android, Aplikazioak, E-Learning, Euskara, formakuntza, Ikastaroak, Mugikorrak, Sakelako Telefonoak, tabletak

Ariketak egin eta EGA titulua prestatzeko Android aplikazioa

Euskaldunen ahozko zein idatzizko trebetasuna ziurtatzen duen proba edo azterketa da EGA edo Euskararen Gaitasun Agiria. Proba eta azterketa desberdinak gainditzea eskatzen die ikasleei: atariko proba, azterketa idatzia eta ahozko azterketa. Bat egin ahal izateko aurrekoa gainditzea ezinbestekoa da.

unnamedEuskal Herrian EGA banatzen duten erakunde bat baino gehiago dago: Eusko Jaurlaritza Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan; Nafarroako Gobernua, Nafarroan; eta Euskaltzaindia, Ipar Euskal Herrian. Europako erreferentzia markoan C1 mailarekin da bateragarria EGA azterketa.

Ikasleen amesgaizto bihurtzen dira orduan ikasi beharreko esamoldeak, esaera zaharrak, sinonimoak zein berridazketak. Bada, aurrerantzean hori guztia prestatzeko era berri bat izango dute. Izan ere, Kaixo! euskaltegiak EGA APP izeneko Android telefonoentzako aplikazioa sortu du bere hamargarren urteurrena ospatzeko.

Aplikazio horrek EGA azterketako aurreneko bi probak prestatzeko 4.000 ariketa baino gehiago eskaintzen ditu. Ordenagailuarekin eta fotokopia zaharrekin ez ezik, belaunaldi berriko gailuen bitartez ere egin ahal izango dira EGArako prestaketa lanak.

Oraingoz Android sakelakoetarako baino ez dago eskuragarri Google Play-n, baina laister beste sistemetara iritsiko dela iragarri dute sortzaileek.

android, Aplikazioak, Apple

Liburutegiak App, Euskadiko liburutegi publikoen sare soziala

imagen-03Jakintza eta ezagutza bilguneak dira liburutegiak, baina baita zalapartari ihes egiteko leku lasaiak ere. Lanerako edo aisialdirako isiltasuna bilatzen dutenentzako txokoak dira. Hala ere, gehiago zabaldu ahal izango dira, beharbada, Liburutegiak aplikazio berriari esker.

Teknologia berriak integratuz eta liburutegi publikoen sarea baliatuz, ohiko kontsultak edo maileguak egitea ahalbidetzen du. Euskal Autonomi Erkidegoko sare osoa baliatu daiteke horretarako. Baina benetako xedea zerbitzua garai berrietara moldatzea du: sare sozial eran antolatu eta jendearen parte hartzea bultzatu, alegia. Ikus-entzunezkoak hautatzeko, aplikazioko iritziak aintzat hartu daitezke aurrerantzean. Izan ere, iruzkinak zein esperientziak partekatzea posible egiten du. Erregistratu ondorenean, erabiltzaile bakoitzari puntuazio bat ematen zaio, ospe sistema eran funtzionatzen duena. Honela, jardueren eta parte hartzearen arabera, puntuak pilatzen dira profilean. Esaterako, edukietan iruzkinak eginez eta baloratuz, liburutegietan check-in eginez, eta abar.

Puntako baliabideekin bateragarria da Liburutegiak aplikazioa, sakelakoaren edo tabletaren geokokapena baliatzen baitu; eta ez erabiltzailearen jarraipenerako bakarrik. Sareko liburutegi guztiak mapan adierazita agertzeko, edo uneko kokapenaren arabera nahi denera iristeko argibideak eskuratzeko ere balio du.

Gainera, liburutegietan programatzen ari diren ekintzak ikus daitezke. Zehaztasun maila ezberdinetan banatzen da informazio hori; hurrenez hurren, bakoitzaren lehentasunezko liburutegia, momentuko kokapenetik gertuen daudenak eta liburutegi sareko gainontzekoen artean.

Liburutegiek antolaturiko ekintzen berri jaso ostean, hala nahi izanez gero, horietan izena emateko aukera dago, baita gainera telefonoko egutegira esportatzeko aukera ere. Alerta bat programatzeko balio dezake horrek.

Katalogoa kontsultatzeko atala ere badu: tituluaren, egilearen eta hitz gakoaren bidez iragazteko aukera eskaintzen du. Bilaketa bertako liburutegien katalogora ere muga daiteke. Ondoren, liburu berrien hautaketa bat jaso daiteke, aipamen labur eta guzti. Eta horiekin batera, gehien mailegatutako dokumentuen sailkapena ikus daiteke, tipologiaren eta generoaren arabera ordenatua.

Aipamen berezia merezi dute blog eta bideoen kanalek. Horien bidez, liburutegi bakoitzaren blogak bisita daitezke, gertueneko egunerokoen berri izateko. Bideoen bidez, tutorial eta gida txikiak eskaintzen dira, informazio eta prestakuntza iturri gisa erabiltzekoak. Hemen ere kutsu soziala baztertu gabe, boluntarioek bideoak eskegi ditzakete, haien ezagutzak partekatzeko.

Eusko Jaurlaritzaren egitasmoa da Liburutegiak App. Euskaraz erabilgarri dago, Android zein iOS gailuetan eskuratu daiteke dagoeneko.

 

Ataza kudeaketa, elkarlana, Internet, kontzeptuak, Sakelako Telefonoak, Sare sozialak eta Microblogging, Sareak

IFTTT eta amarauna erabiltzailearen morroi

IFTTT-for-iPhone-Intro-Screen-01Internet zerbitzuz josita dago, baina gutxi dira haien artean komunikatzen direnak. IFTTT bi web aplikazio elkarrekin konektatzeko balio duen tresna da. Interneteko gune soil bat da, baina denbora erruz aurrezten lagun dezake askotan egin beharreko gauzak automatiko eginez. Esaldi bakar bat nahikoa da sareko zerbitzuak zelatatu ditzan, eta ezer bada, haiek elkar eragiten jartzeko. IFTTT oharkabean harrapatzerik ez dago, eta beti betetzen du esana. Nahi beste zerbitzu kudeatzen ditu.

Aurrez zehazten diren baldintzak edo abiarazleak gertatzen direnean, hartu beharreko ekintzak zehaztuta uztean datza. If This Then That, edo hau jasotzen bada (abiarazlea), egin beste hau (ekintza).

Esaldi edo arau horiek errezeta izena jasotzen dute. Abiarazle bat norbait Twitterren etiketatzea izan daiteke, eta ekintza Facebookeko horma eguneratzea. Batzuetan abiarazleen barruan balio batzuk erabili beharko dira, eta horiei osagai deitzen zaie. Adibidez, ordu zehatz batean euria egingo duen mezu bidez abisatzeko eska dakioke. Edo gustuko blogean argitaratzen den azken sarrera automatikoki txio bidez lagunekin partekatu. Bakoitzak bere errezetak sor ditzake, edo besteenak erabili. Kanal bidez antolatzen dira guztiak, eragiten dituzten zerbitzuen arabera, alegia. Facebook, Blogger, Twitter, sakelako kontaktuak, posta elektronikoa… kanal bakoitzak bere abiarazle eta ondorengo ekintzak jasotzen ditu. Errezetaren osagaiak pertsonalizatu, eta kito. Baldintza betetzen denean hodeiak norbere ordez egingo du.

Aurrez zehazten diren baldintzak betetzen ditu IFTTT-k.

Aurrez zehazten diren baldintzak betetzen ditu IFTTT-k.

85 kate dira denera, eta aldian binaka lotzen diren arren, kateak osa daitezke batak bestea eragitea lortuz. Errezetak desgaitu egin daitezke une oro, eta beharra ikusten denean, berriz ere abiarazi. Zehatza eta metodikoa da IFTTT, eta errezetek 15 minututik behin egiaztatzen dituzte haien egitekoetan aldaketarik jaso den.

Webgunea erabil daiteke https://ifttt.com/ lekuan, edo sakelakoetarako aplikazio gisa deskargatu. Eskaintzen dituen aukerak izugarriak dira, eta muga bakarra bakoitzaren irudimenak ezartzen du.

Geokokapena baliatzen du

Azken eguneraketan sartu duten funtzio berriak ere molde guztiak apurtu ditu. Orain, iPhone edo Android sakelakoetako geokokapena balia daiteke errezetak sortzeko. Honela, etxera iritsi aurretik etxeko argiak pizteko edo jatetxe on baten aurretik pasatzean mezu bat jasotzeko programatu daiteke honezkero. Are gehiago, lanerako bidean egunero egiten diren denborak neurtu eta Google Drive zerbitzuko kalkulu horri batean gordetzeko, edo aireportu zehatz batera iristean norbaiti abisua bidaltzeko balia daiteke aurrerantzean.

iOS plataforman, GPS, telefono sarea, wifia edo bluetooth seinaletik eratzen da une oro posizioa. Nahiko berme da hori norbere kokapena beti zuzen neurtuko dela jakiteko, eta, haatik, IFTTT zehaztasunez ibiliko dela.