android, Aplikazioak, Apple, elkarlana, Mugikorrak, Sakelako Telefonoak, Sare sozialak eta Microblogging

JumpCam, telefonoekin bideo kolaboratiboak sortzeko

jumpcamTeknologia berriek jendeari eskaintzen dizkioten baliabideak askotarikoak dira. Komunikaziorako eta informazioa zabaltzeko erabiltzen direnak izango lirateke esanguratsuenak. Besteak beste, smartphone-arekin ateratako erretratua etxekoen edota lagunen telefonoan momentuan partekatu daiteke. Ez da harritzekoa, beraz, plataforma desberdinetan bideo aplikazioak etenik gabe agertzea.

Besteengandik bereizten duten aukerak dakartza JumpCam aplikazioak. Lagunekin nahiz etxekoekin bideoak elkarlanean sortzeko aukera ematen du. Gutxi dira bakoitzak bere aldetik eskuratutako zatiekin osaturiko pelikulak sortzen dituztenak. Era berean, partaideek ez dute leku berean egon beharrik bideo horiek sortu ahal izateko. Hona gertakari baten bilduma egiteko edo zorion agurrak grabatzeko tresna bikaina.

Beste era batera esanda, bideoen sare sozial bat bezalakoa da JumpCam. Edukiak grabatu eta editatzeko aukerak ditu, txukun ateratzeko. Facebook kontua duenak, gainera, erregistratu beharrik gabe erabil dezake. Horrela eginda, denbora aurrezteaz gain, lagunak bilatu daitezke haien bideoklipak batzeko.

Grabazio eta edizio aukerek ez dute bestelako misteriorik. Hamar segundorainoko bideoak grabatzea da aurreneko aukera; gero, filtro bat aukeratu behar zaio pelikulari; titulua ezarri, eta, nahi izanez gero, lehentasunezko doinuetako bat ere ezar dezake erabiltzaileak. Edozein egoerari laguntzeko soinuak daude aukeran. Azkenik, bideoari ekarpenak egiteko laguntzaileak hautatu behar dira zerrendatik. Pribatutasun arazoak saihesteko aukerak ere badira. Bideoak nork ikusi hautatzea dago, edo, bideoei eransketak debekatzea. Tamalez, pixka bat errepikakorra egiten da, bideo guztiek egitura berdina izaten baitute.

JumpCam eskuragarri dago Android eta iPhone telefonoetan, Google Play eta App Storen, hurrenez hurren.

android, Google, Mugikorrak, Sakelako Telefonoak, tabletak

Googleren Nexus 5 berria plazara

Nexus-5-4Googleren ekinaren emaitza da Nexus 5 telefonoa. Lehen inpresioan balekoa, diseinu sinplea eta akabera minimalistak dira telefonoaren nortasunaren adierazle. Android 4.4 KitKat plataformatik ikusi denak lerro berdina gorde du, eta, beraz, elkarrentzat egindakoa bezalako bikotea egiten dute. iPhone 5S sakelakoaren zain zeuden asko, prezio oso apalean merkaturatuko zelako zurrumurruei jarraikiz. Merkatua irauliko zuenaren zalantzarik ez zuten. Appleren gailuak ez zituen aurreikuspenak bete, eta 600 eurotan dago salgai. Dirudienez, zulo hori Googleren Nexus 5ak beteko du. Lehiakideen gozamenerako, eskaerari erantzuteko ale falta izango dute beste behin. Ez dute dendetan salduko, Internetez baizik; eta, fabrikatzaile baten marketina faltako zaio. Hala ere, industriari zuzeneko xake matea da.

Nexus 5 sakelakoa, sinpletasuna ikur

Bost hazbeteko pantailadun sakelakoa joan den ostegunetik dago salgai sarean. Full HD bereizmena du, eta kolpeen kontra zailduriko kristalez eta Gorilla Glass 3 teknologiaz probestua dator gailu berria. Mehea eta arina da, 130 gramo besterik ez du pisatzen. 2,4 hertzetara lanean ari den Snapdragon 800 prozesagailua, 2 GBeko memoria hegazkorra edo RAM eta 8 megapixeleko kamera dira Googleren telefonoaren gaitasunen erakusgarri txiki bat. Konektibitatearen aldetik ere ez da makala, LTE (4G sareetarako), Bluetooth 4.0 eta NFC teknologiak baliatzen baititu Nexus 5ak.

Aurreko Nexus 4 telefonoak hankaz gora jarri zuen merkatua, zerbitzuen eta prezioaren arteko oreka besteetatik nabarmenduz. Orain, baina, prezioa balio erantsi ikaragarri ona bihurtu da; bigarren maila batera, alegia. Nexus 5aren ezaugarriek ez diote inbidiarik 2013an agertutako puntako beste telefonoei, eta esan gabe doa haien erdia balio duela. Sinplea egin nahi izan dute, material garestirik edo apaingarri deigarririk gabe. Baina, errendimendu bikaina eta azkarra izatea nahi izan dute, eraginkortasuna lortzeko asmoz. Lag edo atzerapenik gabeko tresna izatea edonork eskertzen duen ezaugarria da, eta horretan ez du parekorik. Akatsik izatekotan, soinua izan daiteke. Deien doinuaren nahiz bideoetako ahotsaren bolumena apalegia gerta daiteke.

Nexus 5 eskuragarri dago Euskal Herrian Googlen atarian http://www.google.es/nexus/5/. 349 euro eta 399 euroko bertsioak eskaintzen dituzte, 16GB eta 32GB edukieretan, hurrenez hurren. Estalki zuria edo beltza, aukeran.

Android 4.4 KitKat berria begirada guztien jomuga

Adituei atentzio eman diena smartphone honen kamera izan da, zalantzarik gabe. Telefonoaren barruan mugitzen diren lenteei esker, erabiltzaileen dardarak orekatzeko ahalmena dauka. Dardarek, beraz, ez dute une ederrenak betikotzea eragotziko. Gustuko argazkia lortzeko, ateratakoak banaka begiratu behar izatea ere iraganeko kontua da. Kamerak daukan HDR+ moduari esker, elkarren segidako argazki zaparrada gorde liteke. Horrela, telefonoen moteltasun gogaikarria arintzen da. Babes kopia automatikoak egiteko ezarpenarekin, bideo eta argazki guztiak hodeian biltzen dira.

android-kitkats

Googleren ahaleginak, baina, sistema eragile berriaren ahalmenak saltzea dute helburu. Merkatu berrietarako egina dago batez ere, Android gailu guztietan ibiltzeko garatu delako. Zain egon beharrik ez dute izango, berriz, Nexus lerroko tramankuluek, horientzat prest baitago KitKat bertsioa.

Eraginkortasuna hobetu nahi izan dute, eta lehentasunezko aplikazioak birmoldatu, konputazio eraginik murritzena izan dezaten. Adibidez, Chrome nabigatzaileak KitKat ingurunean errekurtsoen %16 gutxiago behar ditu ibiltzeko, aurreko Android 4.3 Jellybean-ekin alderatuta.

Baina hobekuntzak askotarikoak izan dira: besteak beste, ahots bidezko aginduak edozein lekutatik eman daitezke; aplikazio guztietan, Googleren bilaketa barra erantsita doa; kamera profesionalek parekatu ezinezko argazki panoramikoak edo 360 gradutakoak egiteko Photo Sphere aplikazioa dauka; geokokapena erabilita itzulitako informazioa, berriz, osatuagoa da.

android, Aplikazioak, Apple, formakuntza, Hezkuntza, Internet, Irisgarritasuna, Mahaigaina, Mugikorrak, Sakelako Telefonoak, tabletak

Elhuyar ZTH Hiztegia, iOS eta Android-etan pronto

elhuyar2Irailetik eskuragarri dago, dohainik, Elhuyar Zientzia eta Teknologiaren Hiztegi Entziklopedikoa aplikazio gisa. iOS eta Android euskarrientzako prestatuta dago. Zientzia eta teknologia arlo guztietako informazioa biltzen duen euskarazko lehen hiztegi entziklopedikoaren aplikazioa da. Webgunean eskuragarri dagoen guztia, aurrerantzean sakelako eta tabletetan ere era erraz batean kontsultatu ahal izango da. Proiektu hau, zientzia alorretan sailkatutako 1.500 irudiz apaindutako 23.000 kontzeptu inguru dituen hiztegia da.

Oso aplikazio interesgarria da zientzia edo teknologiari buruzko informazio orokor eta eguneratua behar duen edozeinentzat: DBHko, Batxilergoko eta Lanbide Heziketako ikasle eta irakasleak, kazetariak, itzultzaileak, gurasoak… Kontsultak egiteko aukerak ere zabalak dira, eta sartu nahi den hitza euskaraz, gaztelaniaz, ingelesez, frantsesez edo latinez egon, emaitza berdin jasoko da. Itzulitako emaitza horrek, sartutako hitzaren euskarazko definizioa bueltatzen du, eta hitz horren ordainak, berriz ere, aipatu hizkuntzetan.