android, Apple, Google, Internet, Mantenimendua, Mugikorrak, Sakelako Telefonoak, tabletak, Windows Phone

Android telefono berria berrezartzen

Android_Apple_tablet
Azken hilabeteetako joerari eusten bazaio, Android telefonoek erabiltzaileak biltzen eta merkatuan hedatzen jarraituko dute. Merkatu estatubatuarra da munduko ispilua, eta bertan garbi ikusten da software libreko Android plataformaren garapena: comScore iturriaren arabera gailuen %53a Googlerenak dira egun, 2009an, %10era iristen ez zirenean. Eta egungo iPhone jabeen %80ak, aurretik ere iPhone telefonoa zutelako iOS erabiltzaileak fidelenak direla ere esaten den arren, geroz eta gehiago dira aldatzeko arrazoiak ikusten dituztenak. Indarguneak nabariak dira: smartphone eskaintza zabalagoa da, merkeagoak, hardware ahaltsuagokoak, eta gainera nahi bezala pertsonaliza daitezke. iPhoneak kalitate handiko materialdun gutizia garestiak bihurtu dira, Androidek eta Windows Phonek aldeak murriztu ostean.

Sakelakoak, dena dela, ez dira inoiz irautekoak izan. Eta, aldatzeko orduan, behinola, aurreko datuak berreskuratu nahi zituztenek banaka kopiatu ohi zituzten eskuz; egunak pasa zitzaketen sufrikario luze horretan. Egun, egoera bestelakoa da. Smartphone-ak Internetez baliatzen dira hainbat funtziotarako, esaterako, segurtasun kopiak egiteko. Ezarpenak behar bezala jarriz gero, Android telefono berrira aldatzea erosoa eta bizkorra izan daiteke; baita iOS plataformatik aldatu nahi dutenentzat ere.

Hodeia lagun

Argazkiak, bideoak, SMS mezuak, telefono zenbakien zerrenda zein aplikazioen datuak hodeian gorde eta aise berreskuratzeko beta ematen dute azken belaunaldiko telefonoek. Android ingurunea estu lotuta dago Googleren zerbitzuetara, eta hura baliatzen du hodei zerbitzu gisa. Google kontu bat edukitzea beharrezkoa da, hasteko, telefonoari etekin osoa ateratzeko.

Datuak automatikoki Googlera bidaltzen direla ziurtatzeko, Ezarpenak barruan Pertsonala sailekoEgin babeskopia eta berrezarri sakatu, eta Leheneratu automatikoki aukera hautatu behar da. Horrek norbere Google edo Gmail kontuan datu pila gordetzeko balio du: wifi ezarpenak, nabigatzaileko gogokoenak eta aplikazioetako datuak, besteak beste. Sistema berrezarri eta aplikazioak berriz instalatzen direnean, haien datuak eta ezarpenak birkargatzeko balio du. Kasu honetan, aurreko terminalean bezala, guztia agertzeko berrian konfiguratuta eta datu berberekin. Hartara, lehen utzi ziren erara agertuko dira telefono berrian.

Bada, oraindik ez da bukatu: Android telefono berria, orain, norbere Google kontuari lotu behar zaio. Arestian egindako segurtasun kopia berreskuratuko da horrela, eta, bide batez, Google Play dendara sarbidea eskuratuko. Gailu berrian, berriz ere Ezarpenak, eta Kontuak sailean Gehitu kontua aukeratu ostean, Kontua erabili lekuan Gmailen datuak sartu behar dira. Orduan, Internetetik automatikoki deskargatuko ditu, kontaktuak, mezuak, Gmail, egutegia eta abar.

Aplikazioak berriz deskargatzeko eragozpenik ez dago. Google Play gaituta dagoenean berriz, barruan, Nire aplikazioak atalean nahi direnak instalatu ahalko dira haiengatik ordaindu beharrik gabe. Norbere Google kontuari lotzen zaizkiolako aplikazioak, eta ez uneko telefonoari. Bestalde, SMS, MMS eta deien kopiak ez dituzte segurtasun kopiek bere gain hartzen (Androidek zein iOS-ek) eta egiteko propio egindako kanpoko aplikazio bat erabil daiteke: esaterako, Google Playn bilatzeko SMS Backup aplikazioa.

Kontaktuak, memorian

Esan bezala eginez gero, kontaktuek ere kargatuta behar lukete honezkero. Baina, batzuetan, Google kontuan sinkronizatuta eduki beharrean, telefonoaren memorian nahiz SIM txartelean aurki daitezke. Badaezpada egiteko eragiketa da: norberak SD txartel batera edo ordenagailura deskargatu, eta smartphone berrian berriz txertatu. Sakelako zaharreko kontaktuen gidan, Menuajartzen duen ataleko Inportatu/Esportatu aukeran USB biltegiratzera esportatu eman; gero, telefono berriko gidan leku berberera zuzendu, eta USB biltegiratzetik inportatu egin.

Ondo begiratu kontaktuak, batzuk bikoiztuta ager daitezkeelako Gmailen eta telefonoan bertan zeudelako. Googlek, ordea, automatikoki konponduko du hori, eta, horretarako, errazena Gmaileko kontaktuen atalean egitea da.

Sarrera bikoiztuak batu

Gmail postan sartu, eta ezkerreko goiko aldean, Gmail dakarren alboko gezian klik eginezKontaktuak atalera joan. Hor agertuko dira postako helbide eta telefono zenbaki guztiak, izenen arabera antolatuak. Goiko menuko Gehiago botoiari eman, eta Bilatu eta batu bikoiztuak hautatuta lan ederra aurreztuko digu sistemak. Ez arduratu telefonoaz, automatikoki sinkronizatuko baita bere kasa.

iOS ingurunetik Androidera 

iOS eta Android plataformak gehien erabiltzen direnak izaki, aplikazio gehienak bietan aurki daitezke. Alabaina, denda desberdinak dituzte, eta batetik bestera aldatzen denak berriz ordaindu beharko du haiengatik. Behinik behin, aldaketa nekeza izan ez dadin, kontaktuak bederen automatikoki joan daitezen erraz egiteko modua dago, Google Contacts erabiliz, beste behin ere.

iTunes ordenagailuko programa ireki, eta iPhone telefonoa konektatu. Telefonoaren datuak agertzen direnean, Info atala aukeratu, eta bertan Sync Contacts with… aukeratuta dagoela egiaztatu ostetik, Google Contacts ezarri goitik beherako menuan. Hemen, jada, norbere Gmaileko sinestamenduak eskatuko ditu. Sinkronizatzen laga, eta aurreko ataleko pauso berberei jarraitu bikoiztuak ezabatzeko. Android telefono berria estreinatzeko, behintzat, Google kontua gehitu, eta kontaktuak mantenduko dira horrela.

android, Aplikazioak, Apple, musika, Sakelako Telefonoak, tabletak

Spotify musika zerbitzua, orain doan telefono eta tabletetan

spotify-ipad-200313Spotify streaming edo Internet bidez entzuteko gehien hedaturiko musika zerbitzua da, hein batean, abesti eskaintza zabalena daukalako. Edozein abeslari zein kanta entzun daiteke bertan.

Ordenagailurako, telefono eta tabletentzako bertsioak ere aurki daitezke doan. Harpidetza bidez dabilen zerbitzua da, eta doako zein ordainpeko Premium zerbitzuak eskaintzen ditu.

Mugarik gabeko harpidetzagatik hilero ordaintzekoa 9,99 eurokoa da. Hala ere, aldeak gutxitu berri dira. Doako erabiltzaileek, tarteka iragarkiak jasotzearen truke, musika debalde entzuteko aukera zuten ordenagailuan, baina, aldiz, telefono edo tabletatik egiteko, Premium izatea ezinbestekoa zuten. Hori iazko abendura arte izan zen, orain egoera bestelakoa baita.

Bata zein bestea, aldea 

Spotify telefono eta tabletetarako doako egin dute, Pandora edo iTunes Radio lehiakideekin parekatuz. Doako erabiltzaileek ere musika soinean eraman dezakete horrela, muga gutxi batzurekin. Premium erabiltzaile gehiago biltzea da asmoa, probatu ostean zerbitzua motz geratu eta ordaintzera animatuko diren esperantzan.

Doako bertsioan, entzuteko musika zerrenda ausazkoa da, eta orduko sei alditan egin daiteke jauzi hurrengo kantura. Premium kontuak, mugarik ez izateaz gain, abestiak deskargatzeko bidea ematen du: konexio txarra dagoenean etenik gabe entzuteko, nahiz Internetik gabeko eremuetan, berdin entzuten jarraitu ahal izateko.

Hori bai, batean zein bestean, ordenagailuan sortutako norbere zerrendak entzun daitezke. Baita artista zehatz baten abestiekin osatutako ausazko zerrendak edo irratiak ere.

android, Aplikazioak, Apple, Euskara

Langile autonomoek orduko kobratzekoa kalkulatzeko ‘app’-a

Freelance langile edo autonomoek eskuragarri dute haien lanorduen prezioa kalkulatzeko telefonorako eta weberako aplikazio bana. Calculadora Freelance izeneko kalkulagailua Laura Lopez diseinatzaile bilbotarraren eta Torrysoft enpresaren lankidetzaren emaitza da.

Izenik eman beharrik gabe, pauso gutxitan eta era sinplean egin daitekeelako du arrakasta. Besterik gabe, galdera batzuk erantzunez itzultzen du kalkulua. Hainbat aldagairen artean, autonomoen gutxieneko gastuak aintzat hartu eta egindakoa errentagarria izateko gutxienekoa ezartzeko balio du. Hots, aurrekontu fidagarri eta onuragarriak osatzen lagundu dezake.

Calculadora Freelance doako zerbitzua euskaratua dago, eta zuzenean erabil daiteke http://www.calculadorafreelance.com/eu/ Internet atarian edo iPhone telefenoetan App Storen deskargatuta. Androiderako bertsioa ere iragarrita dago.