ezarpenak > Soinua. Hor barruan, aukeratu Gidatzeko laguntza maila: Norabideak bakarrik (gaiekin). Egin atzera. Orain joan Ezarpenak > Orokorra atalera. Nabigazio gida menuan, aukeratu Euskara.

android, Aplikazioak, Apple, Sakelako Telefonoak, Sare sozialak eta Microblogging, tabletak

Google+ HangoutS bat-bateko mezularitza prest dago lehiarako

HangoutSHangoutS Googleren bat-bateko mezularitzarako aplikazio berria da. Azken ekarpen horrek astebete darama App Storen, Google Play-en eta webean, Chrome nabigatzailerako gehigarri gisa. Merkatuan dauden gainontzeko aplikazioei lehia egitea baino, aplikazio berriak Google-ek dituen komunikazio zerbitzu guztiak bateratzea du helburu: txata, bideo dei zein telefonoetarako bat-bateko mezularitzarena.

Hainbat produkturen azkena suposatu du berrikuntzak, eta Google Talk, Google+ Messenger edo Google Chat and Video Service bezalakoak, dagoeneko ez dira existitzen bere horretan. Horien erabiltzaileak biltzen ditu HangoutS-ek. Inolako prestaziorik galdu gabe aberasten du haien jarduna.

Esate baterako, jada posible da iOS edo Android sakelako edo tablet batetik solasean aritzea testuz edo bideoz Gmail saioa irekita daukan ordenagailu erabiltzailearekin. Sakelakoa ahaztuta, bateria bukatuta edota sare gabe geratuta ere, etengabe konektatuta egoteko arazorik ez dago aurrerantzean.

Ohiko mezularitza aplikazioen ezaugarri guztiak biltzen ditu, aukera aurreratuagoekin batera: hamar pertsonaren arteko bideo elkarrizketak, Google-ren hodeian jarduna gordetzea (Gmail-en testuak eta Google+ sarean argazkiak), edo igorritako mezua irakurri dutenerako erakusle berriak. Hala ere, ñabardura txiki batzuk badauzka, eta ahots bidezko deiak, SMS mezuekin integrazioa edo sakelako plataforma gehiagotarako eskuragarri jartzea, Google-rentzat ez dira traba.

Google jabedun teknologia erabiltzen. Bai ote?

Beste behin ere, aurrea hartu dio nabarmen Google-ek Apple etxeari. Izan ere, iOS 6 bertsiotik aurrera lehenetsita datorren iMessage zerbitzuak izan beharko lukeen guztia baita HangoutS berria. Doako mezularitza eta plataforma artekoa, osoa eta fidagarria.

Software politikan kale egiten dabiltza Cupertino-koak, baina Google-n ere oraingoan ez dira libratu kritiketatik. Izan ere, haiek aupatu zuten XMPP protokolo estandarra, eta horrekin, edozein plataforma eta programen arteko erabiltzaileak komunikatzea posible egiten zuten. Orain, eredu hori bultzatzeari utzi eta protokolo pribatua darabilte; jada posible izateari utzi diolarik Google-ko kontaktuekin komunikatzea haiena ez den programetatik, adibidez.

Interneteko askatasunaren defendatzaile nagusia izan denak, monopoliora bideratzen duten erabakiak hartzeari ekin dio orain, baina, industriaren babesa falta zaiola estandarrari eta teknologikoki akituta geratu dela esanez zuritzen dute haien burua gaur-gaurkoz.