android, Aplikazioak, Mugikorrak, Sare sozialak eta Microblogging, tabletak

Facebook Home, sare soziala bihotzean daraman Android sistema

Facebook Announces New Launcher Service For Android PhonesFacebook gain behera datorrela dioten albisteak ugaritu dira azkenaldian, baina, oraindik ere, sare sozialen artean jendetsuena da gaur-gaurkoz. Horri eusteko asmoz-edo, estalki berria kaleratu dute, Android erabiltzaileek balia dezaten: Facebook Home. Aplikazio horri esker, lagunak eta kontaktuak bistaratuko ditugu, baita telefonoko beste edozein aplikazio abiarazi aurretik ere. Telefonoaren interfazearen irudi aldaketa bat da, balio gainjarri batzuk gehituta, besterik gabe. Hau da, telefonoaren orotako jakinarazpenek lehentasuna galtzen dute, eta bakoitzaren Facebook kontua mahai gainean ezartzen da; hala, uneoro bistaratzen dira profileko argazkiak, eguneraketak nahiz mezuak.

Dena den, aplikazioa instalatu berritan, sakelakoaren abiarazlea edo launcher-a hauta daiteke, itzaltzen den bakoitzean lehentasunez zein hastea nahi den aukeratzeko: Android arrunta edo Facebook Home. Horren ostean, eta segundo batzuen ondoren, telefonoaren mahai gainekoa Facebook-eko Horma bihurtzen da.

Ingurune berria leun mugitzen da, animazio txukunekin, hatzen ukitze hutsarekin orrialdeak pasatzen diren heinean. Norbere alderdi sozialena erakustea ez da inoiz hain erraza izan, besteak beste, pantailan agertzen denaren gaineko aipuak egitea edo «Gustuko dut» aukeratzea, birritan ukitu hutsarekin egiten baitira.

Burbuilak, oharren adierazleak baino gehiago

Burbuilak, berriz, pantailaren alboetara jarri dituzten agerkariak dira, jakinarazpenak nahiz oharrak adierazteko. Halabeharrez, profileko argazkia daraman burbuila erabili beharko da sistemako aukerak agertzeko; hots, Facebook Messenger solasguneak edo sakelakoaren bestelako aplikazio arruntak exekutatuko dira burbuila hori herrestatuta. Besteek, mezua bidali digunaren argazkia daramatenek, haien ekarpenen berri emango digute.

Ondoren datuen kontsumoa kontrolatzeko ezarpena dago. Horren bidez, uneoro konektatuta izateak edota argitalpenen irudiak erakusteak gastu bortitza dakarrelako, badago aukerarik ingurunearen Internet kontsumoa mugatzeko. Sakelakoaren Menu botoiari emanda egin daiteke. Facebook Home deigarria den apustua da zalantzarik gabe, eta eskuragarri dago dagoeneko Google Play-n;oraingoz, ondorengo gailuentzat: HTC One, HTC One X, HTC One X+, Samsung Galaxy S3, Samsung Galaxy S4 eta Samsung Galaxy Note 2.

Aurki, Iparralderako eskaintza berezia

Ipar Euskal Herrian, udatik aurrera, Orange France konpainiak iragarri du Facebook Home lehenetsita izango duen HTC markako sakelakoa eskainiko duela. Europan, Ipar Euskal Herrian eta Erresuma Batuan EE konpainiak esklusiban emango dute eskaintza hori.

Aplikazioak, Apple, Mac, Mac OS X, Sistema Eragileak, Windows

Sagarrean leihoak ireki nahi?

apple_inc_microsoft_windowsSeguruena da Mac bat etxean duenak, Microsoft Windows sistema eragileari ihesi nahirik egin duela aukera. Kalitate eskaseko softwarea nahiz milaka birusen jomuga izatea leporatu izan zaio inguruneari. Ez hori bakarrik, sarri entzun izan denez, Microsoft-en Windows famatua Apple-ren MacOs sistema eragilearen kopia txar bat baino ez omen, Windows-ek izaten dituen hobekuntza gehienak Mac OS euskarrienaren ondoren iristen dira. Mac OS X-en jabeek, argi daukate zer nahi duten haien ordenagailuarengandik; horregatik eraginkorrak nahiz kalitatekoak diren aplikazio potenteak erabiltzen dituzte eguneroko jardunean. Besteak beste, Mac bat darabiltenen gehiengoa argazkilari, artista, zine zuzendari, maketatzaile, editore, diseinatzaile grafiko edo zientzialari profilekoak dira.

Sagarrari barrutik leihoak irekitzea bezala

Hala eta guztiz ere, Windows-en programa asko daude oso erabilgarriak eta beharrezkoak direnak, baina oraindik, ez direnak bateragarriak Mac OS X sistemarekin. Traba horri aurre egin behar diotenek, arduratzeko buruko min bat gutxiago izango dute, ‘WinOnX’ aplikazioa instalatzen badute. RedMondPie taldekoek garatutako app hau erabilita, Microsoft Windows-eko programak exekutatu ditzakete Macintosh batean, aplikazio natiboak bailiran. Windows ordenagailuan instalatuta eduki behar izan gabe, martxan dagoen Mac OS X ingurunean edozein Windows aplikazio erabiltzeko bidezidorra da hau.

WinOnX erabilita, Windows-eko app-ak egikaritzea zinez errazagoa da edozein Mac gailutan. Beste aukera batzuk hauek lirateke: batetik, partizioak egitea eta Windows instalatzea batean; eta bestetik, makina birtualak erabiltzea Windows ingurunea emulatuz. Esan gabe doa, WinOnX aukera askoz ere erosoagoa dela Macintosh HD disko gogorra bitan banatzea eta ondorengo eragiketak egitea baino, edo, Windows birtualki emulatzen hastea baino. Bide batez, dirua aurrezteko ere mauka aurkezten zaio WinOnX erabiltzaileari, honela beharrezko Windows kopiaren lizentzia erosteko beharra desagertzen baita. Traumatikoa ez den (ez dakit bestela) prozesua da aurkezten den hau beraz, ordenagailuaren memoria formateatu edo antzekorik behar ez duena; aplikazioa instalatu eta, bertatik instalatuko dira Windows-en bakarrik dauden gutizi horiek.

Nola egin jarraibideak

Lehendabiziko urratsa, App Store dendan sartu eta WinOnX aplikazioa deskargatzea da 4.99 dolarren truke (3,84 euro). Mac OS X 10.6 edo berriagoa den bertsioa izan behar du martxan ordenagailuak; bestela, Snow Leopard-en azken bertsiora edo -aurrez eguneratu gabe zeukanak- Lion izenekora eguneratu beharko du.

Hurrengo urratsa, norbere Mac gailuan erabili nahi den Windows programaren exekutagarria deskargatzea edo CD-a prest izatea izango da. Internet bidez deskargatu duenak non gorde den ez badaki, Finder atalean egin beharko du aipatu instalatzailearen bilaketa. Azkenik, ez dago besterik Windows aplikazioaren exekutagarriaren gainean klik bikoitza egin eta “install with WinOnX” aukeratzea baino, Mac-eko aplikazioa bailitzan instalatuta geratzeko nahi den Windows programa hori. Beraz, aurrerantzean, ez da ezer berezirik egin beharko instalatu berri den programa erabiltzeko; beste edozein bezala, prest egongo baita abiatzeko.

android, Aplikazioak, Euskara

Saskia, erosketak egiten laguntzeko aplikazioa euskaraz

saskiaSakelakoetarako eta tabletetarako ‘Saskia’ aplikazioa egin du Artez Euskara Zerbitzuak Akting ingeniaritzarekin batera. Erosketetako zerrendak egiten laguntzeko aplikazioa da Saskia, baina beste hainbat funtzionalitate ere baditu: zerrendak elkarbanatzeko aukera ematen du, lagun bat baino gehiagoren artean osatzeko, etxeko armairuan dugunaren kontrola ematen laguntzen du, baita egindako erosketen kontuak ikusteko ere.

Euskara hutsez eginiko aplikazio hau bi gauzek egiten dute berezi: aplikazio praktikoa eta lagungarria da. Arina ere bada, memorian 1MB hartzen baititu soilik. Beste hizkuntzatan dauden antzeko aplikazioetan ordainpeko bertsioan bakarrik dauden hainbat funtzionalitate doan eskaintzen ditu Saskia app-k. Erosleak euskaraz erostera motibatzea eta trebatzea lortzen lagundu nahi du, eta gaztelaniaz idaztean euskarazko ordaina ematen du. Adibidez: “lentejak” euskaraz nola esaten diren ez dakienari zuzendu eta “dilistak” jarrita ordeztuko dio Saskiak.

Bitxikeriez gain, erabiltzailea ondorengo ezaugarriez baliatu daiteke: erosketa zerrenda propioa egin eta besteekin elkarbanatzeko aukeraduna; etxeko armairuaren kontrola egitea, zer dagoen, zer falta den erakutsiz; erosketa zerrenda desberdinak osatzea; edo, kontuak egin ahal izatea dira eskaintza honen egiteko batzuk. Alabaina, bereziki erosoa suerta daiteke beste hau: produktuen zerrenda idatzi ahala hitzak automatikoki osatzen dituenekoa, dituen 500 aurredefinitutako produktuei esker. Gainera, norberak ere gehitu ditzake produktu berriak datu-basera, Saskia app aberastuz edo pertsonalizatuz.