Amazon, android, Apple, ebook, Google, Hardware, Jokoak, Mahaigaina, Microsoft, Mugikorrak, Sakelako Telefonoak, Sistema Eragileak, Software Librea, tabletak, Windows

2012a, tamainari lotutako urtea

Gailu eramangarrien urtea dei dakioke 2012ari. Lehendabizikoz, tableten eta sakelakoen salmentak mahaigainekoen zifrak gainditu dituzte 2012. urtean. Irabaziak dituztenen zerrenda, ordea, ez da aldatu: Apple, Samsung eta Googlek besteen gainetik zuten abantailari eutsi diote, eta handitzea ere lortu dute.

Urtea albistetan aberats hasi zen: polemikarako nahiz eztabaida ideologikorako pizgarri izan zen Megaupload ixtea, eta Kodak argazki etxe mitikoaren gainbeherak, Facebooken burtsako txango makalak eta Appleren mapa sistema propioaren deskalabruak zeresana eman zuten. Esan beharrik ere ez dago Google Maps izan dela garaile segmentu honetan: bizkorra, zehatza, itxurosoa eta trafikoaren eta errepideen eguneratzeekin. Bestalde, filtroak eskuragarri dituzten argazki aplikazioek gorakada handia izan dute, eta Twitterrek berak ere eskuragarri ezarri du berriki, moda berriari eusteko asmoz. Nabarmenena Instagram telefonoetarako vintage erako argazki aplikazioa izan da; iOSen erabiltzaileen artean arrakasta izan ostean, Androiderako jauzia eman zuen. Instagram Facebookek barneratu, eta Twitterrek bere zerbitzutik atera zuen erantzun gisa; baina benetan kaltegarria suertatu zaio: azken asteetan erabiltzaileen eskubide gaineko eguneratze polemiko baten ondorioz, erabiltzaile galera masiboa izan du.

Windows 8 sistema eragilea ere atera da, behinola erreferente izan zenak aldaketa handiak proposatu ditu ukimenezko pantailetarako eta gailuetarako, ordenagailu, eramangarri zein tabletentzat berdin balio duen euskarriarekin sosak jokatzeko asmotan. Produktu berriari lotuta, Surface izeneko tabletak ere plazaratu zituzten, tableten gudan bidea ireki nahian. Ordenagailuen merkatua nora ezean dagoen isla besterik ez da Microsoftek pairatutakoa, hainbat eratako gailuak kaleratzen baitira, salmentak puskatuko dituen produktua nork plazaratu: bihurgarriak (erdi tableta, erdi ordenagailu eramangarri), teklatu txertagarria duten tabletak edo ultrabook ukimenezko pantailadunak dira adibideak.

Urtea bukatzeko mezuak ere jada ez ziren SMS bidez egin, baizik eta Whatsapp bidez. Hala ere, joera aldatuz doa, eta aitzindariak egunak zenbatuta dauzka lehen postuan. Spotbros edo Line mezularitza aukerak merkatua hartuz doaz, eta agian datozen Gabonetan zorion agurrek beste bitartekaririk ere izango dute. Bien indarra segurtasunean datza, eta Linek deiak egiteko aukera ere ematen duen arren, arazoak dauzka telefonoaren bateriaren erabilpen larregizkoarekin.

Tabletak eta sakelakoak

Esan dugun bezala, smartphone-en joera geroz eta pantaila handiagoak jartzea da, eta tabletetan, berriz, txikiagoak merkaturatzeko apustua egin dute. Errudunak Googlekoak direla esan daiteke, haien Nexus 7 gailuaren ondorioz. Aurrenekoa agian Amazon izan zen, bere Firerekin, baina erdibidean geratu dira Googlekoen aldean.

Nexus 7 ez da iPad Miniaren materialen kalitatera iristen, baina Google Play dendako app eskaintza zabala, prezio erakargarri bat (199 euro) eta Android euskarriaren azken eguneratzea edo 4.2 Jelly Bean bertsioaren esperientzia berrituak 2012. urteko errebelazioa bihurtu dute. Telefonoei dagokienez, iPhone 5 sakelakoa kaleratu bada ere, prezioak gutxi batzuen gutizian utzi dute, eta hori Samsung konpainiaren mesedetan joan da. Apirilean Nokia aurreratu zuten hegokorearrek munduko lehen telefono fabrikatzaile gisa, eta gaur egun Apple, Nokia eta HTC etxeek batera saltzen dituztenak baino ale gehiago merkaturatzen dituzte munduan.

Galaxy S3 izan da aginte makila eman diona, merkatuan dagoen ezaugarri, software eskaintza eta prezio onenak dituen smartphone-a dela esan baitaiteke. Googlek, bere aldetik, Nexus 4 telefonoaren eskaintza bortitza proposatu zuen, baina izan dituzten hornikuntza arazoek arrakasta oztopatu diete.

Bideo-jokoak

Kontsolen esparruan, goitik behera zetorren Nintendok eman du aldaketa, Wii U makinarekin. Gakoa prezioan (300 euro), hasierako katalogo zabala (23 jokorekin) eta beste behin ere orain arteko guztiarekin apurtu duen aginte gailu edo tableta iraultzailearen eskutik —Wii U Gamepad— etorri da. AEBetan etxeko aurreko bideo jokoak izandako salmentak bikoiztea lortu dute Mario eta Luigi anaien sortzaileek, eta momentu batez arrakastatsuak bezain gogaikarriak diren txorien edo Angry Birds bideo jokoak ahaztarazi dituzte erabiltzaileak.

Aipamen bereziak

Liburu elektronikoen sailari dagokionez, Amazonek orain arteko Kindle lineako produkturik landuena kaleratu zuen, Paperwhite: pantaila argiztatua, 1.100 libururentzako edukiera eta diseinu dotorea. Prezioa, 129 euro. Hurrengo Zibergela-ren batean mintzagai izango diren Googleren betaurrekoek errealitate areagotuaren ikuspegi berri bat ekarri izana edota 26 euroko Raspberry Pi informatika ikasteko erabiltzeko ordenagailuek ere merezi dute aipamena.