Google Maps 6.11 bertsiora eguneratu da, eta, horrekin batera, txirrindularientzat zerbitzu bat sartu dute. Orain, autoentzako errepideetan bezala, bizikleta bideetako argibideak jaso ahalko dira telefonoan. Eroso ibiltzeko, ahots batek gidatuko du txirrindularia bidezidorrean, sakelakoari begiratu eta arreta galtzeko beldurrik gabe.
Bizikleta bideak dituzten Ipar Euskal Herriko hirigune nagusietan baliatu ahalko da. Eskaintza berria era horretako bideak hirietako mapetan jasotzen dituzten herrialdeetara zabaldu dute: Ameriketako Estatu Batuak, Australia, Austria, Belgika, Danimarka, Eskozia, Finlandia, Frantzia, Gales, Herbehereak, Ingalaterra, Kanada, Liechtenstein, Luxenburgo, Monako, Norvegia, Suedia eta Suitza, alegia.
Dagoeneko bizikletaz egiteko 53.000 kilometro estali dituzte, eta asmoa dute etorkizunean hiri gehiagotako bizikleta bideak sartzen jarraitzeko.
Gaur-gaurkoz ahotsa ez dago euskaraz entzuterik. Horretarako, autorako Waze doako nabigatzailea deskargatu daiteke. Zibergelan jaso genituen haren gorabeherak: http://zibergela.bitarlan.net/2013/06/06/waze-aplikazioa-gidarien-sare-soziala/.
Bestetik, aurrerantzean Internet seinalerik gabeko guneetan erabiltzeko doitu dute Google Maps. Oporretan atzerrira joan, eta roaming tarifatan gastatu gabe, errepideetan laguntza jasotzen jarraitzeko aukera zabaltzen du horrela Googlek. Roaming atxikipen bat da; telefono hornitzaileek bezeroei ezartzen diete; horrekin, aparteko ordainsaria kobratzen diete atzerrian Internet sakelakotik erabiltzearren. Europako ganberak 2015eko abendua jarri du muga gisa roaming tarifak kentzeko; baina, bien bitartean, errepideetan Internet kenduta dabiltzan nabigatzaileak erabiltzea besterik ez dago.
Egin beharrekoa sinplea da: gordetzea nahi den mapa kargatu konexioa dagoen bitartean. Bigarren mailako aplikazioen artetik kentzen ez bada, edo ordenagailu eramangarrian nabigatzailea ixten, mapa ez da desagertuko. Gainontzekoa, telefonoaren geokokapenaren esku geratzen da; eta hori doakoa da, noski.
Bizikleta ibilbideen ahotsezko jarraibideak Ipar Euskal Herrian
Lapse It, paisaien argazki edarrak ateratzeko
Denboraren igaroa da Time-Lapse. Argazkilaritza eta bideogintzan joera bihurtu den teknika ezagunari dagokio. Wikipediaren arabera, bideo sekuentzia baten abiadura azkartzean lortzen den teknika bat da; non gauzak benetan baino agudoago mugitzen ikusten diren.
Bideo arrunt bat grabatzen segundoko jasotzen diren irudi kopurua baino gutxiago jasota lortzen da efektua. Adibide batez, ohiko bideo bat 25 fps edo irudi segundoko abiaduran jaso, eta abiadura berean erreproduzitzen da normalean. Time-Lapse itxurako bideoa sortzeko, aldiz, 12 segundoko tartetan irudi bakarra jasoko da, eta ondoren bideo hori abiadura normalean egikaritu. Ezarpen horiek bakoitzaren nahien arabera doitu daitezke, noski. Dena den, hodeiak, autoak, hiriko argiak edo zerukoak aitaren batean igarotzen ikusten diren sekuentzia bitxiak lortzen dira horrela egiten denean. Irudimena gainezka dutenek panpinekin laburmetriak grabatzeko baliatzen dute teknika.
Bideoen ezaugarri teknikoetan haria galdu dutenentzat, xehe-xehe azaldu genuen Zibergelan berriki: http://zibergela.bitarlan.net/2014/04/03/bereizmen-handiaren-amarruak/.
Denbora igaroa lortzeko ez da tresneria berezirik behar, kamera digital bat eta ordenagailuan bideo edizioko programa bat besterik ez. Are gutxiago beharko dute Lapse It aplikazioa deskargatzen dutenek. Sakelakotik bertatik eskuratu daitezke irudiak eta baita editatu ere.
Gainontzeko argazki aplikazioekin alderatuta prestakuntza batzuk beharrezkoak dira hemen. Sakelakoa patrikatik atera eta disparadorea edo kliskagailua etengabe zanpatzea baino landuagoa da prozesua: telefonoarentzat tripode bat edo euskarria eta telefonoa elikatzeko aparteko bateria edo entxufe bat eskura edukitzea gomendatzen da. Hurrenez-hurren, dardarak saihesteko eta argi kontsumo handia hornitzeko.
Kapturen ezaugarriak nahieran doitu daitezke Lapse It aplikazioan. Erabiltzaileak grabatzen hasi orduko ezarriko ditu batzuk, eta gainontzekoak ondoren. Hasi orduko: iraupena, irudien arteko denbora tartea, argazki kopurua edo hark eskuz geratuko duen ezarriko dira. Ordu zehatz batean jardun dezan programatu daiteke Lapse It, eta lasai oheratu esaterako. Bereizmena eta argitasuna ondo aukeratzea erabakigarriak dira, eta besterik ezean, froga-akats bidez gustuko sekuentzia lortu arte eutsi. Bukatzeko: bideora bihurtu edo renderizazio garairako ezagunenak diren formatuetara bihur daiteke sekuentzia: MOV, MP4 edo FLV. Eta aldi berean, bideoaren irudi maiztasuna eta abiadura erabaki. Oso motel grabatzen denez, 25 fps jarrita ere denbora geldiro ikusiko da igarotzen; baina efektua areagotzeko 50 fps edo gehiagora ezarri daiteke. Aplikazioak aukera bakoitzaren azalpentxoak dakartza han-hemenka, inor gal ez dadin. Musika ezarri, besteen lanak ikusi, denetarik egin daiteke.
Lapse It aplikazioak doako bertsioa du eskuragarri, baina bideoaren bereizmena 480p kalitatera mugatuta dago eta bestelako efektu bereziak ere ezgaituta dakartza. Ostera, probatu ondoren gustuko duenak, Lapse It Pro bertsioa lortu dezake 1,99 euroren truke eta mugarik gabe baliatu. Android eta iOS plataformetarako dago eskuragarri.
Zelatari elektronikoa: iBeacon
Appleren burutazioa da iBeacon. Telefonoak seinalerik ez duen guneetan eransteko diren geokokapenerako gailu multzoa da. Zeharka aipatu zuten iOS 7 eguneraketaren aurkezpenean; bestelako garrantzirik eman gabe. Eraikinen barrurako posizio sistema gisa merkaturatu, baina, asmakizunekin sarri gertatzen denez, erabilpenak askoz harago joan dira azkenean. Potentzial ikaragarria du iBeaconek, eta azken bolada honetan estandar bihurtzeko bultzada hartu duela dirudi.
Zelatatzeko eginda daude. Jendea leku batetik igaro dela nabaritzen duten lekuko isilak dira. Applek teknologia asmatu du, baina laster batu zaizkio beste enpresa batzuk ingurura. Applek ez, baizik eta Estimote enpresak honezkero merkaturatu ditu aurreneko aleak. Koloretako silikonaz eginda dagoen harri koxkor estalkia jantzi diete gainean lekuko elektroniko txikiei; non-nahi eskegitzeko eranskina eta guzti. Laster gabe, museo, saltoki eta interes turistikoko guneetan ezartzeko asmoa dute.
Erabilera desberdinak eman dakizkioke Appleren balizei. Oinezkoak antzeman, eta testuinguruko iragarki edota uneko deskontuak eskainiko dizkiete dendetan. Baina, era berean, bezeroen uneko kokapena ezagutzeko, edo baliza duen produktura erosleak gidatzeko balia daitezke. New Yorken eta San Frantziskon saltokiak erabiltzen hasiak dira jada, shopBeacon leloa hartuta. Sekulako erosketa esperientzia agintzen dute. Txikiteoan edo pub crowl eginez tabernaz taberna ibili nahi dutenentzat ibilbidea asmatu dute Manhattan bazter ezagunean. Mauka bereziak eskaini eta bisitariak gidatzeko iBeacon teknologia erabiliko dute datorren maiatzaren 20an. BeaconCrowl aplikazioa eskuragarri dago animatzen denarentzat.
Baina benetako oihartzuna Major League Baseball txapelketari zor dio. Liga horretako iPhonerako aplikazio ofizialean sartuko dute teknologia denboraldi berrirako; eta, besteak beste, zelai bakoitzaren interes guneetako bisitaldiak egiteko, jokoan dagoen partidako jokaldien errepikapenak kargatzeko, edo zelaian ikusleak haien jarlekura bideratzeko gai izango da iBeacon. Paypal etxeak ere Beacon aurkeztu du, erosleek txartelak edo zorroa atera beharrik gabe ordainketak egin ahal izateko, telefonoa soinean eramateko behar hutsarekin; iBeacon lekuko artetik pasatuta, hain zuzen ere. Ilarak aurreratzeko izango ote da, behinik behin.
Wifi seinalearen funtzionamenduarekin alderatu daiteke eredu berria. Eremu batera gerturatzen den iOS gailua automatikoki konektatzen zaio iBeacon. Beti daude sarera konektatuta iBeacon balizak, eta erabiltzailearen eskaera amaraunera bideratzen dute zuzenean. Ez dira Interneterako sarbide puntuak; hala ere, sarea beharrezkoa den lehentasunez programatutako egitekoak bideratzen dituzte. Orokorrean informatzekoa, edo bezeroa gidatzekoa.
Hots, ez dute lehentasunezko informazio berdina etengabe errepikatzen, eta beti daude eguneratuta. Beste abantaila bat da, telefono estaldura edo GPS seinalerik gabeko guneetan ere, konexio horien erabilpena egin dezaketela telefonoek, iBeaconak programatutako betebeharrak egiteko.
Teknologia merkea eta kontsumo apalekoa da. Bluetooth seinalez komunikatzen dira, txiparen laugarren belaunaldiko aldaera baten bidez: Bluetooth Low Energy edo BLE izenekoarekin, hain zuzen. Bateriak bi urte iraun dezake, eta seinalearen eragina 50 metrotaraino iristen da. NFC erako komunikazioa moztu egiten da lau zentimetrotik aurrera, eta bistakoa da alde horrek aukera zabalagoak ematen dizkiola Appleren ereduari. Bien artekoa izango da hurrengo urteetan telefonoetan nagusitzeko lehia.
Honezkero, erabiltzen hasi dira iBeacon erloju adimentsu eta jarduera fisikoa erakusten duten eskumuturrekoak telefonoetara konektatzeko, besteak beste. Bluetooth 4.0 leloa edo eranskina daramaten gailuak dira bateragarriak harekin.
Bide batez, GPS koordenatuak ere gordetzen ditu iBeacon lekuko bakoitzak. Bat baino gehiago ezar daitezke, eta eginbehar bat bideratzeko puntuak osatu. Honela, telefonoan gertakariak edo jakinarazpenak jaso daitezke eraikin baten sarrera eta irteeran, edota zirkuitu turistikoetan bisitaldi gidatuak osatu.